PAPERAREN XARMA

2019-12-01

NEREA SORONDO  AIZKOLARIA

 
 

I

tzuli askorik gabe diot ez naizela atzo jaiotakoa. Zaharra ez naiz, baina jada gaztetxoa ere ez. Hogeita hamabi urte beteta, nire txikitako pasadizoak bueltaka dauzkat buruan, eta beti bezala, nostalgia pixka batekin geratzen naiz. Askotan konparatzen ditut lehengo eta oraingo garaiak. Ni ordenagailuekin ez naiz ongi konpontzen, baina, gaur egun, nahitaezkoa da haien erabilera.

Lehengo gogoetara itzulita, nik zortzi bat urte izango nituen gure eskolan ordenagailu-gela jarri zutenean. Izugarrizko zirrara sortu zigun astean bitan informatikako eskolak izateak. Pentsa zer diferentzia gaur egungo gaztetxoekin. Egia esanda, ez genuen ezer berezirik egiten, seguruenik Paintean jolastu-edo, baina aitzindariak sentitzen ginen. Umetxoen ignorantzia eta bizipozagatik izango zen. Koxkortuta, liburuak irakurri behar izaten genituen. Hiruhilekoan bat gutxienez; gero, laburpena egin, eta maisuari eman azkenik. Hiruhilekoan ez zuenak denborarik hartzen, azken astean ordu pila sartu behar izaten zituen. Garai hartan, ez zegoen rincón del vago bezalakorik, eta ez zen ohikoa liburua film batean topatzea. Horregatik, bai edo bai irakurri behar izaten zen. Nik gustura irakurtzen nituen paperezko liburuak, batzuk berriak eta besteak zaharrak, anai-arreba zaharragoengandik jasotakoak baina denak ere bereziak. Oraingo liburu elektronikoekin, irakurketak magia pixka bat galdu du niretzat. Etxeko lanak egitean, guk liburuetatik lortu behar genuen informazioa. Zorteduna bazinen, Elhuyarren hogeita lau liburuko entziklopedia zenuen etxean, eta bestela, zer? Lagunekin liburutegira joan, dagokion entziklopedia hartu, informazioa bilatu, fotokopiak egin (asteko paga utziz), eta etxera lana egitera. Lehenengo zikinean eta gero garbira pasa, ahal bazen Tipp-Exik erabili gabe txukunagoa izateko; bestela, hasieratik berriro.

Ez ziren lan errazak txikitako buruhausteak, baina bazuten beren xarma. Orain, informazio guztia dugu eskura, ia sobera esango nuke nik. Ez zen bakarrik liburu eta paper pilaren artean galduta egotea, baita lagun artean liburutegira joatea, eskuz idaztea eta lan bat egiazko lana izatea ere, ez kopiatu eta itsatsi bakarrik. Ni nire nostalgiarekin gelditzen naiz, orain ere eskuz idazten nabil… nahiz eta gero ordenagailura pasa behar izan.