FINLANDIARI SO. Sistema bera da giltza

2017-05-01

Berdintasuna eta kalitatea dira Finlandiako hezkuntza-sistemaren bi zutabe nagusiak. Eta hezkuntza-sistema bera herrialdearen ongizatearen eta garapenaren oinarri. Sendoa da Finlandiako hezkuntza-sistema. Irakasleek, herritarrek, komunikabideek eta politikariek babesten dute. 70eko hamarraldian erreforma sakona egin zuten eta ordudanik, boterean aldaketak egon diren arren, politikariek adostasunari eutsi diote gaurdaino. Gako ugari ditu Finlandiako hezkuntza-sistemak, eta horiek ezagutzeko xedez han izan dira Euskal Herriko 65 irakasle Hik Hasi-k antolatutako bidaia pedagogikoan. Bertan ikasi eta bizi izandakoak jasotzen dira artikulu honetan

 
 

Z ero azpiko 15 graduko tenperaturan, 6 urteko haur bat, bera bakarrik, eskolara joateko eskiz kilometro eta erdiko bidea egiten ikus daiteke Finlandian. Ez da arraroa adin bertsuko umeak eskolatik etxera bueltan bizikletan ikustea ere. “Ama” eta “aita” esaten ikasi ondotik, “liburutegi” da haurrek ahoskatzen duten lehen hitzetako bat, eta ohikoa da urtebete izan baino lehen ere umeei liburutegiko txartela egitea. 16 urterekin bere kasa bizitzen jarri ez dena, beranduenera ere 18 urterekin atera-tzen da Finlandian gurasoen etxetik, gobernuak laguntzak ematen baitizkie horretarako, baina arrunta da adin-modu horretatik aurrera ikasketak lanarekin uztartzea ere. Enpresetan, berriz, astean behin edo bitan etxetik lan egiteko aholkatzen diete langileei eta gehien irabazten dutenek soldataren erdia gasta dezakete zergak ordaintzen. Puntualitatea sakratua da finlandiarrentzat, semaforoa gorrian dela errepidea gurutzatzen duenari arraro begiratzen diote eta edozein ordutan edozein kaletan lasai paseatzen dute.

Horiexek dira munduko hezkuntza-sistema eredugarrienetako bat duen herrialdearen ezaugarrietako batzuk. Askatasuna, konfiantza eta errespetua dira komunitate suomiarraren hiru zutabe nagusiak gizartea antolatzerako orduan, eta beraz, baita hezkuntza-sistema egituratzerakoan ere. Hain zuzen ere, hori bera da hitza: sistema; Finlandian hezkun-tza-sistema bere horretan delako ona, ez dute hitz egiten puntako zentro honetaz edota esperientzia eredugarri bat garatzen ari den beste eskola hartaz, baizik eta hezkuntzaz, bere osotasunean. Izan ere, haurra eta haren zaintza nahiz heziketa gizartea antolatzeko moduaren erdigunean jartzen saiatzen dira, eta ikasle orok prestakuntza altua izateko duen eskubidea bermatzen. Hain arrakastatsua den hezkuntza-sistema ezagutzeko Helsinkin izan dira Euskal Herriko 65 irakasle Hik Hasi-k antolatutako bidaia pedagogikoan. Päivi Lindberg eta Eeva Pentilla hezkuntzako adituen eskutik azalpen orokorrak jasotzeaz gain, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, eta Bigarren Hezkuntzako hainbat zentro ikusteko aukera izan dute, baita liburutegiak, gizarte-zentroak nahiz unibertsitatea bisitatzekoa ere.

1970eko hamarraldian jarri zen indarrean gaur egun ezagu-tzen den Finlandiako hezkuntza-sistema. “Zorionez, garai hartan oso politikari jakintsuak izan genituen eta hezkun-tzari zentralitatea ematea erabaki zuten. Harrezkero argi izan dugu gure herrialdea aurrera ateratzeko bi aberastasun-iturri nagusi ditugula: zuhaitzak eta basoak alde batetik, eta pertsonak eta haien burmuinak bestetik. Hortaz, horiek zaintzea dagokigu”, dio Penttillak zorrotz.

Eta azken 40 urte baino gehiagoko hezkuntza-politika ari da emaitzak ematen. PISAko datuen harira bilakatu da Finlandia kalitatezko hezkuntzaren ikur, baina emaitzok finlandiarrek bazekitena baieztatu besterik ez dute egin: munduko hezkuntza-sistemarik onenetakoa duela herrialde eskandinaviarrak. Finlandiak lortzen dituen emaitza bikainak, gainera, ekitatiboak dira, ikasle gehienek lortzen dituzte goi mailako puntuazioak, eta oso ikasle gutxik emaitza kaxkarrak. Oro har, herritarren hezkuntza-maila eta eskolatze-tasa altua da. Helduen artean, gutxienez herenak unibertsitateko maila gainditua du. Zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko, berriz, estrategia zehatzak diseinatu dituzte, eta, horren ondorioz, ikasturtea errepikatzen duten ikasleak % 2 dira soilik. Gainera, ia-ia ikasle guztiek amaitzen dute Oinarrizko Hezkuntza: porrota % 0,3koa da. Eta Oinarrizko Hezkuntza amaitutakoan, % 96k jarraitzen dute ikasten. Berdintasuna eta kalitatea, dira bada, Finlandiako hezkuntza-sistemaren bi zutarri nagusiak. Eta hezkuntza-sistema bera herrialdearen ongizatearen eta garapenaren oinarri.

