LA MAQUINISTA ESKOLA PUBLIKOA; Barrakoietan komunitate bizi bat egituratu duen hezkuntza-proiektua

2019-03-01

Eskola sortu berria da La Maquinista. Bartzelonako Sao Paulo kalearen bueltan eraikitako etxadi berri batean dago, Bon Pastor eta Sant Andreu auzoen artean. Duela 11 urte sortu zen, auzora familia berriak joan zirelako, eta haien haurrak hartzeko beste eskola baten beharra zegoelako. Barrakoietan hasi zuten proiektua, bestela ezin zelako, eta bere horretan jarraitzen dute. Baina, barruan, ikusi gabe sinetsi ezin daitekeen komunitate bizi bat sortu dute, herri txiki bat auzune handi baten barnean, haurrei eta familiei ez ezik, inguruko bizilagunei ere irekia. Duela ia urtebete bisitatu zuen zentroa Hik Hasik. Han ikusi eta ikasitakoak jasotzen dira hemen, datorren apirilean Kataluniara egingo den bidaia pedagogikoan berriz ere talde handian eskola bisitatzeko asmoa baitago. 

 
 

2008an hasi zuten La Maquinista eskola publikoko hezkuntza-proiektua Bartzelonako Sao Paulo kaleko 1. zenbakian. Hiru urteko 50 haurrekin, 25eko bi taldetan banatuta, eta lau irakaslerekin (uneotan, 29 irakasle eta 475 ikasle daude). Oinarritik eraiki zuten eskola berria, eta hango hezkuntza komunitatea egituratu zuten. La Maquinistaren zimenduak ezarri zituzten, behe-behetik hasita. Baina, eskolako zuzendari Anna Comasek dioen moduan, egitasmoa ez zuten zerotik hasi. “Kontua ez da eskola berri bat ematen dizutela sortzeko eta nahi duzuna egiten duzula. Ez. Guk urteak generamatzan berrikuntza pedagogikoko mugimenduetan lanean, baita Hezkuntza Zientzien Institutuko lantaldeetan kolaboratzen ere. Gainera, nik ikaskuntzara dedikatzeko urtebeteko baimena hartzeko zortea izan nuen. Horrek hainbat zentro ezagutzeko eta proposamen bat egituratzen joateko aukera eman zidan. Beraz, hein handi batean, oinarria ezarrita zegoela esan daiteke”. 

Eskola berri bat sortu behar zenez, Kataluniako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaritzakoak hainbat profesionalekin eta talderekin jarri ziren harremanetan. Horietako bat izan zen Anna Comas. Proiektua aurkeztu zuen, eta berari eman zioten La Maquinistarekin hasteko ardura; halaxe zabaldu zituen ateak, barrakoietan.

Barrakoietan hasi zen egitasmoa, eta barrakoietan jarraitzen du eskolak. Hezkuntza-komunitatearen aldarrikapen eta eskaera sendoetako bat da uneotan eraikuntzarena. Baina, lehen begi-kolpean kontrakoa eman badezake ere, komunitate bizi bat dago barrakoien barruan; espazio atsegin eta gozagarri bat eraiki dute bertan. Herri txiki bat, auzo handi baten barnean. Argi baitute garrantzi-tsuena giza kalitatea dela, eta horrek ematen diola kolorea eta mamia beste guztiari.

La Maquinistako lantaldeak argi zuen sorburutik eskolak XXI. mendeko proiektuei eta erronkei eran-tzun behar ziela. Ateak 2008an ireki zituztela kontuan izanik, hasteko eta behin, garbi zeukaten ezin zituztela ahantzi Jaques Delorsen printzipioak: ezagutzen ikasi, izaten ikasi, egiten ikasi, eta elkarrekin bizitzen ikasi. Eta ikusten zuten eskola ezin zutela modu tradizionalean egituratu, printzipio horiek aurrera eraman nahi bazituzten. “Konturatu ginen haurrek berezkoa duten jakin-minari eta motibaziori lekua egin behar geniela, eta konfiantza jarri behar genuela ikasleengan, betiere itxaropenak oso altu jarririk. Era berean, funtsezkoa zen guretzat, haurrengan ez ezik, familiengan ere konfiantza izatea, hala, ikasle, familia, zein profesional, guztiok proiektuaren parte sentitzeko”, azaldu du Comasek. Hau da, proiektua osatzen duen pertsona bakoitzak jakin dezala garrantzitsua dela egitasmorako. Baina zer egin, eskolan kide guztiak subjektu aktibo sentituko diren giro bat sortzeko? Nola prestatu irakasleak? Zer oinarri ezarri?

