Elikatu, hezi, ekin

2019-12-01

Bilbon iragan urrian eskola elikadura osasungarri eta iraunkorraren inguruan egin ziren Gozo I. Nazioarteko Jardunaldien baitan, hemengo zein nazioarteko hainbat esperientzia 

ezagutzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Hitzaldien arloan, elikadura-

trantsizioa egiteko hainbat oinarri eta orientazio 

pedagogiko eman zituzten Gema Celorio eta Mariona Espinet unibertsitateko 

irakasleek eta German Llerena ingurumen-arloko adituak. Eskola-elikadura hobetzeko gakoak 

mahai-gainean jarri zituzten euren hitzaldian. 

 
 

N

ola bilakatu eskola-elikadura, oro har, eta eskolako jantokia eremu hezitzaileago? EHIGE eta Bidezko Elikadura erakundeen Gure Platera Gure Aukera dinamikaren eskutik, eskola-elikadura osasungarri eta iraunkorrari buruzko Gozo I. Nazioarteko Jardunaldiak egin ziren urriaren hasieran, Bilbon. Jardunaldietan, hemengo zein nazioarteko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek hiru egunez, eta, hitzaldietan, elikadura-trantsizioa egiteko hainbat oinarri eta orientazio pedagogiko eman zituzten Gema Celorio eta Mariona Espinet unibertsitateko irakasleek eta German Llerena ingurumen-arloko adituak. 

Agroecologia escolar liburuan jaso dituzte German Llerenak eta Mariona Espinetek eskola-elikadura hobetzeko oinarri eta orientazio pedagogikoak, eta gako horiek mahai gainean jarri zituzten hitzaldian zehar. San Cugateko (Herrialde Katalanak) Udaleko Ingurumen Sailean lan egiten du Llerenak, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan irakasle da Espinet. Unibertsitateko irakaslearentzat, eskolan jatea beste zentzu bat hartzen ari da gaur egun; gero eta garrantzia handiagoa ematen diogu, orain arte izan duenaren aldean. “Jatea mundua eraldatzeko modu bat izan daitekeela ikusten hasi gara, eta, gure proposamenaren bidez, zentzua eman nahi izan diegu hainbat eremutan egiten ari diren urratsei; lekua eman nahi izan diegu”. Llerenak ere abagune polit baten aurrean gaudela uste du: “Eskola-elikaduraren sistema egitura konplexu bezain interesgarria da, eraldaketarako eremu oparoa, ikaslea protagonista hartuta”. 

EHUko irakasle eta Hegoa erakundeko kide den Gema Celorio ere ildo beretik mintzo da. Haren ustez, hezkuntza beharrezkoa da mundua aldatzeko: “Freirek zioen moduan, eskolak berak bakarrik ez du aldatuko mundua, baina ez da aldaketa sozialik gertatuko, eskola askatzailerik ez baldin badago. Askotan, zailtasunak izaten ditugu munduarekiko daukagun begirada kritiko hori gure lan-jardunera ekartzeko, izan irakasle, guraso, ekoizle edota gizarte-eragile. Eskolako testuingurura ekarrita, ikasleak ikasketetan aurrera egitea da irakasleak lortu nahi duena, eta, askotan, lausotu egiten zaizkigu lotura horiek, eta hezitzaileok eraldaketarako dugun funtzioa ahanzten zaigu”. 

 

Zertarako hezi elikaduraren garrantzian?

