GAIA: KONFINAMENDUAN ETXEAK ESKOLA BIHURTUTA

2020-04-01

3 urteko umeak ko-ro-na-bi-ru-sa hitza esaten, inolako zailtasunik gabe, ama esaten duten modu berean; 6-7 urtekoak ase ezineko jakin-minez edo beldurrez galderak eta galderak egiten; 8-9 urtekoak koronabirusari buruz entzuten dituzten txisteak errepikatzen; eta nerabeak aspertuta gaiaz “paso” egiten edo konfinamenduari nola aurre egin asmatzen. Argazki orokor bateko detaileak izan daitezke, eta jarrera eta erreakzio gehiago ere izango dira argazki horretan. Egoerak egoera eta erreakzioak erreakzio, kontua da COVID-19ak denei eragin diela; gutxiago edo gehiago, baina denei. Zooma hartu eta ikastetxeetara eta etxeetara sartu da hik hasi egoeraren argazki zehatzagoak ateratzera.

 
 

S

ARS-CoV-2 koronabirusak sortutako gaixotasuna da COVID-19, kutsakorra eta munduan zehar azkar hedatzen ari dena. Horregatik izendatu du OME Osasunerako Munduko Erakundeak pandemia, eta Euskal Herrira ere iritsi da. Ongi iritsi ere. Martxoaren 9an Arabako ikastetxe guztiak itxi ziren, martxoaren 13an Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak eta martxoaren 16an Nafarroa Garaikoak, Nafarroa Beherekoak, Lapurdikoak eta Zuberoakoak. Hasiera batean 15 egunetarako, baina gero mugarik gabe luzatu da beste abisu bat eman artean. Ikastetxeak, eskolaz kanpoko jarduera oro, kultur emanaldiak eta irteerak. Eta horren ondotik, konfinamendua; etxetik atera gabe egoteko agindua Hegoaldean eta gurasoekin ordubetez kalera irteteko aukera Iparraldean. Helburua kutsakorra den eta kontrolik gabe hedatzen ari den gaixotasuna kutsatzeko arriskua gutxitzea da. 

 

Euskal Herriko ikastetxe guztiak itxita egoteak ezohiko itxura eman die herriei, auzoei eta etxeei: umeak eta gazteak etxean, guraso batzuk etxetik lana egiten, beste batzuk ohiko lantegira joanez, beste batzuk ohiko lantegira joan ezinik eta etxetik ere telelana egin ezinik, arrisku taldetzat hartzen diren aitona-amona asko bilobak zaintzen... Eta zurrunbilo horren erdian mezu bat: “ikastetxeak ez daude oporretan, eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia ez da eskola-jardueraren etenalditzat hartu behar; aitzitik, ahalegina egin behar da ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten”. 

 

Ezin uka ezohiko egoera horrek lan gehiago, aldatu beharra, ikasi beharra eta egokitu beharra ekarri dituela irakasle eta hezitzaileentzat, eta estres pixka bat sortu duten egunak izan dira hasierakoak. Gasteizko Zabalgana institutuko Miren Fernandez de Betoño ikasketaburuak lan eta lan ari direla dio: “Ez dakit lehen baino gehiago egiten ari garen, baina irakasleok lanpetuta gabiltza: nola bideratu pentsatzen, orain arte beste modu batera irakasten ziren unitate didaktikoak edo ariketak orain telematikoki egin behar dira eta hori nola egin pentsatzen, antolatzen... Gogoz gaude, baina lanpetuta. Erronka berri bat da, txipa aldatu behar dugu eta oso zaila da. Ezin ditugu eskolak modu arruntean eman, eta hasteko, nik uste dut hori asumitu behar dugula lasaitasunez aritzeko. Ahal dugun heinean jarraipena egingo dugu, hori bai, baina argi edukita salbuespen egoera batean gaudela”. 