Aurten betetzen ditu ehun urte Finlandiak estatu independente gisa, eta ia 50 urteko sendotasuna du hango hezkun-tza-sistemak. 1917an, Errusian iraultza egin zutela baliatuz, independentzia aldarrikatu zuen Finlandiak edo Suomiko Errepublikak, Suediaren menpe ia 700 urte bizi izan ondoren. Europako herrialde handienetakoa da azaleraz, baina txikienetakoa dentsitatez. Herrialdearen zatirik handienean suomieraz mintzatzen dira, eta iparraldean laponieraz. Baina finlandiarren % 6aren lehen hizkuntza suediera denez, finlandiera nahiz suediera, biak dira ofizialak herrialdean, eta beraz, ikasleek eskoletan biak ikasten dituzte.

Sendoa da Finlandiako hezkuntza-sistema. Irakasleek, herritarrek, komunikabideek eta politikariek babesten dute. 70eko hamarraldian erreforma sakona egin zuten eta ordudanik, boterean aldaketak egon diren arren, politikariek adostasunari eutsi diote gaurdaino. Egonkortasun horren ardatzetako bat udalek duten esku-hartze maila da; erabakiak hartzeko nahiz baliabideak kudeatzeko eskumen handia baitute. Horrez gain, Hezkuntza Kontseilu Nazionala eta Hezkuntza Ministerioa arduratzen dira sistemaren antolaketaz. Beti ere, eskolen autonomia zainduz: ikastetxeek egitasmo pedagogikoa zedarritzerakoan eta curriculuma zentroaren ezaugarrietara egokitzerakoan autonomia handia dute, baita eskolako lan-taldea erabakitzeko orduan ere. Zentro bakoitzaren hezkuntza-proiektuaren arabera hauta-tzen dituzte irakasleak, eta profesionalik gehienak finkoak eta iraunkorrak dira.

Gako ugari ditu Finlandiako hezkuntza-sistemaren bikaintasunak, baina gako nagusietako bat sistemaren ezaugarri guztien elkarrekikotasuna da. Administrazio-antolaketa malgua, tokiko erakundeen indar eta esku-hartzea, komunitatearen presentzia, ikasleen aniztasuna zaintzea, inklusioa, aukera berdintasuna, doakotasuna, metodologia, ikasleak duen protagonismoa, ardura, autonomia… ezaugarri horiek guztiak elkarreraginean garatzen dira Finlandiako eskoletan.

0-7 urteen artean heziketa zaintza da, eta zaintza, heziketa

Haurra jaio eta eskolara joaten denera arteko aldia —alegia, 7 urte bete arte—zaintzaren arotzat hartzen da Finlandian. Umea eskolara hasten den bitartean, zaintza egokia jasotzea haurraren eskubide unibertsal gisa definitzen dute. Haur Hezkuntzako aldia ere deitzen diote etapa horri, eta hezkuntza-sistemaren oinarritzat dute.

Haurrak hamaika hilabete dituenera arte guraso batak edo besteak baimena har dezakete eta umea etxean zaindu. Baimen horietan soldata osoaren % 70 inguru kobratzen dute. Gurasoak lanean ari ez badira eta diru-sarrerarik ez badaukate, berriz, gobernuak oinarrizko diru-laguntza bat ematen die. 11 hilabeterekin, haur guztiek daukate Haur Hezkuntzako eta Zaintzako zerbitzu publikoetarako aukera. Baina, era berean, gurasoek umeak etxean zaintzea erabakitzen badute, horretarako diru-laguntzak dauzkate. Lindbergek azaltzen duen eran, gazteenak hiru urte bete-tzen dituen arte umeak etxean edukitzeko laguntza handiak dituzte: “Finlandiako kasuan haurrak etxean zaintzea haur-zaintzako zerbitzu publikoen alternatiba da. Kasu batean zein bestean, umearen beharrak bertsuak direla suposatzen denez, laguntza publiko handiak eskura ditzakete gurasoek umeekin etxean geratzea erabakitzen badute”. Oinarrizko diru-kopuru berbera jasotzen dute umeak etxean zaintzea erabakitzen duten familiek. Baina horrez gain, diru-kopuru gehigarri bat ere badute familia bakoitzaren diru-sarreren arabera kalkulatzen dena. Hala, diru gutxiago duten familiei laguntza handiagoa ematen zaie. Hori gobernuari dagokionez. Baina, horrez gain, udal bakoitzak bere diru-laguntza sistema dauka. Era horretan, udalak hobeto kudea ditzake bere herrian umeen zaintzarako egon daitezkeen premiak.

