PANDEMIAK UTZITAKO URGENTZIAZKO EGOERAN, ZER ALDARRIKATZEN ETA ESKAINTZEN DU HEZKUNTZA PLAZARAK?

2021-01-01
 
 

Gogorra izan da 2020 urtea, Euskal Herrian zein munduan, COVID-19aren ondorioz, ziurgabetasunez betea, eta ez dakigu, aurrerantzean ere, zer datorkigun. Ezegonkortasun egoeran jarraituko dugula dirudi edonola ere, eta, oro har bezala, hezkuntzan ere, horretarako prestatu beharra daukagu.
Ikusi dugu COVID-19ak nolako astinaldia eragin duen hezkuntzan. Inork aurreikus ezin zezakeen egoera sortu, eta, hezkuntzan aurretik bizi genituen hainbat arazo eta arrakala sakondu eta azkartze-prozesuan jarri ditu, bai arrakala sozioekonomikoa, linguistikoa, kulturala zein genero ikuspegikoa. Lehenago bizi genituen egiturazko arazoak eta gure hezkuntza-sistemen ezintasunak, inoiz ez bezala, agerian jarri ditu pandemiak.
Horren aurrean, hezkuntza-komunitateen lan eta ahaleginak soilik bermatu du ondorioak larriagoak edota itzulezinak ez izatea. Irakasle, hezitzaile, ikasle, langile zein familien ahalegina izugarria izan zen pasa den ikasturtean eta horretan dihardugu ikasturte berrian ere. Baina, ez da nahikoa, egoeraren diagnostiko zorrotz bat eta horri aurre egiteko plangintza eta baliabideak behar dira, zeren horiek gabe ez dakigu noraino irits gaitezkeen hezkuntza-sistemek kolapsatu gabe.
Zentzu horretan, administrazio ezberdinen kudeaketa tamainako egoeraren aurrean ezegokia eta salagarria ere izan da, eta izaten ari da, inprobisazioz jokatzen ari direlako, eta, oraindik ere, hainbeste hilabete pasa eta gero ere, planifikaziorik gabe eta neurri zein baliabide eraginkorrik gabe jarraitzen dugulako.
Egoera larria da, eta ikasturteari kezka handiz begiratzen diogu, ikastetxeetan langileen gainean egon da karga handiena eta heldu ezinean ibili dira. Gainera, protokoloen beharra ulertuta ere, baliabiderik gabe, hartu diren hainbat neurrik izan lezaketen eraginkortasunak ere kezkatu egiten gaitu. Ikasleak dira honen guztiaren kaltetu handienak, beraien garapen integrala baita jokoan dagoena, eta baldintza hauetan hori bermatzea ezinezkoa da. Urgentziazko ondo landutako plana behar da eta hezkuntza-komunitatearen iritzia aintzat hartu behar da. Sakona da arazoa. Hezkuntza-sistemetan pandemia aurretik bizi ditugun arrakalak egiturazkoak direla uste dugu, eta beraz, tamaina bereko soluzioak behar dira.
Gogoeta horretatik abiatuta, kezka eta premia larria sentitzen dugulako sortu zen iaz Hezkuntza Plazara. Ekimen honen oinarrian, hezkuntza-komunitate ezberdinetako kideak gaude, pasa den ikasturte amaieran sortu ziren mobilizazio eta aldarrikapenen bueltan ibili ginenak, pasa den irailean ere hezkuntza-eragileek deitutako ekimenetan parte hartu genuenak, ikastetxe batzuetan borroka propioak abiatu zituztenak, eta, bakoitzak bere eremuan eta bere eremutik ekarpena egin nahi dugunak, dena beharko baita gauzak eraldatu nahi baditugu. Izan ere horixe da gakoa: eraldatzea.
Hezkuntza Plazara Araba, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako herri zein auzoetako hezkuntza-komunitate guztien aktibaziorako deia da. Hezkuntza-eremuan bizi dugun egoera larriaren aurrean, protagonista zuzenak garen hezkuntza-komunitateon elkarlanerako deia ere bada. Horretarako, tokian toki irakasleak, hezitzaileak, ikasleak, gurasoak zein langileak elkarrizketan jartzea ezinbestekoa dela uste dugu, elkarrekin gogoeta egitea, elkarrekin jardutea eta elkar zaintzea.
Horrez gain, hezkuntza ikastetxe barnean gertatzen den hori baino gehiago dela sinisten dugu, hortik harago ere prozesu hezitzaileak gertatzen direla badakigulako, eta denaz gain, gizarte ardura dela. Horregatik uste dugu, eta hala adierazi nahi izan genuen abenduaren 1eko mobilizazio egunean, herri eta auzoetan ahalegina egin behar dela ikastetxeetan dauzkagun egoerak eta bizi ditugun premiak barnebiltzen gaituzten komunitateekin partekatzeko eta auzo/herri eragile askotarikoak zein herritarrak ere gure aldarrikapenen partaide bilakatzeko.

