Sansomendi ikastetxeko Ausarten Kluba

2018-10-01

‘Ni ausarta naiz, babestu egingo ditut lagunak eta hori ez dutela merezi esango dut’. ‘Zerbait ez bazait gustatzen, esan egingo dizut’. ‘Ez, beti da ez’. ‘Nik ondo tratatzen dut ondo tratatzen nauena’. ‘Hitza erabiltzen dugu, ez eskua’. Horrelako esaldi sakonak entzun daitezke Gasteizko Sansomendi ikastetxeko neska-mutilen ahotik. Ausarten Klubeko partaide dira denak eta euren arteko elkarbizitza hobetzeko tresnatzat dute.

 
 

Gasteizko Sansomendi auzoan kokatuta dagoen ikastetxe publiko integral hau ikas komunitate bihurtu zen duela zortzi urte. HHtik hasi eta DBHra bitartean 300 ikasle inguru ditu, denak ijitoak edo etorkinak (edo hemen jaiotakoak baina gurasoak kanpotarrak dituztenak). Bertako jatorria duten gainerako auzotarrak inguruko beste ikastetxeetara joaten dira.

Duela zenbait urte ikasleen emaitzak onak ez zirela eta absentismo maila altua zela ikusi zuten. Elkarbizitza arazo larriak zituzten eta ez zegoen batere espektatiba onik ikasleekiko. Eta horri buelta emateko bihurtu zen ikastetxea ikas komunitate. Txaro Cenizo LHko ikasketa buruak dioen bezala, “amesten hasi ginen: zer-nolako eskola amesten dugu irakasleok? Eta ikasleek? Eta gurasoek? Komunitate osoari galdetu genion eta hortik ondorioztatu genituen gure eskolaren ezaugarriak zein izan behar zuten. Helburu nagusi bat gurasoak eskolara erakartzea zen. Horrekin asistentzia igotzen da eta denok gusturago sentitzen gara. Eta beste helburu eta erronka bat ikasleen hobekuntza akademikoa edo arrakasta lortzea izan zen. Guk ikasle guztiek ikastea, titulua lortzea eta Batxilergora edo Lanbide Heziketara joatea nahi dugu. Pozik eta gustura etortzea eskolara, baina lanera etortzea eta helburu batekin: ikaste prozesuarekin jarrai-tzea eta formazio altua edukitzea”. Edurne Agirre DBHko ikasketa burua ere argi mintzo da zentzu horretan: “Oso garrantzitsua da guk itxaropen altua edukitzea ikasleekin. Benetan sinesten baldin badugu ikasle batek egin dezakeela, emaitzak askoz ere altuagoak izango dira. Eta hori ez baldin badaukagu, ez dago ezer egiterik. Hori klabea da”.

Ikas komunitate bakoitzak bere arau bateratua erabakitzen du, eta Sansomendiko komunitateak tratu onaren aldeko apustua egitea erabaki zuen. Eredu diagologikoaz baliatuz eta komunitate osoa inplikatuz hainbat Hezkuntza Jarduera Arrakastatsu eramaten dituzte aurrera Sansomendin eta horiek dira eguneroko lanaren oinarri eta helburuak lortzea ahalbidetzen dietenak. Hezkuntza Jarduera Arrakastatsu horiek sei dira:

Talde elkarreragileak

Tertulia dialogikoak:

Literatura-tertuliak

Tertulia curricularra

Arte tertuliak

Musika tertuliak

Tertulia pedagogikoak

Genero indarkeria 

saihesteko tertuliak

Gatazkak saihesteko eta
ebazteko eredu dialogikoa

Ikaskuntza-denbora zabaldu (liburutegi tutorizatua, tailerrak, tutore lagun...).

Senideen formazioa

Komunitatearen partaidetza

Hain zuzen ere, gatazkak saihesteko eta ebazteko eredu dialogikoaren barruan (hirugarrrena) dago kokatuta Ausarten Kluba.

 

Zer da Ausarten Kluba?

Ausarten Kluba denen arteko elkarbizitza hobetzeko tresna da, “elkarbizitzarik gabe ez baitago arrakasta akademikorik”, Miriam Domingos Lehen Hezkuntzako PTak dioenez. Erreminta honen jatorria ere kontatzen digu: “Alde batetik, Itziar Hipólito irakaslea Lehen Hezkun-tzako 1. mailako tutorea bere gelako umeekin Begoña Ibarrolaren Ausarten Kluba liburua irakurtzen eta konta-tzen hasi zen. Umeen arteko gatazkak eta bazterketa ditu gaitzat liburuak, eta ipuina irakurri eta komentatzeko baliatzen hasi zen Itziar. Gainerako irakasleok horren berri izan genuen eta beste geletan ere lantzen hasi ginen. Eta beste alde batetik, garai beretsuan Bilbora joan ginen ikas komunitateen kongresu batera. Han Valentziako beste irakasle baten esperientziaren berri izan genuen. Lehen Hezkuntzako 1. mailako tutore zen eta bere gelako umeekin egiten zuen lana kontatu zuen: lagunak aukeratu egiten direla, laguntasuna adierazteko batak bestea babestu behar duela... Guk ideia horiek Itziarrek ipuinarekin landu zuenarekin lotu genituen, eta hortik sortu genuen Ausarten Kluba”.

