IRATXE RETOLAZA. EHU-KO HIZKUNTZA ETA KOMUNIKAZIO SAILEKO IRAKASLEA

2018-10-01

“Euskal kulturaren transmisioaren etena hain sakona izan da, hezkuntzan ere transmisio lan hori egingo duenak ez
duela horretarako gaitasunik. Eta ez da baliabiderik jarri, ez da kontzientziarik egon”

 

EHUren Udako Ikastaroen barruan, ‘Herri hezitzaileak eta kulturgintzaren transmisioa Euskal Herrian’ ikastaroa antolatu zuen Azpeitiko Udalak. Horren baitan, Iratxe Retolaza EHUko irakasleak kultur sorkuntzaren transmisioaz gogoeta egin zuen. Honen ustez, kultura hizkuntza normalizazioaren zerbitzura jarri da, hizkuntza jabekuntzarako tresna gisa ulertu da. Baina euskalduntzea erabatekoa izateko, ezinbestekoa deritzo kulturaren transmisioa bermatzeari, kulturak erreferentzia sareak eraiki eta munduari begiratzeko kodeak sortzen baititu, eta, horrenbestez, taldea eraikitzen baitu. Hezkuntza-sistemak ere, kulturaren transmisiorako bitartekari garrantzitsu izan beharko lukeenak, egiteko horretan hutsune nabarmenak dituelakoan dago Retolaza, eta eskoletan kultura-planak sustatzeko eta euskal kultura zehar-lerro bilakatzeko beharra ikusten du. 

 
 

Jardunaldietan nabarmendu zenuen kulturaren transmisioak kultur ohiturak eta harreman ereduak sortzen dituela. Finean, beraz, nortasun komun bat sortzen laguntzen du, komunitate bat eratzen. Hala, kulturak zer ematen digu norbanako gisa eta herri bezala?

Argitu nahi dut kulturaz hitz egitean, sormenaren kulturaz hitz egingo dudala, kultura modu askotara erabili izan baita. Sormenaren kulturan sartzen dira literatura, musika, dantza, antzerkia eta gainerako, esan dezagun, arteari loturiko kultur esparruak. Kultur bide horiek beti eraikitzen dute komunikazio esparru bat, eta, gainera, erreferentzia sare batzuk eraikitzen dituzte. Sare horien bidez, jende talde batek munduari begiratzeko erreferentzia jakin batzuk izatea lortzen da. Azken batean munduan egoteko eta munduari begiratzeko kode antzeko batzuk dira, eta beraz, taldea sortzen dute. Horrekin batera, pertsona bezala gu geu munduan kokatzeko baliabideak ematen dizkigu kulturak: baliabideak besteekin komunikatzeko aurrez aurre gaudenean, baliabideak zentzuaren eraikun-tzan, barne mundua elikatzerakoan, trukea sustatzerakoan, sormenarekin jolasteko... 

Kulturak munduaren inguruko errepresentazioa bat egiten du, eta oro har, esaten da kulturak hiru bide erabiltzen dituela munduari buruz hitz egiteko, edo gure egunerokoaz, gutaz hitz egiteko. Bata da errealitatearen nolabaiteko erradiografia egitea eta, beraz, ikusgarri egitea gertatzen den hori baina eguneroko abiadan agian ikusezin bilakatzen dena. Orduan, ez du errealitatea eraldatu nahi, baizik eta errealitatearen alderdi bat ikusgarri egin. Beste bide bat egunerokoaren kritika egitea da; kasu honetan helburua ez da ikusgarri egitea bakarrik, baizik eta jada badu interpretazioa, jendea ernarazteko kritika bat. Eta badu hirugarren bide bat, oso garrantzitsua: irudimenarena. Sormenak mundu posibleak sortzen ditu, eta neurri horretan gure barnean ere harremanak egiteko modu posibleak pentsa ditzakegu, gureak ez direnak eta ikusi ere egin ez ditugunak, gizartea eraikitzeko modu posibleak... 