Pandemiaren aurrean, aktibatu
Pandemiak hezkuntzan sortu duen egoeraren aurrean hezkuntza-komunitateak (pluralean) aktibatu, eta bizi eta pentsatzen duguna gizarteratzeko asmoz sortu zen Hezkuntza Plazara, eta horrekin batera, bestelako irtenbide batzuen bueltan indarrak biltzeko intentzioz ere bai. Izan ere, gure ustez, posible zen eta da egoera hau beste era batean kudeatzea, posible da ikasleak eta hezkuntza-komunitateak erdigunera ekarri, eta, zentzu komuna oinarri izanda, beste bide batzuk urratzea pandemiaren ondorioz ez dezagun etorkizuna hipotekatu. Posible eta beharrezkoa da egoera honi erantzun integrala ematea, eta gure hezkuntza-sistemek aspaldian nozitzen dituzten agortze zantzuei irtenbide eraldatzaileak definitzen hastea.
Norabide horretan, lehenik eta behin, egoera zail honetan hezkuntza-komunitateetatik egindako ahalegina aitortu egin behar dela esanez abiatu zen ekimena, eta, komunitatea osatzen duten subjektuetako bakoitzari berea aitortu behar zaio, gainera.
Ikasleak dira hezkuntza-prozesuaren subjektu eta daukaten hezkuntza- eskubidea era integralean bermatu behar da. Edozein neurri edo erabakiren erdigunean egon behar dute. Eta, pandemiaren testuinguruan, urgentziazko neurriak hartu beharra dago, ez soilik ikuspegi “sanitario” hutsekoak, baizik eta, ikasle horien hezkuntza-prozesua bermatuko duten neurri eraginkorrak, ikuspegi integral batetik hartuak.
Bestalde, hezkuntzako langileen bizkar gainean ezin da jarri egoera honi aurre egitea, batetik, ez dagokielako, eta, bestetik, ez zaielako, gainera, behar besteko baliabiderik ematen exijitzen ari zaien ardura betetzeko.
Familien egoera ere aintzat hartu behar da. Hezkuntza/ikastetxeak ez dira gurasoak lanera joatea ahalbidetzeko haur zein nerabeen aparkalekua. Baina, era berean, ziurtatu egin behar da kontziliazioa posible izango dela (jangelak, orduz kanpoko ekintzak, konfinamendu-kasuetan bajak...).
Adierazpen taularen puntuak
Hori oinarrian izanda, Hezkuntza Plazara ekimenak aldarrikapen-taula bat osatu eta hezkuntza-komunitateen eskura jarri zuen tokian tokiko hausnarketei zein ekimen mobilizatzaileari bide emanez. Aldarrikapen-taula horrek, gure hezkuntza-sistemek urgentziaz behar dituzten irtenbideak jaso zituen, sentitzen eta bizi ditugun behar eta premiak askatzen eta konpontzen hasteko norabide bat.
Adierazpenak laburbilduz zera jasotzen du:
baliabide askotarikoak behar ditugula arrakala askotarikoak gainditu eta inklusioa bermatzeko, gehien behar duenari gehiago emanez;
haur eta nerabeak zaindu egin behar ditugula eta beraien garapen integrala bermatzeko neurri guztiak ziurtatu;
curriculumak berrantolatu egin behar direla edukien transmisioan baino gehiago gaitasunen lanketan zentratuz eta ikasleen behar oro eta erritmoak errespetatuz;
euskararen irakaskuntzan zein erabileran eta euskal kulturaren transmisioan bizi dugun galera eteteko eta euskalduntzea sustatzeko neurriak ezarri behar direla, murgiltze-eredu orokortu eta euskal curriculumaren ezarpenaren norabidean;
urteetan metodologietan eta berrikuntzan emandako pausoetan ezin dugula atzera egin orain;
euskarazko aisialdi hezitzailearen garrantzia azpimarratuz, pandemia aurretik zeuden ekimenak gutxienez berreskuratu beharra dagoela;
eskolak auzoan eta naturan emateko erraztasunak behar direla, osasun zein ikuspegi pedagogiko batetik;
ikasleen ongizate osoa aintzat hartuz ratioak jaitsi egin behar direla eta, beraz, langile gehiago kontratatu beharko dela, prozesu hezitzailerako espazioak ere berrantolatuz;
jangelak zabalik behar ditugula;
eta azkenik, hezkuntza-komunitateoi gogoetan eta erabakietan parte hartzeko aukera bermatu behar zaigula.
Azken finean lehentasun kontua da. Pertsonak dira lehentasuna? Hezkuntza lehentasuna da? Hitzetan barik ekintzetan erakutsi behar da hori. Beste modu batean egin behar dira gauzak eta posible dela deritzo Hezkuntza Plazarak.

