JATORRI HISTORIKOETATIK ETORKIZUNEKO ESKOLARA

2020-04-01

AMAIA NAUSIA  HISTORIALARIA

 
 

G

aur egunean ezagutzen dugun eskola eredua ez da berria, gure gizarteko beste erakundeek bezala, eskolak badu bere jatorri historikoa. Gaur ezagutzen dugun eskola eredua helburu jakin batzuetarako sortua izan zen Industrializazio garaian, eskulana beharrezkoa zenean eta Estatuaren eta Sistema Kapitalistaren hainbat balio gizarteratu nahi zirenean. Helburua argia zen, Estatu kapitalista hasiberriak uniformetasunaren eta obedientziaren balioak bereganatuko zituzten herritarrak eta langileak behar zituen.

Beti izan da horrela; mendeetan zehar sistemarentzat elementu doktrinatzailea eta baliagarria izan da eskola. Baita genero-aldea handitzeari dagokionez ere. Badakigu Historian emakumeen alfabetatzea gizonezkoena baino askoz berantiarragoa izan dela. Mendeetan zehar, milaka urtetan ere, erabat baztertu zen emakumeen hezkuntza. Erdi Aroan, esate baterako, eliteko emakumeek bakarrik zuten hezkuntzan sarbidea, nagusiki hezkuntza erlijiosoari dagokiona, baldin eta komentu batean sartzen baziren edo anaia batekin tutorea partekatzen bazuten, nobleziako kideen kasuan adibidez. Ondoren, Aro Modernoan, hiri-eskolak orokortu zirenean, batez ere mutilak lanbideetan aritzeko heztera bideratuak, neskei irakurtzen erakusten zitzaien eta gomendatzen zen idazten mutilei bakarrik irakastea. Azken finean, eta garaiko pentsaeraren arabera, emakume izateko lanbidea gauzatzeko (seme-alabak haztea, etxea eta animaliak zaintzea, eta, gehienez ere, familia-kontuak eramatea) ez zen ezagutza handirik behar. Klaseak ere hezkuntza maila erabakitzen zuen noski; klase altuko mutilek latina, grekoa eta goi mailako ikasketak jasotzen zituzten bitartean, nekazal mundukoek irakurtzen, zenbatzen eta sinatzen ikasiko zuten besterik gabe, edo lanbideetako gaitasunak, hiriko mutilen kasuan.

Beraz, mendeetan zehar eskolak bi funtzio izan dituela esan genezake: batetik, klase eta generoen arteko arrakala handitzea, eta, Industrializazioaren ondoren, Estatuarentzat baliagarriak ziren herritar sumisoak eta produktiboak sortzea.

Galdera beraz litzateke aurrerapausorik eman dugun. Genero arrakala gainditzeko balio al du gaur eguneko eskolak? Klaseen artekoa gainditzeko? Herritar sumisoak sortzen dituen eredua mantentzen du, edo erabaki propioak eta ikuspegi kritikoa eta sortzailea bultzatzen du gure hezkuntza sistemak? Jakina, ez daukat galdera hauentzako erantzun finkorik. Uste dut, aitzitik, kasu askotan tarteko bide batean gaudela, eta hezkuntza-sistemako sektore garrantzitsu bat (gehiengoa dela pentsatu nahiko nuke) gai horiek gainditzen saiatzen den bitartean, oraindik ere erresistentzia handiak sortzen dituen beste sektore bat dagoela.

Horren adibiderik argiena SKOLAE proiektua litzateke, gure haurrak berdintasunean eta errespetuan heztearen alde indar handiz egiten zion ereduari sektore kontserbadoreetako eragileak kontra atera zitzaizkion berehala. Bestalde, generoagatik bereizten dituzten ikastetxe pribatuak diru publikoarekin laguntzen jarraitzen den bitartean, kalitatezko eskola publikoa da, nire ustez, gure gizartean klaseen arteko aldea murrizteko bermerik handiena. Horregatik, beste behin ere, eskola publikoaren kontra sektore pribilegiatuek murrizketen bidez egiten dituzte erasoak.

Baina bada beste galdera bat argitzeke: haur autonomo, sortzaile eta kritikoak hezten ditugu? Edo industrializazioaren ereduan jarraitzen dugu, non obeditu eta produzitzen duten izaki automatak baino ez ditugun nahi? Uste dut hemen eskolak oraindik konpondu gabeko erronka handia duela; Haur Hezkuntzaren salbuespenarekin, etxeko lanei, sormen gutxiko espazioei eta liburu akademiko tradizionalei lotutako eskola eredua dugu.

Ama, historialari eta feminista naizen heinean, uste dut eskola publikoa dela gure itxaropena; aukera-berdintasuneranzko aldaketa gidatuko duena, espazio sortzaileak ahalbidetuko dituena, gizabanako kritikoak sortuko dituena, hain zuzen ere, gaixorik dugun sistema honekin apurtzen ausartuko diren herritarrak heziko dituena.