Iruñeko San Fermin ikastolan ere antzeman dute urduritasunak gora egin duela. Hirune Pellejero ikastolako zuzendari orokorrak uste du hiperaktibitate egoera batean egon direla lehendabiziko egunetan: “Beste egoera batzuetan erresistentzia gehiago egon badaitezke ere, oraingoan alarma egoera hau hain barneratuta dugu, benetan auzolan digitalean ari garela. Ez dakit eguneroko lan kantitatea handitu izana den ala egoera bera: etxean gaude, ez dugu etxetik kanpo inongo aktibitaterik egiten, eta ondorioz badago halako joera bat egun osoan zehar gauza bera egiten jarraitzeko: aldiero korreoan sartu eta zalantzak kudeatzen ibiltzearena, edo ikasleak ere beraien antolaketa desberdina egitearena goizez eta arratsaldez, edo arratsaldez gehiago luzatzearena...”. Horregatik, zuzendaritzak mezu bat bidali zien irakasleei laneko orduak mugatzeko. “Sekulako lan pila egin dugu egun hauetan egoerari aurre egiteko eta guk zerbait komentatu badugu izan da zein pozik gauden irakasleen inplikazioarekin. Horregatik, zubiak eta asteburuak atseden hartzeko probesteko esan diegu. Esate baterako, goizeko 8etan hasi bagara lanean, arratsaldeko 4etatik aitzinera ezin da ikastolako whatsappetan lanari buruz aritu, bestenaz badugulako arrisku bat egunero horrela arituta hemendik hamabortz egunera leher eginak egotearena eta indarrik gabe egotearena”, dio Pellejero zuzendariak.

 

Irakasleak, ikasleak eta familiak, denak daude egoera berri honetan. “Egoera hau denontzat da berria, ikasleentzat ere bai eta ikasleak ere honetara egokitzea zaila da”, dio Argiñe Korta Tuterako Argia ikastolako zuzendariak. “Egunero konektatzen gara, bilerak ditugu lankideon artean, ikasleak berehala konektatzea nahi izan dugu, lanean jartzea, etxerako lanak berehala bidaltzea, zuzentzea, gurasoak deika ditugu... eta horrek estresa sortu du”, kontatzen du Argia ikastolako zuzendariak. “Orduan, lasaitu egin behar dugu, pazientzia izan eta espektatibak jaitsi. Gauza bat da normaltasunez lan egiten saiatzea, baina ez gaude egoera normalean. Galerak edukiko ditugu baina ez da ezer pasatzen; ikasturte batean ikasi ez dena hurrengoan ikusiko dugu, eta hori da ikasi behar duguna”. Lanean baina uneko egoerara egokituta eta espektatibak jaitsita.

 

Lehentasunak aldatu beharko dira, ikasketa-prozesuak adina garrantzi izango baitu guztion egoera emozionalak, fisikoak eta ongizateak. San Fermin ikastolako zuzendari orokorrak dio alderdi horri hasieratik eman ziotela garrantzia: “Lehendabiziko egunetik igorri genizkien familiei eta ikasleei gomendioak eguneroko plangintza bat egin zezaten, eta plangintza horren inguruan, ikasteaz edo lan egiteaz landara beste gauza batzuetarako ere denbora uztea eta horiek ere errutinan sartzea”.

 

Tituluak jokoan daudenean

 

Ikasturte honetan selektibitatea, baxoa, brebeta edota lanbide heziketako azken urteak egiten ari diren ikasleen eta familien egoera da kezkagarriena une honetan. Selektibitatea uztailaren 6, 7 eta 8an egiteko nahia daukate EAEn eta Nafarroan ekainaren amaieran. Baxoaren datak oraindik jarri gabe daude. Selektibitatearen kasuan, Madrilgo Hezkuntza ministerioak eta erkidegoek adostu dutenez, “unibertsitateko sarrera justizia eta berdintasun parametroen arabera egiten dela segurtatzeko, proben eredua eta edukia aldatzea erabaki da, ikasleek ikasgairen bateko eduki-blokeren bat ikasgelan landu ez dutelako kalterik jasan ez dezaten”. Bestalde, baxoa egin behar duten ikasleek proba batzuk jada eginak dituzte, beste batzuk egitekoak ikastetxean bertan, eta azken proba, idatzizkoa eta estatu guztian aldi berean egiten dena, horrekin ez dakite zer pasako den. Lizeoko ikasleen kasua da hori, baina kolegioan ere badute beste proba bat: Brebeta. 3. mailako ikasleek maiatzean ikastolan bertan egiten dute ahozko azterketa bat, eta gero ekainean izan ohi dute Frantzia osoan bigarren proba. Momentuz ez dutela horri buruzko informaziorik dio Kanboko Xalbador kolegioko Eñaut Elosegi zuzendariak.