 

Oinarri teoriko nagusiak

Jarduteko modu tradizionalari buelta eman eta ikaslea zein familiak zentroan jarriko zituen hezkuntza-proiektua eraikitzeko, hainbat oinarri teoriko izan zituzten kontuan La Maquinistan:

Begirada sistemikoa: Comasek esplikatu bezala, pedagogia sistemikoak erakusten du pertsona bakoitzak leku bat daukala parte hartzen duen sistema bakoitzean, eta horietako bat da eskola. Era berean, begirada sistemiko horrek lehen tokian jartzen ditu familiak: “Lehenengo, gurasoak daude, eta gero irakasleok gatoz. Beraz, guri hezitzaile izatea dagokigu, eta ez guraso. Gurasoek, konfiantza osoz, haien seme-alabak aldi baterako gure zaintzapean uzten dituzte, eta denbora batez ume horiei nahiz familiei lagun egitea izango da gure egitekoa. Horrek lotura mota bat sortzen du eskolaren eta familiaren artean, eta lotura hori zaindu egin behar da; baina bakoitzaren tokia eta egitekoa errespetatuz”. 

Irekitasuna: La Maquinistan, garrantzitsuak dira talde-lana, konfiantza eta irekitasuna. Ikasleentzat irekita daude txoko, espazio, gela, pasabide… gehienak, nahieran mugi daitezen. Irakasleek ere edonorentzat ateak zabalik dituztela jarduten dute, askotan binaka edo taldean. Horrez gain, familiei eta komunitateari ere irekita egoten saiatzen dira La Maquinistan. Horren erakusle da gurasoek eskolan daukaten parte-hartze zabala: haurrekin lantegiak eginez, ikastaroetan parte hartuz, hainbat lan egiteko auzolanean jardunez…

Haurraren ikaskuntza-gaitasunaren kontzientzia: Rebeca eta Mauricio Wildengandik hartutako ideia dute honako hau. Haiek konturatu ziren, ikaskun-tza egon zedin, lotura neuronalak behar direla eta, lotura neuronal horiek gertatzeko, norberak jabetu behar duela gertatzen denaz, eta ikertu egin behar duela horretarako. Aldiz, zerbait goitik behera azalduz gero, ez dauka ikaskuntzak zertan gertatu. “Beraz, haurrei euren kabuz jarduteko aukera emango zieten inguruneak sortuko genituela erabaki genuen. Hala, ikasleek aukera izango zuten beren kasa ikertzeko, esperimentatzeko, probak egiteko… eta, horren ondorioz, gertatzen denaz jabe-tzeko eta egiten ari diren horren kontzientzia hartzeko”. 

Askotariko adimenen teoria: Howard Gardnerren teoria ere garrantzitsua izan da, La Maquinista eskolako jarduna antolatzerako orduan. “Argi daukagu ikasteko modu desberdinak daudela, ez dugula denok modu berean eta aldi berean ikasten, denok garela desberdinak, eta, beraz, mundu hau ulertzera iristeko askotariko bitartekoak eskaini behar dizkiela eskolak haurrei”. Teoria horrek asko lagundu zien zer espazio mota eta zer-nolako giroak sortu erabakitzeko orduan, ez adimen linguistikoei edo matematikoei leku egiteko soilik, baizik eta baita artistikoei, musikalei, naturalistei edota mugimenduarekin zerikusia dutenei ere.

Ikaskuntza-komunitate moduan antolatuta jardutea: ikaskuntza-komunitate gisa antolatzeari ere garrantzia ematen diote La Maquinistan. Bereziki, familiek boterea izan dezaten eta haiek ere hezkuntza-proiektuaren parte izan daitezen balio izan die horrek. “Ikaskuntza-komunitate gisara antolatzen gara, eta batzordeak dauzkagu sortuta, ikasleak, gurasoak zein irakasleak batera aritzeko. Batzorde horietan, parte hartzen dute eskolako beste profesionalek ere
–sukaldariek, jantokiko langileek, garbitzaileek–, bai eta auzoko boluntarioek ere”.

Denbora libreari garrantzia ematea: orain dela 6 urte ingurutik, Bon Pastor eta Sant Andreu auzoetako beste eskolekin elkarlanean antolatzen dute denbora libreko jarduna. Eskola guztien artean, ikaskuntza-komunitate handi baten antzeko zerbait eraiki dute, eta Aisialdirako Unibertsitatea izeneko egitasmoa sortu. Horren bidez, haurrek aukera daukate auzune horietako liburutegietan, ludoteketan, musika-eskoletan, kiroldegietan… ibiltzeko eta beroietan antolatzen diren ekitaldietan parte hartzeko, lagunekin nahiz familiako kideekin: kontzertuetan, ipuin-kontaketetan, jokoetan, kirol-taldeetan… “Horrek ikasleei euren eskolako taldetik atera eta beste haur batzuekin elkartzea ahalbidetzen die, eta, bide batez, harremanak aberastea eta batean eta bestean rol diferenteak joka-tzea. Beste horrenbeste gertatzen da gurasoekin ere”. 

Oinarri horiekin hasi zuten La Maquinistako hezkuntza-proiektua: 3 urteko umeekin, haien ikaskuntzarako espazio aberatsak sortuz, eta adinean aurrera egin ahala, proiektuka lan eginez. Hasieran txokoetan lantzen zutena lan-proposamen bilakatu zuten, erdi-ziklotik aurrera. “3 urterekin gure eskolan hasi zirenak erdi-ziklora −8 urte izatera, alegia− iritsi zirenean, iruditu zitzaigun beste urrats bat egin behar genuela. Lan indibidualari nahiz talde-lanari garrantzia ematen hasi ginen, eta proiektuetan intentsitate handiagoa jartzen. Aurrez egun bateko proiektua izan zitekeena bizpahiru asteko proiektu bilakatu zen hala”.

