SEASKA. Iparralde osoaren proiektu kolektiboa
Seaskak 50 urte beteko ditu apirilean. Urratsez urrats egindako bidea izan da, eta eman diren pauso guztiak izan dira inportanteak. Gurasoak izan dira motor. Parte hartzeko izan duten grina eta motibazioaren eraginez familia handi bat osatu dute. Irakasleak ere, jasotzen duten formakuntza bereziaren laguntzaz, elkarbizitzaren partaide zuzenak bihurtu dira. Inplikazio hori izan da ikasleen emaitza onak lortzeko sekretua. Seaskaren hezkuntza proiektua ardatz hartuta, horren espiritua barreiatu da gizartean: euskara, kultura, parte-hartzea eta elkarlana. Duela 50 urte euskararen eta hezkuntzaren inguruan sortutako proiektua Iparraldeko proiektu kolektibo bilakatu da. Gizarte osoaren zilegitasuna duen proiektu.
1969ko apirilean hasi zen Seaskaren historia bi emakumeren arteko istorio batetik. Baionan bizi zen Argitxu Noblia emakume abertzaleak bere haurrak euskaraz hazi nahi zituen, ikasketak euskaraz egin zitzaten nahi zuen, eta hala, Libe Goñi irakasle errefuxiatuarengana jo zuen. Eta hortxe ezarri zen Seaskaren hazia: Iparraldeko emakume abertzale baten eta Hegoaldeko irakasle errefuxiatu baten artean. Oharkabean, bi ezaugarri nagusirekin: batetik, protagonistak emakumeak izan ziren; eta bestetik, mugarik gabe, bata Iparraldekoa zen eta bestea Hegoaldekoa. Gainera, Libe Goñi errefuxiatua zen, Frankismotik alde egina, eta Euskal Herria nazio gisa ikusten zuen. Ikuspuntu abertzale horrekin sortu zen Seaska: naziorik gabe, baina euskal eskola nazionala egituratzen hasi ziren.
50 urte pasa ondoren, Iparraldeko historia ezin da Seaskarik gabe ulertu. Abentura hura hizkuntzaren eta hezkun-tzaren inguruko gizarte proiektu bilakatu da. Euskaratik eta hezkuntzatik haratago, proiektu kolektibo kultural bat da Seaska. Alegia, Seaskak duen proiektua bikoitza dela esan genezake. Batetik, euskara berreskuratzea eta Iparraldea berriz euskalduntzea du helburu. Eta bestetik, euskararen inguruko proiektu kultural bat ere bada. Hori da Seaskak Iparraldeari eskaini diona eta gizarteak oso ongi ulertu eta onartu duena. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak dio biziki argi egon zela hasieratik euskal eskola proiektua Seaskak zeramala. “1974an garaiko prefetak ukatu egin zuen Donapauleko ikastolaren sortzea eta Iparraldean ikastolen alde inoiz egin zen manifestaldirik handiena egin zen. Horrek erakusten du Seaskak berehala ukan zuela indarra eta indar hori behin baino gehiagotan erakutsia izan da frantses administrazioaren kontra. Garaian, anitzek ez zituzten haurrak ikastolan ukaiten, baina ikastolaren alde ziren, ikusten baitzen zein proiektu zen horren gibelean: Iparraldea euskalduntzeko euskarazko eskola proiektu bat. Gaur egun, 50 urte geroago, denek argi dute egiazko euskal eskola proiektua guk dugula”. Hastapenean proiektu euskaldun eta abertzale zelarik, abertzaleek eramaten zituzten haurrak ikastoletara. Gaur egun, abertzale ez direnek ere bai; beren seme-alabak euskalduntzea nahi baldin badute, Seaska delako bidea. Abertzaleen proiektu izatetik denen proiektu izatera pasa da, eta Seaskako lehendakariaren ustez, “ongi hartu dugun bihurgunea izan da”.
