GAIA: HANDIRA JOKATZEKO GARAIA DA ‘Euskararen Herria Euskal Hiztun’ jardunaldiak
Euskararen ezagutzak, erabilerak eta normalizazioak hizketagai eta
hausnarketagai izaten jarraitzen dute. Azkenaldian gehiago agian, horren inguruko jardunaldiak egin direlako, galdeketa berrien emaitzak ezagutzera eman direlako, Euskaraldiaren ariketa kolektiboa egin delako, pandemiaren ondoren hainbat gabezia eta ahulgune agerian geratu direlako eta abar.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak azaroan antolatutako ‘Euskararen Herria Euskal Hiztun’ jardunaldietan euskararen ezagutza
unibertsalizatzeko beharra azpimarratu zuten parte-hartzaileek, eta baita ezinbestean horrekin lotuta dagoen erabilera ziurtatzeko premia ere. Egungo testuinguruan kokatuta, berau aztertu eta hortik abiatuta, ideia, proposamen eta erronka gaurkotuak planteatu zituzten, hala hezkuntza esparrurako nola gizarte osorako.
Sarearen bidez ehun lagun inguruk jarraitu zituzten bi egunetan zehar Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldiak eta bertan euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa izan zen hausnarketagai. Hezkuntzan, aisian, erakundeen hizkuntza-politiketan, helduen euskalduntzean, enpresetan eta beste hainbat arlotan euskararen ezagutza eta erabileraren osasuna nolakoa den ikusteko saiakera egin zen. Eta guztiek bat egin zuten euskararen ezagutza eta erabilera banaezinak direla azpimarratzean. Hortaz, euskararen sustatze politikak garatzeko garaian elkarreragin hori aintzat hartu behar dela ondorioztatu zuten.
Ezagutza eta erabilera, biak batera, eta testuinguru berri batean. Horretaz ere jabetu baitziren: testuinguru berri batean gaudela —batez ere herritar gazteen euskararen ezagutzak eta erabilerak hartu duen garrantziagatik—,
eta beraz, garrantzitsua dela testuinguru hori aztertzea, ulertzea eta horren araberako moldeak eta ekimenak
bultzatzea.
Bi egunetako jardunaldietan hezkuntza arloko zenbait eragilek osatutako mahai-inguru bat egin zen: Hezkuntzaren oraina eta etorkizuna: zer eta nola egin ikasleen gaitasunetan eragiteko eta belaunaldi berri euskaldun (aktibo) eleanitzak erdiesteko? Bertan bildu ziren Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko koordinatzailea, Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusia, Iñigo Salaberria HEIZE Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko lehendakaria eta Koldo Tellitu EHI Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Oro har, bat-etorri ziren orain arte egindako ibilbideari eta lanari aitortza egiterakoan, gabeziak onartzerakoan eta aurrera begirako lehentasunak ezartzerakoan.
Hezkuntzaren esparruan abiadura desberdina darama euskararen ezagutzak eta erabilerak EAEn, Nafarroan eta Iparraldean, eta lurralde bakoitzeko herrien artean ere aldeak daude. Lege ikuspegitik Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskararen ofizialtasunik ezak asko oztopatzen du euskarazko irakaskuntza. Seaskaren jarduna emaitzak ematen ari da, urtez urte matrikulazioa igoz, eta sare publikoan ere pixkanaka zabaltzen ari dira zirrikituak; Ama Eskolan 20 ikastetxe ingurutan hasiak dira D ereduan irakasten eta Lehen Mailan ikasleen % 20 dago B ereduan. Aldiz, kolegioetan B ereduan ikasten duten ikasleen kopurua asko gutxitzen da.
Nafarroan Euskararen Legeak lurraldea zonaldetan banatzen du eta horrek ere oztopatu egiten du euskarazko irakaskuntzaren hedapena. Ikastolak eremu ez-euskaldunean zabalduta dauden arren, sare publikoan zailtasun handiagoak daude eremuen araberako banaketa dela eta. Egun ikasleen % 25ak hautatzen du sare publikoan D eredua.