Gurasoek umea zaintza-zerbitzuren batera eramatea erabakitzen badute, berriz, Finlandiako legediaren arabera, haurraren eskubide unibertsala da astean 20 orduko zaintza jasotzea. Haurren batek zaintza denbora gehiagoan behar duela ikusten bada, berriz, ordu gehiago ere egon daiteke. Izan ere, hezkuntza-adituak adierazten duen bezala, haurrak babesteko ere erabiltzen dira zaintza-zerbitzu horiek. Zerbitzu horren % 14 ordaintzen dute gurasoek. Gastuaren % 30 gobernuak ordaintzen du, eta gainontzekoa udalak. Gurasoek ordaintzen duten kopurua diru-sarreren araberako da, eta sarrera gutxiko familientzat doan da.

Finlandian etxean haurtzaindegiak antolatzeko aukera ere bada, alegia, norbere etxean besteen umeak zaintzekoa, eta zerbitzu hori ere doakoa da. Euskal Herrian kabi-etxe gisara ezagutzen direnen antzekoak lirateke horiek. Kasu horretan, etxeko zaintzaile batek lau ume arte zaindu ditzake —haur-eskoletako ratio berbera da hori—. Zaintzaile horiek ere prestatuta daude hezitzaile izateko, unibertsitateko ikasketak izan ditzakete, edota bestela, udalek antolatzen dituzten formazio-kurtsoetako ikastaroak eginak.

Lindbergen esanetan, Finlandian 0-7 adin tartean zaintza eta heziketa-sistema modu integratuan ulertzen da. “Gure-tzat aro horretan heziketa, irakaskuntza eta zaintza… dena gauza bera da. Europako zenbait tokitan heziketa uneak eta zaintza uneak bereizi egiten dira, baina guk dena pedagogia beraren barruan sartzen dugu. Gure ustez, aldi horretan heziketa zaintza da, eta zaintza, heziketa”. Eskaintzen duten zaintza-zerbitzua, ordea, oso zabala da —haurtzaindegi ba-tzuk goizez ez ezik, arratsaldez zein gauez ere irekita daude, ordutegi berezian lan egiten duten gurasoentzat—, bermatu nahi baitute ume guztiek aukera berberak izatea zainketa eta heziketa egoki baterako. Era berean, familia-bizitzaren eta lan-arloaren arteko kontziliatzea ere sustatu nahi dute.

Haurra, eskubideak dituen herritarra

Gaur egun ezagutzen den Haur Hezkuntzako zaintza-sistema 70eko hamarraldian sortu zuten. Hasiera batean, sozialdemokraten agendaren parte zen, eta eurak izan ziren 0-7ko zikloaren defendatzaile sutsuenak. Haien helburu nagusia zen emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatzea eta emakumeak etxetik kanpoko lan-mundurako jauzia eman zezan erraztasunak jartzea. 2000. urtetik aurrera, ordea, ikuspegi hori aldatu egin zen zeharo: haurraren ongizateaz hitz egiten hasi ziren orduan, eta politikaren ikuspegitik ere haurra zentralitatean jartzen. “Jaiotzatik eskubideak dituen herritar oso gisa hautematen dugu umea, gaitasunak dituena —alegia, konpetentziaduna—, baina aldi berean hauskorra dena. Beraz, gure egitekoa izan behar du gaitasun horiek garatzeko aukerak eskaintzea umeari, baina umea pertsona konpetente gisa ikusteak ez du helduon erantzukizuna gutxitu behar haur horrekiko”, azaltzen du Lindbergek. Penttilak eransten duenez, “haur izatea ezaugarri bat da, pertsona guztion baitan dirauena. Helduen helburuak izan behar du haur-izaera hori ez zapuztea, guregan dagoen haurra hiltzen bada, garatzeko daukagun gaitasuna ere hil egingo delako”.

Horrexegatik guztiagatik, Lindbergek esplikatzen duenez, 0-7 adin-tarteko zaintza-sistemaren barruan zerbitzu asko daude. Adibidez, jatorduak —gosaria, bazkaria eta askaria—: “Haurrak nahikoa eta ondo jaten duela ziurtatu behar da, horrexegatik egunero jaten dutenaren balio nutritiboak oso neurtuta daude”. Haurren babeserako zerbitzuak ere eskaintzen dituzte zaintzaren barruan: “Haurren batek babeserako zerbitzu bereziren batzuk behar baditu, eman egiten zaizkio, heziketa- eta zaintza-politikak hala zehazten duelako”. Berdin gertatzen da osasun zerbitzuekin edota bestelako zaintzekin ere —logopedak, psikologoak…—. Gainera, Haurren Heziketa- eta Zaintza-Zerbitzuek elkarlanean jarduten dute gizarteko bestelako elkarte, erakunde eta zerbitzuekin.

Zaintza eta heziketa ona bermatzeko hainbat ezaugarri izaten dituzte kontuan Finlandiako haurtzaindegi edota zaintza-zerbitzuetan:

- Langileak: Haur Hezkuntzako langile guztietatik heren bat irakasleak dira eta gradu mailako formazioa daukate gutxienez; langileen bi herenek, berriz, zaintza arloko ikasketak dituzte, alegia, Goi Mailako Lanbide Heziketako tituluak.