Gizarteko onarpen horrek eragina izan du hautetsiekiko harremanean Indok argitzen duenez: “Gaur egun Iparraldean hautetsi batek hautatua izan nahi badu eta bere postua erdietsi nahi baldin badu, ezin du euskararen kontra deus erran, ezin du ikastolen aurka deus erran. Eta ez da gaiztoak garelako eta jo egingo dugulako, ez. Baizik eta ohartu delako eramaten dugun lana gizartean oso ongi hartua dela eta gizarteak ez lukeela ongi hartuko bera kontra izatea”. Horregatik, hautetsiak kontra ezin dira agertu, eta alde agertzen direnak gero eta gehiago dira. “Gure kontra izan beharko luketen batzuk gure alde borrokatzen dute. Hori gertatu zaigu Parisen, nahiz eta mirakulu bat dirudien”, dio Indok. Edonola ere, horrek ez du esan nahi gauzak errazak direnik administrazioarekin. “Izan ere, alde agertu arren, zail dute gauzak egiteko. Erran nahi baita gaur egun Iparraldean eta frantses estatuan auzapez batek gauzak blokeatu nahi baldin baditu, baditu tresnak. Baina gauzak egiteko, ez horrenbeste. Ahal ditu lagundu ekintzaileak, baina berak egin ez”. Baikor izateko motiboak izan arren, Frantzia ez dela “herri erraza” dio Seaskako lehendakariak. “Espaniaren kontra borrokatzea erraza da; ez gaituzte maite. Frantzian maite gaituztela erraiten digute, baina gero azpitik oztopoak jartzen dizkigute eta efikazia handia dute”, gehitzen du.
Kultura arloko ekarpena
Euskarazko irakaskuntzan aritzeak diruaren premia ekarri izan du berekin, bai hastapenetan eta baita orain ere. Ikastoletako gurasoek ikastola biziarazteko dirua behar zuten eta askotariko ekintzak egin behar izaten zituzten dirua lortzeko. Eta horrek, oharkabean ondorio batzuk izan ditu, Indoren esanetan. “Hastapeneko urteetan kantaldiak antolatzen ziren: Peio eta Pantxoa, Etxamendi eta Larrarte, Mikel Laboa, Benito Lertxundi... Baina, ohartzen ote ziren guraso haiek kantaldiak antolatuz kultur ekimen bat egiten zutela? Eta kultur ekimen horrek kulturalki funtsa ematen ziola Ipar Euskal Herriari? Ez, diruagatik egiten zuten lehenik, eta antolatzeagatik eta ongi pasatzeagatik bigarrenik. Ez kultur nahikeria batekin. ‘Kultura egituratuko dugu eta horretarako oraindik ezagunak ez diren artistak ekarriko ditugu eta agian egunen batean ezagunak izango dira...’. Ez, ez zuten horrelakorik pentsatzen. Horregatik, harrigarria da egunerokotasunean zerbait interesgarria eta pizgarria baldin baduzu, ez helburu, tresna bezala baizik, ondorio batzuk izatea. Hori oso aberatsa iruditzen zait”.
Taloekin gauza bera gertatu zela gehitzen du. Orduan, jaialdien ondoren ogitartekoak saltzen zituzten dirua ateratzeko. Norbaiti taloak egitea bururatu zitzaion eta ohitura hori erabat zabaldu da Iparraldean. Lehen ikastolek bakarrik egiten zituzten taloak, eta gaur egun Iparraldean ezin da jairik egin talorik gabe. Egun Iparraldeko supermekatuetan ere eros daitezke. Garai batean moda bat zen, eta orain, funtsean, kultura bat sortu da taloaren inguruan. Ikastolen beharretatik edo ikastoletan ziren gurasoen taldeetatik sortu zen zerbait, kultura bilakatu da. “Nonbait proiektu bat bazuten, ez zen taloa, proiektua herria zen, baina herria taloarekin egitea errazagoa da”, gaineratzen du.
Finean, bidean egin dituzten urrats txikiek sekulako indarra ukan dute eta urratsez urrats egin diren gauza guztiak inportanteak izan dira.
Gurasoen inplikazioa erabatekoa da
Seaskaren proiektuaren baitan 36 ikastola, 4.000 ikasle eta 2.500-3.000 familia inguru biltzen dira. “Duela 10 urte sartu nintzen ni lehendakari eta orduan 2.000 haur ziren; orain bikoitza. Bistan da Seaska handitzen ari dela eta urtez urte matrikula kopuruak gora egiten du”. Jarritako haziak fruituak eman ditu eta ematen segitzen du. Eta fruituaren kalitatea mantentzen asmatu dute, gurasoen lanari esker, hein handi batean. Hastapenetan bezalaxe, gurasoen gehiengoa kontzientzia handiarekin sartzen da Seaskan eta egunerokotasunean antzematen da hori. Bidarteko Uhabia ikastolan bi lehendakari daude eta horietako bat da Anaiz Oltzomendi (bestea Ramuntxo Labat da). Berak dioenez, ikastolan dauden gurasoen gehiengoak, denak ez esatearren, parte hartzen dute ikastolaren egunerokotasunean. “Esate baterako, derrigorrezkoa da dirua ateratzeko antolatzen ditugun animazioetan eta asteburuetan ikastolaren garbiketan parte hartzea txandak eginez. Gurasook badakigu hasieratik hori egin beharko dugula, eta hortik aurrera, guraso elkartean inplikatzeko maila desberdinak daude”. Alde batetik, bulegoa dago, eta hor lehendakaria, idazkaria eta diruzaina biltzen dira, zuzendariarekin batera. Gero, administrazio kontseilua dago. Eta azkenik, batzorde desberdinak: animazioak antolatzeko, arlo pedagogikoa lantzeko, Euskaraz Bizi batzordea eta orokorrean egiteko diren lanen inguruko batzordea. Bidarteko ikastolan 40 familia ingurua dira.
