Perpignan-en Haur Hezkuntzako esperientzia bizitzen

2018-10-01

2017-18 ikasturtean Eskur-tze Bigarren Hezkuntzako Institutuko Haur Hezkun-tzako lehen mailako ikasleek esperientzia gogoangarria eduki zuten. Klase arrunt bat ematen ari zirela, ustekabe handi bat izan zuten: bidaia profesional bat egiteko aukera! “PyireneLH” izeneko proiektu baten barruan, ikasle zein irakasleentzat antolatutako bidaia bat, Perpinyàra. Proiektu hori Eskualde Garapenerako Europako Funtsak finantza-tzen du (EGEF), eta helburu jakin bat du: mugaz haraindiko lurraldeetan, pertsonen heziketako sistemak eta gaitasunak bultzatzea eta garatzea, eta pertsonen enplegurako sarbidea hobetzea.

 
 

ESKURTZE BHIko HAUR HEZKUNTZAKO 1. MAILAKO IKASLE TALDEA

Iaz egin genuen bidaiak gauza asko eman dizkigu. Hasteko, “Pyirene-LH” izeneko proiektua ezagutu dugu. Hezkuntzaren arloan, mugaz bestaldeko identitate eta espazio profesionala eraikitzea ekarri du horrek. Eta, era berean, gure lanerako aproposak diren espazioak ezagutzera eta gure arteko elkarbizitza lantzera eta sustatzera eraman gaitu. Guk egin dugun bidaia ez da proiektu horren barruan garatu den jarduera bakarra: gure bigarren mailako ikaskideak Iparraldeko haur-eskolak ezagutzera joan ziren iazko urrian, eta horietako batzuek hantxe egin zuten hilabeteko praktikaldia. Lerro hauetan kontatu nahi dizueguna zera da: batetik, bidaian ikusitako haurrentzako egiturak nolakoak diren; bestetik, nola lehen ezagutzen ez genuenak esperientzia pertsonal baten forma hartu duen orain; eta, azkenik, gure lanbideaz kontzientzia handiagoa nola eratu dugun. Baina joan gaitezen pixkanaka...

Proiektuaren ideia kontatu zigutenean, “Zein ondo!”, pentsatu genuen; baina laster konturatu ginen ezin ginela joan pentsatu guztiok, eta ildo horretatik etorri zen gure ustekabe handiena: ikasgelako hamar pertsona joan zitezkeen soilik, eta beste hamar beste taldetik; 20 ikasle guztira. Irakasleei dagokienez, ikastetxeko 4 irakaslerekin partekatu dugu gure esperientzia. Hala ere, ulertzekoa da talde handi batekin haurren esparruetara sartu ezin izatea, haien egunerokotasuna apurtzen baitugu; horregatik, 24 pertsonako talde bat izatea erabaki zuten gure irakasleek.

Eta zergatik Perpinyà? Ipar Katalunian eta gure Iparraldean, antzeko errealitate linguistikoak daude; euskaraz hitz egiten da hemen, eta katalanez han. Bisitatu ditugun leku batzuetan, oso presente dago errealitate zail hori, adibidez, Cam-Mainadan, edo La Bressolan. Baina hori geroago kontatuko dugu.

Bidaia hasi baino lehen, bilera batzuk egin genituen hari guztiak lotu ahal izateko eta gure artean ere hobeto ezagutzeko. Hasiera batean oso urrun ikusten zen bidaia berehala iritsi zen, eta, horrekin batera, gauza berrien aurrean sortzen diren emozioak etorri ziren; esperientzia berriak eduki nahia, ikasteko desira, gogo handia, dibertitzeko eta ondo pasatzeko grina eta, nola ez!, urduritasuna eta orientaziorik eza. Maletan hori guztia sartuta, Perpiyàrako bidea hartu genuen, egunerokoa eskuan genuela. Hona hemen egun horietan ezagutu genuena:

Martxoak 18

Igande hartan, 10:00etan geratu ginen Abandoko tren-geltokian. Autobusa gure zain zegoen han, maletak sartu eta abian jartzeko. 9 orduko bidaia izan zen, eta, 2 geldialdi egin eta gero, hotelera iritsi ginen, nekatuta baina ilusio osoz. Maletak norberaren logelan utzi eta apur bat lasaitu eta gero, Perpinyà haizetsu batek egin zigun harrera. Auzoa ezagutzeko asmoz, bueltatxo bat eman genuen, eta goiz itzuli ginen hotelera, hurrengo egunerako gauzak prestatzera. 