 

Ikasleak ahalik eta gutxien kaltetzea da helburua eta zentzu horretan San Fermin ikastolan familiak eta ikasleak lasaitzen ari direla dio Lina Andueza Bigarren Hezkuntzako zuzendariak: “Lana egiteko garaian, ez dute arazorik ez zaielako arrotza egiten digitalki lan egitea. Gehiago landu beharrekoa da alderdi emozionala, antsietatea, asko baitute jokoan”. Orientazioa oso inportantea da ikasturte hauetan eta momentu honetan familiekin eta tutoreekin orientazio-saio garrantzitsuak zeuzkaten programatuta. “Beraz, orain, bideoak eta audioak sortu beharko ditugu eta familiekin hangouts moduko plataformekin egin beharko ditugu bilerak, behar baitute emozionalki eta horri erantzun egin behar baitzaio”.

 

Antzeko egoera bizi dute Lanbide Heziketako ikasleek. Erdi zein goi mailako 2. mailako ikasleak enpresa eta erakundeetan praktikak egiten ari ziren une honetan, eta praktika horiek guztiak etenda gelditu dira. Iurretako Lanbide Eskolako Tomas Maguregi zuzendariak dioenez, salbuespen batzuk badira: “Hainbat enpresatan ikasleei etxetik egin ahal izateko lanak bidali dizkiete, baina espezialitate guztietan ez da posible hori”. Praktikak bukatu ondoren eskuratzen dute titulua ikasleek eta horretarako 380 orduko praktika-aldia egin behar dute. “Bizi dugun egoeraren aurrean, badirudi Hezkuntza Ministerioak ontzat emango duela ordu kopuru hori jaistea eta 220 ordurekin nahikoa izatea”, gehitzen du Maguregik.

 

Lehentasuna familiekiko harremana da

 

Eguneroko aurrez aurreko jardunetik distantziako jarduera pasa behar izan dute irakasleek eta ikasleek; taldean aritzetik bakarka aritzera; elkarrekin erlazionatzeko pantaila edo telefonoa behar izatera; ordutegi finkatua izatetik ordutegi berri bat osatzera; lan egiteko moduak aldatzera, azken batean. Denek egin dute aldaketa, batzuek errazago eta beste batzuek nekezago. 

 

Posta elektronikoa, telefonoa, drive, classroom, moodle, jitsi... kontzeptu berriak dira batzuentzat, beste batzuentzat ez. Olaberriko eskola txikian, esate baterako, aurretik horrelako plataformak erabiltzen ohitu gabe zeudela dio Alaitz Makatzaga ikasketaburuak. “Inprobisatzen eta probatzen ari gara”. IKTko mintegitik gomendioak jaso dituzte eta egokiena iruditzen zaien plataformarekin ari dira materialak bidaltzen eta irakasleen arteko bilerak online egiten. “Eskola Txikien sarea ere baliatzen ari gara: eskola txiki guztietako irakasleok sortzen ari garen materiala driven jarriko dugu, ikasleei proposatzen dizkiegun erronkak partekatzeko. Antzeko filosofia daukagunez, elkarren materiala erabili dezakegu driven jarrita”.

 

Haurren adinaren arabera ikasleen jarraipena modu desberdinean ari dira egiten, oro har. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen urteetan materiala prestatu eta korreo elektronikoz bidaltzen ari dira eskola gehienetan. Tuterako Argia ikastolan Haur Hezkuntzako umeei ez diete lanerako materialik igorri. Horren ordez, hainbat aholku eman dizkiete errutina mantentzeko eta euskarazko jolasak, eskulanak, audioak eta pelikulak ezagutarazteko. “Gure egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, inportantea da euskara guztiz ez baztertzea egoera honek irauten duen bitartean”, dio Korta zuzendariak. Zaharragoak diren ikasleen kasuan, edukiak eta azalpenak hizkuntza desberdinetan eskaintzen dituzten plataformak badituzte familientzat.

