Hizkuntzaren alderdi soziala lantzeari ere garrantzia emanez
Barakaldoko Berritzegunean elkartzen diren ikastetxeetako hizkuntza-normalkuntzako teknikariek ikasgeletan lantzeko material berria prestatu dute. Hain zuzen, euskararen alderdi soziala lantzeko helburuarekin sortu dute DBHrako ‘Zergatik ez dugu egiten?’ unitate didaktikoa. Metodologia aktibo bat erabilita, bi zeregin izango dituzte ikasleek: euskararen egoerari buruz hausnartzea, batetik, eta euskararen erabilera sustatzeko eslogan batzuk sortzea, bestetik.
B
arakaldoko Berritzegunean elkartzen diren hizkuntzanormalkuntzako arduradunen kezka batetik abiatuta, unitate didaktiko bat sortu eta landu dute herriko ikastetxeetan. Guruzne Arregi Minas Institutuko irakasleak kontatzen duenez, Berritzegunean elkartzen diren hizkuntza-normalkuntzako arduradunek kezka bat zeukaten: “Askotan aritzen gara lan eta lan ekintza berriak prestatzen, baina gero gure ikastetxeetara joaten garenean, beste hainbat zeregin izaten ditugulako, sarritan beti presaka ibili behar izaten dugu. Ikastetxeko jai antolatzaileak edo dinamizatzaileak ginen sentsazioa geneukan. Gure zeregina horretara bakarrik ez dela mugatzen uste dugu, eta horregatik erabaki genuen zerbait egin behar genuela egoera aldatzeko. Materiala sortu behar genuela, ikastetxeetara eramateko, eskolan lantzeko, eta modu horretan erabaki genuen unitate didaktiko hau sortzea”.
Bigarren Hezkuntzarako prestatu dute Zergatik ez dugu egiten? unitate didaktikoa, zehazki lehen eta bigarren DBHn lantzeko. Arazo-egoera batean oinarritu dira unitatea diseinatzeko orduan, eta hain zuzen, euskaren erabileraren arazoari erreparatu diote. Arregik aipatzen duenez, “hizkuntza-arloan askotan edukiak lantzen ditugu, gramatika, literatura, gaitasunak… Baina hizkuntzaren alderdi sozialari behar besteko garrantzirik ez zaiola ematen uste dugu”. Bere ustez dimentsio sozial hori lantzea kontzeptuak edota gaitasunak lantzea bezain garrantzitsua da: “Ikasleekin motibazioa lantzea, dituzten aurreiritzi linguistikoak ezagutzea, eta horrekin batera dituzten hizkuntza jarrerak ere kontuan hartzea. Hori guztia landu beharrekoa dela pentsatzen dugu”.
Barakaldoko ikasleak izan dira unitate didaktiko honetako protagonistak. Irakasleak zehazten duenez, bai sare publikoko ikasleak, bai sare kontzertatuko ikasleak. Guztira herriko hamar ikastetxetan egin dute lanketa, eta metodologia aktibo bat erabilita ikasleek bi zeregin nagusi izan dituzte: “Alde batetik, euskararen egoeraren gainean hausnartzea, eta bestetik, euskararen erabilera sustatzeko esloganak sortzea”.
Tribuaren berbak egitasmoaren bigarren sekuentzia didaktikoa hartu dute oinarri unitatea diseinatzeko orduan. Hizkuntza-normalkuntzako teknikariaren esanetan, sekuentzia didaktiko horretatik oinarrizkoena hartu eta lau saiotarako proposamena egin dute. Modu horretan, bi helburu nagusi ditu Zergatik ez dugu egiten? unitate didaktikoak: “Alde batetik, ikasleek ikuspegi kritiko bat garatuz haien errealitate soziolinguistikoa ezagutzea da helburuetako bat. Horretarako, ikus-entzunezko baliabideak erabili ditugu eta ikasleek euren iritziak elkartrukatu dituzte, eztabaiden bidez. Bestetik, euskararen erabileran eragiten duten faktore garrantzitsuenak ezagutzea da bigarren helburu nagusia. Baina ezagutzeaz harago, ikasleek ere euskararen erabileran eragiten dutela eta haiek ere aldaketak egin ahal dituztela ohartaraztea nahi genuen”.