Beraz, bai pertsona bezala bai komunitate bezala ematen dizkigu aukerak ez bakarrik gure gaurkoari patxadaz begiratzeko eta kritikoki irakurtzeko, ez bada etorkizunari begira ere aukera posibleak irudika-tzeko. Baina gaur egun sormenaren eta kulturaren ikuspegi hori baztertu da dezente, eta ez bakarrik gurean. Lehen hezkuntzan askoz ere espazio gehiago zuen, ulertzen zelako nolabait pertsona bat elikatzen zuela kulturak, bizirauteko baliabideak ematen zizkiola. Baina gaur egun oso bazterrekoa da, beste lehentasun batzuk daude; kulturak ez du sortzen benefiziorik ekoizpen ikuspegi ekonomiko batetik, eta orduan bazterrean dago. Eta nire ustez kultura da, hain zuen, gizartea eraldatzeko muin nagusienetako bat. Beraz, kultur sormenak badu garrantzia, komunitateak eraikitzeko erreferentzia eta komunikazio sareak eraiki-tzen dituelako.

Nolakoa izan da euskal kulturaren transmisioa? Zein bereizgarri ditu?

Euskararen eta euskal kulturaren transmisioak duen bereizgarri nagusia da etenak izan dituela, nahiko ziklikoak, gainera. Horrek baldintzatu du transmisioa, zeren eta frankismo ostera arte ez da egon instituzio iraunkorrik, ez eta eskola eredu iraunkor bat. Egia da lan handia egin dela, baina borondatez, herrigintzatik sortutako espazioetan. 

Bestalde, eten mota desberdinak izan dira. Adibidez, nire familian etena egon zen: nire amonaren bidetik guk euskara jaso beharko genuke, baina frankismoaren testuinguruan galdu egin zuen eta gure gurasoak ez dira euskaldunak, eta gu, hiru ahizpak, ikastolan euskaldundu ginen. Garai hartan, 70eko hamarkadaren bukaeran, berreskuratze lan horretan kontzientzia handia zegoen, euskal kultura ere sortzen ari zen, eta guk euskararekin batera kultur esparru ikaragarri bat jaso genuen. Ikastolan ez genuen hizkuntza bakarrik jaso, kultur esparru oso bat ere jaso genuen. Garai hartan eskolak funtzio hori bete zuen, baina gaur egun, D eredua badagoenez eta euskarazko adarra badagoenez, salbuespenak salbuespen, iruditzen zait nolabait euskalduntzearekin konformatu garela, eta euskalduntzea hizkuntza jakitea dela ulertu dugula. Eta nik argi dut ni ez nintzela euskaldundu hizkuntzagatik bakarrik, euskaldundu nintzela kultur zaletu ere nindutelako, euskal kulturara hurbilarazi nindutelako ikastolan. Nik badakit nire hizkun-tza gaitasuna ez zela berdina izango kultur zaletu ez banintz, testuinguru soziolinguistiko jakin batean bizi garelako. Nik ez nuen lortu euskaraz amets egitea berandu arte, 21 urte arte, jada euskal filologia ikasten ari nintzenean. Euskaraz hitz egiteko gai nintzen, baina kulturan erabat murgildu arte ez nintzen gai izan %100 euskaldun izateko, ametsak ere euskaraz egiteko. Barne mundua elikatzeko erabiltzen dugu kultura, eta euskarazko kultura transmititzen ez bada, euskalduntzea ere ez da erabateko izango.