EAEn Euskararen Legea ezarri eta 38 urte geroago D eredua da indarra hartu duena eta gailentzen dena, A eta B ereduak desagertzen doazelarik. Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak argi adierazi zuen mahai-inguruan: “A eta B ereduek ez dute bermatzen euskararen ezagutza; D eredua da euskararen ezagutza ondoen bermatzen duena —ondoen esan dut, ez baitu guztiz bermatzen—“. D ereduaren bilakaera pozgarria dela azpimarratu zuen, baina emaitzak kezkagarriak. “Zergatik? Ikusten dugulako ikasle kopuru handi batek ez duela lortzen oinarrizko konpetentzia euskaraz”. Ikasle asko hasierako errendimendu mailan geratu ei dira. Koldo Tellitu EHIko lehendakaria ere bat etorri zen Imazen iritziarekin: “Egoera oso kezkagarria da D ereduan matrikulatutako ikasle kopuruak gora egin duelako eta gure emaitzek arlo horretan behera egin dutelako. Horrek frogatzen du D ereduan matrikulatuta egoteak ez duela ziurtatzen gutxieneko ezagutza eta erabilera”.
Hezkuntza eragileen artean adostasuna dago ikasleek lortu behar duten euskara mailari dagokionez: Lehen Hezkuntza amaitzean gutxienez B1 maila eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean B2 maila. “Baina helburu horiek oso urrun geratzen dira. Ez dira lorgarriak A eta B ereduetan ikasten ari diren ikasleentzat, eta D ereduan ikasten ari diren askorentzat ere ez”, onartu zuen Tellituk. “Ikasle askok maila ‘nahikoa’ daukate derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan. Eta maila horrek zertarako balio die? Euskaraz esaten den guztia ulertzeko, telebista pizten dutenean ulertzeko eta euskarazko irakasgaiak gainditzeko. Baina maila hori askotan ez da nahikoa euskaraz bizitzeko, ez da nahikoa euskaraz bizitzako arlo guztietan aritzeko. Horretarako, erraztasunez hitz egiteko, gustura eta lasai aritzeko eta zeure izateko, maila handiagoa behar da. Gizartearen zati bat konformatzen da seme-alaben ‘nahikoa’ horrekin derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan. Askoren hausnarketa da: ‘Badaki eta gero gehiago behar badu, ikasiko du’. Beraz, hor aztergai den elementu bat daukagu”. EHIko lehendakariak argi zioen: “Hizkuntza-ereduak desagertu egin behar dira eta ikastetxe guztietan ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikas-eredu orokor bat ezarri behar da, hau da, murgiltze-eredua”.
Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusia antzera mintzatu zen: “Nik uste dut gaindituta dagoela ereduen sistema eta gainditu egin behar dela. Halere, uste dut gehiegi gaitzesten ditugula, ahaztuz zer gauza lortu ditugun hizkuntza-ereduekin Euskal Autonomia Erkidegoan: berme juridikoa eman zigun, beste herrialde batzuetan izan zituzten traba juridikoak ez genituen izan hemen. Agian momentu batzuetan mantsotu egin da euskalduntze-prozesua eredu horiek gaizki erabiliak izan direlako edo erakunde bakoitzak zituen ezinengatik hor kateatu eta jolasean ibili izan delako”. Hausnarketa horri beste bat gehitu zion Ormazabalek. “Hezkuntza elebiduna genuenean jarri ziren eredu horiek; orain egoera aldatu egin zaigu, hezkuntza eleaniztuna daukagu eta egoera konplikatu egin zaigu”.
Egoera konplikatu baino gehiago, aniztasuna gehitu dela azpimarratu zuten gainerako mahaikideek. Imazen iritziz, positiboa da D ereduak izan duen gorakada, “horrek esan nahi duelako lortu dugula denetariko ikasleak izatea D ereduan euskaraz ikasten. Baina kontuan izan behar dugu horrek eragin egiten duela emaitzetan. Aniztasun linguistikoa daukagu, hizkuntza gaitasun desberdina duten ikasleak ditugu eta hori oso lotuta dago aniztasun sozioekonomikoarekin”.
