BIRSORTU Heziketa, sormena eta kulturari forma ematen

2019-12-01

Haurrek esperimentaziorako eta ikerketarako duten grinaren pizgarri izateko eta sormena lantzeko proiektu berri bati ekingo diote elkarrekin Hik Hasik eta Emaus Gizarte Fundazioak urtarriletik aurrera. Horrez gain, proiektuak helburu bikoitza izango du; izan ere, haurrekin prozesu hezitzaile, kultural eta sozial bat bultzatzea lortu nahi da, industriak baztertutako materialari balorea emanaz. Italiako Reggio Emilia eskolen Remida proiektuan du oinarria egitasmoak eta iaz hainbat ikastetxerekin egindako esperientzia pilotuarekin hasitako ibilbidean urratsak sendotzen jarraitzeko asmoa dute orain. Ikasturte honetan, Debagoiena eskualdean zentratuko da Birsortu proiektua eta Emausen Arrasateko eraikinean irekiko ditu ateak bere egoitzak urtarrilean. 

 
 

H

aur Hezkuntzako gela batera sartu eta egurrezko piezak, paper zatiak, hainbat koloretako oihalak, forma anitzeko tutuak, giltzarrapoak, zeramika zatiak, edota artilea bezalako materialak aurkitzea ez da ohikoa. Haurrei material horiekin esperimentatzen utziko bagenie, ordea, askotarikoak izango lirateke biziko lituzketen esperientziak, ikerketak eta sortuko lituzketen produkzioak: tutuekin egindako telefonoak, oihalekin eta egurrekin osatutako etxetxoak, zeramika zatiekin osatutako mosaikoak, kortxoak edukiontzietan sartu-atera, harriak multzokatu, hari zatiak lotu eta askatu edota helduoi bururatuko ez litzaizkigukeen hamaika funtzio edota produkzio.

 

Baina nondik lortu material birziklatu horiek? Nola eskuratu tutuak, giltzarrapoak, kortxoak edota egur zatiak? Urtarriletik aurrera horrelako materiala eskuragarri egongo den biltegi bat irekiko da Euskal Herrian Hik Hasi egitasmo pedagogikoak eta Emaus Gizarte Fundazioak elkarrekin abiatutako Birsortu proiektuari esker. Sormena eta berrerabilitako objektuen ikerketa ditu oinarri egitasmoak eta eragile kultural, pedagogiko eta jasangarri izan nahi du. Izan ere, hainbat enpresatatik jasotzen diren birziklatutako material anitzak eskolen eskura jarriko ditu, haurrek esperimentatu, manipulatu eta beste erabilpen bat eman diezaioten. Proiektuaren bidez, haurrek berezkoa duten ikerketa eta esperimentatzeko grina horri erantzun eta aberastu egin nahi da.

 

Iaz hainbat ikastetxerekin egindako esperientzia pilotua eta gero, ikasturte honetan Debagoiena eskualdean zentratuko da proiektua eta Emausek Arrasaten duen eraikinean irekiko ditu ateak Birsorturen egoitzak urtarrilean. 

 

Hik Hasiko kide Mikel Agirrezabalak azaltzen duenez, hasiera batean 40 m2ko egoitza hartuko du Birsortuk eskolentzako prestatuko den materialaren bilgune izateko. Horrekin batera, material birziklatuarekin hainbat tailer egiteko espazio itxi bat ere izango du aretoak eta Emaus eta Hik Hasi arduratuko dira espazio horien kudeaketaz eta dinamizazioaz. Debagoieneko Haur Hezkuntzako ikastetxe guztiei eta iaz Birsorturen esperientzia pilotuan parte hartu zuten ikastetxeei bideratutako espazioa izango da eta egun jakinetan, arratsalde partean egongo da zabalik, irakasleak bertaratu eta interesatzen zaien materiala hartzeko. 

 

Jasangarritasuna, sormena eta berrerabilitako objektuen ikerketa ditu oinarri proiektuak eta sustatzaileek aipatzen dutenez, bi dira proiektu honekin lortu nahi diren helburuak: kontsumo arduratsua geletara eramatea, batetik, eta hezkuntza parte-hartzaileagoa sustatzea, bestetik. Emaus taldeko Idurre Zugazagastik honela zehazten ditu bi helburuak: “Kontsumo arduratsuaren eta berrerabilpenaren kontzientziazio lana egitea da batetik, baina ez eskoletan bakarrik, enpresetatik bertatik hasita eta ekonomia zirkularraren bidetik, geletan ere lanketa eginez. Haurrek txikitatik material askotarikoekin aritzeko aukera izatea nahi dugu, eta ez plastikozko edo helburu jakin bateko materialarekin soilik aritzea. Bigarren helburua, hainbat eskolatan ematen ari den hezkuntza eta pedagogiaren aldaketaren testuinguruan, haurren gaitasunetatik eta aniztasunetik aritzea da. Eta horiek baliatzea, oraindik eta gaitasun gehiago gara ditzaten”. 

