ARCHU PEDAGOGIAZ

2019-06-01

AURELIA ARKOTXA. IDAZLEA

 
 

1833ko Guizot legearekin hezkuntzaren alorrean egitura berriak sortu ziren Frantzian. Legedia berriaren arabera, 500 biztanletik gorako herrietan mutiko eskolak eraiki behar ziren (Guizot-ek ezin izan zituen neska-eskolak eraikiarazi). Programaren sintesia hau zen:

“Lehen mailako hezkuntza elementarioan, derrigorrez ikasi beharko dira moral-hezkuntza eta erlijio-
hezkuntza, irakurketa, idazketa, frantsesaren eta kalkuloaren elementuak, pisuen eta neurrien legezko sistema”.

Ordea, lege berriaren aplikatzeak arazo handiak sorrarazten zizkion gobernuari. Nola irakats frantsesa “sasi-hizkuntzak” bezala kontsideratuak diren hizkuntzak mintzo dituztelarik haurrek, eta irakasleek pedagogia-tresneriarik, curriculumik, ez dutelarik? 

Jatorriz zuberotarra den, eta Bordeletik 61 kilometrotara dagoen La Réole herrian maisu den Jean-Baptiste Archuk haur euskaldunak ditu gogoan: “Erranen daute, arauz, Errearoaren 1833 eta 28-ko legeak zabaldu duela muga berri bat ikhastarzunari, eta Uskal–herriko ikhaserazlek behar dutela bere eskolierer franzesa erakutsi. Beharbada bai. Bainan nola erakhuts ahal diote? Eztute uskaldun eta franzes gramatikarik, eztute uskaldun eta franzes hiteztegirik”.

Archuk, haur frantsesentzat gehienik erabiliak 50 euskarara itzultzen ditu argitalpen elebiduna egiteko asmoarekin. Horrela da 1848an ager-tzen euskal ortografia-gomendioez, euskal gramatika sarreraz eta hiztegi elementuez hornitua den Choix de fables de La Fontaine traduites en vers basques-La Fontainaren alegia berheziak edizio elebiduna. Ezkerretik kokatzen delarik Lafontaineren frantsesezko jatorrizko testua eta eskuinetik berriz euskarazko itzulpena. Liburua printzipalki haur euskaldunei destinatua bada ere, euskara ikasi nahi duten frantses elebakarrek ere balia dezakete. Liburua zabalik atxiki behar da mahai gainean haren elebiduntasuna operatiboa izan dadin. Ezkerretik eskuinera irakurri beharko lukete ikasleek, ezkerrean den jatorrizko frantsesezko testutik eskuinean den euskarazko itzulpenera joanez begiak. Baina haurrei frantsesa arrotza zaie eta imagina daiteke eskuinetik (euskaratik) ezkerrera (frantsesera) duela lan eginarazten erreintak. Ama hizkuntzatik ezezaguna den hizkuntzara eta alderantziz ere; arrotza den hizkuntzaren ulermenean aurreratzeko, geldialdiak, errepikak, maisuaren interbentzioak, ahozko gogoetak etab. ugariak daitezkeelarik. Aldiz, euskararik ez dakien frantses hiztun heldua ezkerretik (frantsesetik) euskarara dabil segur aski irakurtzen. 

Archuk nonbait berak (ez La Réolen, noski) esperimentatu ote zuen bere liburuaren operatibotasuna? Beste irakasle baten bidez? Galdera airean dago.

Berantxago, ja inspektore edo ikuskari izanen delarik (1850-1877) bere xedea bukatuko du Grammaire basque-française à l’usage des écoles du pays Basque par Jean-Baptiste Archu -Uskara eta franzes gramatika (1855) publikatuz. Berantago 1855eko edizioa berriz ikusiko du, titulu honekin: Grammaire bilingue française et basque-Bi mihiren gramatika uskara eta frantzesa (1868).