Gurasoen inplikazioak ikasleen motibazioan eragin handia duela sinetsita daude. Eta horregatik saiatzen dira gurasoen artean giro ona edukitzen eta irakasleekin hartu-eman estua izaten. “Ostiral batzuetan, eskola bukatzen delarik, ipuin kontalari bat antolatzen dugu, euskaraz, eta guraso guztiak elkartzen gara hor haurrekin. Bakoitzak zerbait jateko ekartzen du, denok elkarrekin jaten dugu eta giro bat sor-tzen da”, kontatzen du Bidarteko ikastolako lehendakariak. Gurasoen arteko giro horri garrantzi handia ematen dio Paxkal Indo Seaskako lehendakariak ere. “Esate baterako, ikastolaren garbiketa egiteko elkartzen garenean harreman fisiko bat sortzen da ikastolarekin, zure semearen edo alabaren mahaia garbitzen egon zaitezke. Umeek ikusten dute beren ama edo aitaren istorioa ere badela ikastola, inplikatuta ikusten dute, eta hori sentitu egiten da. Eta uste dut oso inportantea dela hori atxikitzea. Manifestaldi batean banderola atxikitzea bezain inportantea da hiru hilean behin garbiketa egitea. Zozoa irudi du, baina gure haurrentzako zinez inportantea da. Bestela, nola nahi duzu haur bat bere ikasketetan inplikatzea ez baldin baditu bere gurasoak motibatuak ikusten? Bakoitzak egiten baldin badu hori bere haurrarekiko, haur guztiek dute sentimendu hori. Eta haur guztiek baldin badute, sentimendu orokorra da guraso, irakasle eta ikasle, denak direla komunitate, familia handi bat. Hori da ikastolen arrakastaren oinarrietako bat. Eta hori ez dut esaten esateagatik, ikusi eta bizi dudalako baizik”.
Seaska hautatzeko arrazoi askotarikoak dituzte gurasoek
Anaiz Oltzomendirentzat prozesu naturala eta sinplea izan da umeak ikastolara eramatea: “Gu euskaldunak gara eta naturalki gure haurrek euskaraz ikastea nahi dugu, euskarazko hezkuntza bat ukaitea. Gu ere Seaskatik pasatuak ginen eta gure eskemetan ez zen sartzen eskola frantses batera eramatea. Horrez aparte, Seaskaren hezkuntza proiektuarekin bat egiten dugu eta interesgarriak iruditzen zaizkigu Seaskatik defendatzen diren gauzak eta Seaskak dituen ildoak: euskara, elkartasuna, haurraren autonomia, ikastola bizitzeko eta inplikatzeko manera... Eta hirugarren argumentua litzateke guk ere guraso bezala badugula zeregin bat, erantzukizun bat eta parte-hartze bat gure haurren hezkuntzan. Ikastolan etxean bezainbat denbora pasatzen dute eta horretan parte hartu ahal izatea erakargarria egiten zitzaigun”.
Horra hor ikastola hautatzeko hiru arrazoi argi eta garbi. Edonola ere, denak ez dira Oltzomendiren egoeran. Lehen aipatu moduan, euskaraz ez dakiten guraso askok eramaten dituzte umeak ikastolara, eta horien motiboak desberdinak dira. Batzuek hizkuntzarekiko lotura dutelako hautatzen dute ikastola. Kasu batzuetan familian eten bat egon da, euskara ez da transmititua izan arrazoi politiko edo familiarrengatik. Eta umeek aiton-amonekin euskaraz hitz egitea nahi dute. Lotura bat sentitzen dute euskararekiko. Beste guraso batzuek umeek beste hizkuntza bat gehiago edukitzeko bidaltzen dituzte ikastolara. Beste hizkuntza bat edukita hizkuntza gehiago ikasteko erraztasuna izaten dela esaten da, eta horrek bultzata egiten dute hautu hori. Beste arrazoi bat ikasle kopurua izan daiteke. Ikastoletan eskola publikoetan baino ume gutxiago direlako. Eta azkenik, bada hezkuntza proiektuagatik hautatzen duenik ere.