- Ratioak: umeek 3 urte edo gutxiago badituzte, 4 haurrekin heldu bat egoten da. Eta, legeak talde bateko haur kopurua zehaztu beharrean, hiru hezitzaileri dagokion ume kopurua zehazten du. Beraz, errealitatean, gehienez 12 haurreko taldeak egiten dituzte, irakasle titulua duen zaintzaile batekin eta Lanbide Heziketako titulua duten beste bi profesionalekin egoten direnak. 3-6 adin-tartean, berriz, heldu bakoitzeko 8 haur da proportzioa, nahiz eta zenbait udalek 7 haurrera mugatu kopuru hori —horixe da, adibidez, Helsinkiko kasua—.

- Etxeen tankerako haur-eskolak: haur-talde bakoitza espazio anitzeko etxe antzeko eraikinetan egon ohi da. Sukaldea, tailerra, egoteko eta irakurtzeko gela, jolaserakoa, lanerakoa… izan ohi dituzte espazio horretan, haur-eskolaren arabera era batekoak edo bestekoak. Eskolara sartzean, oinetakoak eta berokiak kendu egiten dituzte, eta etxerako zapatilak jantzita eroso jartzen dira. Bizitokiak bezala, alfonbrekin, landareekin, apaingarriekin, lanparekin… atonduak egon ohi dira espazio horiek. Janaria eskolan bertan prestatzen dute edota auzoko nahiz herriko sukalde zentraletatik ekartzen dute, eta, irakasle eta ikasle, guztiek batera jaten dute bizpahiru mahairen bueltan jarrita —7 urtetik aurrera berriz, haur bakoitzak bere janaria zerbitzatzen du eta era autonomoan jaten—. Jan ostean, sukaldea jasotzen dute eta espazio hori bera erabiltzen dute beste hamaika eginkizunetarako.  

- Aire librean ibiltzearen garrantzia: kanpoan jolasteko buzo eta katiuska bereziak erabiltzen dituzte haurrek Finlandian. Eskolako sarreran, txoko batean gordetzen dituzte, eta sartu eta irteten diren bakoitzean jantzi eta eranzten dira. Lokatzetan, uretan, elurretan, horbelpean… egunean bi orduz ibiltzen dira, egiten duen eguraldia egiten duelarik ere. Aire librean era autonomoan ibiltzeari eta ingurunea esploratzeari berebiziko garrantzia ematen diote. Zero azpitik 15 gradu baino gutxiago egiten baditu, orduan bai, barruan geratu ohi dira.

- Jolasean oinarritutako pedagogia: haurrak jolasaren bidez ikasten duela kontuan izanik, oinarri horren gainean eraikitzen dute Finlandian haur-eskoletako jarduna. Barruko espazioetan, umeak nahieran ibiltzen dira batetik bestera, baina helduek asko bultzatzen dute haien parte-hartzea eta ekimena: “Azken batean, helduaren ardura pedagogikoa da egunean zehar sortzen diren momentuak aprobetxatu eta horiek heziketarako erabiltzea”. Gainera, Finlandian eskola parkeren baten, espazio libreren baten edota basoren baten aldamenean egon dadin saiatzen dira, eta hango espazioak berdegune askokoak, zabalak eta lauak direnez, gehienetan lortzen dute xede hori betetzea. Beraz, barruko espazioari ez ezik, kanpoan jolas egiteari ere garrantzia handia ematen diote.

- Gurasoen inplikazioa: irakasleriak gidatzen du eskola Finlandian, komunitatearekin batera, baina familiek euren gain hartzen dute seme-alaben heziketaren ardura nagusia. Hezitzaile eta gurasoen arteko elkarlana egunerokoa da, bereziki, umeak eskolara eramaterakoan eta haien bila joaten direnean elkartzen dira. Eskola batetik bestera aldeak egon daitezkeen arren, nahiko era librean sartzen eta ateratzen dira gurasoak eskolatik, haien beharren arabera. Eskolaz kanpoko txangoak, irteerak, ekitaldiak… antolatzen ere parte hartzen dute gurasoek. Horietako batzuk egiteko, gainera, eskolako instalazioak erabiltzen dituzte edozein arratsaldetan nahiz asteburuetan. Eskolako ateak beraz, irekita daude familientzat eta komunitatearentzat.

6 urterekin, LHko prestakuntzako ikasturtea

Derrigorrezko eskola 7 urterekin hasten badute ere, 6 urterekin Lehen Hezkuntzarako prestaketarako ikasturtea egiten dute haur finlandiarrek. Curriculum propioa dauka ikasturte horrek eta 2015 arte aukerakoa bazen ere, harrezkero derrigorrezkoa da haur guztientzat. Egunean hiru edo lau orduko prestaketa egiten dute gehienera ere. 13 haur egoten dira irakasle batekin; kopuru hori 20 arte zabaltzeko aukera ere badute zentroek, baina kasu horretan beste hezitzaile bat gehitu behar izaten dute, laguntzaile gisa. Ikasturte hori haur-eskolako zentroetan egiten dute ikasle gehienek