Hasieran Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan hasi ziren Ausarten Klubarekin, “egokiagoa iruditu zitzaigun etapa hori, haur txikiak handiagoak baino moldagarriagoak direlako” dio Nahia Salbarredi LHko ingeleseko irakasleak. Eta berehala jarraitu zuten hurrengo mailetan ere. “Izan ere, umeak gelan zeukaten Ausarten Klubarekin pasatzen ziren hurrengo ikasturteko gelara. Talde bezala hori zeramaten eta tutore berriak ezaugarri horrekin hartzen zituen: ‘gu klub bat gara eta horrekin jarraitu egingo dugu’. Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka DBH 1. mailara iristea lortu dugu”.

Gela guztietan dago Ausarten Kluba eta bertako partaide guztiak ausartak dira. Hori da bereizgarria: klubekoa izatea ausarta izatea da. Baina, zer da ausarta izatea? Bada, lagunak ondo tratatzea, indarkeriarik ez erabiltzea eta hitzez konpontzea sortzen diren gatazkak. Horrek dauka balioa, erakargarritasuna eta hori da ausarta izatea. Hori egiten duena klubeko partaide da. Aldiz, hori betetzen ez duena klubetik kanpora botatzen dute (jarrera aldatu arte, konpromisoa hartu arte). Eta denek izan nahi dute Ausarten Klubeko kide.

“Gu talde bat gara, denok nahi dugu talde honetan egon eta horretarako elkar ondo tratatu behar dugu. Lagunak ondo tratatzen dituena ausarta da”. Hori da leloa eta ikasleek ikasi dutena. “Gakoa da erakargarritasuna kentzea txarto portatzeari edota biolentoa izateari” dio Edurne Agirrek. “Kontua ez da zintzo portatzea, baizik eta ‘zu zara super guay zintzo portatzen zarelako eta ingurukoak ondo tratatzen dituzulako. Eta beraz, ausarta zara’. Protagonismoa horri ematen diogu, eta ez gaizki portatzen denari. Zeren batzuetan gertatzen da gelako guay-a, guapoena... destruktiboena dela eta protagonistak horiek direla. ‘Egon zaitez isilik, kalera botako zaitut, zure gurasoei deituko diet...’ eta horrelakoak esaten dizkiegu eta konturatu gabe protagonismoa ematen diegu. Egiaztatuta daukagu, gainera, modu horretara gatazkak ez direla gutxitzen. Ondo tratatzea da guay izatea; hor dago gakoa. Biolentziak duen erakargarritasuna aldatzea da kontua. Zeren hori da gizartean dagoena. Eta ikusten dugu DBHko neska-mutilekin zer gertatzen den. Lehen erlazio afektiboen gaineko tertuliak egiten ditugunean argi ikusten da: gaiztoa da erakargarria. Eta behin adin horretara iritsita, horri buelta ematea oso zaila da. Horregatik ari gara lantzen txikitatik hasita”. Orain, protagonismoa beste gauza batzuekin lortu behar dute, gauza positiboekin, modu egokian.

 

Klubean sartu eta atera

Sinbolikoki gela bakoitzean Ausarten Kluba irudikatzen duen kortxo bat dago: alde batean Ausarten Kluba eta beste aldean koldarrak. Egunaren hasieran ume bakoitzaren argazkia duen txartela Ausarten Klubaren aldean egon ohi da. Gero, norbaitek zerbait egiten badio beste norbaiti, erasoren bat sortzen badu... bere argazkia hartu eta koldarren aldean jartzen du. Orduan, gortina magikoa eta abar egiten zaizkio. Jarrera aldatzen badu berriro ere ausarten aldean jartzen du bere argazkia. Jarrera aldatu ezean, koldarren aldean jarraitzen du. Gainera, gerta daiteke egun horretan besteak berarekin eseri nahi ez izatea, edo jolastu nahi ez izatea... Ausartak direnek eskubidea daukate ondo tratatzen dituztenekin baino ez egoteko. Halere, hurrengo egunean, denak berriro ausarten aldean jartzen dira eguna hasteko. “Garrantzitsua iruditzen zaigu denak ausartak izatea egunaren hasieran. Agian egun batean koldarren aldean egon denak hurrengo egunean beste bati lagundu egingo dio”, azaltzen du Ainara Jurado LHko irakasleak. “Gainera, aldaketa hori egitea garrantzitsua da, zeren bestela umeak markatuta gelditzeko arriskua dago: gauzak puskatzen dituena, besteak jotzen dituena... Eta hori puskatu beharra dago. Gauzak ondo egiteko eta aldatzeko aukera eman behar zaie. Eta eraldaketa egin duten ikasleak izan ditugu!”.