Beraz, lehen bereizgarria etenarena litzateke, bigarrena testuinguru soziolinguistikoarena, eta hirugarren ezaugarria da kultura hizkuntzaren zerbitzura jarri dela. Hizkuntza jabekuntzarako tresna bezala erabili izan da, eta ez berez komunikazio jakin bat sortzen duen bide bezala, ez bada hizkuntza ikasteko. Miren Azkaratek berak esan zuen Berria-n kultur kontsumoa suspertzeko bidea euskararen kale-erabilera sustatzea zela, Euskaraldiari erreferentzia eginda; alegia, euskaraz aritzeko erraztasuna garatzeak ekarriko duela kulturara hurbiltzea. Nik uste hori oso logika okerra dela, badirudielako “euskararen erabilera” esparrutik kanpo kokatzen dela kultura, hizkuntza-trebatzea kale-erabilerarekin berdintzen dela. Iruditzen zait alderantzizkoa gertatu ohi dela, alegia, gaitasuna hartzen duzula ahalegina eskatzen zaizunean, kultur adierazpide berrietarako ateak zabaltzen zaizkizunean, eta abar. Eta ez bakarrik gehiago kostatzen zaizulako, interesa piztuko zaizulako geroz eta mundu kultural aberatsagoak eskainita, erakargarriagoa egingo zaizulako. Euskaran aurrera begirako urratsak emateari, hizkun-tzari, sekulako garrantzia eman zaio, eta ulergarria ere bada, baina horren ondorioz askotan, batez ere administrazioak kultura asmoak egin dituenean, euskalduntzeari begira izan da askotan, ez kultur zaletasuna sustatzeari begira. Horrek ekarri du, kultur zalea bazara, agian ez zaizula interesatzen hori, zeren oso ikuspegi didaktiko edo murritz batetik dago eginda. Eta euskaltzalea bazara, eta ordu arte ez bazara kultur-zaletu, agian horrek ere ez zaitu kultura-zaletuko. 

Hirugarren bide horren ondorioz, ikaragarriak dira gaur egun hizkun-tzan trebatzeko baliabideak, baina ez dago kulturan trebatzeko kasik baliabiderik; ez dago sare bat eraikita horretarako. Eta kontuan hartu behar da gurean etenak egon direla eta, beraz, herritar asko ez direla trebatu euskal kulturan. Bada, bertso eskolen bidetik, kultur eskolaren irudia datorkit burura. Bertso eskolen formatuak oso ondo funtzionatu du, sareak sortu dituztelako eskola arautuan, eskola araututik kanpo, eta trebatu daiteke gazte bat nahiz heldu bat. Oso ondo erakutsi dute bidea eta formatu egoki bat izan daiteke gure etenari erantzuteko.

Eten horrek hezkuntzan ere izango zuen isla.

Azkenean etena hain sakona denean, horrek esan nahi du hezkuntzan ere transmisio lan hori egingo duenak ez daukala gaitasunik. Eta horretan ez da baliabiderik jarri. Baliabideak jarri dira irakasleak euskara batuaren arauetan eta hizkuntzan trebatzeko, baina ez da jarri baliabiderik, adibidez, historia irakasle batek jakin dezan euskal kulturako zein baliabide erabil ditzakeen irakasteko, zein erreferentzia, kantu edo pelikula... ez da egin horrelako lanik, ez delako horren kontzientziarik egon. Hizkuntza garrantzitsua da, noski, pentsamendua eraikitzeko tresna bat baita, baina inportantea da baita ere hizkuntza horren bitartez zein kultur erreferentzia eraiki-tzen dituzun. Eta gurean hizkuntza gaitasunari garrantzia eman zaio, baina ez kultur komunitateari. Ez da kontuan hartu irakasle bat kultur eragile bat dela, edozein irakasle zeharka beti kultur eredu bat ari dela transmititzen. 