 

Sustatzaileen arabera, haurrek material horiekin egingo duten esperimentazioa izango da proiektuaren lan-ardatza, eta hortik abiatuta haurren sormena bultzatzea; “bakoitzak bere izaera eta identitatetik, askatasunez eraikiz”. Esperimentazio hutserako materialak eskainiko ditu Birsortuk, “estereotipo sexistak eta naturaltzat jotzen diren rolak saihestuz”. Hik Hasiko Mikel Agirrezabalak azaltzen duenez, “irakaslearen papera behaketa egitea da, material horien erabileran haur bakoitzak bere gaitasunak nola garatzen dituen ikusi, esperimentazioaren bitartez ematen den ikasketa prozesua aztertu eta bidelagun izan”. Zentzu horretan, Hik Hasik irakasleei behaketarako tresna bat eskainiko diela aipatzen du, materialaren erabileraren jarraipena egin eta ebaluaziorako tresna gisa erabiltzeko. Italiako Remida inspirazio-iturri

 

Birsortu proiektuaren hazia esan daiteke duela ia hogei urte egindako bidaia pedagogiko baten ondotik ernatu dela. Izan ere, 2000. urtean Hik Hasik bidaia pedagogikoa antolatu zuen Reggio Emiliako haur eskoletara eta bidaia horretan izan zen Josi Oiarbide irakaslea eta Hik Hasiko kidea. Oiarbidek kontatzen duenez, “hara joan ginen irakasleoi arreta eman zigun lehendabiziko gauza izan zen zer-nolako materiala zuten geletan. Arandelak, botoiak, oihalak, egurrak… Oso material aberatsa zuten eta haurrek material horiek nola manipulatzen zituzten ikusteak harridura handia sortu zigun”.

 

Reggio Emiliako haur eskoletako materialaren aniztasuna eta bidaiaren amaieran Remida zentroa ezagutzeko egin zuten bisitaren ondoren hobeto ulertu zuten dena. “Remida zentrora egindako bisitan ikusi genuen han bazela proiektu bat, birziklapenaren kultura eta berrerabilpen sortzailea sustatzen zuen sare oso bat”, dio Oiarbidek. 

 

Remida zentroa, Italiako Reggio Emilia hirian sortu zen 1996an bertako Udalaren eta Enia izeneko enpresaren elkarlanaren ondoren. Jasangarritasuna, sormena eta berrerabilitako objektuen ikerketa ardatz hartuta abiatu zuten pedagogia eta jasangarritasunaren kultura oinarri dituen proiektua eta Reggio Children Fundazio publikoak zuzentzen du. Hainbat enpresatatik eta Lanbide eskoletatik jasotzen dituzten birziklatutako material anitzak eskolen eskura jartzen dituzte, haurrek esperimentatu, manipulatu eta beste erabilpen bat eman diezaioten. Izan ere, fundazioak nabarmentzen duenez, “soberakinak, zaborkinak edota material inperfektuak edertasuna sortu dezakete, hausnarketa ahalbidetu eta hezkuntzarako baliabideak eskaini”.

 

Oiarbidek kontatzen duenez, “hasiera batean Remida proiektua eskoletara begira abiatu bazen ere, gaur egun bere proiekzioa ez da hezkuntza arlora bakarrik mugatzen. Zentroak jasotzen dituen materialak, egun, artisten, artisauen, zahar-etxeen, eguneko zentroen, kultur etxeetako tailerren eta beste zenbait talderen eskura jartzen dituzte. Modu horretara adinekoek, gazteek, artistek, artisauek… ere materiala erabiltzeko aukera dute”.

 

Egun, Remida proiektuak munduan zehar 15 lurraldetan ditu egoitzak: Italian Reggio Emiliako zentroaz gain, Napolesen, Turinen, Bolonian, Genovan, Milanen, Florentzian, Robereton eta Varesen; Alemanian, Frankfurten; Argentinan, Buenos Aires-en; Australian, Perth-en; Norvegian, Trondheim-en; eta Suedian, Södertälj-en eta Vaggeryds-en.

