BOKAZIOZ MILITARRA BAKAZIOZ MAIXUA

2018-10-01

Niretzat, horixe zen gure herriko maixua eta goiburuaren lehen baieztapena berak esan egiten zuelako dakit. Bigarrena ere berak erakutsi zidan!

Bost urterekin hasi nintzen Gabiriko eskolan eta erdaraz tutik ez nenkienez, helduagoen azalpenekin moldatzen nintzen, beste hasi berriak bezala, maixuak ez baitzekien hitz bakar bat ere euskaraz eta gainera, berarekin bederatzi urte egin nituen arren, sekula ez nion entzun hitzik nire hizkuntzan, ezta bai edo ez ere. Deskuidoren bat edo izan zezakeen bada, ezta? Hori ere ez!

Antzemango zenionez, hamar-dozena bat urte arte ez nion hitzik ulertu. Baina ikasi bai ikasi nizkion eta oraindik ere gogoan dauzkat, maixu harekin egon behar izan genuen guztiok bezalaxe: “Eres una acémila! Tu padre que te compre unas cabras y un zurrón y al monte a cuidarlas, que para esto no vales…necio más que necio!* Eta gure auzoko batek eskolatik etxerakoan, necio hitza gogoan, hala bota zidan: “hi haiz ume negozioa hi!!!”

Bost kuarto inporta zitzaigun guri hark zer zion; guk ezin genion ulertu eta berak ez zigun batere karinorik, eskerrak, alboko gelan maixtrarekin egoten ziren neska koskortuenek zaindu eta goxatzen gintuzten atsedenetan! Haientzat ikasketa eta lehia zen gutaz arduratzea eta guretzat, munstro haren beldurrik gabeko gune goxoa; bizia zen, beste egoskor antzu haren atzaparretatik aske eta goxo sentitzea behingoz!

Eta ikasi egiten genuen, beharko! Larunbat goizetan eskola-ume denok borobilean bere mahaiaren jiran jarri, bera erdian eserita zela, galdera saila eta, erantzun zuzena eman ezean, ilaran ondoren genuenak aurrea hartzen zigun. Ederra zen bada geu baino gazteagoak gure aurretik jartzea!! Edo ez genuela behar beste ikasi eta urritz makilarekin bi eskuetako hatz muturrak ia pitzatu arte egurtzea eta makila apurtzen bazen, berria, geuk ekarri behar gainera…

Zer eta nola ikasten genuen, ordea? Bada, Espainiako mendi garaienak, mendikateak, ibaiak eta ibaiadarrak, sumendiak, itsasoak, lurmuturrak, golkoak… eta baita Europakoak eta Mundukoak ere. Dena buruz, inolako zentzurik gabe; bagenekien bost, zer ziren kaboak eta golfoak! Estaca de Vares, Ajo en Santander… El Titicaca… Dena itzultzen hasten ginen eta pentsa dezakezue zer xelebrekeria zelakoan geratzen ginen maixu ogro hark ikasarazten ziguna. 

Beraz, bera ez zitzaigun sinesgarri egiten eta ondorioz ezta berak zion ezertxo ere. Dena buruz ikasi, an-tzerkia egin eta urteak pasatzeko zain iraun, handik ospa egitea ospatzeko.

Memoria eskaseko pertsona bilakatu nauela uste dut, bere garaian memorizatze ahalegin izugarria eta alferrikakoa eginarazi izanak, ezeren logikarik gabe, zer eta zertarako zen ez genekiela. Memoria ondo erabil-tzen eta gogoz baliatzen ikasi eztako penaz bizi naiz.

Gauza bakarra ikasi nuen harengandik eta eragindako kalte guztien gaindik balio izan didana: nolakoa ez den izan behar!

 

*  “…animalia, astapotroa. Zure aitak ahuntz batzuk eta zakutoa eros diezazkizula eta mendira haiek zaintzera, eskolarako ez duzu balio eta! Egoskor, temati halakoa!”