Elgetako memoria historikoaren interpretazio zentroa

2018-02-01

 

XX. mendeko euskal historiaren pasarte gordinenetarikoak ezagutzeko aukera ematen du zentroak: Espainiako Gerra Zibilean (1936-1939) Euskal Herrian gertaturikoak, kausak eta ondorioak. Gainera, zentroak ibilbide gidatuak antolatzen ditu Elgetako frontean zehar.

 

 
 
Elgetako memoria  historikoaren interpretazio zentroa

 

Elgeta, Gernika, Durango... euskaldunon memoria kolektiboan iltzatuta gelditu diren herri-izenak dira, XX. mendeko euskal historiaren pasarte gordinenetarikoekin lotuta baitaude. Elgetaren kasuan, txanponak bi aurpegi ditu, dena dela. Iluna bata, Espainiako Gerra Zibileko (1936-1939) borrokaldi odoltsua eta errepresio ankerra dakarzkigulako gogora. Baina badu alde argirik ere, 2017ko abenduan herri horretako udalak gerra krimengatik aurkezturiko salaketa onartu egin baitu Bergarako auzitegiak; lehen aldia izan da Espainiako auzitegi batek frankismoaren krimenekin loturiko salaketa bat izapidetzea onartzen duena.

Ez da hori izan, hala ere, urte luzez isilarazitako gertakariak argitara emateko Elgetako Udalak eginiko ekimen bakarra. Izan ere, Gipuzkoako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Elgetako Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroa martxan jarri zuen 2010ean. 

Zentro horretan, Espainiako Gerraren barruan Euskal Herrian jazoriko gertakari nagusiak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, hala nola gudaldiak, gudan parte hartu zuten batailoiak... bai eta Elgetan gertaturikoa bizi izan zuten herritarren testigantzak ere. Horrez gain, gudaren kausak eta ondorioak ere aztergai ditu zentroak. Elgetan gertatutakotik abiatuta, errepresioaren inguruko gogoeta egitea da helburua, memoriarekin batera jazarpenaren biktimen duintasuna berreskuratzeko, ahal den neurrian. 

 

Frontean barrena

Interpretazio-zentroak, gainera, bisitaldiak antolatzen ditu 5 km inguruko ibilbide tematikoan, Elgetako frontearen kokalekuetan barrena. Ibilaldian zehar, orduko babeslekuak, lubakiak eta parapetoak ikus daitezke. Hileko lehen igandean, euskaraz egiten dute ibilbide gidatua, eta azken igandean, berriz, elebiduna izaten da. Taldea osatuz gero, beste edozein egunetan ere egin daiteke bisita, baina gutxienez 12 lagun behar dira taldea osatu ahal izateko. Kasu guztietan, beharrezkoa da aurrez erreserba egitea. Bestalde, bisitak 3 ordu eta erdiko iraupena du, 10:00etan hasita.

Bergarako Basalgo auzoan hasi, eta Azkonabieta menditik Karabietaraino heltzen zen Elgetako frontea. Handik, Elgeta herriraino hedatzen zen lerroa, gaur egun Kanpazarrera daraman errepideari jarraituz Asentzion Intxortako Atea monumentua kokatzen den lekuraino. Han kokatu zen 1936an eraikitako lehen parapetoa. Handik, Arrota baserrien ingurutik Zabaleta auzuneraino heltzen zen frontea. Lerro zabala zen gizon eta arma gutxirekin defendatzeko, baina kokaleku geografiko ona zuen, ordea, frontea hausteko, etsaiaren kokalekuekin alderatuz.

Fronte-lerro horretako 11 gune ikusteko aukera dute bisitariek. Hala nola 80 metrotan zehar zabaltzen den Eusko Gudarostearen lubakia, hainbat parapeto eta babesleki, eta baita mito bihurtu zen “La Belga” metrailatze-habia ere. Altxamenduaren aldekoek erabilitako lubakiak ere ikus daitezke. Fusilatutako elgetarren oroimenez eraikitako monolitoan amaitzen da ibilbidea. 

Ohiko jardunaz gain, Elgetan izandako borrokaldiak birsortu eta antzezpenak antolatu izan dituzte fronte-lerroan zehar.

 

 

INFORMAZIOA:

Non: Maala kalea 2, Elgeta.

Noiz: Ibilbide gidatuak hileko lehen igandean (euskaraz) eta azken igandean (bisita elebiduna) antolatzen dituzte. Beharrezkoa da ibilbide gidatuak aurrez erreserbatzea.

Harremanetarako:
943 71 89 11 edo 943 79 64 63 telefono-zenbakiak, eta turismo@debagoiena.net helbidea. 

Prezioak:

Erakusketa iraunkorrerako sarrera doakoa da.

Bisita gidatuen tarifak hauexek dira:

- 16 urte baino gehiago: 5 €

- 6-16 urte artean: 2  €

- 6 urte artekoak: doan