Espinetek argi dauka: “Askotan, irakasleok gauza praktikoak nahi izaten ditugu.  Hurrengo egunean, proposamenak eraman behar izaten ditugu ikasgelara, eta, askotan, eguneroko dinamikaren zurrunbiloak pentsatzeko uneak bilatzeko zailtasunak ekartzen dizkigu berarekin”. Egiten dutenari zentzua bilatzeko, honako hau proposatzen du irakasleak: “Hezkuntza mota asko daude eskolan: sexu-hezkuntza, bakerako hezkuntza, jasangarritasuna, elikadura, eta askoz gehiago. Zentzu horretan, nik uste dut honako galderari erantzunak bilatzea falta zaigula, eta erronka bezala ikusten dut: zer-nolako herritarra hezi nahi dugu? Bakeari zentzua ematen dion herritarra, jasangarritasunari ematen diona, elikadurari, etab. Eta elikadura modu desberdin, osasuntsu eta jasangarri baterako hezkuntza herritartasunerako hezkuntzaren zerbitzuan dago”. Hori da lehendabiziko urratsa Espinetentzat eta, hortaz, komunitatean adostutako helburuak bilatu beharra dagoela dio. Bigarrenik, eta hau eremu askotan egiten dugula dio, “etorkizun baterako hezten dugu, eta ekiteko itxarote hori ikaragarria da hezkuntzan. Ikaslearen patrikan harritxoak jartzen goaz, egunen batean erabiliko dituela pentsatuz. Baina etorkizunerako hezi behar horrek frenoa jartzen dio heziketarako daukagun gaitasunari. Elikadura-eredu desberdin baterako hezi nahi badugu, eskolan hori bizitzen has gaitezke jada. Hau da, haurrak aukera izan behar du ordezko eredu bat ikusteko, eta eredu horiek eraikitzeko gaitasun handia dugu eskolan”. 

Gema Celoriok ere galdera honetan jartzen du arreta: “Zertarako hezi nahi dugu? Zer lortu nahi dugu? Gustura al gaude bizi garen lekuan biziz? Gustura al gaude jaten dugun bezala janez? Gustura al gaude kontsumitzen dugun bezala kontsumituz? Inporta al zaigu gure inguruan zer gertatzen den? Ulertzen dut niri gertatzen zaidana axola izatea, baina kezkatzen al nau nire bizilagunari gertatzen zaionak? Bidegabekerien aurka altxatuko al naiz? Zentzu horretan, oso garrantzitsua iruditzen zait sumintzeko gaitasuna berreskuratzea, suminduratik eraikiko dugulako justizia. Eta horrek honako  hau galdetzera garamatza: zertarako hezi nahi dugu? Norekin hezi nahi dugu? Eta nola egingo dugu?”

 

Nolako elikadura eraman nahi dugu aurrera eskolan?

Galdera horien inguruan hausnartu ondoren, eskolan nolako elikadura eraman nahi dugun aurrera adostu behar genuke, Espineten ustez: “Oso jangela polita presta dezakegu, haurrak osasuntsu elikatzea lortuz, baina haurrak jabetu ere egin gabe zergatik eta zertarako egiten dugun, eta parte-hartzerik gabe? Edota jantokiaz gain, eskolako elikaduran ikasleak lehen unetik herritar gisa parte har dezan nahi dugu?” 

Ikaslearen parte-hartzearen ideiari tiraka, honela definitzen du Espinetek herritar gisa eskolako elikaduran inplikatzea: “Lehenengo eta behin, ezin ditugu bereiz ulertu jantokia, ikasgela, baratzea eta sukaldea. Bereizita dauden espazio horiek gertuago egon beharko lukete, eta eskola-elikadura egitura guztien artean osatu beharko litzateke”. Bigarren ideia batez ere elikaduraren inguruan kontzientzia hartzearekin lotzen du irakasleak. “Nola egin ditzakegu ikasleak prozesuaren partaide, ditugun erremintak erabilita (komunitatea, curriculuma…)?” Horregatik aldarrikatzen du elikaduraren gaineko erabaki-hartze kontziente bat. Hau da, ikasleak jakin behar du zergatik egin dituen gauzak modu batera eta ez bestera, eta, horretarako, ezagutza izan behar du. Zentzu horretan, irakasle gisa ikasleekin lan egiteko “testuinguru zoragarri” baten aurrean gaudela dio unibertsitateko irakasleak. “Horregatik, ezagutza, helburu gisa baino, ekintzarako erreminta gisa jarriko nuke, eraldaketara bidean”. 

