Xuaren beldurrak

2019-12-01

BELDURRA EMATEN DU, ETIKA KONTUA DA, GIZALEGE GAIA DA: DATORREN 

URTARRILEAN XUA LASAGABASTER URANGAK 3 URTE EGINGO DITU, 

PICASSENTEKO ESPETXEAN, ETA 

GURASOENGANDIK BEREIZIKO DUTE.

 
 

B

eldurra, izua, ikara, sarrakioa, laborria… hiztegiaren ugaltasunak erakusten ditu emozioaren xehetasunak. Beldurrak dimentsio ugari baititu. Izuak urte anitz baititu, giza espezieak berak baino gehiago, azaroaren 15 eta 16an Bilbon eta Donostian Hik Hasik antolaturiko Txikitako Beldurrak jardunaldian ikasi genuenez.

 

Ikasi genuen ikara bizirauteko gaitasun bat dela, estimulu naturalek eta ikasiek aktibatzen dutela eta estrategia sinpleak —bezain konplexuak— erakutsi zizkiguten gainditzeko: zaindu haurraren gorputza, zaindu ingurunea, ez abandonatu... aurreikusi berritasunek beldurra eragin dezaketela, prebenitu beraz... eta eman segurtasuna haur txikiei.

 

Myrtha Chokler psikomotrizista argentinarra izan zen hizlarietako bat, eta bere Amerika jatorrian bizi duten egoera beldurgarria —“Peru, Bolivia, Txile, Ekuador kiskaltzen ari dira!”— hizpide harturik ikarari aurre egiteko hezkuntzaren etika aldarrikatu zuen. Katty Homar psikomostrizista katalanak, berriz, bere saioa ixteko beldurra izan behar dugula nabarmendu zuen: “Beldurtzeko arrazoiak ditugu estatuan”, adierazi zuen, zeharka eskuin muturraren gorakadari erreferentzia eginez.

 

Zaintzea, beldurra prebenitzea eta gainditzeko segurtasuna ematea ekintza etikoa zirela aldarrikatu zuen Choklerrek. Eta hitz horiek ekarri nahi ditugu Hik Hasi egitasmo pedagogikoko kideok editorial honetara, hezkuntzaren ikuspuntu etikoagatik ere haur txiki baten zaintza eskubidea aldarrikatu nahi dugu, beldurrak gainditzeko gurasoen ondoan egoteko eskubidea berma dadin, Xua, gurasoekin etxera! eskatzen dugu. 

 

Etika kontua da. Gizalege gaia da: datorren urtarrilean Xua Lasagabaster Urangak 3 urte egingo ditu. Xua 2017ko urtarrilaren 19an jaio zen, Picassenteko espetxean (Valentzia). Bere amarekin, Hik Hasiko kide Olatz Lasagabasterrekin bizi da eta noizbehinka elkartzeko aukera izaten du espetxe berean preso dagoen bere aita Patxirekin. Hilabete barru hiru urte beteko ditu Xuak eta Espainiako legeak hala aginduta, bere gurasoengandik bereiziko dute eta ezin izango ditu ikusi bisitetan ez bada. Xuarekin, Olatz eta Patxi ere, zigorraren 3/4ak beteta dituztelarik, etxean izan daitezela aldarrikatzen dugu!

 

Ba al da ume txiki batentzat ezer beldurgarriagorik gurasoak milaka kilometrotara preso edukitzea baino?