GAIA: TEKNOLOGIA DIGITALAK PEDAGOGIAREN ZERBITZURA
Eskolak ixtearekin batera, hezkuntza ikastetxearen ingurunetik online-ingurunera pasa zen. Baliabide eta tresna digitaletan adituak bilakatu dira irakasle eta ikasle asko, baina horrek ez du esan nahi konpetentzia digitalak betetzen direnik, tresnak erabiltzen jakitetik harago baitoaz gaitasun digitalak, Amaia Arroyo Sagasta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasle eta ikerlariak Hik Hasi Laborategian eman zuen ikastaroan adierazi zuen bezala: " Konpetentzia digitalak esaten digu askoz haratago joan behar dugula". Jarraian Arroyo Sagastaren' Teknologia digitalak hezkuntzan: aldaketarako aukera baliatzen' ikastaroko bi atal nagusiak jaso ditugu, kokapen kontzeptuala alde batetik, eta praktikarako tresna eta baliabide interesgarriak eta gidalerroak azaltzen dira, bestetik.
K
oronabirusaren osasun-krisiak online-testuingurua hezkuntza-arautuarekin jarraitzeko bide bakartzat ezarri digu aurrez aurre, eta egun batetik bestera, irakasleak, zeinak lehendik ere formazio asko jaso izan dituzten gaiaz, praktikara pasa beharra izan dute bat-batean. Plataforma digitalak, meet-ak, Zoom, Jitsi edota Google Clasroom hiztegi berriko hitz arrunt bilakatu ditu osasun-krisiak hezkuntzan. Irakasleek online testuingururako materiala sortu beharra izan dute buru-belarri, plataformak baliatu dituzte ikasleengana iristeko eta haiei edukia emateaz gain, haiengandik galdera, erantzun, gogoeta eta feed-backak jasotzeko. Ibilian-ibilian, ordea, galdera asko sortzen dituen eremua da online-testuingurua, bai alor teknikoan —besteak beste, zein diren baliabide aproposenak helburu didaktiko bat edo beste bat erdiesteko—, baina baita alor etiko eta humanistikoan ere itaun asko irekitzen dituen eremua da teknologia digitalena.
Hik Hasik maiatz eta ekain parterako urgentziaz antolatu zuen laborategiko ikastaro bat, baliabide eta metodologiei eskainiriko mintegiko ikastaro bat, hain zuzen ere, galdera horiei —eta gehiagori— erantzuteko baliatu nahi izan zuen, eta horretarako gaian espezialista eta apasaionatua den irakasle batengana jo zuen: Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Zientzien Fakultateko Amaia Arroyo Sagastarengana. Berau aurreko HIK HASI aldizkarian ere agertzen zen, UEUk eta EHUk elkarlanean argitaratu zuten IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan liburuaren editore eta egileetako bat baita. Arroyo Sagastak COVID-19ak eragin duen eraldaketa hezkuntza hobetzeko baliatzeko proposamena egin zuen Teknologia digitalak hezkuntzan: aldaketarako aukera baliatzen ikastaroan.
Zertaz ari gara konpetentzia digitalaz ari garenean?
Ikastaroa abiatu aurretik, hainbat termino argitu zituen Arroyo Sagastak, teknologia digitalaz ari garenean guztiok gauza bertsua uler dezagun. Hasteko, IKT akronimoa baztertu eta teknologia digitala aldarrikatu zuen. “Teknologia digitalen atzean tresnak daude, baina beste hainbat gauza ere badaude, pertsonek egiten eta sortzen baitituzte. Arkitektura eta atzean zer interes dauden kontuan izatea ere garrantzitsua da, tresnak ez baitira neutralak eta, beraz, jarrera kritikoa behar da”.