Iñigo Salaberria HEIZEko lehendakaria ados agertu zen. “Aniztasun soziolinguistikoa aniztasun sozioekonomiko baten bestelako ondorio bat izan daiteke, eta beraz, arlo horretan ikerkuntza beharrezkoa da ez delako berdin esku-hartze didaktiko bat egitea halako gaitasun bereziak dituen ikasleria mota batekin edo beste batekin”. Horregatik aldarrikatu zuen, ikerkuntza bidelagun izateko, unibertsitatean egiten diren ikerketek ikastetxeekin lotura izatea. “Unibertsitatean ikerkuntza oso aurreratuak ditugu, baina ikerkuntza horietatik zer-nolako zirimiria datorkigu gure klaustroetan aplikatzeko? Hori eta irakasleen etengabeko formakuntza lotuta, ezagutza zientifikoaren eta aplikazio praktikoaren arteko bidea jorratzen, laguntzen eta sustatzen asmatu beharko genuke”.
Pandemiak utzitako urgentziazko neurriak
Testuinguru berriak neurri berriak eskatzen dituela jakitun izanik, mahaikideek pandemiak utzitako egoera ekarri zuten gogora, espero gabeko testuinguru horri erantzuna emateko beharrean aurkitu baitira ikastetxeak, ikasleak, irakasleak, familiak eta hezkuntza-komunitate osoa. “Eta orain, euskara deskonfinatu egin behar dugu, izugarrizko erronkak dauzkagulako”, zioen Ormazabalek.
Salaberriak argi adierazi zuen urgentziazko lana egiten ari direla, “martxoaren 13az geroztik. Urgentziazko gizarte batean bizi gara, beharrak urgenteak dira eta bizipen horietatik eta lehendik egindako esfortzutik ari dira erantzuten irakasleak. Euskarari dagokionez, dagoeneko egoera zail batean geunden eta orain bestelako zailtasun bat gehitu zaio. Beraz, diagnostiko zorrotza egin behar dugu ondoren garrantzitsua den horri erantzuteko”.
Zentzu berean mintzatu zen Ormazabal: “Nik uste dut urgentea dela ebaluazio bat egitea, benetan egiaz ikastetxe, irakasle eta zuzendari guztiok argi izatea zer hutsune eta indargune dauzkagun, zein behar dauzkagun eta ebaluzio horretatik erabaki hurrengo urratsak, zeren presaka eta korrika ezin gara ibili beti”.
EHIGEko koordinatzailearen aburuz, “urgentea dena da euskararentzako presentzia. Ikastetxeak itxita egon direnean, euskararik gabe geratu dira ikasle asko eta asko. Orain, momentuz, eskolak irekita daudenez, presentzia hori bermatuta dago. Baina hortik haratago, garrantzitsua da presentzia hori ahalik eta zabalena izatea, hau da, goizetik arratsaldera arte, eskolan eta aisialdian”. Horrekin batera, Imazi urgentea iruditzen zaio familien parte-hartzea bermatzea. “Eskolak ez daude irekita familientzat eta urgentea da hori ere irekitzea. Eta galdu ditugun hainbat gauza errekuperatzea ere bai, euskal girotze barnetegiak, adibidez”.
Salaberriak beste bi esparru aipatu zituen mahai-inguruan: “Bata digitalizazioarena. Eduki aldetik kalitatezko euskarazko digitalizazioa eskaini behar diegu gure neska-mutilei eta digitalizazioaren eremua euskaldundu egin behar dugu kalitatezko baliabideekin. Inguruan sormenerako ditugun baliabide guztiak —kulturgintzan, zientzian, kirolean, artean...— eraginkor izatea lortu behar dugu eta dauzkagun sortzaile bikainak horretan jarri. Eta bigarren urgentziazko esparrua euskararen normalkuntzarena eta gaitasun komunikatiboarena da. Kontuan eduki behar dugu euskara ez dela ikasgai bat soilik, komunikazio tresna bat baizik. Eta komunikaziorako tresna den heinean, komunikazioak berezkoak dituen gaitasunak ere landu behar ditugu euskararekin”. Bi esparru horietako gabeziak konpentsatzeko bideak ere zehaztu zituen HEIZEko lehendakariak: “baliabideak eta sormena”.