 

Maria Bonilla Leioako Claret Askartza kristau eskolako Haur Hezkuntzako hezitzailea da eta etapa horretan lehenetasuna familiekin harremana mantentzeari eta umeek oinarrizko errutinak ahal den neurrian mantetzeari eman diote. “Momentu hauetan elkarrekin gaudela adierazi nahi izan diegu familiei, gure babesa eta laguntza eskainiz. Horretarako, umeekin etxean burutzeko hainbat ekintza luzatu dizkiegu, betiere proposamen modura, Haur Hezkuntza ez baita derrigorrezko ikaskuntza”. Umeek etxean ordu asko pasa behar dituztenez, eskainitako proposamenekin, denbora arinduz, esperimentatzen, ezagutzen eta ikasten jarraitzeko materiala eta ekintzak proposatu eta eskura jarri ahal badizkie, ongi deritzote. “Lehenengo egunetan eskolan egunero egiten ditugun ekintzen zerrenda bidali genien errutina moduan, ideiak eta proposamenak bideratuz. Orain, bi egunean behin material zehatzagoa bidaltzen ari gara; ipuin bat gehi eskulanak, fitxaren bat, matematika era manipulatiboan lantzeko proposamenak, hizki saldak, hizkiekin jolasak, bideo edo abestiren baten esteka eta abar”. Orain arte horrela moldatu badira ere, argi daukate egoera aldakorra dela eta malgutasun osoz jokatu behar dutela egoerara egokitzeko. Familiekin komunikatzeko eta materiala bidaltzeko orain arte ikastetxean erabili izan duten plataforma erabiltzen ari dira eta une jakinetan telefonoa ere erabili dute.

 

Erandioko Altzaga eskola publikoko Haur Hezkuntzako hezitzaileek ere egoera ahalik eta eramangarrrien egiteko proposamenak luzatu dizkiete familiei, baina batez ere jolastea gomendatu diete, “jolasa baita ikasteko tresnarik onena”. Familiei igorritako mezuan argi diote: “Ez da komeni umea gidatutako jarduerekin gogaitzea, inprobisaziorako eta aspertzeko tarteak ere interesgarriak dira. Zaindu bereziki pantailen gehiegizko erabilera eta batez ere, jolastu”. Sasoi honetan, “galduko ote dutenagatik” kezkatu beharrean, irabaziko duten horretan fokua jartzeko azpimarratzen dute: elkar topatzeko, etxekoen arteko espazioak eta kontakizunak berreskuratzeko, pazientzia garatzeko, eguneroko erritmo zoroa gelditzeko, sormena eta irudimena lantzeko, zaintza pertsonal eta kolektiboa egiteko eta abar.

 

Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailan gurasoen posta elektronikoaz baliatzen ari dira zentro gehienetan ikasleei lanak bidaltzeko. Batzuek egunero bidaltzen dute lana eta beste batzuek astean behin. Zenbait material inprimatu egin behar zirenez, ikastetxeak erabat itxi aurretik familiei ikastetxera joateko eta materiala hartzeko aukera eman zitzaien hainbat lekutan. “Gure kasuan, familia batzuk ez ziren etorri eta herria txikia denez, irakasleok joan ginen materiala buzoian uztera”, dio Olaberriko eskola txikiko ikasketaburuak.

Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrera, DBHn eta Batxilergoan egoera bestelakoa da. Lehen Hezkuntzako azken bi edo hiru kurtsoetan batzuk chromebook-a erabiltzen edo online lana egiten hasiak daude eta beraz, horien kasuan, modu horretara egiten ari zaie jarraipena. Gauza bera DBHn eta Batxilergoan. Beasaingo institutu publikoko Matematikako irakasle Aloña Azpirozek azaltzen duenez, “zuzendaritzatik jarraibide nagusiak jaso ditugu, gero mintegi bakoitzak bere antolaketa egin du eta hortik aurrera irakasle bakoitza bere eskolak prestatzen ari da: azalpen teorikoak idatzita edo bideoz bidaliz, egiteko ariketak bidaliz, zuzendutakoak ondoren...”. 