—nahiz eta kasu batzuetan eskoletan ere egin daitekeen—, eta derrigorrezko 3-4 orduak bete ostean, gainontzeko haurrekin batera egon ohi dira bestelako zaintza-zerbitzuetan. LHrako prestaketa gisa egiten duten ikasturte horren atzean dagoen oinarrizko filosofia haur-hezkuntzakoaren antzekoa da. Curriculumean zehazten den moduan, hauxe da funtsa: ikaskuntza harremanen bidez gertatzen da, bai kideen eta irakasleen artekoetan, bai ingurumenarekiko harremanean, eta, beraz, hor jarri behar da arreta. Horrez gain, LHrako prestaketa-ikasturterako Oinarrizko Curriculumak ondoko arloak zehazten ditu: haurren garapen soziala, fisikoa eta psikikoa zaintzea; jakintza eta trebetasunak lantzeko aukerak eskaintzea; elkarrenganako errespetuzko interakzioa, ikaskuntza esperientzia anitzak, eta feedback positiboa eta irudimentsua sustatzea; jolasa, ikaskuntza dibertigarri eta irudimentsutzat harturik jardutea; eguneroko zereginak praktikatzea; eta haurrak parte-hartzaile aktibo gisa hautematea.

Autonomia eta konfiantza, hezkuntzaren zutarri

Haur-Hezkuntzako heziketa-sistema bezalaxe, Oinarrizko Hezkuntzakoa nahiz Bigarren Hezkuntzakoa ere 70eko hamarraldiko hezkuntza-erreformaren garaian finkatu zituzten. 7 urterekin hasi eta 16-17 arte derrigorrezko eskolatze-aldiko ikasketak egin behar izaten dituzte finlandiarrek. Adin horretatik aurrera, Batxilergoaren eta Lanbide Heziketaren artean hautatzen dute. Gutxi gora behera, ikasleen erdiek hautatzen dute Batxilergoa eta beste erdiek Lanbide Heziketa, baina Finlandiako hezkuntza-sistema osoak malgutasun handia duenez, edozein unetan hautatutakoa aldatzeko eta bere interesen arabera jarraitzeko aukera dute ikasleek. Hortaz, 16-17 urterekin Lanbide Heziketa egiteak ez du esan nahi ikasketak horrekin amaituko dituenik, Lanbide Heziketa amaitutakoan ikasleak aukera baitauka bai unibertsitatera eta bai goi-mailako eskola teknikoetara joateko. “Inoiz ez zara irtenbiderik gabe geratzen. Beti daukazu batetik edo bestetik aurrera egiteko aukera”, argitzen du Pentillak.

70eko erreformak ekarri zuen beste aldaketa bat Batxilergoaren egituraketa izan zen. Oinarrizko Hezkuntzatik aurrera ez dago mailakako antolaketa zurrunik. Kontrara, ikasle bakoitzak bere ibilbidea diseinatzeko aukera du. Batxilergoko eskolak nahikoa espezializatuta daude —hizkun-tzetakoa, arteetakoa, zientzietakoa, teknologikoa…—, baina eskola horietako bakoitzaren barnean, derrigorrezko lauzpabost irakasgai egin behar izaten dituzten arren, gainontzeko arlo guztiak ikasleek aukera ditzakete. Euskal Herriko kideek bisitatu zuten arteetako Vaskivuoren Lukio institutuan, esaterako, ikasleek 1.000 moduluren artean aukera zezaketen, Batxilergoko ibilbide osoan zehar. “Horrek ikasleei aukera ematen die euren bidea egiteko, euren aukerak egiteko eta bizitzan zer nahi duten erabakitzeko. Gainera, Finlandia osoko ikasleak, herrialdeko edozein institututara joan daitezke. Ikasle guztiei aukera berdinak eman nahi dizkiegu batetik, eta bestetik, euren erabakiak egiteko aske izan daitezen nahi dugu, baina aldi berean, erabaki horien inguruko ardurak euren gain hartzeko prestatu nahi ditugu”, dio Pentillak. Badu beste berezitasun bat ere Finlandiako Batxilergoak: norberak bere ibilbidea aukeratzen duenez, bakoitzak ikasketak bere erritmoan egiteko abagunea du: “Gutxienez bi urtetan eta gehienera lautan egin ditzakete institutuko ikasketok. Adin horrekin jada finlandiar ikasleak euren bizitzaren jabe izateko nahikoa helduak direla pentsatzen dugu. Ohikoa da, adin tarte horretan ikasleak independizatzea eta ikasketak lanarekin uztartzea ere”.

Berdintasuna eta kalitatearekin batera, autonomia eta konfiantza dira Finlandiako hezkuntza-sistemaren beste bi zutabe nagusiak: haurren autonomiaz, irakasleen autonomiaz eta ikastetxeen autonomiaz hitz egiten dute batetik —autonomiaren infrentzuan ardura eta erantzukizuna daudela ahaztu gabe—; eta bestetik, ikasleengan konfiantza izateaz nahiz irakasleek eta ikastetxeek duten fidagarritasunaz. Eta, balio horiezaz gain, badira Finlandiako hezkuntza-sistemaren eredugarritasuna ulertzeko kontuan izan beharreko beste gako batzuk ere:

- Doakotasuna: hauxe da Finlandiako hezkuntza definitzen duen ezaugarri garrantzitsuenetariko bat. Oinarrizko hezkun-tzan (7-16) dena da doan —jatorduak, materialak edota garraioa barne—; Batxilergoan nahiz Lanbide Heziketan, berriz, ordaindu behar duten gauza bakarra ikasmateriala da.