Eta nik uste gaur egun euskalduntzean daukagun erronka handiena kultura dela. Azken batean, euskara biziko da baldin eta kultur komunitatea eta hiztun komunitatea trinkotzen badira, ez jendeak euskara jakite hutsagatik. Nik uste horren kontzientzia galdu egin dela, 60ko hamarkadan oso garbi zegoena, kulturak suspertuko zuela hiztuna, alegia. Zeren eta azken batean ez dugu euskara suspertu behar, hiztuna baizik. Hala, euskalduntzea indartsuagoa izango da agian kultur transmisioa bermatuz. Hori gabe, nire esperientziatik eta ikusita, gainera, gaur egun orduan ez zegoen globalizazio bat dagoela, ez dut ikusten arrazoirik norbaitek euskalduntzeko hautua egiteko, ez bada mundu sinboliko bat dagoela, afektibitate sare bat, erreferentzia sarea bat, modu zehatz batera bizitzeko aukera ematen dizuna, eta gustatzen zaizuna. 

Kultur politika birpentsatu behar da ze euskal kulturgintza euskalgin-tzari eta euskararen normalizazioari begirako ikuspegitik landu da. Jakin aldizkarian Arantxa Iturbek esandakoa datorkit gogora: “Euskaraz delako bakarrik irakurtzeak, euskaraz delako bakarrik entzuteak, ez du kultura nahia hazten, euskara nahia baizik”. Eta, azken batean, guk nahi dugu jendeak kultur nahi hori izatea. Eta gero, noski, nahi hori euskaraz asetzea, hori delako gure adierazteko modua. 

Zer egin dezake eskolak, hezkuntza-sistemak, kulturaren transmisioan, eta zer egiten du egun?

Gaur egun ez dago ikasgairik euskal kultura lantzeko, ez dago jasota ez EAEko hezkuntza dekretuan ez Nafarroakoan. Bietan ere ikasgai bakarra dago espresuki euskal kulturaren adarren bat lantzeko: Euskara eta Literatura ikasgaia, hain zuzen, Bigarren Hezkuntzan bederen. Beste adinetan arte ikasgaiak eta gisakoak badaude, baina ez daude espresuki euskal kulturara ekarrita. Hori ez li-tzateke arazo izango baldin eta euskal kultura zehar-lerro bilakatuko balitz, hau da, Historia ikasgaian gai zehatz bat lantzen dutenean pelikula jakin hura ikusiko balute; edo Natura ikasgaian hau lantzean abesti hori entzungo balute... Berez euskal kulturako ikasgai bat ez egotea ez litzateke arazo, baldin eta zehar-lerro balitz, eta EAEko hezkuntza curriculumak hala beharko lukeela dio, gainera. Baina ez da, inolaz ere. Eta euskal kultura lantzen denean, Literatura ikasgaian kasu, gehienetan idazlearen biografia eta liburu-zerrenda transmititu ohi da, besterik gabe. Alegia, ez da kultur esperientzia kolektibo bat sortzen. Kultur presentziak elikatzen dira, hau da, idazlearen, antzezlearen presentzia elikatzen da. Gehienera jota berarekin hitz egiten dute, edo bere elkarrizketaren bat irakurtzen dute, edo bere biografiaren berri ematen zaie, baina gure harridurarako, testuetara oso gutxi jotzen dute. Irakurtzekotan, etxean irakurtzen dute liburu bat, gero azterketa edo lan bat egiteko. Amaia Serrano eta biok lanean aritu gara literaturaren irakaskuntzaren inguruan irakasle batzuekin, eta hori da ikusi duguna; Idurre Alonsok horren inguruko ikerketak egin ditu, eta hark ere ikusi du literatura eskolan lantzeko bide orokorra bio-bibliografiaren inguruko informazioa lantzea dela, eta irakurtzekotan etxean irakurtzea. Beraz, ez dago irakurketa partekatzeko esparrurik, ez da halakorik sortzen; kultur esperientzia partekatu horiek ez dira egituratzen eskolan. Eta kultur esperientzia horiek dira balio digutenak, ikasleen artean esateko ‘liburu honek balio izan dit nire egoera ulertzeko’, beraien artean elkarriz-ketak sortzeko, elkar ezagutzeko, beraien buruaz hitz egiten ikasteko, komunikatzen ikasteko, eztabaidatzen ikasteko… Eta horrekin batera sortzen ditu kultur erritualak, non ohartzen zaren komunitatean kulturari buruz hitz egiteak ekarpen batzuk egiten dizkizula. Alegia, kultura ez dela bakarrik banakakoa. Horrekin batera, kultur interpretazioaren alderdia ere galdu egiten da. Amaia Serranok eta biok esaten dugu, ez dela gauza bera irakurtzea edo literatura irakurtzea. Kultur komunikazioan norbait trebatzen ari zarenean, ez diozu irakurtzen irakatsi behar, baizik eta literatura irakurtzen, edo musika entzuten, edo antzerkia ikusten, edo… Guk diogu testuetatik abiatu behar dela, agian egilea nor den jakin gabe ere, testu horrek sortzen dituen gaien, sentsazioen, susmoen inguruan hitz egin behar dela taldean eta hor sortzen dela kultur esperientzia. Azken batean, kultur testu bakoitzak interpretazio bakoitzean bizirauten duelako; ez badago interpretaziorik kultura hilda dago. Kultura bizirik egoteko, irakurle adina interpretazio egon behar dira.