 

Irakasleen egonkortasuna, gako

La Maquinistako irakasle taldean, kopuru handi bati hasieratik eu-tsi zaio. Beraz, zuzendariak dioen moduan, pertsona multzo handi bat dago proiektuarekin konprometituta. Gainera, lantaldearen erdia egonkorra izateko aukera ahalbidetzen die Kataluniako Hezkuntza Legeak, profil jakin bat betetzeko hautatutakoak direlako, eta ez puntu jakin batzuk dituztelako. “Hainbat pertsona proiektuaren hasieratik daude. Horiek hemen jarraitu ahal izatea funtsezkoa da guretzat. Baina, zenbait kasutan puntu gutxi dituztenez, ‘lekualdatze-lehiaketa’ medio, eskolatik kanpo geratzeko arriskua dute. Dena den, Hezkuntza Legeak lan-profilari erantzuteko plazak betetzeko aukera ematen duenez, horrek lantaldea, hein batean, bederen, egonkorra izan dadin lagundu digu”. Hala ere, La Maquinista eskola publikoa denez, hara joatea erabakitzen duten irakasleak hartzen dituzte, gainerako eskoletan bezalaxe. Hori bai, hasiberriei argi eta garbi azaltzen diete zer-nolako eredu pedagogikoa daukaten, eta zer lan eta nola egiten duten. “Hona datorrenak garbi jakin behar du nora datorren; onerako eta txarrerako. Asko interesa dakizuke proiektua; edo esan dezakezu: ‘Ni hona ez nator, inola ere ez’, eta bigarren hori ere gertatzen da”. 

Irakasleei esplikatzen dieten bezalaxe, familiei ere azaltzen diete La Maquinistako funtzionatzeko modua, zehatz-mehatz: zer egiten duten, zergatik, nola dauden egituratuta, zein eratara ulertzen duten haurra, nola haren ikasketa-prozesua, etab. Familiek eskertu egiten dute hori, eta parekoa da haien jarrera eta erantzuna ere. Hiru urteko haurrak La Maquinista sortu berrian matrikulatu zituzten gurasoak ditu Comasek gogoan: “Hasieratik, oso jarrera konprometitua erakutsi zuten. Guraso-elkartea sortu, eta lanean hasteko prest agertu ziren. Guk garbi esan genien gurasoak alde batetik eta eskola bestetik lanean aritu baino, nahiago genuela hastapenetik denok elkarrekin jardun. Ikaskuntza-komunitateen ideia azaldu genien, eta segituan egin zuten bat proposamenarekin”. Hala, gero eta jende gehiago batu zen ikaskuntza-komunitateetan, eta hezkuntza-proiektua guztien artean gorpuztuz joan dira gaur egunera iritsi arte. 

Sorburuan, zalantzak ere bazituzten gurasoek: “Zer egingo ote dute gure haurrekin? Esperimentuetan ibiliko ote dira? La Maquinistako hauek ez ote dira hippy samarrak?, etab.”. Baina, denborarekin, proiektua balio handiagoa hartuz joan da, sinesgarritasuna eta aitorpena irabaziz. 2008an hiru urterekin hasi ziren ikasleak duela bi ikasturteko ekainean irten ziren La Maquinistatik, Bigarren Hezkuntza egitera beste zentro batera joateko, eta irakasle taldearentzat oso asebetegarria izan da ikasleak zein familiak oso pozik eta ahaldunduta atera direla ikustea eta familiek euren seme-alabentzat norabide berean lan egingo zuen institutu bat nahi zutela jabetzea. “Jada ez daude konforme edozer gauzarekin. Oso familia indartsuak dira, eta nahi zuten hori lortu dute: La Maquinistari jarraipena emango zion institutu bat sortzea auzoan bertan”. 

 

Aurrera begira, zer?

Uneotan, ikaskuntzaren lidergoa haurrengan jartzeko prozesuan zentratuta daude La Maquinistan. Comasek azaldu duenaren arabera, Bartzelonan nazioarteko kongresu bat egiten da 2012tik, ikaskuntzako lidergoaren inguruan. Kongresu horretan parte hartzen dute La Maquinistako kideek, eta gauza batez ohartu dira: urrats bat gehiago ere egin dezaketela, eta beste pixka bat aurrera egin. Hala, une honetan haur bakoitza bere ikaskuntza-prozesuaren lider izateko egitasmoa ari dira inplementatzen. Alegia, haur bakoitzak ez dezala zer egingo duen soilik erabaki, baizik eta baita egingo duen horren bidez zer ikasiko duen ere. “Izan dadila kontziente bere ikaskuntza-prozesu osoaz. Erabaki dezala zer egin, jabetu dadila egiten duen horren bitartez zer ikasten duen, eta prozesu hori ebaluatzeko gai izan dadila”. Eta horretan jarraitzen dute La Maquinistan: amesten eta mugarik gabe pentsatzen.