‘ZIRKULU POLARRAREN KOADRATURA’ LIBURUAZ: Zirkulua koadratu nahian

2019-01-01

Idoia SARA. Irakaslea

2018ko abenduaren 5ean Oodi liburutegi nagusiaren inaugurazioaren karietara ospakizun handiak egiten ari ziren Helsinkiko bihotzean, Kansalaistori plazan, Töölönlahdenkatu eremuan. Egun batzuk lehenago, azaroaren 28an eta 2.700 kilometrotara, Zirkulu polarraren koadratura liburuaren aurkezpena egin zuen Aitzol Lasa matematikari eta idazle nafarrak, oraingoan Iruñeko bihotzean, San Francisco liburutegi nagusitik gertu dagoen Katakrak liburudendan.

 
 

Kiasma arte garaikidearen museoaren ondoan kokatu duten eraikin modernoa erabilpen anitzetarako pentsatua eta diseinatua dago. Oodi Keskustakirjasto-k kulturaren inguruan bildu nahi ditu herritarrak. Katakrak herri ekimena ere kulturgune bilakatu da azken urteotan, irakurzaletasuna akuilu, kontzientzia kritikoa sustatzeko asmotan.

Finlandiako liburutegi sarea arau-tzen duen legedia 1928koa da. Errepublika bilakatu zenetik jakin izan zuten ikusten liburutegi publikoen garrantzia populazioaren alfabetizazio prozesuan. Legea lau urtez behin errebisatu eta gaurkotu egiten dute baina funtsezkoena mantenduz. Antzerako gertatzen da Hezkuntza legearekin, politikaz haratago, oinarrizko adostasuna badago eta teknikariak dira hezkuntza lege orokorra gaurkotzen dutenak, diziplinarteko ikuspegiarekin, munizipalitatea eta bertatik bertako errealitatea aintzat hartuta. 2017ko urtarrilean egindako errebisioaren ondorioak dira Oodi edukiz hornituko dutenak. 

Finlandian herri ikuspegi globala dute eta liburutegiak herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko baliatzen dituzte. Esaterako, informaziorako eskubidea, demokraziaren garapenean aktiboki parte hartu ahal izateko, pertsona guztien prestakun-tza iraunkorraren eskubidea, gizarte-bazterketa eta arrakala digitala ekiditeko, eta irakurmenerako eskubidea, ezagutza eskuragarri izateko. Azken batean, gizarte kohesiorako tresna bilakatzen dituzte gune kulturalak.

Oodi etorkizuneko liburutegi eredutzat hartu dute 2018ko Veneziako arkitektura bienalean. Beira eta altzairuzko egituraren gainean hiru solairuzko eraikinaren fatxada egiteko bertako egurra erabili dute. Egurra eta pertsonak. Errusiarengandik independentzia erdietsi zutenean duela 100 urte eskas, jakin izan zuten euren potentzialitatea behar bezala garatzen. Pertsonak ziren altxorrik preziatuena.

Liburutegi moderno honek hiru solairu eta hiru giro diferente ditu. Beheko partean, auditorioa, erakustokia, kafetegia, jatetxea eta zinemekin batera, familientzako liburutegia dago. Familiekin ez ezik haurrak bakarrik libreki mugitzeko espazioak eta programa ugari ere diseinatu dituzte. Bigarren solairuan tailerrak eta grabazio aretoak daude, egiten ikasteko helburuarekin. Goiko solairuan, aldiz, isiltasuna izango da nagusi eta leiho handietan zehar hiriaren edertasuna kontenplatzearekin batera irakurtzeko eta pentsamendua libreki aritzeko giro ezin hobea aurki daiteke.

Goizeko hamaikak dira Kale Nagusiko Huarte ikastetxea izandako bigarren solairuan eta Aitzolek hamar minutura hasiko ditu azalpenak. Oodi-ren inaugurazioa ere atzerapenarekin heldu da, hasiera batean, Finlandiako mendeurrenarekin bat egiteko asmoa baitzegoen.