Celoriorentzat ere, elikaduraren gaiak “aukera paregabea” eskaintzen du: “Alde batetik, errealitatearen gaineko azalpenerako aukera asko eskaintzen dituelako eta, aldi berean, errealitatea eraldatzeko gaitasun handia biltzen duelako barnean”. Bi kontzeptu horiek funtsezkoak iruditzen zaizkio irakasleari. “Jarduera hezitzailean, ikasleek protagonismo handia eduki behar dute beren irakasteko eta ikasteko prozesuan. Oso garrantzitsua da eskolan lantzen diren jakintza berri guztiek lotura izatea beren eguneroko bizitzarekin. Alegia, loturak egitea haien eguneroko kezkekin eta mundu hobe bat eraikitzeko konpromisoarekin”. Horregatik, elikadura batasun horretan ulertzeak aukera paregabea eskaintzen duela dio, “dagoeneko herritar diren ikasle horiek –ez dagoelako herritar izatera itxaron beharrik, dagoneko badirelako-, subjektu kritiko eraldatzaileak bihur daitezen”. 

German Llerena ingurumen-hezitzailea ere uste berekoa da. Azaldu duenez, eskola-elikadura egitura konplexu oso bat da, aztertu eta landu daitekeena: “Ekoizpenaren eremua dauka, eta hor kokatzen da baratzea; elikagaiaren eraldaketaren esparrua ere badauka, kontsumoaren atala ere barnean du, eta hor dago jangela… Horrek guztiak joko izugarria ematen digu, zer lortzera eta zer eraldatzera irits gaitezkeen kontuan hartuta”.

Lore baten metaforaz mintzo da Espinet. “Elikaduraren ikuspuntutik, jatea ekintza politiko bat dela esan dezakegu, baina, benetan ekintza politikoa izateko, beharrezkoa da ekintza eta jakintza, biak, barneratzea. Eskolan, ekintzara eramango gaituen jakintza eraikitzeko irakasten dugu. Baina zer espaziotan gertatzen da elikatzearen ekintza eskolan? Jateak, ekintza politiko gisa, espazio ugari hartzen ditu. Konplexuena jangela da, baina badira espazio gehiago ere, elikaduraren gaia lantzeko aproposak direnak. Zentzu horretan, zer egiten dugu ikasgelan? Elikaduraren gaineko kontzientzia hartzeko lanketa egin dezakegu ikasgelan, konpetentzia kritikoak eraikitzeko gunea izan daiteke, ondoren ekintza zuzenera bidean jartzeko. Hortaz, espazio horien arteko lotura horrek hurbilekoa izan beharko luke. Horregatik hitz egiten dugu loreaz. Irakaskuntzaren begietatik, ikasgela erdian dago, baina lotura argiak behar ditu gainerako espazioekin, guztietan ikasten jarraitzeko. Eskolan ez da ikasgela bizitza daukan eremu bakarra. Gainerako eremuak inguruan daude, eta guztiek osatzen dute eskolako bizitza. Ez dugu nahi gainerako espazioak osagarriak izatea. Zentzu horretan, loreak irudikatzen du batasun hori”. 

Haur-eskolen ereduak proposatzen ditu Espinetek inspirazio-iturri gisa: “Interesgarria da haur-eskolak eredu gisa hartzea. Maite ditut haur-eskolak eta duten kultura pedagogikoa. Adibide gisa, oso interesgarria da ikustea etapa honetan nola barneratzen den elikadura ikaslearen eguneroko bizitzan, sukaldeak daukan presentzia, etab. Iturri horretatik gehiago edan behar genukeela iruditzen zait”.  

 

Inguruarekiko konpromisoa

Pedagogiaren ikuspegitik hezkuntzari lotuta, mantso bada ere, berrikuntzak nabari dituzte hiru hizlariek. Espinetek dio irekiagoak diren proposamen pedagogikoak loratzen ari direla hainbat komunitatetan: testuingurura gehiago egokitzen direnak, belaunaldien artekoak...”. Horregatik, pedagogiaren zeregina eskola-elikaduran sakontzen jarraitzeko une interesgarri baten aurrean gaudela dio. Haren esanetan, “elikadurak komunitateak egituratzen ditu, eta curriculuma egituratzen du. Eskolak komunitatearekin batera ekintza eraldatzaile hori nola egituratzen duen ikusteko proposamen egoki bat eskola-komunitatearen barneko hitzarmen sozial berri bat izan daiteke, bai ikaskuntzarako, baina baita aldaketarako ere”. 