Ormazabalen iritziz guztiz beharrezkoa da curriculuma egokitzea ere. “Nik sinistu nahi dut egiten ari garela, baina beharrezkoa da, bestela porrotak izango ditugu”. Tellituk ere ikuspegi bera agertu zuen: “Gure agendan egon behar du etengabe curriculuma egokitzeak; etengabe hausnartzen eta aztertzen jardun behar dugu momentu bakoitzean zer behar duten ikasleek. Agian une batean arlo emozionalari espazio handiagoa eman beharko zaio, nik uste dut hori ezin dugula baztertu. Beraz, kontuz ibili behar dugu edukiekin eta helburu jakinekin tematzearekin. Ongi aztertu beharreko gaia da, ikasle eta irakasle asko krak egiteko arriskuan egon daitezkeelako. Gainera, orain arte orokorrean osasun- eta segurtasun-neurriei eman diegu lehentasuna; eta horretan asmatu dugu eta lan izugarri ona egin dugu. Baina biak aurrera eramateak —segurtasun-
neurriak eta heziketa-lana— nekea sortu die irakasleei. Ikasturte hasieran ilusioz itzuli ziren, baina ikusi beharko dugu nola heltzen garen udaberrira. Horrekin oso adi egon behar dugu”.
Bizipen horiek ikastetxe guztietan bizi izan dituzte, eta ondorioak ikusten ari dira. “Osasun krisiaren gestioan gure zuzendaritza-taldeak beraien jardunaren % 150 ematen aritu dira eta aurreikusi dezakegu horretan jardungo direla. Baina, orduan, pedagogiaz noiz hitz egingo dugu? Ditugun beharrei metodologikoki nola aurre egingo diegun erabakitzeko tartea noiz hartuko dugu? Noiz partekatuko ditugu gure ezagutzak?”, galdetzen du Salaberriak.
Aurrera begirako pausoak
Ikasle euskaldun aktibo eleaniztunak erdiestea da hezkuntzaren erronka eta jomuga, besteak beste. Euskal Herriko ikastetxeetatik irteten diren ikasleak gai izatea euskaraz komunikatzeko eta bizitzeko, eta horrekin batera, beste hizkuntzetan —gaztelania, frantsea eta ingelesa— ere bai. Helburu horiek lortzeko bidea marraztu zuen 2008an Euskalgintzaren Kontseiluak EAErako: Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen izeneko proposamena (https://kontseilua.eus/wp-content/uploads/2015/05/Ikasle-euskaldun-eleanitzak-sortzen.pdf). Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn legearen garapenerako proposamena izan zen berau.
Puntuz puntu proposamen zehatzak egin ziren, besteak beste, etapa eta ziklo bakoitzean hizkuntzen arteko denbora-banaketa egiteko, ikastetxe guztiek izan behar duten hizkuntza-proiektua aberasteko eta B2 helburua egoki neurtzeko. Orain, 12 urte geroago, txostenak baliagarri izaten jarraitzen ote duen galdetuta, hezkuntza-eragileek baiezkoa diote, betiere, Imazek dioen moduan, eguneratuta eta egokituta, “12 urte pasa direlako eta gizartea eta ikasleak aldatu egin direlako”. Orduko ikasle tipologia eta gaur egungoa ez dira berdinak, askoz ere aniztasun handiagoa dago. D ereduko ikasleen kopurua igo egin da, eta horrekin batera ikasle aniztasuna ere bai.
Proposamen hura eta egungo errealitatea aintzat hartuta, ikasleen gaitasunetan eragiteko eta belaunaldi berri euskaldun aktibo eleaniztunak erdiesteko, esparru hauek jorratzeko premia ikusten dute mahai-inguruan parte hartu zuten lau hezkuntza-eragileek:
- Euskararen aldeko diskurtsoa: txostenean euskararen aldeko diskurtsoa berreskuratu behar zela esaten zen duela 12 urte, eta puntu horri adarretatik heldu behar zaiola argi dute hezkuntza eragileek. “Azken urteetan euskararen erabilera bultzatzeko ekimenek, proposamenek, diskurtsoek eta abar indarra galdu dute. Hori nabarmena da”, Tellituren iritziz. Kontseiluko txostenean zera esaten zen: eleaniztasunaren izaera eta ezaugarriak jende artean zabalduko dituen diskurtsoa zabaltzea, hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntzaren planteamendu berri horretan euskarari lehentasuna ematearen abantailak eta alde onak azpimarratuz. “Nik uste dut azken urteotan ez garela oso fin ibili”, Tellituren aburuz. “Hezkuntzan euskararen normalizazioaren erronka lortutzat jo dugu. D eredua etengabe goraka ikusi dugu, ia-ia guztia egina zegoela pentsatu dugu eta erlaxatu egin gara. Ondorioz, euskarak gure lehentasunen artean egoteari utzi dio. Hezkuntza-eragileon arteko eztabaidetan beste gai batzuk egon dira eta euskarari tokia kendu diote”. Orain, emaitzak ikusita, autokritikoak izan beharra dagoela azpimarratzen du, eta berriro ere euskara lehen planora ekarri behar dela.