Niretzako batez ere hori da eskolak oker egin duena. Askotan esaten da, kezkaz, ‘nire ikasleek ez dakite nor den Mikel Laboa’, eta ni horrek ez nau kezkatzen, baina arduratzen nau ‘Izarren hautsa’ jarri eta hori ez ezagun egitea ikasleei. Batzuetan agian ez dakizu kultur lan bat norena den, baina sentimendu bat sortu dizu, komunitatearekiko lotura bat... Eta guk beste bidea egin dugu: egilea ikasarazi, baina haiekiko loturarik sortu gabe, eta orduan ahaztu egiten dituzte. Aldiz, beraiengan arrastoren bat utz dezaketen kultur esperientziak ez ditugu hainbeste landu. Beraz, hezkuntzaren aldetik literaturaz besteko kultur sorkuntza guztiak hedatzeko premia dago, eta gero, hedatzen denean, Literaturaren kasuan bezala, kultur interpretazioetan edo kultura hartzaile bezala trebatzeko beharra.

Hezkuntza arautuan, kulturaren transmisioan sustatuko duten material didaktikoak eta baliabideak sortzeko, euskal kultura zehar-lerro bihurtzeko nahiz kultur planak sustatzeko beharra aipatu duzu. Non gaude helburu horrekiko?

Oso urrun. Kontziente naiz azken biak, hau da, euskal kultura zehar-lerro bihurtzea eta kultur planak sustatzea erronka potoloak direla, baliabide asko eskatzen dutela.
Nahiz eta curriculumak hala egin behar dela aipatzen duen, administrazioak badu ardura hori egiteko. Dena dela, egia da hori eskola guztietan martxan jartzea oso zaila dela. Hala ere, iruditzen zait etorkizunera begira ibilbide bat zehaztu behar dugula, egoera aproposena zein den pentsatuz, eta urratsak ematen hasi eskola zehatzetan. Horren inguruko balorazioak egin eta urtez urte hobetzen eta esparruak hartzen joan behar dugu. 