Euskal Herrian eta Europan hiritarren konpetentzia digitala zehazteko erreferentzia gisa erabili diren bi marko ezagutarazi zituen irakasleak konpetentzia digitala zein gaitasuni deitzen zaion esplikatzeko: DigComp markoa eta DigCompEdu markoak. Marko horien helburua da argitzea konpetentzia digitala ez dela mugatzen gailuen erabilerara, baizik eta begirada zabaldu eta konpetentzia digitala oinarrizko gaitasun gisa ulertaraztea, alegia. DigComp markoak konpetentzia digitala bost alorretan banatzen duela azaldu zuen Arroyo Sagastak: 1) Informazioa eta informazioa alfabetatzea. 2) Komunikazioa eta kolaborazioa. 3) Eduki digitala sortzea. 4) Segurtasuna. Eta 5) Arazoak ebaztea.
Informazioa eta informazio-alfabetatzearen barruan, informazioa maneiatzearekin lotuta dauden konpetentzia edo azpi-konpetentzia guztiak biltzen dira: nabigatzea eta informazioa, datuak eta eduki digitala bilatzea eta iragaztea; informazioa, datuak eta eduki digitala ebaluatzea eta berreskuratzea... Alor hau, Arroyo Sagastaren aburuz, “oinarrizkoa” da, “bestela, gaur egun dagoen informazio guztiarekin galduta gaude edo bestela bilaketak egin eta topatzen dugun lehenengo gauza hartzen dugu. Konpetentzia digitalak esaten digu askoz haratago joan behar dugula”.
Komunikazioari eta kolaborazioari dagokienez, markoak dio gailu digitalak besteekin harremanetan jartzeko eta komunikatzeko ez ezik “elkarrekin eraikitzeko, lan egiteko eta ikasteko” ere erabiltzen jakin behar dugula. Alegia, “COVID-19aren tesutuinguru honetan sortzen ari diren egoeretan ikusi duguna egiteko”. Horrez gain, alor honek ere parte hartzea eta identitate digitala bezala kontzeptuen inguruko gaitasunak ere gain hartzen ditu.
Eduki digitalak sortzearen alorra litzateke, irakaslearen arabera, ezagunena konpetentzia digitala sakon ezagutzen ez badugu. “Inguruan bideoak edo infografiak egiten oso ona den norbait ezagutzen badugu, esaten dugu ‘oso konpetentea’ dela digitalki, baina hau atal bat da, ez da bakarra”. Markoak zehazten du, gainera, eduki digitala sortzeaz gain, sarean aurkituriko informazioa erabiltzeko arauak eta lizentziak errespetatzen jakin behar dela. Gainera, programazioarekin lotutako gaitasunak ere sartuko lirateke alor honetan.
Segurtasunari dagokionez, hizlariak zehaztu zuen segurtasun digitala ez dela ziberbullyngaren inguruko afera soilik, alor oso desberdinak ukitzen baititu: “Zenbat ordu pasatzen ditugun pantailaren aurrean; zein posturatan gauden pantailaren aurrean; gailuak erosten ditugunean ingurugiroan eta beste herrialde batzuetako egoeran duen inpaktuaz jabetzen garen… hori guztia ere esan nahi du”. HUHEZIko irakaslearen aburuz atal hau oso garrantzitsua da, batez ere, etorkizunera begira jartzen bagara: “Teknologia digitalei loturiko zenbait gai etikoki jorratu beharko genituzke, argi dago horrela ezin dugula jarraitu”.
Arazoen ebazpenari dagokion atalak ez die soilik arazo teknikoei egiten erreferentzia, “erabaki digitalei” ere badagokie. “Ordenagailua blokeatu egin zaigula, edo proiektorea ez dabilela… baina ez da hori bakarrik kontuan izan behar duguna: ‘Nola erabil dezaket teknologia modu sortzailean nire ikasleen motibazioa pizteko, edo metodologia berritzaileak edo aktiboak erabiltzeko?’, hori guztia sartuko litzateke arazoen ebazpenean”. Norberaren konpetentzia digitalez hausnartzea eta norberak dituen gabeziak detektatzea ere beharrezkoa da hiritarren konpetentzia digitala zehazten duen markoaren arabera.