Seaskaren emaitza onak
Komunikabide batean baino gehiagotan hitz egin da Seaskako haurren emaitza akademikoei buruz, eta modu positiboan. Hiru edo lau urtetik behin ikastolako ikasleen % 100ak lortzen du Baxoa gainditzea. Horrek esan nahi du Frantzian hoberenen artean daudela. “Rankinean hor garelarik, deitzen gaituzte batzuk erranez beren semea edo alaba lizeoan matrikulatu nahi dutela”, dio Indok. “Une hartan lizeoko zuzendariak erran zion guk ez genituela ikasleak 15 edo 16 urterekin hartzen, 2 edo 3 urterekin baizik. Oso erantzun polita izan zen, zeren Seaskaren eta ikastolaren historia egiazko curriculum oso bat da. Egia da baxoa pasatzen delarik osatzen dela curriculum hori, baina bidea askoz lehenago hasten da. Eta neretako bidea inportanteagoa da helburua edo diploma baino. Hastapenetik hasten gara lanean eta motibazioa ekoitzi egiten da. Etxe bat bezala, adreiluz adreilu bata bestearen ondotik. Ez da sekretu handirik. 15 urte behar dira ume bat 3 urtetik 18 urtera pasatzeko, eta erritmo bera du hezkuntzak”.
Seaskaren formakuntza
Seaskaren bereizgarrietako bat bere irakasleek duten prestakuntza berezia da. Frantses sistemak ez du eskaintzen euskarazko murgiltze ereduan aritzeko prestakuntzarik. Horregatik, Seaskak hastapenetik eskaini du prestakuntza berezi hori. Bere irakasleak prestatzeko formakuntza berezia, alegia. Jean Mixel Etxegarai Seaskako Hezkuntza zuzendariak dio garrantzitsua dela formakuntza hori, euskaraz ikasteko gai diren pertsonak eduki ahal izateko: “Garrantzitsua da formakuntza euskaraz izatea gero euskaraz lan egingo bada. Hiztegia, kontzeptuak eta beste hainbat gauza landu behar izaten dira, ez baita gauza bera euskaraz edo frantsesez irakastea”. Seaskako Hezkuntza Zuzendaritzako formatzaileak arduratzen dira prestakuntza horretaz. “Gure zeregina da irakasle berrien atzematea, formatzea eta gure proiektuan iraunkortzea”. Seaskak lau urteko formakuntza plan bat du Ama Eskolako eta Lehen Mailako irakasleak prestatzeko eta bi urtekoa Kolegioko eta Lizeoko irakasleentzat.
Lehenengoen kasuan, behar dituzten lizentziadun elebidunak hautatzen dituzte eta lanpostu bat ematen diete ikastola batean. Pertsona horiei ordezkoak deitzen diete. Lehendabiziko urtean hiru atal ditu formakuntzak: saio teorikoak Seaskaren proiektua ezagutzeko, didaktika pedagogikoa lantzeko, haurraren garapenaren ezaugarriak ezagutzeko eta behar bereziak dituzten haurrekin aritzeko prestakun-tza. Ordezko horiei tutore bat jartzen diete, beren maila berean lan egiten duen beste irakasle bat. Eta bikoteka funtzionatzen dute, elkarri lagunduz. Horrez gain, gelako jarraipena egiten dio Seaskako formatzaileak edo tutoreak ikasturtean zehar bost bisita eginez nola lan egiten duen ikusteko.
Behin lehen urtea pasata, balorazioa egiten dute bai Seaskak eta bai ordezkoak. Biak ados badira, formakuntzak aurrera darrai. Beste bi urteko prestakuntza jasotzen du: alde teorikotik pedagogia, didaktika eta psikologia landuz, eta praktikekin jarraituz. Eta aldi berean, frantses oposaketak egiteko prestakuntza ere jasotzen du. Bi urte horiek amaitutakoan frantses sistemako konkurtsoa egin behar izaten dute. Bien bitartean, master bat ere egin behar izaten dute.
Horrela, hiru urte horiek pasatakoan, konkurtsoa gainditu badute eta masterraren lehen urtea egina badute, laugarren proba urtera pasatzen dira: denbora erdiz gelan egiten dute lan eta beste denbora erdiz masterraren bigarren urtea prestatzen dute Seaskarekin. Ikasturte horretan frantses administrazioko ikuskari bat etortzen zaie gelara ordu eta erdiz, eta zer eta nola lan egiten duen begiratu ondoren txosten bat egiten du. Txostena baikorra bada frantses sisteman betiko titular bihurtzen dira. Horrek postu jabetza eta soldata handiago izatea ekartzen die.