- Udalen esku-hartzea: hezkuntza, nagusiki, udal mailan dago antolatuta eta tokian tokiko erabakiak hartzen dira. Hezkuntza Ministerioak ez dauka harreman zuzenik eskolekin. Ministerioaren egitekoa da baliabideak jartzea eta legeak egitea, gutxienez 10 urtean behin curriculuma berrituz, erreferentziazko eta oinarrizko lerroak markatzeko. Irizpideak markatzen dituztenak eta erabaki garrantzitsuenak hartzen dituztenak udalak dira. Hezkuntza bezalaxe, udalen eskumenekoak dira kultur eta aisialdi zerbitzuak, azpiegitura teknikoak edota gizarte zerbitzuak ere. Udal bakoitzak hezkuntzaz arduratzen den batzorde tekniko bat dauka, pedagogia arloko adituz osatua. Batzorde horren egitekoa da udalerri horretako ikasleen hezkuntza-premia guztiak asetzea. Batzorde horrek erabakitzen du, eskola-komunitatearen eskariei jarraiki, zenbat eskola eta non jarri, eta bera da eskola bakoitzeko zuzendaria izendatzen duena ere. Baina, udalerriaren baitan ere, eskola bakoitzak autonomia handia du.

- Ikastetxeen autonomia: eskolek askatasun handia dute Finlandian. Lindbergek eta Pentillak dioten moduan, haien gain uzten da erabakitzeko eta ekiteko ahalmen ia osoa. Batetik, eskola bakoitzak bere hezkuntza-proiektua egiten du administraziotik emandako gidalerroetan oinarriturik; bestetik, berriz, ikastetxe bakoitzak aukeratzen ditu bere zentroko irakasleak. Baina, aldi berean, irakasleak berak ere aukeratzen du zentroa, eskola batean lanpostu bat ateratzen denean, postu horretan interesa duten irakasleek eskaera egin dezaketelako eta horien artean egokiena aukeratzen duelako zentroak.

Ikastetxe bakoitzaren egitekoa da bertako ikasle guztien erantzukizuna bere gain hartzea. Hala dio Pentillak: “Ezin da ikasle bakar bat ere baztertuta utzi, eta laguntza behar duenari laguntza eman behar zaio. Kalkulatuta dago 10 ikasletik 3k laguntza behar dutela oinarrizko hezkuntzan zehar, ez nahita nahiez beti, baina bai gutxienez momentu jakin batean. Ikasle guztiek hezkuntzan maila jakin bat eskuratzeko eskubidea dutenez, era bateko edo besteko premia duenari laguntza eman egin behar zaio”.

Oro har, ikasle-talde txikiak osatzen dituzte Finlandiako eskoletan eta ordu gutxi ematen dute ikastetxean –ohikoa da 8:30 inguruan eskolara joan eta 12:30ean irtetea, nahiz eta horrez gain, eskolaz kanpoko ekintzak ere izaten dituzten haurrek–, gainera klaseak 45 minutukoak izan ohi dira eta ordubetea osatzeko falta diren gainontzeko 15 minutuak kanpoan pasatzen dituzte ikasleek. Tendentzia orokorra hori izan arren, funtsean, antolaketa horren guztiaren erabakiak eskolek hartzen dituzte euren hezkuntza-proiektuko printzipioen arabera.

- Curriculuma, orokorretik partikularrera: eskola bakoitzak bere hezkuntza-proiektua egiten badu ere, prozesu hori pixkanakakoa izan ohi da; instituzio hainbaten, nahiz hezkuntzako aditu, irakasle, guraso, ikasle eta bestelako profesionalen arteko elkarlanaren emaitza, hain justu. Gutxi asko, hamar urtean behin berritzen da curriculuma nazio mailan. Gizartean gertatzen diren aldaketek dakartzaten premia berriei erantzuten eta hezkuntza arloko berrikuntza pedagogikoak txertatzen dituzte curriculum berrituan.

Sei urte inguruko lana izan ohi dute curriculuma berritzen duten bakoitzean. Hezkuntza Ministerioko Hezkuntza Kon-tseilu Nazionalean hasten da prozesua. Azken curriculuma orain urtebete argitaratu zuten eta haren egokitzapena egiten ari dira uneotan eskoletan. Curriculum berri hori egiteko hastapenean, Kontseilu Nazionalak deituta, Finlandia osoko irakasleak elkartu ziren hainbat lan-bileratan eta arloen nahiz adinen araberako taldetan banatuta jardun zuten beharrean. Gizarteko gorabeherez eta arazo etikoez ere asko hausnartu zuten. Horrekin batera, webgune bat ireki zuten, edozein herritarrek curriculum berriaren inguruko ekarpenak egin zitzan. Bi urteko prozesuaren ondoren, Hezkuntza Ministerioak curriculumaren marko orokor bat proposatu zuen, eta parlamentutik pasa ondoren, udalerri guztietara bidali zuen. Udal bakoitzak marko hori hartu eta bere udalerriko errealitatera egokitu zuen gero —udal bakoitzak erabaki dezake, adibidez, gobernuak zehazten dituen hizkun-tzez gain, bere udalerrian beste hizkuntzaren bat irakastea ere komeni ote den—. Udal mailako batzordeetan eskoletako zuzendariek eta hainbat irakaslek ere parte hartu zuten. Eta beste bi urte iraun zituen prozesu horrek. Amaitzeko, azken bi urteetan eskola bakoitzeko irakasleen egitekoa izan zen euren eskolako errealitatean oinarriturik curriculum hori zehaztea eta eskolako hezkuntza-proiektua egitea. Legearen arabera, gainera, eskolako hezkuntza-proiektua idazterako orduan, irakasleek ez ezik, ezinbestekoa da ikasleek eta gurasoek ere parte hartzea.