Ingurumen-hezitzaile German Llerenak azaldu duenez, “egun eskolan daukagun elikadura-eredu eskasa bera zoragarria izan daiteke ikerlan sakon bat egiteko. Eskola baten kontsumo-katea aztertzen hasi, eta ikusiko dugu nagusia gizonezkoa dela, elikagaien eraldaketarako langileak emakumezkoak direla, eta banatzailea edota soroan lan egiten duena, berriz, atzerritarra, eta azal ilunagokoa. Euskal administrazioek gure zerbitzura jarri dituzten enpresa handi horietan gertatzen denaren gainean ikerlan oparo bat egiteko aukera uzten digu horrek guztiak, eredu hori aldatzea zergatik den beharrezkoa ikusteko. Gauza ekologikoak eta politak bakarrik azaltzen baditugu, ez dugu jakingo zergatik aldatu behar den eredua”.

Celorio ere eskolako parametroetatik atera beharraz mintzo da. Haren ustez, “ikastetxe batek elikadura-eredu justuago, jasangarriago eta osasungarriago baten aldeko proiektuetara trantsizioa egiteko konpromisoa hartzen duenean, bere ingurunearekin ere konprometitzen ari da. Lurraldearekin loturak eraikitzen ari da, inguruneko eragileekin harremanak zabaltzen ari da, eta zentzu hezitzaile bat ziurtatzen ari da, eskolako esparrutik harago, eremu sozialeraino iristen dena; guztiok senti dezagun hezten ari garela, eraldatzen ari garela, eta ekinean dihardugula”. 

 

Lanari ekiteko urratsak

Elikadura-trantsizioa egiteko urratsei dagokienez, ikastetxe bakoitzaren errealitatea osatzen dutenek eta eskola-eragile guztiek berek pentsatu beharreko eginkizunak dira. German Llerena ingurumen-hezitzailearentzat, “eman beharreko urratsak, seguruenera, sektore bakoitzean bizi diren tentsioen araberakoak izango dira. Jende asko gara, testuinguruak zeresan handia dauka, eta urratsak gertaeren eta dauden arazoen araberakoak dira”. 

Mariona Espinetek zenbait urrats proposatzen ditu abiapuntu gisa: “Ikastetxe bakoitzak erreferentziazko ekoizle bat aurkitu beharko luke. Hasteko, ez legoke gaizki bat behintzat aurkitzea. Identifikatzea gertuko zer ekoizle egongo litzatekeen gurekin jarraikortasunez lan egiteko moduan, bere presentziarekin eta lantzen ditugun heziketa-proiektuetan inplikatzeko prest. Beste urrats bat izan daiteke prozesuan inplika daitekeen sukaldari bat bilatzea, eta hark ere zuzenean parte hartzea, ez gelditzea testigantza hutsean. Eta, ondoren, eguerdiko hezitzaileak daude; horiek ere proiektura nola lotu aztertu behar da. Beraz, lehenengo eta behin, komunitate autentiko bat eraiki beharko genuke. Eta autentikoa diodanean, guztiek nahi izateaz ari naiz, eta informazioaren transmisiorako eremu soil ez izateaz. Aitzitik, elkarlanean aritzea izango litzateke helburua. Elkarlana, eskolan elikaduraren inguruko proiektu zehatzak lantzeko”.

Llerenaren ustez, “sarean lan egitea izango da bidegabekeria desegiteko gakoa. Ez daukagu lan hori guztia egiteko denbora eta bitarteko nahikorik. Beraz, guztien jomugak diren horiek lortzeko, eragile bakoitzaren lana sustatu behar da, eta adostasunak bilatu”.