Ikastetxera ilusioa ekarri duen proiektua
Ikasturte berezia izaten ari da 2019-2020koa Gasteizko Barrutia eskola publikoan, eta ez koronabirusak eragindako konfinamenduagatik soilik. Mugimendu berezia dago, ilusio berri bat antzematen da ikasleengan, gurasoengan eta irakasleengan. Eskolako atarian zintzilik dauden koloretako banderolek ere horixe adierazten dute. Eta Magnet-Erakarri proiektua da horren erantzulea. Hiru urterako abiatu duten proiektu honekin, artea ardatz hartuta ari dira curriculuma lantzen eskolan.
T
eresa Rodriguez zuzendariak ongi gogoratzen du iazko ikasturte amaieran Eusko Jaurlaritzak egin zion deia. Hezkuntza Sailak EAEko lau ikastetxetan Magnet-Erakarri proiektua martxan jartzeko asmoa zuen, eta hautatuko ikastetxeetako bat Barrutia eskola izan zen (beste hirurak Gasteizko Angel Ganivet, Bilboko Basurto eta Elgoibarko Herri Eskola izan ziren). Programa honen helburua ikastetxeak dinamizatzea, biziberritzea eta daukaten ospea handitzea da. AEBn du jatorria, han sortu zen 70eko hamarkadan, eskola publikoen prestigioa handitzeko asmoz. 2012-2013 ikasturtean, Kataluniako 14 zentro publikotan abiarazi zuten esperientzia pilotu gisa, eta gaur egun ere jarraitzen dute. Bofill erakundeak babesten du Katalunian, eta, diruaz gain, aholkularitza eta laguntza handia eskaintzen dizkiete ikastetxeei.
Barrutia eskolako klaustroan gaia aztertu zutenean, ia aho batez onartu zuten programan parte hartzea. Rodriguez zuzendariak dioenez, “programaren helburua matrikulazioa igotzea zela esan ziguten, ikastetxeari prestigioa ematea eta jendea erakartzea”. Baina klaustrokideek horri baino garrantzi handiagoa eman zioten programak ematen zituen aukera berriei; alegia, aproposa ikusi zuten proiektu berritzaile bat sortzeko eta eskolari beste buelta bat emateko. “Berdin zaigu kanpoan zer gertatzen den, matrikulazioa igotzen den edo ez, guretzat baliagarria bada, aurrera” zioten. Eta horixe ikusi genuen, aberasgarria izan zitekeela guretzat, umeentzat eta familientzat”. Azken finean, zuzendariak argi dio euren helburua ikasleen emaitzak hobetzea dela, bikaintasunerantz eramatea. Zentzu horretan, ikasleen emaitzak eta garapena hobetzeko zer egin dezaketen behatzen dute, eta Magnet-Erakarri programak horretan lagundu diezaiekeela ikusi zuten lehen momentutik. “Guretzat eta umeentzat ona iruditzen zitzaigun, bai eta umeen bizipoza ekar zezakeela ere”.
Barrutia eskolan badituzte beste hainbat proiektu martxan aurretik: ikasketa kooperatiboa, binakako irakurketa, bertsolaritza, musika 2 urtetatik, ipuin-kontaketak adin desberdinekoen artean... Berrikuntzetan parte hartzea beti gustatu izan zaiela diote. Oraingo proposamen berri honekin, aurreko proiektu guztiak biltzeko eta batzeko aukera ikusi dute; beste modu batera esanda, aurreko proiektu guztiak biribiltzeko aukera eman die.
Paperetik praktikara
Magnet-Erakarri proiektuaren oinarria arlo jakin bat aukeratu eta horren inguruan askotariko hezkuntza-jarduerak egitea da, guztiekin curriculuma landuz. Eta, horretarako, inguruko erakunde baten laguntza jasotzen du ikastetxeak. Barrutiaren kasuan, artea da aukeratu duten arloa, eta artearen bidez ari dira lantzen curriculumeko hainbat gai. Bidelagun duten erakundea, berriz, Gasteizko Artium Museoa da. “Euskara ardatz, artea bide” goiburua aukeratu dute proiekturako, eta sormen-baliabide hori irakaskuntzarako tresna metodologikotzat hartuta ari dira jarduerak egiten.
Arduradun bat izendatu dute hasieratik proiekturako, Mari Mar Bueno ikastetxeko irakaslea, eta hark argi ikusi zuen arteak izan behar zuela programa honetan jorratzeko gaia: “Ni musikaria naiz, eta lotura handia daukat artearekin. Hainbat urtean bizi izan dudanaren ondoren, bizipen oso onak izan ditut artearen bidez. Badakit edozer gauza lant daitekeela artearen bitartez, ez bada diziplina bat beste bat: antzerkia, ahozkotasuna, arte-adierazpena... Herri bateko kultura-adierazpena eta herrialde horren ezaugarriak lant ditzakezu artearen bitartez; badakigu musikaren bitartez ezkerreko eta eskuineko hemisferioen arteko lotura lortzen dela, musikak ere matematika dauka oinarrian... Orduan, gozatuz edozein arlo lantzeko erreminta paregabea iruditzen zitzaidan”. Hala, herrialde bat landu behar denean, herrialde horretako margolan bat hartu, eta, horren gaineko hausnarketa eginez, hango klima, bizimodua, ohiturak... ezagut daitezke. “Eta bada beste alderdi bat ere: artean eta arte-adierazpenean berdin dio nolako gaitasuna duten umeek, erantzun guztiak onak dira, positiboak dira, aberasgarriak dira, eta haur guztiak sentitzen dira baloratuak. Hau da, agian egongo da ikasle bat Matematika ikaragarri kostatzen zaiona, baina artearen adierazpen hauetan baloratuta sentituko dena, haren iritziak balioa izango baitu.