Metodologia zehazteko garaian, arazo-egoera batetik abiatu ziren: euskararen erabilera ezaren arazotik, hain zuzen ere. Hortik abiatuta, pentsamendu errutinak eta pentsamendu trebeziak landu dituzte ikasleekin. Modu horretan plazaratu dituzte ikasleek beraien ideiak eta horien gainean lan kooperatiboa oinarri hartuta egin dute aurrera. Konpetentziei dagokionez, berriz, Heziberrin zehazten diren honako oinarrizko zehar konpetentziak landu dituzte: hitzezko, hitz gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia: komunikatzen jakitearena; eta horrekin batera, norberaren autonomiarako konpetentzia: izaten jakiteari lotutakoa. Oinarrizko diziplina barneko konpetentziei dagokionez, berriz, hizkuntza eta literatura-komunikaziorako konpetentzia izan da jorratu dutena.
Lau saioen dinamika
Unitate didaktikoa lantzeko orotara lau saio proposatu zituzten. Lehendabiziko saioa hasteko Tribuaren Berbak egitasmoko bideo bat erabili zuten. “Bideo horretan Kike Amonarriz agertzen da hiru gazterekin solasean eta mota honetako galderak egiten dizkie: Zuek non ikasi duzue euskara? Zein neurritan egiten duzue? Sare sozialetan zein hizkuntza erabiltzen duzue? Zein, irrati eta telebista entzutean edo ikustean? Ikasleei bideoa ikusi ondoren pentsamendu trebezia bat planteatzen genien. Hau da, galdera horiei erantzutea eta ikustea zer-nolako antzekotasunak edo desberdintasunak dauden gela barruko ikasleen artean”, kontatzen du Arregik.
Lehen saio horretatik ikasleek ateratako ondorioak aintzat hartuta, eurek ere euskararen erabilerarekin arazo bat zegoela onartzen zutela dio irakasleak; Barakaldo bezalako herri batean, kasu gehienetan, eskolan baino ez dute euskara erabiltzen.
Arazo-egoera horretatik abiatuta proposatu zieten euskararen erabilera sustatzeko esloganak sortzea. Hain zuzen, bigarren saioan eslogan baten ezaugarrietan sakontzeko aukera izan zuten ikasleek. Horretarako esloganen inguruko ikus-entzunezko baliabideak erabili zituzten eta modu horretan landu zuten eslogan on batek izan beharreko ezaugarriak zein diren. Ondoren, ikasleek ahozko azalpen bat egin zuten eslogan eraginkorrek dituzten ezaugarriak birpasatuz.
Hirugarren saioan, euskararen erabileran gehiago sakontzeko helburuarekin, bi bideo ikusi zituzten. Lehenengoan, euskaraz egiteko baldintzen ingurukoan, lau baldintza ekarri ditu gogora irakasleak: “Alde batetik, euskaraz jakitea da lehendabiziko baldintza euskaraz hitz egiteko; bigarrenik, beste pertsonak ere euskara jakitea komunikazioa bermatzeko; hirugarrena beste pertsona hori euskaraz hitz egiteko gai dela jakitea; eta laugarrena eta azkena, nahi izatea”. Bideo horren jarraian bigarren bideo bat landu zuten. Euskaraz ez egiteko arrazoien inguruan hitz egiten dute Kike Amonarriz eta Juanjo Aiurrek bideo horretan eta ikasleei arrazoi horien inguruan gogoeta egiteko ariketa bat proposatu zieten: bakoitzak euskaraz ez egiteko hiruna arrazoi idatzi behar zituen, eta ondoren, sailkatu gaitasuna, motibazioa, ohiturak eta inguruaren arabera. Sailkapen horretatik abiatuta eta ateratako ondorioak partekatzeko, ahozko aurkezpenak egin zituzten ikasleek. “Horretatik guztitik joan ziren ateratzen esloganerako ideiak”, dio Arregik.
Laugarren eta azkeneko saiorako gorde zuten esloganak sortzeko jarduera. Unitate didaktikoa Barakaldoko DBHko ikastetxe guztietan landu dutenez, “esloganen zerrenda itzela” osatu dutela aipatzen du Minas Institutuko irakasleak. Hauek dira adibide batzuk: Jalgi hadi euskarara; Komitxigua, etorri paka, euskaraz hitz egitera; Orain animatu gero ez damutzeko; Euskara? Gaztelania? Eustelania!; Hara hara hara, gu euskara gara; Euskara ikasi bizitza hasi; Eti eti eti euskaraz hitz egin beti; Euskara ez da betebeharra, gure nortasuna baizik...
Esloganak idatzi ondoren, Barakaldoko ikastetxeetako leku esanguratsuenetan ipini zituzten, euskararen erabileraren pizgarri izateko asmotan. Erabileraren arazoa gainditu nahi bada, eta ikasleek eurek sortutakoa hizpide hartuta, hobe orain animatu, gero ez damutzeko.