 

San Fermin ikastolako Bigarren Hezkuntzako zuzendari Anduezaak dio DBH digitalizatuta daukatela Eki plataformaren bitartez, ikasle bakoitzak bere chromebook-a daukala eta badutela halako kultura bat euren material propioa sortzeko, partekatzeko... “Normaltasunean metodologia honen kontrakoak eta aldekoak daude, baina zalantzarik gabe, horrelako egoera batean oso-oso lagungarria da ikasle bakoitzak etxean ordenagailua izatea eta ohituta egotea lanak partekatzen beraien artean, gurekin...”. Dinamika ez da guztiz arrotza, “egin behar izan duguna izan da antolatu”. Antolaketa horretan hiru ardatz markatu dituzte Zizur Txikiko ikastolan: arloko irakasleek lanak prestatu, bideratu eta dosifikatzea; ikasleei etxean denboraren kudeaketan laguntzea; eta ikasleen jarraipena egiteko tresnak diseinatzea. 

 

Gasteizko Zabalgana Bigarren Hezkuntzako institutuan DBH 3. mailatik aurrera erabiltzen dituzte chrombook-a, liburu digitalak eta moodle eta classroom plataformak. “Salbuespen egoera dela kontuan hartuta, ez da aldaketa handirik izan, ohituta zeudelako ikasle horiek modu digitalean lan egiten. Horiekin arazorik ez dugula izan esan dezakegu”, dio Fernandez de Betoño ikasketaburuak. “DBH 1. eta 2. mailan, ordea, ez dute halako plataformarik erabiltzen eta ikasle jakin batzuekin kostatzen ari zaigu ez daukatelako ordenagailurik edo Interneterako sarbiderik etxean. Orduan, astelehenero lana prestatzen dugu, irakasle guztiek partekatutako drive dokumentu batean jartzen dugu eta hori bidaltzen zaie familiei e-postaz. Momentuz, gehienak ari dira jasotzen eta lanean ari dira”.

 

Kanboko Xalbador kolegioan Easycol plataforma erabiltzen zuten lehendik. “Oraingo egoerarekin, beste urrats bat egin dugu eta Easycol-en bi zentzuetara komunikatzeko aukera jarri dugu”, azaltzen du Elosegi kolegioko zuzendariak. “Barne mezutegi bat izanen da, beraz, familia bakoitzak idazten ahal dio irakasle bakoitzari edo zuzendariari, eta irakasle bakoitzak ikasleei, familiei edo gelari”. Tresna horren bitartez ari dira bideratzen komunikazio guztia eta etxerako lanak igortzen ere bai. “Ostiral arratsaldeko 5etan irakasle bakoitzak bere gela guztiari komunikatuko dio ondoko asterako zer etxerako lan ematen dieten. Astebeteko lana izango da”, azaltzen du Elosegik. “Hori bai, irakasle arduradunak aurretik lan horien informazio guztia jasotzen du eta ziurtatzen du guk finkatu ditugun irizpide batzuk beteak direla”. Irizpide horiek maila bakoitzean zenbat orduko lana eman behar zaien finkatzeko jarri dituzte, “hori baino gehiago gehiegi da eta hori baino gutxiago ez da komeni”. Horrez gain, zurkaitz bakoitzak (maila desberdinetako 12 ikasleren segimendua egiten duen irakaslea) astean behin egingo du kontaktua familiarekin ikaslea ongi doala ziurtatzeko.

 

Lanbide Heziketako ikastetxeetan praktikak bertan behera geratu direnez, plan aldaketak egin dituztela dio Iurretako Lanbide Eskolako zuzendari Maguregik: “Ezin dugu praktikekin segi, beraz, alderdi teorikoari heldu diogu. Une honetan modu telematikoan ikasleei azalpen teorikoak bidaltzen ari gara. Irakasleak buru-belarri zentratu dira horretan eta gure arteko koordinazioa ere modu horretan ari gara bideratzen; bideokonferentziekin, hangouts-arekin eta horrelako erremintekin”. Lanbide eskolen asmoa da konfinamenduak iraun bitartean alderdi teorikoa egitea eta normaltasunera bueltatzen direnean praktikak egitea. “Maiatza bukaeran edo ekaina hasieran bukatu ohi dituzte praktikak, baina aurten luzatu egin beharko da ekaina bukaera edo uztaila hasiera arte modulua osatzeko behar dituzte orduak egin ahal izateko”.