Bulegoa eta ordutegian lekua,
garrantziaren adierazle
Ikastetxean bulego bat ere jarri dute, atean, Magnet-Erakarri jartzen duena, eta, horrela, irakasle, guraso eta ikasle guztiek badakite, programaren inguruko zerbait jakin nahi badute, horra jo dezaketela Mari Mar Buenorengana. Tokia eta presentzia eman diote, eta horren adibide da ordutegian ere egin dioten lekua: ikasle guztiek momentu berean Magnet-Erakarri ordua daukate idatzita ordutegian. “Ikasleek badakite ordu horretan denak Magnet-Erakarri proiektua lantzen egongo direla”, dio Rodriguezek, eta Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntzara arteko ikasle guztiez ari da. “Hori izan zen lehendabiziko pistola-tiroa”, gaineratu du Bueno proiektuaren arduradunak. “Ordutegian hori irakurri, eta denak galdezka genituen, Magnet-Erakarri zer zer jakin nahi zuten”. Ordu hori iristean, talde bakoitza bere tutorearekin egoten da, eta irakasle espezialistak haiei laguntzen aritzen dira.
Hasteko, Gorputzaldiak saioekin hasi ziren ikasturte hasieran. Jolasaren, musikaren eta gorputz-adierazpenaren bidez, askotariko dinamikak egin dituzte, eta hainbat balio landu dituzte: enpatia, konfiantza, sentsibilizazioa...
Bigarren jarduera hitzen lantegia izan zen, Nerea Lekuona artistak 4., 5. eta 6. mailako ikasleekin egindakoa. Galdera hau egin zieten ikasleei: zer gustatzen zaizu eskolaz? Nolakoa nahi duzu izatea zure eskola? Bakoitzak hitz bat aukeratu zuen gustatzen zitzaion hori adierazteko. “Enpatia hitza asko atera zen. Baita errespetua, laguntasuna, lankidetza... ere”. Gero, taldeka jarri ziren, eta talde bakoitzak bere hitza aukeratu zuen. Horrela, gela bakoitzean sei hitz atera ziren. Lekuona artistak hizkiak egiteko modu desberdinak eta hizki mota asko ekarri zizkien, eta erakusketa bat antolatu zuten horiekin. Behin erakusketa bukatuta, hitz horiek guztiak bildu, fotolitoak egin, inprimategi berezi batera eraman, eta ikastetxeko sarreran jarri dituzte eskegita. Maitasuna, lagunak, enpatia, etorkizuna, irakasleak eta errespetua izan dira hitz nagusiak.
Orain, jarduera horri jarraipena emango diote: 4., 5. eta 6. mailako ikasleak Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urtekoengana eta Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailara joango dira haiek ikasi dutena haiei erakustera, haien mailara egokituta.
“Gurasoekin ere egin genuen hitzen lantegia”, gehitu du Buenok. “Arratsalde batean, haurrak eskolan zeuden bitartean etorri ziren, eta galdera bera egin zieten. Iritziak eman zituzten, eta Haur Hezkuntzako eraikinean jarri zituzten ikusgai. Garrantzitsua iruditzen zaigu gurasoekin ere lantzea”.
Hirugarren jarduera Jon Ander Sanchez eta Antton Goikoetxea musikariekin egin zuten. Ikasleek musika elektronikoarekin esperimentatzeko lantegi bat antolatu zuten, jarrera ireki eta esperimental batetik abiatuta, musika egiteko hainbat era ezagutzeko asmoarekin. Sintetizadorearekin, erritmo-kutxarekin, mikrofonoarekin, bonboarekin eta danbor elektrikoarekin, 1., 2. eta 3. mailako ikasleek euren musika-lanak egin eta grabatu zituzten.
Bien bitartean, 4., 5. eta 6. mailako hamalau ikaslek dokumental poetiko bat egin zuten, Jorge Moneo eta Rikardo del Conde zinemagileen laguntzarekin. Ni, gu, hau, islak dokumentala izan zen emaitza, baina hainbat gai landu zituzten bidean: irudia nondik ateratzen den, zergatik, nola begiratu behar den, nola entzun, nola aditu... “Ondoren, grabaketak egin zituzten ispiluekin, auzoko txoko kuttunenean, eskolako toki gogokoenean eta abar”, azaldu du Buenok. “Eta, azkenik, norberaren eta ikaskideen erretratuak egin zituzten. Horrekin osatu zuten dokumental poetikoa”.