- Euskararen prestigioa: diskurtsoarekin batera, Ormazabalen ustez euskararen prestigioa eta erakargarritasuna lantzea funtsezkoa da. “Nik garrantzia ematen diot euskarak prestigioa izateari. Baldin eta gazteek euskara erabiltzea nahi baldin badugu, euskara prestigiatu egin behar dugu, eta erakargarri egin. Eta erakargarritasuna lortzeko euskara maitatzen erakutsi behar diegu, eta hori arlo afektiboa landuz lortzen da, erlazioen bitartez. Ikusi behar dute hizkuntza bat erreminta bat baino gehiago dela, pentsamendu bat sortzen duena, antropologia bat, ikuspuntu bat, ikuskera bat”. Prestigioak erakargarritasuna emango dio euskarari, eta erakargarritasun horrek erabilera ekarriko du.
Salaberriaren iritziz bada beste ezaugarri bat ere: euskara arrakastarako giltzarri bihurtzea. “Gizarte kohesiorako, igogailu sozialerako, euskara arrakastarako giltzarri izan da gizarte honetan. Nire galdera da: gaur egun hala al da? Alegia, azken urteotako bilakaeraren oinarrian egon den giltzarri hori gaur egun ere aktibo al dago? Ala besterik gabe militantziarik eskatzen ez duen jarrera bat da? Hau da, nire seme-alabak D ereduan matrikulatu ditut eta kito, hor amaitzen da nire euskararekiko militantzia? Edo irakasle gisa 2. hizkuntz perfila dut eta hor bukatzen da nire militantzia? Ez luke horrela izan behar, euskarak oraindik ere beharrezkoa duelako militantzia aktiboa”. Haatik, konpromiso hori emozioekin lotzen du, ezinbestean. Ormazabalek aipatutakoaren ildotik, erlazioen eta maitasunaren bidez sentitzen den hunkidura hori lortu dute batzuek, eta beste batzuek senti dezaten lortu behar da. “Bide eta bizipen hori irekiarazi behar diegu irekita ez dutenei, eta guk, hezkuntzako profesionalak garen heinean, ezinbestean kalitatezko hezkuntza-ereduak eskainiz egin behar dugu hori. Ni Martintxok —beste batzuek Xabiertxok— hunkitu egin ninduen. Izen bat baino ez da, baina badu zerbait. Zer? Emozioa. Eta horrek, batzuei arrakastarako bidea erakutsi zien. Adibidez, etxetik euskara zekartenei alfabetatzeko, ‘euskarak ere merezi du nire aldetik alfabetatzeko esfortzu bat’. Eta etxetik euskaldun ez gentozenontzat erronka izan da, ‘ondokoak egin baldin badu eta on egin baldin badio, niri ere on egingo dit’. Euskarak berezi egiten gaitu, eta gure txikitasunean hori izan daiteke ingelesez brandy esaten dena; euskarak egingo gaitu berezi eta arrakastatsu gaur egungo globalizazioaren barruan”.
- Diagnostiko zorrotza: argi ikusten dute denek aurrera egiteko non gauden jakin behar dugula. Gizartea aldatu egin da, ikasleak aldatu egin dira eta beraz, euskararen ezagutza eta erabilera lortzeko estrategiek eta ekimenek aldaketa horiek aintzat hartu behar dituzte. Horretarako, diagnostiko zorrotz bat eskatzen dute guztiek, “gabeziak azalduko dizkiguna, bestela ezin baita hobekuntza planik planteatu”.
Azterketa horiek eta gabezien detektatzea ez dira ikastetxera eta eremu soziolinguistikora soilik mugatu behar, eremu sozioekonomikoa eta soziopedagogikoa ere ikergai izan behar dira.
