‘Bidaietaz’ antzezlana, Haurrak migratzaileen bidaide

2021-01-01

Haurrek hiru pertsonaia, hiru istorio eta migratzeko hiru arrazoi ezagutuko dituzte Behekolarraine konpainiaren 'Bidaietaz' antzezlanarekin. Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako obra hau eskola-eremuan eta modu seguruan egiteko pentsatuta dago.

 
 

Zerk bultzatzen du pertsona bat migratzera? Bidaietaz antzezlanean egiten den hausnarketa bat da horixe; zerk bultzatzen du bat bere jaioterria utzi eta, munduan zehar, beste norabait joatera? Miren Tirapuk sorturiko Behekolarraine konpainiak Lehen Hezkuntzako haurrei migrazioaz gogoeta egiteko parada eskainiko die antzezlan honen bidez.
Bidaietaz obraren sorburuan, Siriako errefuxiatuen egoera dago. Miren Tirapu aktoreak, Euskal Hirigune Elkargoaren eskariz obra bat idazteko aukera izan duenean, puri-purian dagoen gai horri heldu nahi izan baitio: dena galdu eta etxea uztera behartuta dagoen pertsona baten bizipena kontatu nahi izan die haurrei. Baina badira migratzeko arrazoi gehiago ere, Tirapuk berak gertuagotik bizi izan duen bat, esate baterako: “Nik neuk urte asko pasa ditut bueltak ematen, Euskal Herrira duela hamarren bat urte itzuli nintzen, baina desiratzen nago berriro kanpora joan eta, leku berriez gain, jende berria, kultura berria eta ohitura berriak ezagutzeko”. Errealitate desberdinak bilatzea izan liteke, beraz, migratzeko beste arrazoi bat. Ihesaldi baten historia izan liteke migratzaile batena, baina baita bilaketa batena ere. Bi historia horiek taularatzen ditu Bidaietaz antzezlanak, eta, kontrajarriak diruditen bizipen horien artean, migratzeko hirugarren arrazoi bat ere ikusarazi nahi du obrak: genero-identitatea. “Oso homofoboak diren lurraldeetatik ihes egin behar izaten dute pertsona askok, eta beren identitatearen bila eta beren burua aske sentitzeko bilaketagatik egiten duten migrazio hori ere kontatu nahi nuen”, azaldu du autoreak.
Migratzeko hiru arrazoi horiek zehazturik eta pertsonaiak perfilaturik, horiek gorpuztuko zituzten aktoreak bilatu zituen Tirapuk: Oier Guillan eta Iraia Elias buruan izan zituen hasieratik, eta, Tirapurekin berarekin batera, hirurek osatu dute aktore-taldea. “Behin taldea osatu genuenean, pertsonaiak are gehiago zehaztu genituen, eta generoarekin lotura zuen migrazio-historia gorputz batetik besterako migrazio gisa kontatzea pentsatu genuen; ez lurralde batetik besterako migrazioa, baizik eta migrazio kontzeptua gehiago irekitzea erabaki genuen”. Pertsonaia horrekin, zalantzan jarriko dute zer den gizonezko izatea, zer den emakumezko izatea, eta horren atzean dagoen eraikuntza kultural eta ideologikoa kolokan jarriko dute.
Migrazioa eskolan jorratzeko gaurkotasun handiko gai interesgarria izateaz gainera, forma da antzezlan honen beste indargune bat, ezustekoz beteriko antzezlan ibiltaria baita. Ikastetxean ezustean sartuko zaizkie pertsonaia migratzaileak ikasleei, banaka. Izan ere, eskola-eremuan (barruan zein kanpoan) antzezteko pentsatuta dago obra: “Hiru pertsonaiak hiru momentu desberdinetan agertuko gara eszenan, modu horretan hiru ezusteko hartuko dituzte haurrek”. Pertsonaiek laguntza behar dute, eta ikasleek lagunduko diete beren ibilbidea egiten. “Aktoreen eta umeen arteko elkarrizketaren bidez egingo du aurrera obrak, eta kale-antzerkiaren itxura hartuko du. Galdera irekien bitartez, ikasleen eta pertsonaien arteko harreman bat sortuko da, eta horrek antzezlan bakoitza berezi bilakatuko du”. Tirapuk zehazten duenez, umeak ez dira ikusle hutsak, baizik eta harremanetan daude pertsonaiekin. “Pertsonaiak laguntza eskatuko die, eta umeek lagundu egingo diote. Bat-batean, bigarren pertsonaia agertuko da, bere historia kontatuko du, eta umeek ere parte hartuko dute. Ondoren, hirugarren bat...”. Parte-hartze handiena hirugarren pertsonaiaren historian izango dute haurrek, munduan zehar ezagutu dituen pertsonaien oroigarrien kutxa bat baitauka pertsonaia horrek, barruan jantziak, biboteak, betaurrekoak... gordetzen dituena. Pixkanaka, antzezlanaren azken zatiko jardueran, haurrek eurek sortuko dituzte pertsonaiak. “Migrazioa aukeratzat hartzeko gertatzen diren askotariko egoeren aurrean, pentsamendu autonomoa, kritikoa eta enpatia landuz umeek sortzaileak izateko tartea ere izango dute Bidaietaz antzezlan ibiltarian”. Haurrek pertsonaiak sortzen dituzten momentuan, ikasleak arte eszenikoetara gerturatzeko borondatea du Behekolarrainek.

Migrazioa lantzeko
unitate pedagogikoak
Enpatia lantzen dute haurrek antzezlanarekin. Izan ere, bakarrik dagoen pertsonaiari lagundu behar diote. Haatik, eta pandemiaren aurretik izandako esperientzian ikusi ahal izan zutenaren arabera, enpatia hori ez da beti bat-batean gertatzen pertsonaia migratzailearekin: “Haur batzuek oso goxo hartzen dituzte aurrean dituzten pertsonaiak, baina umeek filtrorik gabe hitz egiten dute, eta guztiek ez dute begirada abegikorra erakusten migratzaileekiko. Ikusten da haurren artean lan bat egin beharra dagoela, oraindik ere, migrazioari buruz”.
Lan pedagogikoa egiteko, hain zuzen ere, eta behin obra amaitu ondoren eskolan migrazioari buruz gogoetan jarraitzeko, dosier pedagogikoa prestatu du Behekolarrainek irakasleentzat. “Badakigu obran zehar galdera asko egiten dizkiegula haurrei eta pentsatzeko gauza asko planteatzen dizkiegula migrazioari buruz, eta horregatik banatzen diegu irakasleei unitate didaktiko bat antzezlanean zehar ikusi dutenaren inguruan”.
Pandemiaren aurretik estreinatu zuten antzezlana, iragan martxoan, eta aukera izan zuten Lehen Hezkuntzako maila guztietako geletan sartzeko. “Asko aldatzen da obra adinaren arabera —azaldu du Tirapuk—. Adin guztietako ikasleak pasa dira gure eskuetatik, eta ikusi dugu beste indar bat hartzen duela umeek erantzuten dutenean”. Txikienetatik handienetara xehetasunak aldatu arren, oso ongi funtzionatzen duela nabarmendu du egileak.