Jarduera horiekin guztiekin Matematika, Naturaren Zientziak zein Euskara lantzen dituzte. Denak lotzen dituen proiektua da.
Aurkezpena Artiumen
Jarduerak abenduaren 18an Artiumen egin zuten aurkezpenean eman zituzten ezagutzera. “Haurrek eman zituzten azalpenak aurkezpenean izan ziren 400 lagunen aurrean, ordura arte bizi izandakoaren testigantza emanez”, gogoratu du Rodriguez zuzendariak. “Egun horretan estreinatu zen dokumentala, eta ikusgai egon zen Artiumen Gabonetan. Aurkezpen-egunean, eskolan egindako lantegiak jarri zituzten, ikasleek familiekin egiteko: hitzen lantegia, musika eta abar. Jendea lantegi horietara joan zen aurkezpenaren ondoren”.
Horrekin eman zioten bukaera lehen hiruhilekoari. Jarduera asko hilabete gutxian. “Horixe esaten ziguten”, dio, umorez, Buenok. “Aurrena, hausnartzeko esaten ziguten, abiadura handiarekin hasi ginela, eta trankil egoteko. Hausnartu? Hausnartu bitartean ilusioak alde egingo digu, esaten nien. Lehen urtea pentsatzen eta hausnartzen pasatzen badugu, jendeari ilusioa joango zaio”. Jendea ilusionatzea lortu dute, eta ezin diote esan “orain hausnartu egingo dugu”. Hausnartu eta egin, biak batera egin nahi dituzte, hanka sartu eta atera, ilusioa lagun dutela.
Jarduera bete esku
Lehen hiruhilekoko jardueren ondoren, bigarrenekoekin hasita daude. Orain dela bi urte, jolastokia eraldatzeko ideiari bueltak ematen hasi ziren, beharra ikusten zutelako eta argi ikusten zutelako aniztasunari erantzuteko hori egin behar zela. “Une honetan bultzada bat eman nahi diogu horri”, azaldu du Rodriguezek. “Gurasoak proiekturako diru-laguntza lortu nahian dabiltza, eta Artiumekoak arkitektoarekin jarri dira harremanetan”. Horrez gain, ostegun arratsaldeetan guraso talde bat elkartzen da, eskola apaintzeko gauzak egitera.
Ikasleekin batera, munduko hainbat herrialde ezagutuko dituzte. “Ipuin batetik abiatuta, munduari bira emango diogu hamabi herrialdetatik barna” dio proiektuaren arduradunak. “Maila bakoitzak herrialde bat eta hango animalia bat aukeratuko du. Animalia horien ezaugarriak ezagutuko dituzte, eta, ondoren, herrialde horretako musika, dantzak, arte-adierazpen plastikoak eta abar landuko ditugu. Bukaeran, performance bat egiteko asmoa daukagu”.
Artiumekin elkarlana
Artiumekin duten lankidetza oso positiboa eta baliagarria dela diote aho batez Rodriguezek eta Buenok. Orain arte, beti egin ohi zuten bisita Artium Museora talderen batekin, baina ikasle guztiekin joan dira aurten. Ikasle zein irakasleek museoa ezagutu dute, hango hezkuntza-arloaren eskaintza ezagutu dute, eta museoko arduradunek ikastetxea bisitatu eta proposamenak egin dituzte. “Harreman estua dute artistekin, eta artista asko ezagutzen dituzte. Haien laguntzaz lortu dugu artistak gure ikasleekin jarduerak egitera etortzea”, diote Rodriguezek eta Buenok. Azken finean, elkarri zer eskaini eta eman diezaioketen ikusi dute, eta hortik bideratu dute lankidetza. Rodriguezek dio begirada aldatzen lagundu diela, gauzak beste modu batera ikusten, artearen ikuspegitik lantzen. “Bada Artiumekoekin ikasi dugun beste gauza inportante bat ere: galdera irekiak nola egin. Denok dakigu garrantzitsua dela ikasleei galdera irekiak egitea, baina, horrekin batera, garrantzitsua da jakitea galdera irekiek erantzun irekiak eduki ditzaketela; alegia, agian ez digutela guk nahi dugun erantzuna emango, ez dutela guk nahi dugun gaira joko. Galdera irekiak egin behar dira, baina ez bideratuak. Agian, guk nahi ez dugun lekura iritsiko dira, baina utzi egin behar zaie. Eta hori da zaila, ez baikaude ohituta”.
Ikasleei ematen zaizkien erantzunak ere ondo pentsatu beharrekoak dira. Argi erakutsi diete “oso ondo” bezalako balorazioa edo “zergatik?” galdera saihestu behar direla. Barneratuta dauden erantzunak dira, automatikoak ia; alta, ez dira egokienak ikasleentzat. Hobe “zeinen interesgarria” edo antzekoa erantzutea. Ikaslea baloratu behar da, baina beste modu batera, eta hori ikasi dute Artiumekoekin.