Bidaia hartan izandako esperientziaz geroztik Hik Hasik harremanetan jarraitzen du Reggioko haur eskolekin, eta horren adierazle da Hik Hasiren formazioetan Reggio Emiliako ordezkariek izan duten eta duten parte-hartzea edota berriro ere Reggio Emiliara egindako bidaia pedagogikoak. Remida ezagutzeak sortutako zirrara hura ez zen apaldu urteetan eta Hik Hasin urte asko pasa dituzte gisa honetako proiektu bat hemen sustatu nahian: “Horrelako proiektu bat hemen bultzatu nahi genuen baina ez genuen aukerarik ikusten. Orain bi urte Emaus Gizarte Fundazioarekin harremanetan jarri ginen eta beraiekin urratsak egiten hasi ginen”, dio Oiarbidek.

 

Komunitatea saretzen

 

Birsorturen asmoa, Remidarena bezalaxe, kultura, eskola, enpresa eta instituzio publikoen arteko erlazioa sortzea eta indartzea da, eta unibertsitateekin, liburutegiekin, museoekin eta udal administrazioekin proiektu askotarikoak bideratzea. Hik Hasiko kideak aipatzen duenez, iazko ikasturtean harremana egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Adegi Gipuzkoako enpresen elkartearekin, Gabiltza Gipuzkoako artisauen elkartearekin, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearekin, Acede Debagoienako kooperatiben konfederazioarekin eta beste 12 enpresa txiki eta handirekin. Aurrera begira ere, eragile gehiagoren elkarlanetik proiektua sendotzen jarraitzeko asmoa daukate. “Hik Hasi eta Emaus oinarri hartuta, asmoa da aurrera begira ere sinergiak bilatzea hezkuntza, kultura eta enpresa munduak elkartu eta instituzioekin batera proiektu sendo bat osatzeko”.

 

Emauseko Idurre Zugazagastirentzat ere sare-lan hori izan da proiektu honen beste oinarrietako bat: “Komunitate zabal honetako hainbat eragilek proiektuan parte-hartzea izan da bilatu duguna; hasi enpresetatik eta hezkuntza komunitateraino, tartean artisauen laguntzarekin eta inplikazioarekin kontatuz”. 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz GipuzkoaLab egitasmoaren baitako diru-laguntzari esker, Debagoiena eskualdean ekingo dio ibilbide berri honi Birsortuk, eta proiektu pilotu baten gisara egingo dute, sustatzaileen arabera, aurrera begira proiektua sendotu eta pixkanaka eskualde gehiagotara iristeko: “Debagoienan abiatuko dugun proiektua pixkanaka Gipuzkoa osora zabaltzea da asmoa. Eta aukera baldin badago etorkizunean baita Euskal Herriko beste lurraldeetara ere”.

 

Elkarlanean jarraituko dute Hik Hasi eta Emaus eragileek, proiektuaren garrantzia prozesuan bertan jarrita. Birsorturen bi sustatzaileek argi dute gizarte eraldaketarako tresna emankorra dela hezkuntza, horregatik bi ideia oinarri hartuta jarraituko dute lanean: “Alde batetik, prozesuaren beraren garrantzia eta bertan parte hartzen duten pertsonen gaitasunak garatzearen beharra; eta beste aldetik, baita prozesu honetan sortu diren tresna pedagogikoek eraldaketa horiek bultzatzeko duten gaitasuna ere”.

Aurreko ikasturtean hasi zuen Birsortu proiektuak bere ibilbidea. Joan den urteko maiatzean eta ekainean Euskal Herriko Haur Hezkuntzako 13 ikastetxetan material berrerabiliak probatzeko proiektu pilotua egin zuten. Eskola bakoitzak erabaki zuen materiala nola erabili, bere hezkuntza-proiektuaren eta beharren arabera, eta material horiekin hainbat jarduera egin zituzten haurrek, modu librean zein gidatuan. Hauek izan ziren iazko proiektu pilotuan parte hartu zuten ikastetxeak: Lazkaoko San Benito ikastola, Abaltzisketako Txalburu eskola publikoa, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola, Agoitzeko haur eskola, Aretxabaletako Kurtzebarri eskola publikoa, Debagoieneko Arizmendi ikastola, Gasteizko Abetxuko ikastola, Getariako Iturzaeta eskola publikoa, Orioko Zaragueta IPI herri eskola, Altsasuko Iñigo Aritza ikastola, Tolosako Laskorain ikastola, Laudioko ikastola eta Erandioko Altzaga ikastola. Ikastetxe horiei guztiei luzatu zaie aurtengo esperientzian parte hartzeko aukera eta zabalik izango dituzte Arrasateko biltegiko ateak, Debagoienako ikastetxeekin batera, material birziklatuarekin lanean jarraitzeko. 