Tentagarria zaigu Finlandia eta Euskal Herria konparatzea. Bi herri txiki beste bi Estatu hegemoniko handiren artean, biak ala biak hiz-kuntza preindoeuropeoen gordeleku. Baltikoan dagoen Finlandiak lilura-tzen gaitu batzuetan eta erreferente bilakatu askotan. Aditu finlandiarrak gurera etortzen dira noizean behin eta Euskal Herritik ere bidaia pedagogikoak antolatzen dira tarteka, euren arrakastaren gakoak ulertzeko nahian edo. Hik Hasiko lagunekin batera egondakoak gara Helsinkin. 

Aitzol Lasa bere azkeneko liburuan Finlandia-Euskal Herria hezkuntza-sistemen noosfera eta elkar neurgarritasuna aztertzeko gakoen inguruan mintzatzen da.

Zirkulu polarraren koadratura izenburu aski iradokitzailea da. Matematikari baten hitz jokoa dugu. Nonbait, Grezia klasikoan ezinezko problema bilakatu zen zirkunferentzia edo zirkuluaren koadratura, hau da, lehendabiziko aldiz ohartu ziren ezinezkoa zela konpasa eta erregela soilik erabiliz zirkulu baten azalera bereko karratu bat lortzea. Inposiblea zen. Antzeko zerbait gerta dakiguke gure hezkuntza-sistema eta Finlandiakoa alderatzen ditugunean. Irudi luke ezinezko konparaketa dela. Ezer gutxi dagoela Europako iparraldean Baltikotik Zirkulu Polarrera heda-tzen den lurraldearen eta Europako hegoaldean Kantauri itsasertzean dagoen Euskal Herria karratuaren artean.

Aldiz, badira zenbait gako zer pentsa eman dezaketenak. Liburuak hausnarketarako gonbitea luzatzen digu. Ikuspegi osatuago baten alde, irakasleen artean ez ezik hezkuntza komunitatearen baitan eztabaidatzeko proposamena dugu, OCDEk bultzatutako PISA eta kanpo frogen emaitzetatik haratago.

Liburuan lau ideia nagusi ondoriozta daitezke. Batetik, ikuspuntu ekonomikoa dugu. Badirudi azken urteotan hezkuntzaren merkantilizazio moduko bat gertatzen ari dela eta frankizien fenomenoa areagotu egin da. Esaidazu zer behar duzun (edo nik neuk sortuko dut beharra) eta horri erantzuteko programa eskainiko dizut. Balizko gaixotasuna zein den garbi jakin gabe sintomak apal-tzeko botika ematen da, eta tarteka zenbaitek bere horretan irentsi. Eredu honetan badirudi eskola produktuak ematen ari direla beste ezer baino gehiago.

Aurrekoarekin lotuta, irakasleen trebakuntzaren inguruko hausnarketa egiten da. Aztertu egiten dira, besteak beste, hasierako prestakuntza eta prestakuntza iraunkorra, garapen profesionalaren beharra eta hezkun-tzaren gaineko kontsentsua.

Bestetik, ikaslearen ikuspuntutik etortzen zaigu hausnarketa. Aipatzen da nola Finlandiako sistemak haurra eskubidedun pertsona dela aitortzen duen, ikas-irakas prozesuaren eta eskola antolaketaren erdigunean jarriz. Hezkuntza politikak ere haurren eskubideetatik abiatzen dira, ikuspegi global eta integratzailea bultzatuz; ikaslearen ongizatea du helburu nagusi. 

Azkeneko ondorioa hizkuntzari lotua dago. Hamaika ebidentzia linguistiko epigrafepean, murgiltze ereduen inguruan hausnarketa egiten da. Euskarak gurean frantsesa eta españolarekin bat egiten duen bezalaxe, suomierak errusiera eta suedierarekin batera bizi behar du; antzerako parametroetan beraz. 

Gauzak horrela, agian elkar ulertzeko horren urrun ez gaude eta zirkulu polarra kuadratzeko saiakera bat egin daiteke.