Kolegioko eta lizeoko irakasleen kasuan, lau urteko prozesuaren ordez bi urtekoa da. Kasu horretan irakatsiko duten gaiaren inguruko lizentziadunak hartzen dituzte eta bi urteko formakuntza ematen diete. Besteak bezala, saio teorikoak, esperientziadun tutore bat eta gelan bisitak izaten dituzte. Ondoren, balorazio bat egiten dute. Frantses sisteman sartzeko konkurtso bat egin behar dute hauek ere, 2. edo 3. urtean. Gehienek 3. urtean egiten dute ahozkoa eta arinagoa delako.
Seaskaren espiritua transmititzen
Seaskan lan egin nahi duten irakasleei Seaskaren espiritua transmititzen dietela dio Jean Mixel Etxegaraik. Espiritu horren lau zutabe aipatzen ditu:
Euskara. Seaskan elebidun osoak eta bereziki euskaran osoak izan daitezen lan egiten dugu.
Kultura eta identitatea, euskaldun gisa bizi nahi izatea edo garatzea.
Militantismoa: izan guraso edo irakasle Seaskak oraindik militantismoa behar duela dio. “Militanteak esatean erran nahi dut emango duten pertsonak eta ideia argi bat dutenak euskal kulturaz, identitateaz eta Euskal Herriaz bere osotasunean”.
Hezkuntza proiektua: pedagogia eta hezkuntza norabidea markatzen duen hezkuntza proiektua du Seaskak. Hezkuntzako hainbat balio eta printzipio finkatzen ditu eta horiek pasarazi nahi dizkiete irakasleen formakun-tzan, gero ikastoletan gauza dezaten.
Printzipio horiek ardatz hartuta, Seaskako (edo beste edonongo) irakasle izateko garrantzi handia duten bi ezaugarri aipatzen ditu Hezkuntza zuzendariak. Batetik, irakasle batek bere haur taldea harreman goxoekin, konfiantzarekin eta lan giroa zainduz kudeatzen jakin behar du. Eta bestetik, garrantzitsua da duen prestaketa; nola irakasten dien eta nola prestatzen duen bere lana. “Baina bere lana bere ikasleetara eta bere gelara mugatzen badu, eskas da ikastetxeko proiektu osoa. Beraz, niretzat inportanteena irakasleen eta gurasoen arteko elkarlana da. Elkarlan hori eramateko nahikariak, gaitasuna eta motibazioa. Eta elkarlan hori den unetik, ikaslea zentroa jartzen dugu eta gero daude irakasleak, laguntzaileak, zainketakoak, kantinakoak eta gurasoak. Hezkuntza komunitatea deitzen diogu horri, eta horretan badenean komunikazioa, gogoeta egiteko gaitasuna, hautuak egiteko eta aterabideak elkarrekin egiteko gaitasuna, bakoitzak gero bere eremua baduenean, orduan ikastetxe bat aitzinera doa”.
Komunitate eta elkarte guztietan bezala, elkarlan horrek gorabeherak izaten ditu. Etxegaraik, oro har, elkarlanaren izpiritu hori antzematen du oraindik Seaskan. “Beti entzun da gurasoen motibazioa behera doala. Ez dakit. Ni duela 30 urte izan nintzen guraso eta gauza bera entzuten nuen. Eta beti joan gara aitzina eta garatu da. Bai irakasleek eta bai gurasoek ikastolaren hautua egin badute, uste dut nonbait badela espiritu hori. Irakasle izatera etortzen diren ikasle ohiek badakite beren gurasoak indarra eta denbora jarri zutela proiektuan eta pertzepzio hori badute. Sare publikotik edo kristau eskoletatik etortzen direnek ere zerbait diferentea sentitzen dute. Batzuk duten euskara mailarekin kezkatuta etortzen dira eta oso motibatuta egoten dira. Nahikari handia dute Seaskan integratzeko. Eta berdin gertatzen da Hegoaldetik etortzen direnekin; ongi integratzen dira eta Seaskako prestakuntzak agian beste ikuspegi bat emanen die”. Seaskak 50 urte bete dituen honetan, ikastolak talde dinamikoekin ikusten ditu Etxegaraik, elkarbizitza proiektua landuz, euskararen inguruko ekimenak antolatuz ikastolak herriari irekitzeko eta abar. Batzuetan hori hitzekin adieraztea zaila dela dio, baina bizipenetan hor dela, sentitu egiten dutela. Hazia hor da eta handitzen segitzen du.