- Hizkuntza-proiektua: behin diagnostikoa eginda, hezkuntza-proiektuaren barruan hizkuntza-proiektuari ematen diote garrantzia. “Nik nire sareko ikastetxeei lehendabizi hori eskatzen diet: hizkuntza-proiektua edukitzea. Nik ez ditut euskaradunak nahi, nik euskaldunak nahi ditut. Zentzu horretan, ikastetxeei ardura eskatu behar zaie. Nik ez dut ulertzen Euskal Herrian euskaraz ez dakien irakaslerik egotea, euskal hezkuntza sisteman euskaldunak behar ditugu eta horretan sinisten duen ikastetxe batek hizkuntza proiektu sendoa eduki behar du. Gero, politikariei esango nieke bakean lana egiten uzteko. Hezkuntza sailburuaren lana izango da helburuak jartzea eta gero eskatzea, ebaluaketak egitea. Baina utzi lana egiten, zeren toki guztietan lana ez da berdina”.
Tellituren ustez ere “hizkuntza-proiektua gakoa da, elementu klabea da eta administraziori helarazi behar diogu hori, behar diren baliabideak jar ditzan, eta gutxiago duenari gehiago emanez, edo beste modu batera esanda, gehiago behar duenari gehiago emanez. Zeren irtenbidea ez da baldintza soziolinguistiko makurragoetan dauden eremuetan gaitasunak jaistea, inondik ere ez. Berdintasun printzipioa bermatzeko, ikasleek maila eta gaitasun berdinak eskuratzeko, gehiago behar duenari gehiago eman behar zaio. Hau da, baliabide berezituak jarri behar dira berdintasun printzipio hori bermatzeko eta guztiok helburu horiek lortzeko aukera izateko”.
“Guztiok” horretan sartzen dira atzerritik etorritako ikasle etorkinak ere, noski. “Jatorri atzerritarra duten ikasleekin apustu izugarria daukagu herri bezala, ez hezkuntza-arloan bakarrik”, Tellituren iritziz. “Hezkuntzari dagokionez, planifikazio bat behar da, ezin da ume bat gela batean sartu ez euskararik, ez gaztelaniarik eta ez ingelesik jakin gabe. Aurretik egokitze-fase bat landu behar da hemengo hizkuntza-egoerara egokitzeko, Katalunian, Madrilen eta beste hainbat lekutan egiten ari diren bezala”. Eta horri gehitzen dio Ormazabalek etorkin horien ama hizkuntzaren trataera. “Ez dut uste gure artean hausnarketa orekatua egin dugunik ikasle etorkinen ama hizkuntzari eman behar diogun trataeraren gainean. Ez dakit beldur garen baliabide pila bat behar direlako, hezitzaile asko behar direlako...”.
- Hezkuntza ez-formala, familiak eta gainerako eragileak: eskoletan ikasleak eta irakasleak euskalduntzen egin den eta egiten den esfortzua batere gutxietsi gabe, Imazen ustez arlo ez-formalean ere asko egin daiteke, “beti esaten dugulako eta iruditzen zaigulako eskolak berak bakarrik ezin duela”. Horregatik, hiru gako azpimarratzen ditu: espazioaren garrantzia, eskola-komunitatearen parte-hartzea eta gainerako eragileen inplikazioa. “Espazioaren garrantzia aipatzean esan nahi dudana da eskolako espazioa ahalik eta gehien aprobetxatzea. Hau da, ikasle askorentzat eskola da euskararen erreferente bakarra, eskola da euskara entzuten eta hitz egiten duen espazio bakarra. Horregatik, uste dugu eskolako espazioa goizeko 8etatik arratsaldera arte aprobetxatu behar dela. Eta nola ez, gela barruan egiten dena gelatik kanpora egiten denarekin koordinatuta egotea lortu behar dugu”. Bigarren gako gisa eskola-komunitatearen parte-hartzea aipatu du: “Familiak eta guraso elkarteak giltzarri dira. Uste dugu familien parte-hartzea onuragarria izan daitekeela euskararen normalkuntzan, eta orain, zailtasun bat daukagu: pandemia-garaian familientzat ez da erraza eskoletan, jolas-tokietan eta abar sartzea”. Hirugarren gakoa gainerako eragileen inplikazioa izanik, Imazen aburuz auzo eta herrietako gainerako taldeekiko elkarlana funtsezkoa da, eta udalak oso eragile garrantzitsuak izan daitezkeela euskararen ezagutza eta erabilera hedatzeko lanean. “Horien guztien arteko koordinazioa da giltzarri, elkarlanean jardun behar dute eskolak, familiek eta udalak. Eta hori dena sistematizatzea, esperientziak partekatzea eta besteei jakinaraztea garrantzitsua da”.