Irakasleak ikasten eta prestatzen

 

Makinaria digitala martxan jartzeko eta egoerari aurre egiteko irakasleek ezinbestean prestatu behar izan dute, helburua argi edukita, Xalbabor kolegioko zuzendariak azpimarratzen duen moduan: “Ondoko asterako lanak prestatzea; konsigna aski argiak izatea parez pare egon gabe ulertuak izateko; manera egoki eta argi batean idaztea ikasleentzako bidali behar dituzten lanak eta materialak; eta ikasleen jarraipena egitea”.

 

San Fermin ikastolako Bigarren Hezkuntzako ikasketaburuak azaltzen du “jarraipen orokorra egiteko site bereziak sortu behar izan ditugu, ikasleek ikasgai guztiak gune bakar batean zentralizatuta izateko, informazio guztia bateratuta edukitzeko” dio. Gasteizko Zabalganako ikasketaburuak ere ikusten du bateratzeko behar hori: “Bestela ikasleak zoratu egingo dira. Dokumentu bat bidali zaie zehaztuz irakasle bakoitzak zein plataforma erabiliko duen. Irakasleriaren erdiak moodle erabiltzen du eta beste erdiak classroom. Baina hurrengo ikasturteari begira, plataforma desberdinekin ibili beharrean bateratu beharra dagoela konturatu gara. Hori da hurrengo ikasturtera begira egin beharko dugun hausnarketa”.

 

Beasaingo institutuko Azpiroz irakasleak ere ikasle bakoitzaren jarraipena egiten ari direla dio, bakoitzaren galderak erantzunez eta zalantzak argituz, galdera horiek ikasle denei bidaliz eta partekatuz eta abar. “Behar bereziak dituzten ikasleen kasuan haien irakasle laguntzailearekin harremanetan gaude, hark egiten dio jarraipena. Eta gauza bera etxez etxeko zerbitzua jasotzen duten ikasleekin. Denok koordinatuta egon behar dugu jarraipena ongi egiteko”.

 

Irakasle batzuek lehendik ere erabiltzen zituzten horrelako plataformak. Azpirozek dio hainbat formazio saio jasotzeko aukera izaten dutela ikasturtean zehar horrelako plataformak ezagutzeko eta nola erabiltzen diren ikasteko. Zabalganako Fernandez de Betoñok gehitzen du irakasleen artean denetarik dagoela: “Institutua irekita dagoenean eta normaltasunez aritzen garenean ere ikusten da hori; batzuk trebeagoak dira eta beste batzuk ez. Baina orain denok asumitzen ari gara behar dugula. Badaude asko dakiten irakasle batzuk eta pila bat ari dira laguntzen gainerakoei”. Erronka berri batean aurrean, beti ikasten. 

 

San Fermin ikastolan erronkatzat hartu dute irakasleen artean komunikatzeko moduak diseinatzea. Anduezak dioenez, “oso ohituta gaude taldeka lan egitera, tutore taldeak gara, ez gara gela bakoitzeko tutoreak, baizik eta maila bakoitzeko sei edo zazpi tutore gara. Baina irakasle guztiok etxetik ari gara lanean eta ondorioz etxetik bilerak egiteko tresnak asmatu behar izan ditugu. Ez da erraza aldiero zortzi pertsona etxetik komunikatzea, baina era berean, ikasleei jarraipena egiteko oso garrantzitsua da irakasleon arteko koordinazioa. Horretarako, gmaileko meet edo hangouts erabiltzen garai gara. Hiru egunetan denok aditu digitalak bihurtu gara”. Olaberriko eskola txikiko irakasleak ere whatsappa eta e-posta erabili dituzte lehen egunetan, baina google meet aplikazioa erabiltzera pasa dira beraien arteko bilerak egiteko.