- Publikotasuna: “Pribatua debekatuta dago Finlandian, ikasle guztiek aukera berberak izatea lehenesten dugunez, publikoa da hemen guztia”, hala diote Lindbergek eta Pentillak. Izan ere, Finlandiako eskola guztiak soilik diru publikoarekin finantzatzen dira. Baina, “pribatua” kon-tzeptua existitzen da Finlandian ere. Eta, zer esan nahi du herrialde eskandinaviarrean kontzeptu horrek? Batetik, zentro horren finantzaketa gobernutik datorrela zuzenean; bestetik, berriz, eraikina eskolaren jabetzakoa dela. “Publiko” deituriko eskolen kasuan, ostera, finantziazioaz herri bakoitzeko udala arduratzen da eta azpiegiturak ere haren jabetzakoak dira.

Publiko eta pribatuaren bereizketa hori kontuan izanik, Finlandian dauden 2.800 eskoletatik 50 dira pribatuak. Komunitate erlijiosoekin edo pedagogia-eredu zehatzekin dute zerikusia. Baina, proiektua aurkezten badute eta onartzen bazaie, eskola publikoen antzeko baldintzak izaten dituzte haiek ere. Beraz, egiatan, Pentillaren hitzetan, Finlandian dena publikoa dela esan daiteke: “Batzuek pribatu deitzen dieten arren, finantziazio osoa gobernutik jasotzen duen eskola bat, munduko beste inongo lekutan ez litzateke hartuko eskola pribatutzat.  Doakotasuna ere berdin errespetatzen da ‘pribatutzat’ zein ‘publikotzat’ hartzen direnetan”. Hori hala, Montessori edo Waldorf eskolak, kristau eskolak nahiz baso eskolak publikoak dira Finlandian, ulerturik, eskola horiek ere osoki diru publikoz finantziatzen direla, eta udalek sorturiko eskolen baldintza berberak dituztela.

Azken batean, Finlandian gobernua eta udala arduratzen dira eskola guztiei kalitatezko hezkuntza eskaini ahal izateko baliabideak emateaz. Arazoak dituzten eskolak edota hain emaitza onak ematen ez dituztenak baztertu edo ezabatu beharrean, hezkuntzaren kalitatea hobetu ahal izateko laguntza eskaintzen zaie. “Estatuak eta udalek dirua jartzen dute eskoletan herritar onak hezteko. Guretzat garrantzitsua da pertsona horiek konpetenteak izatea bizitzako hainbat arlotan, baina horrekin batera, baita zoriontsuak izatea ere”, dio Pentillak.

Finlandian gurasoek eskubidea dute hurbilen daukaten ikastetxean haurra eskolatzeko. Ildo pedagogikoa, hizkun-tzen trataera edota erlijioa tarteko, urrunago dauden eskolak ere hauta ditzakete, alegia, familiek aukera dute nahi duten zentroa aukeratzeko haien seme-alabentzat, baina gehienek gertuen duten eskola hautatzen dute, eskola gehienak an-tzekoak direlako, hau da, desberdintasun txikiak daudelako eskolen artean eta ia guztietan bermatzen delako kalitatezko heziketa.  

-Irakasleen prestakuntza: prestigio handia duen lanbidea da irakasleena Finlandian. Irakasleak zentroak aukeratzen ditu, baina era berean, irakasleei askatasun eta konfiantza handia ematen zaie euren lanean. Horren erakusle da, adibidez, Finlandian inolako ikuskaritzarik ez izatea. Ikasleek ere konfiantza handia jartzen dute irakasleengan. Badakite kalitatezko heziketa emango dietela, eta hala sentitzen ez badute, esan egiten dute, irakasleari berari, eskolako beste irakasleren bati edota etxean gurasoei.

Irakasleak unibertsitatean prestatzen dira: 5 urte irauten du oinarrizko formazioak; irakasle espezializatuenak (irakasgaietakoak), 6 urte. Ikasten igarotzen duten denboraren bi heren arlo teorikoa izaten da; heren bat, berriz, praktikoa. Eskoletan praktikak gidatzen dituzten irakasleek formakuntza berezia jasotzen dute irakaslegaiak hartu aurretik. Unibertsitateko ikasketak amaitzen dituztenean, gutxienez masterreko maila izaten dute.

Baina irakaskuntzako ikasketak aukeratu nahi dituzten ikasle guztiek ez dute aurrera egiteko aukerarik izaten: eskaera egiten dutenen artean % 10 soilik sartzen dira. Lehenik sarrera-azterketa bat egiten dute; eta hori gainditzen dutenen artean elkarrizketa-saioak egiten dira. Elkarrizketa horietan irakaslegaiaren motibazioa, jarrera eta harremanetarako gaitasuna baloratzen dira, besteak beste. Horrekin batera, boluntario gisa lanean aritu izana, hezkuntza ez-formalean parte-hartzea, gizarte-lanen bat egitea, musikarako gaitasuna, edota integrazioaren aldeko jardunen batean parte hartu izana ere baloratzen dira.