Bakoitzaren ahalmenen neurria eta guztion koloreekin
Adierazpena zabaldu eta berehala hasi ziren atxikimenduak heltzen, azaroak 6ko aurkezpen agerraldirako baziren 122 norbanako (irakasle, guraso, ikasle, langile, zuzendari, artezkaritza kide, lehendakari, herritar) eta 11 kolektiboren (ikastetxe, guraso elkarte, artezkaritza kontseilu, klaustro, langile komite, ikasle talde..) atxikimenduak. Ekimenaren asmoa ez zen, berez, sinadura-bilketa bat egitea, baizik eta, tokian toki planteatutako edukien inguruko elkarrizketa eta mobilizazioa sustatzea. Halere, agerraldiaren ostean, atxikimendua eman nahi zuten askoren eskaera jaso eta aukera horri ere bide ematea erabaki zen. Eta badoa handituz zerrenda, abenduaren 1eko mobilizazio egunerako 500dik gora norbanako eta ia 80 kolektibo zein 11 hezkuntza- eragileren atxikimendua jaso zen.
Ekimenak orain arte izan duen irismenari dagokionez ere, uste dugu badagoela ondoriorik ateratzerik. Hezkuntza Plazara ekimenak Hego Euskal Herriko lau herrialdeak barnebildu ditu, argi baikenuen egindako irakurketak eta planteatutako aldarrikapenek berdin balio zutela eremu administratiboez gaindi ere. Eta esan behar dugu Tuteratik hasita Otsagabira, Irunetik Enkarterrietara, Ezkerraldetik Oionera eta lau hiriburuetatik pasata, herrialde guztietako eskualde ia guztietan egon dela Hezkuntza Plazara aldarria.
Beste aldetik, gure ekimena ikastetxe publiko, ikastola zein herri eskola txikietako kideen bultzadaz sortu da, eta atxikimenduetan zein mobilizazioetan abenduaren 1ean, nabaritu da sareez gaindiko adostasuna ere egindako gogoeta eta aldarrikapenekiko.
Azkenik, babesetan badira irakasleak, langileak, gurasoak, ikasleak zein herritarrak ere, eta hori ezinbestekoa da gure ustez. Badira kolektiboki atxiki diren ikastetxe osoak, guraso elkarteak, zuzendaritza-taldeak, langile guztiak... babes kolektibo hori emateko egin den elkarrizketa eta lana ere txalotzekoa da, nola ez.
Abenduaren 1erako deitutako mobilizazio-eguna ere koloretsua izatea nahi genuen, zeren egoera larria izateak ez du esan nahi gauzak aldatzeko eta baldintza zein proposamen berritzaileak sortzeko ilusioa eta grina galdu behar ditugunik, alderantziz. Egun horretan ekimen edota mobilizazio-forma ezberdinez koloreztatu nahi izan genituen gure herri/auzoak. Hala, aukera irekia probestu zuten hezkuntza-komunitateek, gogoeta- eta aldarrikapen-taula txapel gisa ulertu, eta tokian tokiko errealitate zehatzetik aldarrikapen propioen inguruan ere antolatzeko egun hori. Bakoitzak erabaki zuen zer egin nahi edo ahal zuen, tokian toki aukera eta abiapuntu ezberdinak egonik denek balio dutela argi izanik. Guk ideia sorta bat eskaini genuen ekimenerako beste euskarri batzuekin batera. Tokian toki erabaki eta sortu dituzte gero euskarri propioak eta mobilizazio-eredua bera.
Oso bideo eta argazki politak partekatu zituzten gurekin eta sareetan ere bai mobilizazio-egunean bertan.
Aurrera begira jarrita gaude orain. Jarraitu egin behar da dauzkagun gabeziak eta arazoak mahai gainean jarri eta irtenbideak aldarrikatzen. Baina horrekin batera tokian toki elkarlanean zer bide egin dezakegun ere aztertu behar da, gure indar eta baliabideekin nola elkar zaindu dezakegun ikusi, nola eman irtenbidea zenbait korapilori sortzaile izanez, nola bilakatu gure komunitateak ere hezkuntzari buruzko kezka eta aldarrikapenetan partaide.
Hezkuntza-komunitatea bera da indargunea. Hamarkada luzez erakutsi du hezkuntza-komunitateak gure herrian egoera eta baldintza berriak sortzeko, berritzaile izateko, eraikitzeko, aldarrikatzeko, mobilizatzeko gaitasuna eta grina badauzkala. Emari horretatik edanda, batzen gaituenetik lan eginez, komunikazioa, elkarrizketa eta elkarlanean jardunez badugu indar sobera aurrera egin eta aukera berriak zabaltzeko hezkuntza-eredu berri bati. Bidean gaude.