Material didaktikoak eta baliabideak sortzea egingarriagoa irudi-tzen zait, baina ez da horrelakorik egin euskal kulturan trebatzeko, eta literaturan ere oso gutxi. Hizkuntzaren irakaskuntzarako material asko dago, baina literaturaren irakaskun-tzarako ez hainbeste, kenduta betiko argitaletxeek egiten dituztenak. Gogora datorkit Katalunian duten ikaragarrizko sare bat, irakasleen-tzako materiala sortzen duen gune bat, bai kulturan eta bai literaturan. Bigarren Hezkuntzan nahiz uniber-tsitatean aritzen diren irakasleak daude gune horretan, eta elkarrekin sortzen dituzte materialak, gero sarean jartzeko. Beraz, lehenengo urratsa behintzat, oso egingarria da: azken batean, material didaktiko batzuk sortuta eta sarean eskegita, abiapuntu bat jarri duzu. Gero, agian formazio saioak eta abarrak egin daitezke material horren erabilera hobetze aldera, baina printzipioz egin zitekeen horrelako zerbait oso baliabide gutxirekin, administrazioak jada badituen langileekin. Bide horretan Nafarroan Gobernuaren barruan dagoen EIBZk, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabideen Zentroak abiatu du halako proiektu bat: harremanetan jarri dituzte idazleak, irakurleak eta irakasleak, eta literatur zerrendak osatu dituzte adin bakoitzerako egokiak izan daitezkeen liburuekin. Aurten Amaia Serrano eta biok aritu gara horretan, baita idazleak eta literatura irakasbide duten beste batzuk ere, hala nola Patxi Zubizarreta, Xabier Etxaniz, Mari Jose Olaziregi eta beste ba-tzuk. Hori ondo dago, baina batez ere beste alderdi bat iruditzen zait niri interesgarria: aipaturiko horiei eskatu diete liburu batzuen inguruan material didaktikoa egitea. Material hori irakasle batzuei aurkeztu diete, irakasle horiek eskoletan erabili dute material hori, eta ondoren berriro gurekin elkartu dira, eta esan digute zer izan den baliagarri eta zer ez. Horrekin material hori egokitu eta plataforma batean eskuragarri jarri dute. Ikusi dute Nafarroan bazutela horren beharra literatura hobeto lantzeko, nahiko gauza egingarria izan da dauden baliabideekin, eta ikaragarri ondo kudeatu dute. 

Beraz, lehen erronka edo urra-tsa, materiala sortzearena, nahiko egingarria iruditzen zait. Eta beste bi erronkak horren emaitza izango dira: gero eta material gehiago egiten bada eta material hori formazio saio batzuen bidez zabaltzen bada, orduan euskal kultura zehar-lerro bilakatzen ari zara. Eta horren ondotik etor daiteke kultur plana ere. Eskola guztietan dago gutxienez Plastikako, Musikako eta Literaturako irakaslea. Egia da, batez ere Musikakoari eta Plastikakoari, dagokionez ez dagoela kontratazio politika oso serio bat; pentsatzen da edozeinek eman dezakeela Musika edo Plastika. Hori birpentsatuko balitz eta Plastika nahiz Musika irakasleak kontratatzerakoan horietan trebatutako norbait kontratatuko balitz, kultur esparruko hiru zutabe dituzu jada eskolan, eta beraiek hirurek izan dezakete kultur plana aurrera ateratzeko ardura. Hezkidetza planak sustatu diren modura, kultur planak sustatu daitezke, eskola horren beharretara eta testuinguru sozio-kulturalera egokitua. Dauden baliabideak pixka bat hobetuta, kontratazio modu ba-tzuk aldatuta, kultur planak osatzeko aukera egongo litzateke.

EAEko Batxilergoko curriculumean aipamena egiten zaio euskal curriculumaren proposamenari; Nafarroan aipamenik ez euskal curriculumari, bai ordea Nafarroako kultura aniztasuna ezagutzearen garrantziari. Herri gisa kohesiona-tzeko tresna bada kulturaren transmisioa, banaketa horiek zer modutan kaltetzen dute kohesio hori?