Hiritar guztien konpetentzia digitalak dira DigComp markoak zehazten dituenak, beraz, apurka-apurka haur, nerabe eta gazteak eurenganatzen joan beharko liratekeen gaitasunak dira. Irakasleen egitekoa ikasleengan konpetentzia horiek sustatzea bada, eta ikasleak teknologia digitalean DigComp markoak ezartzen dituen konpetentziak erdiesten laguntzea bada, irakasleak berak jantzi behar du lehenik teknologia digitaletan. Horretarako sortu zen, DigCompEdu markoa. “Irakasleok izan beharko genituzkeen konpetentzia digitalak definitzen dituen markoa da, gure ikasleen konpetentzia digitala sustatzeko eta garatzen laguntzeko”, azaldu zuen laborategiko irakasleak. Konpetentzia profesionalak; konpetentzia pedagogikoak eta ikasleen konpetentziak zehazten ditu. Markoaren muina konpetentzia pedagogikoek osatzen dute, baliabide digitalak aukeratu, sortu, kudeatu eta partekatzeko gaitasunaz ari da; irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesu horiek sustatzeko gai izan beharko ginatekeela dio, online ingurune batean eta online dauden baliabideak erabiliz irakaskuntza, gidaritza, tutoretza, ikaskuntza autogidatua nahiz kolaboratiboa baliabide digitalekin sustatzeko gaitasuna nabarmentzen du. Edukiak sortzetik harago, feed-backa jaso, ikasleen jarraipena egin eta ebaluatzeko gaitasuna izatea beharrezko jotzen ditu markoak. Horrez gain, ikasleen ahalduntzeari garrantzia ematen dio DigCompEdu markoak, inklusioaz, irisgarritasunaz, pertsonalizazioaz ari da markoa. Baina Arroyo Sagastak azpimarra berezia egin zion konpetentzia profesionalaren barruan zehazten den konpromiso profesionalari: “Une honetan ezin zaio bizkar eman ikasleen konpetentzia digitala lantzeari, hau ez da hautu bat, ezin dugu esan “niri ez zait hau guztia gustatzen, beraz, ez dut landuko. Egoera honek argi utzi digu”.
HUHEZIko irakaslearen aburuz, ez da gakoa konpetentzia digitaletan “top” izatea, eta are gutxiago merkatuan dauden gailu, baliabide eta tresna guztiak ezagutzea. Amaia Arroyo Sagastarentzako gakoa teknologia digitala irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren zerbitzura jartzea da. Ikuspuntu teknopedagogikoa deitzen dio horri, eta are gehiago, ikuspuntu teknopedagogiko kritikoa sustatu behar dela uste du: “Defendatzen dudana teknologiaren erabilera pedagogikoa da bai, baina ikuspuntu kritiko batetik; nik irakasle moduan erantzukizun bat daukat nire ikasleen garapen integralarekiko, eta digitalean ere bai”.
Teknologia digitalak zer eskain diezaioke hezkuntzari?
Teknologia digitalak ekarpen handia egin diezaioke hezkuntzari, Amaia Arroyo Sagastaren arabera, baina horretarako, lehenik eta behin erdigunean ikaslea jarri behar da, eta ez gailuak. “Askotan ikuspuntu instrumentalera jotzeko joera dugu, eta tresnei begiratzeko. Ez, ikaslea da erdigunean egon beharrekoa, eta are gehiago: nik zabalduko nuke eta pertsonak esango nuke”. Lehenik eta behin, gaur eguneko ikasleak ez direlako, askotan esaten den bezala, natibo digitalak. “Ideia hori baztertu egin beharko genuke. Egoera edo belaunaldi batean jaiotzeak ez dizkigu, magikoki, konpetentzia batzuk ematen. Gu denok kotxez inguratuak jaio gara, baina horrek ez du esan nahi denok konpetenteak garenik kotxeak gidatzen, edo motor batek nola funtzionatzen duen badakigunik… Teknologia digitalez inguraturik jaiotzeak ez digu bermatzen horiek erabiltzen jakitea edo etikoki eta osasunaren aldetik ondo erabiltzea”. Natibo digitala kontzeptuaren aldean, “umezurtz digitalena” erabili zuen: “Teknologia ematen diegu eta beraiek guk baino gehiago dakitela esaten dugu, baina gero kexatu egiten gara teknologiak ez dituztelako ondo erabiltzen. Helduen gidaritza behar dute, gure laguntza eta aldamiajea”.