 

Etxe barruko ahalak eta ezinak 

 

Etxetik lana egiteko ordenagailua eta Internet behar dira, eta hor sortu da arazoa eta erronka. Ikasle guztiek etxetik lana egiteko eta eskolak jarraitzeko baliabideak bermatzen saiatu dira hainbat ikastetxetan, eta beste batzuetan baliabide horien faltan egokitzen eta komunikazioa eta jarraipena beste modu batera bermatzen. Olaberriko eskola txikian Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasle denei etxetik lan egiteko aukera jarri diete, ordenagailurik ez zutenei eskolakoak emanez mailegu kontratu bat sinatuarazita. Tuterako ikastolako familiei ikastolak berak eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak eskaini dizkiete baliabideak. Lehendabiziko egunean bertan zerrendatu zuten zein etxetan ez zegoen ordenagailurik edo zeinetan behar zuten beste bat (daukatena gurasoek behar dutelako), eta ikastolako ordenagailuak banatu dizkiete. Horrez gain, Interneterako sarrerarik ez zuten familiei pintxoak banatu dizkiete Ikastolen Elkarteak, etxe guztietan aukera izango dutela ziurtatzeko. “Denek dute eskubidea”, dio Korta zuzendariak. “Horretarako dauzkagu materialak, ikasleek erabiltzeko, koaderno bat bezalaxe. Beraz, ikasleen esku utzi behar dira”.

 

Gasteizko Zabalgana institutuan ikasle batzuei telefonoz deika aritu dira, “ziurtatzeko ordenagailua eta Interneten duten, e-postaz bidaliko diegun edo posta arruntez”, dio Fernandez de Betoño ikasketaburuak. “Berez oso gutxi dira e-posta ez dutenak eta horien kasuan gurasoak etorri izan dira ikastetxera lanen bila eta telefonoz ere ari gara jarraipena egiten”. 

 

Denetariko egoerak daude eta bideratzeko eta irtenbideak topatzeko aukerak ere anitzak dira. EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imaz horren jakitun da: “Ezin dugu pentsatu ikasleek etxean eskolan egiten zutena egingo dutenik. Familia askotarikoak daude, ordutegia desberdina izango da, bestelako beharrak izango dituzte umeek, hala nola, lasaitzea, jolastea eta abar”. Gainera, eskolako lanak egiteko baliabideak, digitalak zein bestelakoak, denek ez dituzte eskura eta maila berean izango. Kanboko kolegioko zuzendariak badu egonezina horrekin: “Nik badut kezka horrela lan egiteak ez ote dituen ikasleen arteko desberdintasunak areagotuko eta ez ote diren desberdintasun sozialak edo familiaren araberako ondorioak emanen”. Izan ere, baliabide teknologikoez gain, beste hainbat faktore daude. “Agian ikasle batzuek aukera dute lan egiteko ongi, gauzak ulertuz, zentzua emanez, erritmo batekin, diziplina batekin, etxean horretara bultzatzen badute. Eta beste batzuen kasuan etxean gatazkaren bat baldin dago, etxekoek ez baldin badute denborarik edo ahalik segimendua egiteko, familia horietan gainbehera egon daitekeela imajinatzen dut”, laburbiltzen du Elosegik.

 

Gasteizko Zabalgana institutuan ere badute kezka hori, ikasketaburuak azaltzen duenez: “Online dabilen ikasle batek gutxienez freskatuta dauka edukia, zalantza bat bidaltzen badu online erantzuna jaso dezake, eta besteek ez. Argi daukagu, tamalez, desberdintasuna egongo dela eta egoera kezkagarria dela, baina lasaitasunez aritu beharko dugu, ezohiko egoeran baikaude”.

 

EHIGEko koordinatzailearen ustez, oro har, momentuz ongi ari da bideratzen eskolen eta familien arteko hartu-emana. “Baina egoera hau luzatzen den heinean, epe ertainerako plana beharko dugu egoera honi elkarrekin nola aurre egingo diogun adosteko, hau da, bide-orri adostu bat administrazioaren eta eskola-komunitateko kideen artean. Ikastetxeak eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak egokitu behar dira eta horrek adostua izan behar du”. 

Malabarismoak dena kontziliatzeko

Gauza bat da eskolako lanak egiteko materiala familien eskura jartzea, baina behar gehiago ere badira: “Bazterketa egoeran dauden familiek behar bereziak dituzte. Esate baterako, otordu egokiak bermatzea seme-alabei edota Internet zerbitzua, baina ez eskolako lanetarako soilik, baizik eta maite dituzten pertsonekin komunikatzeko”, kontatzen du EHIGEko koordinatzaileak. Horrez gain, seme-alabek behar desberdinak izango dituzte autonomia gutxiago edo gehiago duten neurrian; txikitxoenek arreta gehiago beharko dute eta nerabeen kasuan beharrak bestelakoak izango dira, ikasteko diziplina mantentzea, esaterako. 

