ESKERRIK ASKO

2021-01-01

PAUL BILBAO SARRIA   
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUKO IDAZKARI NAGUSIA

 
 

Erraza da, oso, Hik Hasi proiektuak Kontseiluaren jardunean izan duen garrantzia azaltzea. Akaso, zaila litzaidake Kontseiluak hezkuntzaren eremuan egin dituen ekarpenak Hik Hasiren parte-hartzerik gabe irudikatzea.
Eredugarritzat jo izan dut beti Hik Hasik desberdinak helburu baten bueltan batzeko eta lanean jartzeko izan duen gaitasuna. Euskal Herriko hezkuntza-sistema berri euskaldun, demokratiko, berdinzalea eta berritzailea ardatz, eta hori posible dela sinistuta, eragile desberdinak horretan ekarpenak egiten jartzeko erakutsi izan duen kemena izugarria da. Finean, Hik Hasik erakutsi digu herri honetan edozer eraikiko badugu, beharrezkoak izango direla esku guzti-guztiak.
Eta zer esan, a zer lasaitasuna eman didan niri! Hezkuntzari buruzko edozein jardun aurrera eraman behar izan dudanean, lehen telefono-deia Aguila eraikineko bulegora izan da. Zalapartaka hasi eta lehen erantzuna norberaren urduritasunak baretzeko moduko gomendioa izan dut beti: lasai hartu, egin egingo dugu. Ondoren, aurrera eraman beharreko jarduna norabide egokian jartzeko laguntza eskaini. Eta, hori guztia, irribarrea ahoan. Nola ez du, bada, lasaitasuna ekarriko Hik Hasi bezalako erakunde bat ondoan egoteak?
Horrexegatik, hain zuzen, belaunaldi berriak euskalduntzeko Kontseiluaren ekarpenak ezin dira ulertu Hik Hasi erdigunean kokatzen ez bada. Eragileak batzeko gaitasuna, adostasunak lortzeko kemena, handik eta hemendik bildutako esperientziak, eta horietan guztietan garrantzitsuena: konpromisoa. Finean, horixe izan da Hik Hasi egitasmoak isurtzen duen beste ezaugarria. Gure herri txiki honetan dena da posible, baldin eta horretan sinisten badugu eta hori egiteko konpromisoa baldin badugu. Hartara, azken hogeita bost urtean garatutako proiektu guztiak horien erakusle dira.
Asko ikasteko dugu zuengandik, lagunok, eta Kontseiluak egun dituen erronketan saiatuko gara zuen moduan jokatzen. Izan ere, erakutsi duzue herri honen etorkizuna zehazteko denok dugula zer esana eta zer egina, eta elkarrekin eginez gero, errazagoa izango dela hezkuntza ez ezik, herria bera ere eraldatzea. Segurki, Aguila eraikineko bulegora deitzen hasi beharko dut berriro zuen eskarmentua parteka dezazuen.
Urte askoan, Hik Hasiko lagunok. Eskerrik asko herri honetako belaunaldi berriak beste balore eta oinarri batzuetan hazi eta hezteko egunero egiten duzuen ekarpenarengatik. Eta, bai, lerro hauek idaztean irribarrea jarri zait ahoan Joxe Mari Auzmendi eta Arantza Goibururen irudiak burura etorri zaizkidalako.
Izan direlako zarete, eta zaretelako izango dira. Euskal hezkuntzak behar duen sistemak norabiderik ez du galduko lanean jarraitzen duzuen bitartean. Lasai egon gaitezke bide onetik eramango duzuelako itsasontzia.