Martxoak 19

Goizeko 9:00etan, Cam-Mainadara iritsi ginen.Orain dela bost urte, 2009. urtean, La Bressola Elkarteko eskola batean elkar ezagutu zuten lau hezitzaile elkartu ziren, eta “haur-eskola” txiki hau sortu zuten, non haurrek katalanez hitz egin eta abestu ahal duten, dibertitu ahal diren.... Haur-eskola horretan, 12 umerentzat dago lekua, 2 solairuko etxe batean. Etxea guztiz egokituta dago umeen-tzat, haien erosotasuna bermatzeko. Beheko solairuan, sukaldea eta umeak jolasteko espazio zabal bat daude, bai eta barruko patio ireki bat ere. Goiko solairuan, ordea, logelak, bainugela eta aldagelak dituzte. Bi solairuak lotzen dituzten eskailerak hesi berezi batzuekin itxita zeuden, umeen segurtasuna bermatzeko.

Hezitzaileekin hitz egiteko orduan, asko harritu gintuen haiek kontatutakoak: haurrekin lan egin ahal izateko zailtasun handiak dituzte gizonezkoek; susmagarriak dira; alegia, umeek sexu-abusuak pairatuko dituzten beldur dira. 

Han, Elna izena zuen neskato bat zegoen, eta izen horren nondik norakoak ere kontatu zizkiguten: oso hurbil zegoen Elnaren Amaetxearen omenez jarri zioten izena gurasoek, eta leku hori bisitatzea gomendatu ziguten biziki, interesatuko zitzaigulakoan. Astean zehar tarteren bat bagenuenez, saiatuko ginen tokia bisitatzen. 

Jan ostean, beste bisita bat egin genuen, “ADSEA 66” izeneko elkarte berezi batera. Han, Karine Gonzalezek azaldu zigun “ADSEA 66” gurasoei harrera, prebentzioa, laguntza psikologikoa eta sostengua ematen dizkien zentro bat dela; profesionalak, nagusiak eta haurrak elkartzen dira zentro horretan. Etxe horren funtzionamendua Françoise Doltoren Etxe Berdearen ereduan oinarritzen da, eta elkartzeko espazio bat da, epaiketa orotatik libre egon nahi duena. Boluntarioek zein unibertsitateko irakasleek hartzen dute parte proiektu horretan. 

Martxoak 20

La Bressola eskolara abiatu ginen goizeko 9:00etan. La Bressola eskola elkarte bat da, hezkuntza katalanez sustatzen duena; Euskal Herriko Seaska elkartean oinarrituta dago, haien izena barne! 1976an ireki zuten lehen eskola, 7 ikaslerekin. Gaur egun eta bide luzea egin ondoren, zazpi ikastetxe eta 1.000 ikasle baino gehiago ditu Ipar Kataluniako 5 udaletan. 

Haien metodologia azaldu ziguten: gela berean, adin desberdinetako umeak daude, elkarri hizkuntzarekin laguntzeko eta proiektuen bidez lan egiteko.

Hango koordinatzaile pedagogikoak hitzaldi bat eman zigun guztia kontatzeko. Hitzaldiaren ostean, talde txikitan banatu ginen, eta hura zortea gurea! Ikasgelak bisitatu genituen, eta aukera eman ziguten umeak nola aritzen ziren behatzeko. 

Arratsaldean denbora librea eman zigutenez, herria bisitatzera joan ginen, eta Perpinyàko leku miresgarrienak ezagutu genituen.

Martxoak 21

Gure hurrengo geralekua “Elnaren Amaetxea” edo “Suitzako Amaetxea” izan zen. Monumentu Historikoa da 2013tik. Lehen egunean, haren berri eman ziguten. Harrituta geratu ginen, harrituta eta hunkituta. Ez genuen espero halakorik; Espainiako Gerra Zibilean, hainbat errepublikano joan ziren Frantzia aldera babes bila, errefuxiatu gisa. Asko zirenez, errefuxiatuen esparruetan sartzen zituzten. Errefuxiatu gehienak Kataluniatik zetozenez, errefuxiatuen esparruak antolatzeko lekurik handienak hondartzak ziren Frantziako muga pasatu eta gero. Oso latzak ziren bizi-baldintzak; 10 ume jaioberritatik 9 berehala hil-tzen ziren, eta 3 hilabete irauten zuten gehienez; ez zuten ur garbirik, hotz handia egiten zuen, janaria urria zen...