Banaketa administratiboak ez du laguntzen, baina ezta egiteko moduek ere. Esan bezala, EAEko dekretuan aipamena egiten zaio euskal curriculumari, baina interpretaziora irekita dago eta eskola bakoitzak erabaki-tzen du zenbateraino garatu; ez da egiten jarraipenik betetzen den edo ez jakiteko. Bestetik, Nafarroako dekretuan ez dago aipamenik, baina lortu beharreko kultur gaitasunak askoz gehiago zehaztuta daude eta, guk ezagutu dugun eskolen laginagatik, Nafarroan kultur komunikazioan hobeto trebatzen dira. Nafarroan curriculumak garrantzia handiagoa ematen dio kultur komunikazioari, kultur sormenari, artearen ikuspegia lantzeari, kultur ondarearen ezagutzari... Eta horrek badu isla selektibitatean. Azken batean EAEn eta Nafarroan Euskara ikasgaiaren azterketak oso desberdinak dira. EAEn hizkuntza azterketa bat da, eta Nafarroan Gaztelania eta Literaturan egiten diren azterketen askoz antzekoagoak dira. Alegia, Gaztelaniaren pareko azterketa da, maila handiagoa eskatzen da. Beraz, Nafarroan gutxiago dira euskaraz egiten dutenak selektibitatea, baina egiten dutenek Gaztelaniaren pare egiten dute ikasgai hori. Eta susmoa dut horrek ez ote duen PISAko emaitzetan, alegia, Nafarroan irakurketan, komunikazioan eta abarretan emaitzak hobeak izatean. 

Gainera, nik uste Nafarroan egoteak sortzen duela irakasleen eta ikasleen artean beste kontzientzia bat, agian EAEn ahulduagoa dagoena. Iruditzen zait EAEn alde horretatik 90eko hamarkadan feminismoaren esparruan geunden maila berean gaudela euskarari eta euskal kulturari dagokionez; berdintasunaren espejismo horren parekoan, euskararen normalizazioaren espejismoan. 90eko hamarkadan ustez legeek berdintasuna zegoela adierazten zutenez, belaunaldi oso batean, nirean barne, lasaitze bat egon zen feminismoaren aldarrikapenen inguruan, pentsatuz berdintasuna lortu egin zela. Eta nik uste euskararen eta euskal kulturaren kasuan antzeko zerbait ari dela gertatzen: EAEn legez, arauz, dekretuz irabazi denez esparru hori, uste da irabazi dela, eta agian horrela galduko dugu. Horrek jendearen artean halako kontzientzia lasaitze bat sortzen du. Aldiz, Nafarroan kontzientzia hori nabaritzen da irakasleen nahiz ikasleen aldetik. Beraz, gakoa ez da hainbeste dekretuan zer esaten den, baizik eta gauzak nola egiten diren, ze sare sortzen ditugun. Aukera bazegoen nahiz eta bi instituzio izan eta bi dekretu egon modu bateratu batean aritzeko, behintzat irakasleentzako materiala sortzen, denontzako lagungarri izan zitezkeen gauzetan.

Eta oro har ikaskuntza-prozesuan zehar, kulturaren eta honen transmisioaren lanketak zer leku du Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan?

Egia da agian irakasleek ez dutela horretarako formaziorik jaso. Azken batean, kultur transmisioaren bitartekari diren irakasleak uniber-tsitatean formatzen dira, eta zein da unibertsitateko egoera? Bitartekariak formatzen dituzten graduetan ez dagoela euskal kulturako ikasgairik, eta euskal kultura ez dela zehar-lerroa. Arteko graduan, komunikaziokoetan, hezkuntzakoan... ez dago euskal kulturako berariazko ikasgairik, ezta kultur transmisioaren eta kultur irakaskuntzaren inguruko ikasgairik ere. Eta pentsatu behar dugu gradu horietako ikasleak transmisioan bitartekari izango direla; beraz, kultur transmisioa hobetzeko lehenengo katebegitik hasi behar gara. Lehen urratsa litzateke bitartekari horien formazioa birpentsatzea. Orain, EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailetik euskal kulturako ikasgai batzuk ezartzea ari gara proposatzen irakasgaiak ditugun gradu batzuetan, hala nola komunikazioko edo arteetako graduetan, eta badirudi begi onez ikusi dutela. Dena dela, unibertsitate mailan ez dago proiektu orokor bat horri heltzen diona, eta gizarteak ere ez du gizarte premiatzat ikusten. Gero esaten dugu euskal kultura dagoen moduan dagoela, baina ez gara joaten lehen katebegira: nola dago unibertsitatea euskal kulturaren transmisioan?