Ikaslea ardatz jartzearekin batera, teknologia digitalek aukerak ematen dizkiote ikaslearen prozesuari, baina aukera horiek baliatzeko, lehenik eta behin ikaslearen ongizatea bermatu behar da, “bai segurtasun aldetik —gu ere bagara erantzule ingurune digitaletan hainbat arriskutan ez erortzeko—, baina baita aukeren ikuspuntutik ere”. Haatik, arrakala digitalaren gaiari heldu beharrekoa deritzo, COVID-19ak eragindako krisiak argi utzi baitu arrakala digitala arrakala sozialarekin bat datorrela, eta handia dela: “Irakasleok ere horretan indarra egin behar dugu, baliabiderik ez dutenekin edo konpetentzia maila baxua dutenekin hor egoten eta saiatzen”.
Aukerei dagokionez, teknologia digitalak “konpetente digitalak” sortzeko eta garatzeko aukera eskaintzeko balio du. “Gaur egun Euskal Herrian gizarte digitalean bizi gara, eta errealitate horretan konpetente digitala izateak aukera asko ematen ditu, zoriontsuago izateko, bizimodua aurrera ateratzeko, artista moduan garatzeko, eta abar”. Gaur eguneko errealitatean ez ezik, etorkizunekoan are beharrezkoagoa izango da konpetentzia digitala garatzea; “Etorkizunerantz daukagun bideak batzuetan beldurra ematen digu, hor dago Big Data, Machine Learning, inteligentzia artifiziala… etorkizuneko lanbide horietan lan egingo dutenek jakin behar dute etikoki eta teknikoki balio batzuk izaten eta erabaki batzuk hartzen denon ongizatea eta garapena ahalik eta osasuntsuena eta jasangarriena izateko. Horretarako prestatu behar ditugu gure ikasleak”.
Tresnak eta baliabideak
Kokapen kontzeptuala egin ostean, alderdi praktikora etorririk, hezkuntzan eta ikaskuntza-prozesuetan baliagarriak eta interesgarriak izan daitezkeen tresnen berri eman zuen HUHEZIko irakasleak. Erremintak aurkeztu aurretik, buruan helburu didaktikoa edukitzearen garrantzia azpimarratu zuen irakasleak. “Helburu didaktikoak argi eduki behar ditugu eta gero has gaitezke tresnetan pentsatzen. Askotan entzun dut, ‘bloga erabiltzen hasi behar naiz eta jakin nahi dut zer egin dezakedan’. Hori ez da bidea. Lehenengo zer egin nahi dugun jakin behar dugu, eta ondoren, tresnak bilatuko ditugu”. Izan ere, tresnak eta baliabideak milaka daude erabilgarri, beraz, baliabideak antolatzea komeni da. Arroyo Sagastak DigComp markoaren arabera antolatu zituen erreminta interesgarriak.
