Alexander Barandiaran: “Zerbait baliagarria eta eragiteko balio dezakeena egin nahi izan dugu”

2018-10-01

Haur Hezkuntzako Berrikuntzan irakasle aditua izateko formazioa eskainiko du HUHEZIk aurten lehendabiziko aldiz. Lanean ari diren Haur Hezkuntzako graduatu, diplomatu eta goi teknikariei zuzendutako formazioa izango da. Alexander Barandiaran HUHEZIko irakasleak eta Hazitegiko koordinatzaileak eman digu informazio zehatzagoa.

 
 

Gaur egungo Haur Hezkun-tzako gelak ez dira duela urte batzuetakoak bezalakoak. Jada hezitzaileak ez daude beraien gelan eta beraien umeekin. Eredu hori gainditu eta berrikuntza sakonak eraman dituzte aurrera hainbat eta hainbat ikastetxeetan. Hormak bota eta gelak handitu, adin desberdinetako umeak juntu jarri, hezitzaileak elkarrekin lanean jarri espazio berean, batetik bestera ibiltzeko aukera eman... Aldaketa sakonak dira eta jardun horretan helduleku izateko asmoz sortu du HUHEZIk formazio berri hau. Alexander Barandiaran HUHEZIko irakasleak eta Hazitegiko koordinatzaileak eman dizkigu xehetasun gehiago.

Zer beharrek bultzata sortu duzue formazio berri hau?

Berrikuntza prozesu sakona ekarri dute azken urteetako aldaketek: lehengo koordinazioa eta oraingoa ez dira berdinak, umeak hezitzaile guztienak dira, elkarrekin aritu behar dute lanean... Aldaketa erradikala da eta hori taldean maneiatu egin behar da, harremanak zainduz, antolaketarako denbora hartuz, “oka egiteko” tartea hartuz, pedagogiaz hausnar-tzeko astia hartuz... Tradizionalki ez da horrelakorik egin eta kulturalki aldaketa sakona dakar. Aldaketa oso bortitza da, krisiak sortu ohi dira eta laguntzeko beharra ikusten dugu.

Zein dira azkenaldiko berrikuntzaren gako edo giltzarri nagusiak?

Berrikuntza prozesu sakon honetan hiru gako edo giltzarri ikusten ditugu Hazitegin gabiltzanok: taldea, norberaren egoera eta teoria desberdinen integrazioa, hori guztia praktikan txertatuz.

Taldea aipatu duzu lehendabizi. Norbera bere gelan aritzetik taldean aritzeko aldaketa esan nahiko duzu.

Bai, ni-tik gu-ra pasa garela konturatu gara. Alegia, orain taldean funtzionatzen dela. Orain espazio berean aritzen dira hezitzaile bat baino gehiago, jada ez daude ateak itxita. Horrek foku aldaketa ekarri du: orain fokua taldean dago. Eta zer gertatzen da taldean? Bada, taldearen kohesioa ez bada indartsua, taldean norbera ez badago gustura, taldeko harremanak ez baldin badira zain-tzen, harremanek ez badute asebete-tzen... proiektua gelditu egiten dela, ez dela garatzen, ez dela mantentzen. Horregatik jotzen dugu garrantzitsu-tzat taldean arreta jartzea.

Berrikuntzaren bigarren gakoa norberaren egoera da. Zertan aldatu hori?

Lehen irakaslea zen zentroa eta orain umea dela esaten zaio. Unitate didaktikoak zaharkituta gelditu dira. Orduan, zein da hezitzailearen egitekoa? Behatu bai, baina zer behatu? Esku hartu bai, baina noiz bai eta noiz ez? Berritu bai, baina zer? Aldatu bai, baina zer? Norbera da aldatu behar dena, bai, baina zein da aldaketa hori egiteko prozesua? Zein da norberaren funtzioa taldearekiko? Elkar ikusteak eta elkarrekin aritzeak nola eragiten dio norberari? Nola erlazionatzen gara elkarrekin? Nola lan egin beharko litzateke orain? Zein dira praktika onak? Zer egin beharko litzateke eta zer ez?

Galdera horiek denak egiten dizkio hezitzaileak bere buruari egoera berriaren aurrean. Horregatik, irakaslea zaindu egin behar dela iruditzen zaigu eta horri garrantzia eman diogu. Nola dago hezitzailea pertsonalki eta emozionalki? Antsietatez? Nola funtzionatzen du? Zer egiten du lankideekin, umeekin, familiekin...? Alderdi pertsonala eta profesionala elkarri lotuta landu behar zirela ikusi genuen eta hala egingo dugu.

Eta hirugarren zutabe gisa teoria askotarikoen integrazioa ezarri duzue.

Bai, hala da. Gaur egun teoria anitz ditugu merkatuan eta produktuak balira bezala eros ditzakegu. Orain-dik ere badago gurean produktu desberdinak erosteko joera. Zer egin eta noiz eta nola lan egin behar dugun esaten digute, eta guk ez dugu askorik egin behar. Gertatzen dena da alderdi batzuetan produktu horiek bat egiten dutela eta beste batzuetan ez, kontrajarriak daude, baina praktikan denak entsalada berean nahasten ditugu. Eta askotan ez gara ohartzen entsalada murtxikatzen ari garen ala irentsi egiten dugun.

Teorien inguruan hausnarketa egin eta printzipio batzuen bueltan integratzeko saiakera beharrezkoa dela iruditzen zaigu, denak ez direlako balekoak umearentzat. Alegia, informatu eta eskola bakoitzak eraiki behar du berea, eta horretarako printzipio sendoak aukeratu eta horiekin koherente izanez eraiki behar da praktika.

Aipatutako guztia praktikarekin txertatzea izango da erronka. Nola egingo duzue hori?

Hasteko, formazio hau lanean ari den jendeari eskaini diogu. Prozesu pertsonal-profesional bat egitearekin batera egunerokotasunera eramateko aukera izatea funtsezkoa iruditzen zaigu eta lanean dabiltzanek badute aukera hori. Eraldaketa pertsonala eta praktikaren hausnarketa esanguratsua lotuko ditu, beraz, formazio honek.

Nolako saioak prestatu dituzue?

18 laguneko taldea osatu nahi dugu, ez gehiago, eta denek izango dute tutore bat jarraipena egiteko. Aretxabaletako campusean egingo dira saioak larunbata goizez, eta horrez gain, urtean hiru asteburutan ere elkartuko gara aterpetxe batean. Hasteko, lehen saioa asteburukoa izango da, elkar ezagutzeko eta taldea egiteko. Ikasturte erdian egingo dugu beste asteburu bat eta amaieran beste bat, bakoitzak egin duen prozesua agertarazteko. Memoria bat idatziko du bakoitzak, bertan azaltzeko nondik hasi zen, zertaz konturatu den, zer gertatu den bere praktikan, zer aldaketa egin dituen, zer barneratu duen... Eta horrekin batera, bakoitzari bere ikastetxean berrikuntza prozesu bat diseinatzeko eskatuko zaio, bere eskolari eskaini ahal izateko.

Ez dugu gauza tradizional bat egin nahi izan, baizik eta zerbait baliagarria eta eragiteko balio dezakeena.  Berrikuntzak gauzak modu diferentean egitea dakar eta guk hori azpimarratzen badugu, geure eskaintzak ere ezberdina izan behar du, eta esanguratsua partaideentzako eta guretzako.