Hura ikusita, emakume haien eta haien seme-alaben bizitza aldatu eta hobetu nahi izan zuen Elisabeth Eidenbenzek, beste aukera bat emanez. Horretarako, amaetxe baten proiektua zeukan buruan, eta Elnan zegoen Bardou gaztelua baliatuta, martxan jarri zuen proiektua. 1939ko martxotik 1944ko apirilera bitartean, ia hamabi naziotako 600 ume jaio ziren han. Ume horien eta haien amen bizitzak hobetzeko eta bizitzeko indarra eman zien. Bigarren Mundu Gerran, hainbat judu erbesteratu zen, eta Elnara joan ziren asko babes bila. Askotan, izen faltsuak ematen zituzten, kontzentrazio-esparruetara eramango zituzten beldur baitziren. Erbesteratuen bizi-baldintzak, dena den, kontzentrazio-esparruetakoen parekoak ziren hainbat kasutan, eta, horrek ematen duen lotsa historikoagatik, ez da ezagun egin orain gutxi arte han gertatua. Emozio, itxaropen, elkartasun eta gizatasunez betetako gertakizunak aurkitu genituen han. 

Martxoak 22

Gure azken eguna zen, eta IRTS ikaskuntzako zentroa bisitatu genuen. Eskurtze bezalako ikastetxe bat da, baina Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen ditu soilik. Unibertsitate Eskola baten egitura du, eta, haur-hezkuntza ikasteaz gain, arlo sozialeko beste espezialitate batzuk ere irakasten dira, hainbat prestakuntza mailatan banatuta.

Komunitaterako zerbitzu soziokulturalak ikasteko moduluak irakastera dago zuzenduta ikastetxe hori (Eskurtze bezala), baina badu bereizgarri bat: proiektuak egiten dituzte beste herrialde batzuekin eta batez ere Kataluniarekin.

Hasteko, IRTSra heldu ginenean, gela batean sartu ginen, eta hitzaldi bat eman ziguten haien irakasteko funtzionamenduaz, atzerrian ikasteko proiektuez eta bakoitzaren iraupenaz; eta zer-nolako ikastetxea, instalazioak eta praktika motak zeuzkaten ere azaldu ziguten. Hitzaldia amaitu ostean, ikastetxea ezagutzeko aukera izan genuen; baina ezin izan genituen instalazio guztiak ikusi, denborarik ez zegoelako. Hala ere, asko harritu gintuen ikusitakoak. Hemengo unibertsitatearen eta Lanbide Heziketako zentro baten arteko zentro bat zen, liburutegi ireki batekin, hainbat gela erraldoirekin, etab.

Martxoak 23

Bezperan, elkarrekin afaldu genuen, eta, hotelera itzultzean, taldean bidaiari buruzko ebaluazioa egin genuen. Gaindituta zeuden bidaia hasierako urduritasunak, orientazio falta eta ezjakintasunak, eta taldeak hauxe erantzun zuen bidaia hark zer ekarpen egin zien galdetzean: ezagutza, diber-tsioa eta askotariko ikuspuntuak. Ezagutza, espazio profesional berriena eta baita bidaia-kide berriena ere. Astean zehar izandako dibertsio eta esperientzia ugari horiek errepikatzeko gogoz utzi gintuzten. Itzultzeko eguna heldu zen, eta, etxera hurbildu ahala, gure familiak eta lagunak berriro ikusteko gogoa agertu zen.

Gure zikloari dagokion curriculumak dio esparru formalean eta ez-formalean lan egin dezakegula, 0-3 urte bitarteko umeekin eta 0-6 urte bitartekoekin. Orain, hobeto dakigu zer-nolako espazioak izan daitezkeen horiek, eta gure begirada zabaldu egin da, etorkizunari so eginez. 

Eskerrak eman nahi dizkiegu espazio horietan guztietan harrera egin ziguten langileei, lanaldia gugatik eten zutenei, eskaini zizkiguten denbora, adeitasun eta interesagatik. Hurren arte!