Sansomendin ohiko egoerari buelta ematen diote eta protagonismoa biktimari ematen diote. Erasotzailea klubetik atera egiten dute, ez diote kasurik egiten. Ez berarekin haserretu direlako, baizik eta bere jarrera ez dutelako onartzen. Ez daukate ezer bere kontra, bere jarreraren kontra baizik. Gero, jarrera aldatzen badu, berriro ere klubeko kide bihurtzen da. Bitartean, ordea, protagonismorik gabe geldituko da. Eta horretarako bi estrategia erabiltzen dituzte Gasteizko eskola honetan: 

1- Ezkutua: ezkutua egitea batak bestea defendatzea da. Hau da, norbaitek beste norbait gaizki tratatu duela ikusten baldin badu, defendatu egin behar du, erasotuaren alde jarri eta “horrelakorik ez dut onartzen” esan behar dio erasotzaileari. “Ni ausarta baldin banaiz eta gaizki egin duela ikusi badut, inplikatu egin behar dut eta defendatu behar dena defendatu behar dut”. Hori da ezkutuaren jarrera eta posizioa.

Bitarteko honekin salatariaren papera aldatzea lortu dute: lehen salataria zena orain ausarta da. Mirian Domingosek argi azaltzen du: “Ni zure laguna baldin banaiz eta ezin badizut lagundu, laguntza eskatzera joango naiz eta laguntzeko moduan den irakasleari edo helduari kontatuko diot zer gertatzen ari den. Hori egiten duena ausarta da eta hori azpimarra-tzen dugu. Gure artean ez da salatari hitza erabiltzen. Ideia bestelako da: ‘ni ausarta baldin banaiz babestu egingo dut nire laguna eta esan egingo dut hori ez duela merezi’”.

2- Gortina magikoa: gortina sinboliko bat da. Gortina bat itxiko bailitzan egiten da keinu jarrera txarra eduki duenaren aurrean, eta horrekin zera adierazten da: “Horrela jarrai-tzen baduzu, gortina magikoa egingo dizut eta niretzat ez zaude, desagertu egingo zara. Jarrera egokira buelta-tzen zarenean irekiko dut gortina”. Irakasleek zein ikasleek erabiltzen dute gortina magikoa, eta jada oso barneratuta daukaten dinamika da. Esate baterako, ikasle batek beste bati esan diezaioke: “Tontakeriak esaten ari zara? Bada, gortina magikoa eta kito. Esan nahi duzuna, nik lanean jarraitu behar dut”. Edo irakasleak esan diezaioke: “Ez zara protagonista eta jarrera horrekin jarraitzen duzun bitartean ez duzu gure arretarik lortuko. Ez gurea eta ez beste ikaskideena”. Mirian Domingosek dioen bezala, “indiferentzia hori ikusten dute; alegia, taldeak bera gabe jarraitu egiten duela. ‘Zu hemen ez zara protagonista; gehiago gaude. Jarrera koldarra duzun bitartean guk ez dugu zurekin ezer jakin nahi. Gu taldean gaude eta taldean ondo gaudenak eta zoriontsu garenak lanean ari gara, ausartak gara eta gu gara protagonistak. Eta zuk ez duzu lortuko gu haserraraztea’”. 

Gortinak noiz arte irauten du? Bada, jarrera aldatu arte. Behin jarrera aldatutakoan berriro ere taldean onartzen da. “Eta guk hor egon behar dugu aldaketa hori ona izan dela adierazteko, ‘zein ondo’ esateko. Hori ere garrantzitsua da” gehitzen du Nahia Salbarredi Ingeleseko irakasleak. “Jarrera aldatzen duten momentutik taldeko partaide sentitu behar dute”.

 

Jarrerak eraldatzen dira

Jarrera eraldaketak frogatzen dituzten adibide mordoa dute Sansomendiko irakasleek. Esate baterako, elkarrizketa hau eduki dezakete bi ikaslek:

- ‘Ez zait gustatu egin didazuna’.

- ‘Baina broma zen’. 

- ‘Bai, baina niri ez zait gustatu. Eta zuk onartu egin behar duzu. Ez beti da ez’.