Tellituk ere familien parte-hartzea ezinbestekotzat du, besteak beste, hizkuntza-proiektua familiek babestua izan behar dutela adieraziz. “Horrek izugarrizko garrantzia du, seme-alaben garapen eleanitzaren alderdi guztietan inplikatu behar direlako familiak eta proiektuaren protagonista sentitu. Familia bakoitzak bere aletxoa jar dezake euskalduntzea bultzatzeko; adibidez, txiki-txikitatik euskal kultur produktuak kontsumitzea eta giro bat sortzea eremu horretan”. Ados egon arren, Ormazabalen iritziz familiei egiten zaizkien eskakizunekin tentuz ibili behar da: “Kontuz, familiek mugak dituzte, ez euskaraz dakiten edo ez, baizik eta mugak dituzte denboraren aldetik. Beraz, kontuz zer eskatzen diegun”.
Salaberriaren ustez, familia eskola tandema sustatu, indartu eta koordinatu egin behar da, “zeren familiek eta eskolek elkarrekin egiten dugun bidea askoz hobea da zalantzarik gabe ikasleentzat. Eta baita profesionalontzat ere. Zeren profesionalak zer bilatzen du? Bere jardunaren ongizatea. Nik neure lana ongi egiten dudanean ondo sentitzen naiz. Beraz, bide partekatu horretan sakontzen asmatu behar dugu”.
- Arlo emozionala: “Ikasleen arteko harremanak euskaraz izatea lortu behar dugu. Eta hautu hori emozioen bidez egin behar dute. Euskara haien garapen pertsonalerako oinarrizko elementu izan daitekeela ikustea lortu behar dugu”, EHIko lehendakariaren ustez, eta xede horri begira garrantzitsutzua da harentzat euskal curriculuma lantzea. “Euskalduntzea, euskara ezagutzeaz gain, euskal gizartean sortu eta egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak barneratzea da, eta, horretarako, ezinbestekoa da euskal curriculuma garatzea. Zeren, aitor dezagun nerabeen artean badagoela euskararekiko atxikimendu falta bat duten garai bat. Horregatik, ikasle horiek euskal curriculumak ematen dituen ideiak barneratzea lortzen baldin badugu, gero, beranduago, ereindako hazia berreskuratzeko aukera egongo da”.
- Ebaluazioa: Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamenean ikasleen euskara maila neurtzeko ebaluazioa nola egin ere zehazten da, eta lau mahaikideen ustez, garrantzitsua da, besteak beste, derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenean froga bat egitea. Une honetan LH4-n eta DBH2-n egiten dira ebaluazioak, baina hasieran eta bukaeran ez. “Eta hori gabezia handia da, ez baitakigu zein den gure ikasleen ibilbidea. Askotan ez dakigu egiten ari garena ondo egiten ari garen edo ez. Eta horrelako ebaluazioak onak dira hobekuntza bide bezala”, Tellituren iritziz. Gainera, EHIGEko koordinatzailearen ustez, “horrek ikusaraziko liguke zer behar dauden ikastetxe bakoitzean eta helburuak lortzeko zein baliabide behar diren”.
Erronka mardulak dira, baina denak daude konbentzituta bidea hori dela euskararen unibertsalizazioa lortuko bada. “Aurrera begira proiektatu behar dugu, eta gizarteko ereduan eta irudian egiten dugun bezala, hizkuntzarenean ere handira jokatu behar dugu, bada garaia daukagun ahalduntze-gaitasun hori euskararen zerbitzura jartzeko”, dio Salaberriak. “Ikastetxeak ahaldunduta daude eta ekarpen handia egin dezakete arlo honetan. Horregatik, hezkuntzak, euskararen esparruan, handira jokatu behar du”.