 

Horrek dena kontziliazioaren gaia dakar mahai gainera. “Egoera honek begien bistan utzi du gure gizartea ez dagoela prestatuta lana eta familia uztartzeko”, dio Imazek. “Esango nuke krisi honek agerian ipini duela zaintza gizartaren erdigunean jartzeak duen garrantzia”. Kasu askotan aitona-amonak izan dira orain arte gabezia hori estali dutenak; eta umeek aitona-amonekin ezin izan dutenean egon, gurasoek lanak izan dituzte familia eta lana uztartzeko. Lanera joan behar izan duten gurasoen kasuan, ume txikien zaintza bermatu ezinik ibili dira, zaila baita beste pertsona helduren baten laguntzarik ez badute. Guraso bakarreko familiek ere zailtasun gehiago izan dituzte. Egoera horiek bultzata sortu dira zaintza kolektiboak, boluntarioz osatutako taldeak beharra duten familiei laguntzeko. Imazek dio ederra dela horrelako ekimenak sortzea, “baina hala ere zaintza ezin da soilik boluntarioen esku utzi. Zerbitzu publikoen bidez bermatu behar da prestakuntza eta lan-baldintza egokiak dituzten profesionalekin”. 

 

Irakaspenik ba ote?

 

Iurretako Lanbide Eskolako zuzendariak azpimarratzen du egoera kezkagarri honetatik alde positiboa ere ateratzen ari direla: “Guretzat esperientzia berria den honetan izugarrizko bidea deskubritu dugu eskolak ere telematikoan emateko. Irakasleok prestatzen ari gara eta potentzialitate handiak deskubritzen ari gara. Zoritxarrez behartuta, baina ikasteko aukera eman digu”.

 

Tuterako ikastolako zuzendariari ere zer pentsatua eman dio egoerak: “Gure bizitzan dena lotuta daukagu, dena planifikatuta, dena antolatuta, eta bat-batean etortzen da horrelako zerbait eta konturatzen gara ez gaudela prestatuta horretarako. Horregatik, denok ikasi behar dugu, galera denontzat baita”.

 

San Ferminen aukera berri bat sortu zaiela dio Bigarren Hezkuntzako zuzendariak: “Ikasturte honetan ikastolan hausnarketa sakon bat bideratzen ari ginen, hemendik 25 urtetara ikastolatik ateratzen den ikasle baten irteera profila zein izatea nahiko genukeen eta horren haritik nolakoa izan beharko lukeen hezkuntzak. Pandemia honek agian gure irudimena azeleratu dezake eta beste eszenatoki batean jarri”. Ildo beretik mintzo da Pellejero zuzendari orokorra: “Hausnarketa horren barruan, irakaslearen papera aunitz aldatu behar zela aipatu genuen, orain pertsonen hezitzaileak izan behar dugula, pertsona bere osotasunean hartuta. Horrelako egoera batean ohartzen gara hainbeste ikasgai erakusteaz landara, zeinen garrantzitsua den horrelako bizitza egoera bati aurre egiteko erreminta pertsonalak landuta izatea, horiek irakastea: antsietatearen kudeaketa, beldurraren kudeaketa... Aurreko egun batean ikasle batek hala komentatzen zidan: ‘ez gaituzte prestatu horrelako egoera baterako’. Eta zenbatetarako ez gaituzten prestatuko, pentsatu nuen neurekiko”. Horregatik uste dute San Fermin ikastolako zuzendariek aitzindu egin behar dela emozioak kudeatzen ikasten, eta horrek lagunduko duela etorkizunean etortzen den edozein egoerari era egokiago batean aurre egiten.

 

Dena pantailaren bitartez lan egiteak ere beste ikaspen bat utzi du. “Dudarik gabe, aunitz ohartzen ariko gara zenbaterainoko garrantzia duen aurrez aurreko harreman pertsonal horrek”, hausnartzen du Pellejerok. “Aunitzetan ez gara ohartzen, gauza gehienetan bezala, faltatzen zaigun arte”.