 

Emaus Gizarte Fundazioko Sheila Padronesek azaltzen duenez, “Hik Hasiren bitartez proiektuan parte hartzeko prest zeuden 13 eskolekin harremanetan jarri ginen. Aldi berean, hamaika bat enpresetan zabortzat jotzen zuten materiala berreskuratu genuen, eskoletan erabilgarri izateko”. Enpresa horietatik jasotako materiala, gainera, Gabiltzakoekin, Gipuzkoako artisauen elkartekoekin batera prestatu zutela gaineratzen du. 

 

Erandioko Altzaga ikastola izan zen iazko esperientzia pilotuan parte hartu zuen ikastetxeetako bat. Bertako irakasle Leire Saezentzat “ez da erraza batzuetan gisa honetako materialak lortzea. Metodologia berritzen ari garenontzat eta material desegituratuak bilatzen ditugunontzat altxor bat dira material hauek”. Horrez gain, berrerabiltzea “maila pedagogikoan oso hezitzailea” dela ere azpimarratzen du. 

 

2 urteko gelan egin zuten esperientzia eta haurrei materialarekin modu librean jolasteko aukera eskaini zieten, astean bi aldiz. Materialen artean erabili zituzten forma eta neurri askotako egur zatiak, larruzko zati handiak eta tira txikiak, kableak, oihalak, mertzerietako erremate-oihal luzeak, pertxak, arrantzako sarea eta buia txikiak, kartoizko tutuak, kaxa handiak eta txikiak, edota aspiragailu-tutuak. Saezek aipatzen du, sinestezina dela haurrek “zelako irudimena daukaten eta zelako aukerak” ematen dituzten material horiek: “Arrantzarako erabiltzen den buia bat izan daiteke bolantea, eraikuntzak egiteko pieza edota jaurtitzeko elementua. Egunero bilatzen dizkiete haurrek horrelako elementuei erabilera berriak”. Haurraren garapenean aurrera egiteko ere material horiek aukera asko ematen dutela gaineratzen du: “Haur Hezkuntzan ikaskuntza ekintzari lotuta dago, eta material horiek manipulatzean haur bakoitzak berez garapenerako behar duena landu dezake, bere barneko curriculumari jarraituta. Haur batek objektu biribil bat jaurtitzen duenean edota lurretik errodatzen daramanean ikusten dugu nola ari den pentsamendu zientifikoa garatzen. Berdin elementu estetiko eta artistikoekin konposizioak egiten dituztenean. Pentsamendu matematikoari lotuta, formak, neurria, altuera, distantzia… Horrekin batera, material horiek elkarrekintza eta elkarlanerako jarrera ere bultzatzen dutela ikusi dugu”.

 

Iazko esperientziarekin “asko gozatu” zutela dio irakasleak: “Batez ere azpimarratuko nuke zenbat gozatu genuen elkarrekin, zenbat gozatu zuten haurrek, zer emozio zegoen, eta zenbat gozatu genuen hezitzaileok”. 

 

Orion geletan eta patioetan

 

Orioko Zaragueta IPI herri eskolan 2tik 5 urtera arteko haurrei eskaini zieten materiala eta geletan zein patioetan kokatu zuten. Zaraguetako irakasle Ainhoa Zumetak kontatzen duenez, “oso gustura aritu ziren proiektuaren lanketan. Planifikazioa eskatu zigun eta baita sormena ere, helduona ere bai”. Gaineratzen duenez, “eguneroko jolasean txertatzeko material egokia da eta betiko errutinetatik ateratzeko aukera eman die beraiei”. 

 

Laudion familiek hartu zuten parte

 

Laudioko ikastolan familien laguntzarekin osatu zuten birziklatutako materialaren eskaintza. Kasu honetan, 0-2 urtekoen espazioan eta 3-6koen geletan aurkeztu zituzten materialak. “Gure esperientzian, material bakoitzari espazioa mugatu egin genion, eta ume kopurua ere mugatu behar izan genuen”, kontatzen dute Laudioko ikastolako ordezkariek. Balorazioa egiterakoan, material konbinaketaren garrantzia azpimarratzen dute: “Materiala zenbat eta anitzagoa izan, haurrei aukera gehiago eskaintzen zaie”. Ildo beretik, birziklatutako materialak haurrei behatzeko, esperimentatzeko… aukera ematen diela gaineratzen dute, eta horren ondorioz, baita sormena garatzeko ere.