Orduan, zer gertatzen da ikaskun-tza prozesuan? Kulturaren eta transmisioaren lanketa nolakoa da HHn eta LHn? Gutxiago ezagutzen dut esparrua, ez dut laginik eta gehiago dira susmoak, baina nire irudipena da HHn sormenari leku egiten zaiola, eta HHn gehiago edo gutxiago espazio hori oso ondo ikusia dagoela. Sormena ondo ikusia dago haurra zarenean, baina hortik aurrera esan nahi du ez zarela egokitu gizartera. Gainera, euskalduntzean haurrari garrantzia handia eman zaio eta horrek ere ekarri du euskal kulturaren ikuspegitik haurrari begirako gauza asko egitea. Haur literatura, kantuak edo ipuinak behintzat dezente landu dira. Haur kulturaren eskaintzan ikusten dudan ‘baina’ da Euskal Herrian eskaintzen den askok oso-oso kutsu didaktikoa duela, baloreen transmisio oso esplizitu bat dagoela. Egia da kultur sorkun-tza guztiek transmititzen dituztela baloreak, baina iruditzen zait kultur sorkuntza esperimentala gutxiago lantzen dela haurrei begirakoetan. Katalanak eta galiziarrak etortzen zaizkit burura, haiek egindako antzerki mota batzuk, zeinetan ez dagoen narratibitate bat non hau ona edo hori txarra den. Agian narratibitate kate esperimental bat da, sentsazioak, sinboloak sortzen dituena, eta horrekin geratzen zara, eta horrek sortu dizkizun dudekin. Gurean Dejabuk eta beste batzuk egin dituzte agian gauza esperimentalagoak, baina orokorrean iruditzen zait narratibitatea ipuin didaktikoaren ildokoa dela; helburu bat lortzeari begira egindako kultura, besterik gabe kultur sorkuntza bezala emozioak, galderak, kode berriak arakatzeko sorkuntza baino gehiago. Kurioso da, zeren eta lan esperimentalagoek oso ondo funtzionatzen dute haurrekin eta gerora ere kultura esperimentalagoan trebatzeko oso garrantzitsuak dira horiek, zeren eta bestela badirudi eman behar dizutela dena ia-ia murtxikatuta. Askotan ez duzu zertan dena ulertu, geratu zaitezke musikalidadearekin, sen-tsazioarekin, sortu dizkizun pentsamenduekin, hitz berri horrekin... 

HHn lantzen da, beraz, hobeto edo gaizkiago, baina iruditzen zait gero sekulako etena dagoela LHra jauzi egiterakoan. Antzerkia, musika, ipuin kontaketa,... eskolatik kanpo gelditzen dira, bat-batean. Badirudi irudimena edo kultura lantzea, kulturarekin jolas egitea, umeen kontu bat dela; jada heldu izatea dagokiela eta kulturak ez diela ikasbiderik ematen, ez dela ezagutzarako bidea. Iruditzen zait LHn badagoela eten hori. 

Egia da lanen bat egin dela literaturaren irakaskuntzan, eta Gal-
tzagorrik egin duela lan serioena euskararen esparruan. Baina Bigarren Hezkuntzan sartu aurreko kultura horretan, mugako kultura horretan, badago hutsune bat. 12-14 urte artekoentzat, oro har gizartean baina kulturan ere bai, ez dago ezer ere, eta oso urte esanguratsuak dira; hor erabaki dezakezu zer kultur ohitura hartuko dituzun, ze kultur zaletasun, ze hizkuntza ohitura...