Norbaitek ezetz esaten badu, ezetz da. Hori ere ikasia daukate: “Agian beste bati gustatuko zaio, baina nirekin ari zara, niri egin didazu eta niri ez zait gustatu. Eta errespetatu egin behar duzu”.

Ezezkoarekin batera bada beste puntu garrantzitsu bat ere: inork ez aguantatzea inorren gauzak. “Nik hori ez egiteko esan badizut eta jarraitu egin baduzu, nik ez daukat zertan zure aldamenean egon, joan egingo naiz”. Txarok bere gelan gertatuko adibide zehatz bat kontatzen du: “LHko 1. mailan, asteko asanblada egiten ari ginen. Haur bat erortzear zegoen eta laguntzera altxa nintzen. Nire lekura bueltatu nintzenean ikasle bat bertan eserita zegoela ohartu nintzen, nire aulkian eseri zen. Ni aurretik konturatu nintzen beste baten ondoan zegoela eta hura molestatzen ari zitzaiola. Eta horrexegatik zutitu eta joan zen nire aulkira. Egoera hartan bi aukera nituen:

1- Asanblada moztu eta “e, ez molestatu...” esaten hasi. Kasu horretan molestatzen ari zenari emango nion protagonismoa eta berriro kosta egingo zitzaidan asanbladarekin hastea edo jarraitzea.

2- Molestatzen ari zen haren ondora joan eta han eseri, alde egindako ikaslearen aulkian. 

Nik bigarren aukera hori egin nuen. Hartara, molestatzen ari zena isilik geratu zen, zera pentsatuz: ‘nire ondoan zeunden eta joan egin zara; bakarrik utzi nauzu’. Hori izan zen egin zuenaren ondorioa. Kito. Hor gelditu zen”.

Horrelako kasuetan nabarmen gelditzen dena molestatzen aritu dena da, ez lekuz aldatu dena. Eta horixe da, hain zuzen ere, aldaketa. Molestatu duena gelditzen da pentsakor, zer egin duen hausnartzen: “Ez du nire ondoan egon nahi molestatzen ari naizelako. Bestela, nire ondoan jarraituko zuen”. Inorri ez zaio gusta-tzen bakarrik gelditzea, noski. “Baina ikasteko modu bakarra da. Ez badiote esaten molestatzen ari dela, bere horretan jarraituko du. Horregatik, garrantzitsua da molestatzen ari bada, esatea. Eta adieraztea laguna izatea nahi badu besteen nahia errespetatu behar duela. Hori txikitatik hasten gara lantzen”, dio Mirianek.

Horrekin guztiarekin lotuta bada beste puntu bat ere: aukeraketa. Lagunak aukeratzeak ere garrantzi handia duela azpimarratzen dute Sansomendiko irakasleek: “Ez da egia denok lagunak garela; denok gara gelakideak, hori bai, baina lagunak aukeratu egiten dira. Laguntasunaren oinarria tratu onak dira; laguna babesten nauena da, gauza positiboak esaten dizkidana. Eta horrek botere harremana puskatzen du”.

Ikusleek ere lan asko egiten dute. Azken finean, hor daude eta euren jarreraren arabera gatazkak ildo batera edo bestera bidera daitezke. 

Mirianek dio ikasleak haserretzen direnean askotan galdetzen dietela: “Haserre zaude? Ados, baina horrek ez dizu eskubiderik ematen zure haserrea niri botatzeko. Zure haserrea kudeatzen ikasi behar duzu eta horretan laguntzeko prest gaude gu. Baina beti modu egokian: ez garrasika, ez hitz itsusiak esaten...”. Hitza da tresna; “hitza erabiltzen dugu, ez eskua” hori da beste leloetako bat.

“Nik lehen mehatxatu besterik ez nuen egiten. Eta hemen ez dut berriro inor jo. Eta gustatzen zait nor naizen”. 12 urteko ikasle batek esandakoa da. Beste une batean 20 haurrek beste bati hala esan zioten: “Ez dugu onartzen horrela tratatzea”. Horrelako eraldaketak ikusi dituzte Sansomendiko ikastetxean Ausarten Klubaren ondorioz.

Elkarbizitza asko hobetu dela diote denek. “Arazoak eta gatazkak badaude, noski, hori egunerokotasunaren parte da. Baina kontua da nola konpontzen diren. Zein da protagonista? Ausarta, ondo tratatu nauena. Eta hori oso garrantzitsua da: nik ondo tratatzen dut ni ondo tratatzen nauena. Txarok dioen bezala, “zein da gizartean daukagun biolentzia arazo nagusiena? Botere harremanak. Eta hementxe dago hasiera hori. Azken finean, kontziente izan behar dugu maite gaituenak ondo tratatuko gaituela”.