Hizkuntza kontuetan ere helduok erreferente

2018-02-01

 

BELAUNALDI BERRIEN EUSKALDUNTZEAN ESKOLAK ZEREGIN HANDIA DAUKAN ARREN, FAMILIA, AUZOA ETA HERRIA ERE FUNTSEZKOAK DIRA. ESKOLAK EZAGUTZA BERMATU BEHAR DU, BAINA EZIN DU EUSKARAREN IRLA IZAN.

 

 
 

"Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak” gaia emanda, irakasle gelan sartzean mundua isilik geratu zaion irakaslearen paperean jarrita Aitor Sarriegi bertsolari eta irakasleak 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko kartzelakoan hauxe kantatu zuen: “(...) askotan gela honetan erdaraz egiten da hitz; eta hala esan nien irrifar aurpegia jarriz; elitzake hain grabea ikastola bat ez balitz” / “Ardura handiko lana da nire ustez daukaguna; irakaslea ez baita ikaslearen laguna; honetara iristeko nor izan da erruduna; ikastolan falta bada kontzientzi euskalduna; hemen egin behar dugu geuk egin dezakeguna; ‘Buenos dias’-ka ezin da hasi guretzat eguna; eta nolakoa izango da gure etorkizuna, haurrei eskatu ezkero geuk egiten ez duguna”.  

Kezka eragiten duen gaia da euskararena. Bada eztabaida eskolak jokatzen duen paperaren gainean ere: zenbateraino euskalduntzen ditu ikasleak? Zer-nolako ezagutza lortzen dute? Dakitenek ere gero erabiltzen al dute? Zein gutxieneko profil linguistiko izan behar dute ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzean? Eskolatik ateratzen direnean ikasleek ba ote dute euskara erabiltzeko aukerarik? 

2008an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Ikasle euskaldun eleanitzak izeneko proposamena argitaratu zuen, hezkuntzan urteetako eskarmentua duten eragileekin zein adituekin elkarlanean, tartean Hik Hasi. 2017ko abenduan, berriz, hezkuntzako ituna lortzeko Eusko Jaurlaritza egiten ari den prozesuaren bueltan, ikasle guztiek euskaraz B2 maila lor-tzeko neurriak eskatu dituzte eragile berberek, euskara ardatz duen eredu orokortua aldarrikatzearekin batera.

Eta, bai, hezkuntzan badago zer egina. Hala eta guztiz ere, euskararen esparru indartsuenak eskolak dira, Eusko Jaurlaritzak Soziolinguistika Klusterrarekin batera egindako Arrue ikerketak erakusten duenez. Eskolako erabilerak alderatzen badira ikasleek eskolatik kanpo egunerokoan dituztenekin, ikusten da eskola dela EAEko ikasle gehienentzat eremurik euskaldunena, eta haietako hainbatentzat euskaraz aritzeko aukera eskaintzen dien bakarra. 

Beraz, eskolak asko egin dezake, egiten du —eta egin behar du bere esku dagoen guztia—, baina horrekin ez da nahikoa. Sortzenek abian jarri duen EskolHerrian euskaraz proiektuaren gainean jorratu dugun aldizkari honetako gai nagusian jasotzen den eran, belaunaldi berrien euskalduntzean eskolak, zeregin handia badauka ere, familia, komunitatea, auzoa eta herria ere funtsezkoak dira. Eskolak ezagutza bermatu behar du, baina ezin du euskararen irla izan. 

Erreportajean irakur daitekeen moduan, zenbait herritan arduratuta daude ikasleen artean euskara gero eta gutxiago erabiltzen delako. Dima izan daiteke horren erakusle. Euskararen arnasgune izatetik hizkuntzaren erabileran atzeraka doan udalerri izatera igaro da. Eta, zoritxarrez, ez da kasu bakarra. Horrelako gertakarien erantzule, ordea, guztiok gara; erakundeak bai, baina baita herri eragileak ere; irakasleak bai, baina baita etxekoak, lagunak, auzokideak eta gainontzeko herritarrak ere. Argi baitago helduok garela eremu guztietan erreferente nagusi haur eta nerabeentzat. Arratiako esapidea geure eginez, “umetan entzune, umean zentzune”.