HEZKUNTZA ZER DA?

2019-02-01

LIERNI ALTUNA UGARTE. GAI-JARTZAILEA

 
 

Administrazio publiko zein pribatu batek kudeatzen duen sistema arautu hori dela pentsatuko du jende askok eta askok, baina hezkuntza hori bakarrik da?

Jaiotzetik hil artean hezten eta ikasten ari gara, elkarrekin normalean gainera, nahiz eta gero norberak barneratu eta kudeatu behar duen ikasitakoa. Eskolan gauzak erakusten dizkigute edota erakusten ditugu, baina eskola arautua da, ordutegi, adin eta, gainera, curriculum zehatz batekin. Hortik aurrera ez da ezer irakatsi eta ikasi behar?

Nik baietz esango nuke, nahiz eta gaur egungo gizartean badirudien administrazioak bere gain hartzen ez duena ez dela existitzen edo ez dagoela edo ez daukagula zilegitasunik egiteko…

Eskola ezinbestekoa da pertsonon iruditeria sortzeko; mundua hobeto ulertzeko; munduan, gure gizartean, gure herrian… bizitzen erakusteko; gu ere gizartean subjektu egiteko;… Edo, hein handi batean, horrela izan beharko litzatekeela uste dut nik… Baina ez dut uste hori denik gaur egungo errealitatea.

Orduan, badirudi bi hezkuntza “mota” nagusi sailkatu daitezkeela: arautua eta ez arautua. Arautua administrazioak kontrolatzen duena litzateke; eskola, beraz, burokratizatua, estua, lotua,… Eta ez arautua inork konkretuki kontrolatzen ez duena, arau idatzirik ez duena, askea, nasaia,…

Baina hezkuntza arautua sarri burokraziak kontrolatzen du, askotan helburua bera ere galduz, eta ikasleei robot bati bezala curriculum zehatz bat irakasteaz aparte, gauza gutxi ahalbidetzen du administrazioak. Zorionez irakasle eder asko daude burokraziari humanitatea txertatzen diotenak baina.

Eta hezkuntza ez arautua askea da, agian askeegia gaur egungo gizarte arautu eta estu honetan. Askatasunean galdu egiten gara askotan, eta arautuak beti gutxiesten du ez arautua. Ahalduntze handia eskatzen du, gizarteko subjektu garen heinean, gutariko bakoitza, gizarteko eragile eta irakasle garenaren kontzientzia hartzeak.

Gauzak horrela ikusita, zergatik ez dugu hezkuntza arautua, eskola, burokraziaren kateetatik askatzen, eta ikasle bakoitzaren berezitasunak kontuan izanda, curriculuma elkarbizitzako balore onekin irakasteko eta ikasteko leku bihurtzen? Hori lortu nahi badugu, sistema eta curriculum estu hau ezartzen diguten burokrata eta “demokraten” aurka borrokatu beharko genuke.

Eta zergatik ez dugu berreskuratzen hezkuntza ez arautuaren balorea? Etxean, kalean, mendian, jolastokian edo tabernan gauzak ikasteko eta irakasteko ere bagauden subjektuak gara eta horren kontzientzia hartu beharra daukagu. Elkarrekin ikasteko eta elkarren artean gizarte sano bat etengabe eraikitzen joateko, gutariko bakoitzak horren ardura dugula konturatu behar gara berriro. Eta hori lortu nahi badugu, lehenengo norbere buruaren aurka borrokatu beharko gara.

Segi dezagun, edota has gaitezen, bada, elkarrekin eta elkarrengandik, ikasten (desikasten) eta erakusten…