Markoaren lehen alorrari begira, informazioaren alorrerako interesgarriak izan daitezkeen tresnei dagokienez, bilatzaileak ugaritzea gomendatu zuen, Google, Bing edo Yahooz gain, DuckDuckGo aipatu zuen. “Azken hori pribatutasunarekin kontzientzia handia daukan bilatzaile bat da eta merezi duela uste dut”. Helburua ez litzateke beti DuckDuckGo erabiltzea, irakaslearen ustez, baizik eta bilatzaileak konbinatzea: “Azken finean bai geure buruak eta baita ikaslea ere hainbat iturri erabiltzera behartzea da, eta kontraste-lana sustatzea, horrela eraikitzen baita jakintza”. Irudien bilatzaileei dagokienez, modu librean erabil daitezkeenak aipatu zituen: Pixabay, Pexels eta Creative Commons bilatzailea. “Baliabide horien inguruko gakoa pentsamendu kritikoa sustatzea da”, eta hori, irakaslearen aburuz, lehenengo etapetatik egin behar da: “Aldamiaje handia egin behar da, beraiekin egin behar dira bilaketak, oso gidatuak izango diren bilaketa gutxi baina esanguratsuak”.
Markoaren bigarren alorrari dagokionez, komunikazioa eta kolaborazioarena, aldi berean egiten den komunikaziorako edo komunikazio sinkronorako Google meet, Zoom edo Jitsi (bideokonferentziak egiteko), edo Googleren txatak aipatu zituen. Baina tresnetatik harago, horiek nola erabili garrantzizkotzat jo zuen: “Ezin dugu egin lehen bost ordu klase genituen bezala, orain bost orduko bideo-konferentziak egin: online-ingurunea ez da horretarako. Presentzialtasuna edo sinkronotasuna zaindu eta neurtu egin behar da eta komunikazio asinkronoarekin edo momentu berean gertatzen ez den komunikazioarekin konbinatu behar da”. Horretarako, oso tresna oinarrizko eta erabilgarriak dira foroak batetik, Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklotik aurrera balio dezaketenak, irakaslearen iritziz —Moodle plataforman daudenak izan daitezke hezkuntzan erreferentzia, nahiz eta gehiago badauden—; eta beste aldetik, bideoak. Horiekin, ikasleek nahi dutenean eta nahi beste ikus ditzakete irakaslearen azalpenak edo bestelako edukiak.
DigComp markoaren hirugarren atalari, eduki digitala sortzeari, dagokionez aukeren ugaritasuna azpimarratu zuen Arroyo Sagastak: “Online-ingurunera salto egiten dugunean beti dokumentuetan pentsatzen dugu eta pdf-ak igotzen ibiltzen gara, baina aukera ugari daude: aurkezpen interaktiboak, bideoak, infografiak, jolasak eta abar”. Googleren tresneria guztiaz gain, Microsoft paketea eta software askeko tresna guztiak daude. Gomendatu zuen infografiak eta aurkezpenak ikasleei eurei egiteko proposatzea jarduera gisa, horretarako Genially edo Canvaren erraztasuna eta erakargarritasuna aipatu zituen. Jolasak ere proposamen onak izan daitezke, eta Educaplay, eXeLearning (software librean), Quizziz edota Kahoot! aipatu zituen.
Gakoa, tresna bat edo bestea aukeratzean, sormena bultzatzearen alde egitea da, Arroyo Sagastaren iritziz. “Askotan pentsatzen dugu eduki digitala sortzearen arduradunak gu geu garela, baina ikasleei pilota hori pasa diezaiekegu, eta horrekin beraien sormena, gustua, askatasuna, arterako gustua eta konpetentzia lantzeko aukera bultza dezakegu”.
Ikasleei proposatuko dizkiegun tresnen artean koherentzia bat edo narratiba bat mantentzea garrantzitsua da irakaslearentzat, “ikaslearentzat ulergarria izan dadin eta tresna batetik bestera saltoka ibil ez dadin”. Plataformek bateratzen dituzte tresnak, eta horien artean hezkuntzan bereziki Moodle eta Google Classroom erabiltzen dira. Moodlen aldekoa da Arroyo Sagasta, “software librea izateaz gain aukera pila bat eskaintzen ditu”.
Baliabideen atala ixteko, nabarmendu zuen erremintekin itsutu gabe eta hamaika tresna erabiltzen ibili beharrean, aukeraturiko horiek “pedagogikoki, metodologikoki eta didaktikoki ondo aprobetxatzea” aski dela.