- Hizkuntzen irakaskuntza: finlandiarrek hizkuntzen ikaskuntzari garrantzia handia ematen diote. Suomiera dute euren bizitzetan oinarri, baina hiztun gutxi direnez —sei milioi inguru—, eta ingurukoekin zerikusi gutxi duen hizkuntza dutenez, beste herrialdeekin harremanak izateko ezinbestekoa dute kanpoko hizkuntzak ikasteak. Ofizialki Finlandia herrialde elebiduna bada ere —suomiera eta suediera dira bi hizkuntza horiek—, praktikan hirueletasunaz hitz egin behar da, finlandiar guztiek lortzen dutelako ingelesa ere egoki erabiltzea.  

Bigarren hizkuntza ikasten, eskolaren arabera, LHko 1., 2. edo 3. mailan hasten dira. Ia ikasle guztiek ingelesa hautatzen dute 2. hizkuntza gisa, baina etxetik beste ama-hizkuntza bat dakartelako badira alemana, frantsesa, espainiera… aukeratzen dutenak ere. Haurrak lehen hiru urteetan hizkuntza horietakoren bat hartu badu, 4. mailan derrigorrez ingelesa ere ikasi beharko du. 6. mailan, berriz, legez suediera ikasi behar izaten dute, eta 7. mailan 4. hizkuntza bat ere aukera dezakete, eta Batxilergoan gehiago. Edozein kasutan, ama-hizkuntza aberatsa izateari garrantzia handia ematen diote, eta jatorrizko hizkuntza aberasteko errefortzuren bat behar badute, eman egiten diete. Suomiera edota suediera ez den beste ama-hizkuntza batekin datozen haurrek ere aukera dute euren ama-hizkuntzan eskolatzekoa, eta gerora finlandiera ikastekoa.

- Berrikuntza pedagogikoa: curriculum berrian, besteak beste, hobetsi zuten PBL (Phenomenon Based Learning)-ean oinarrituko zirela eskoletan, alegia, gai globaletan zentratuz, edota beste era batera esanda, proiektuka lan egingo zutela. Erabaki hori komunikabide ugaritara heldu zen eta titular potoloak eragin zituen. Bazirudien aurrerantzean Finlandian irakasgairik gabe lan egingo zutela, libururik gabe, adin desberdinetako haurrek nahasian, eta etxerako lanik nahiz azterketarik ez zutela izango. Baina ez da hori errealitatea. Ildo horretan dihardute lanean, hainbat irakasle edota zentro hasiak dira norabide horretan aldaketak txertatzen, baina neurri horretako eraldaketak egiteak denbora eskatzen du, formazioa, esperimentatzea, dokumentatzea eta praktikan jarritakoa ebaluatzea. Mantso baina bide horretan doaz. Jabetuak dira, gainera, eskolaz kanpoko bizitzatik eskolakotik adina edo gehiago ikasten dutela haurrek, eta, beraz, eskolaz kanpoko jardunetik eskolara eramateko jarraibideak har ditzaketela. Finlandian haurrek eta gazteek ordu asko ematen dituzte helduen presentziarik gabe euren artean jolasean, hizketan edo ekinean, eta elkarrengandik ikasten dute. Hortaz, erronka berria zera da: nola egin ikasketa modu hori eskolara eramateko? Konturatu dira ikasleak gelaka eta adinaren arabera sailkatuta edukitzea baino hobe dela denak batera interakzioan aritzea, eta proiektuka jarduteak horretarako aukera emango liekeela. Horra hor, aurrera begirako erronkak.

- Komunitatea haurrei begira: ikastetxeen bueltan eguneroko ekintza asko egiten dituzte familiek Finlandian, ohiko eskola orduez gain, astialdiko jardueretariko batzuk ere bertan antolatzen dituztelako, baita familien bestelako zenbait elkarretaratze eta ekitaldi ere. Baina horrez gain, familientzako beste bi eremu ere oso inportanteak dira suomien artean: liburutegiak batetik; eta haur zein familientzako gizarte-zentroak bestetik. Finlandiarrek asko irakur-tzen dute eta auzo zein herri guztietan daude liburutegiak, egun osoz eta asteko zazpi egunetan irekiak. Leku biziak dira. Mailegu-sistema oparoa emateaz gainera, liburu irakurraldiak, haurrentzako tailerrak, antzerki ikuskizunak, euren kasa lanean hasi berri diren gazteentzat espazio eta baliabideak... eskaintzen dituzte. Azken batean, liburutegiak kultur etxe modukoak direla esan daiteke. Bestetik, berriz, haurrak eurak bakarrik edota familian joateko gizarte-etxeak ere badituzte. Helsinkin 66 daude, orotara. Guztiak natur-espazio baten daude eraikita, eta bertan barruko zein kanpoko jolaserako, irakurketarako eta lasai egoteko espazioak dituzte, baita sukaldea ere.