Ederra da norabide berean elkarlanean aritzea

2021-01-01

HEZKUNTZA-ERAGILEAK ADOS DIRA EUSKARAREN EZAGUTZA ETA
ERABILERA UNIBERTSALIZATZEAK
LEHENTASUNEZKO GAIA IZAN BEHAR DUELA. EDERRA LITZATEKE GAINERAKO GAIETAN ERE ADOSTASUNA LORTZEA.

 
 

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldiak egin ziren iazko azaroan Bilbon eta euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa izan zen jardunaldien ardatz, mintzagai eta hausnarketagai. Gizarteko esparru ugaritako kideek hartu zuten parte, eta baita hainbat hezkuntza-eragilek ere.
Mahai-inguruan bildurik, euskal irakaskuntzan orain arte egindako lana aitortu zuten lau hezkuntza-eragileek: EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imazek, EHIko lehendakari Koldo Tellituk, Kristau Eskolako zuzendari nagusi Mikel Ormazabalek eta EHIZEko lehendakari Iñigo Salaberriak, Arantxa Urbe moderatzailearen gidaritzapean. Eremu guztietan euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko egin den lana aitortu zuten eta horrekin batera, ikusten diren hutsuneak ere izendatu zituzten, eta baita aurrera begira egin beharreko urratsak planteatu ere.
Eta bada garrantzi handia duen puntu bat: azken urteotan halako erlaxazio bat antzeman dela onartu dute denek, uste izan delako euskararen normalizazioaren erronka lortua zegoela. Ondorioz, euskarak lehentasunezko gai izateari utzi dio eta hezkuntza-eragileen artean beste gai batzuei eman zaie lehentasuna. Orain, horretaz jabeturik, eta oraindik ere erronka lortu gabe dagoela ikusirik, euskararen ezagutzaren eta erabileraren gaia lehen planora ekartzeko beharra ikusten dute denek. Beharra eta hori aurrera eramateko erabaki irmoa ere bai. Denek ikusten dute eta egin nahi dute.
Zentzu horretan, pozgarria da denek erakutsi duten adostasuna eta bidea elkarrekin egiteko nahia eta borondatea. Ederra litzateke euskararen gaian bezala, gainerakoetan ere adostasunetara iristea. Nor bere gerizpetik irten eta elkarlanean aritzea, elkar entzuteko eta besteen ikuspegiak ulertzeko ahalegina egitea, eta hortik eraldatu eta eraikitzea.
Ez du zapore onik uzten 1993. urteko publifikazioaren ondoren, 28 urte geroago, gai horri dagokionez ia puntu berean egon gaitezkeela ikusteak. 28 urtetan umeek, gazteek eta helduek bilakera bat izaten dute, eta urteetako esperientziak eta gorabeherak tarteko, heldutasuna eskuratzeko aukera ematen du bizitzak. Eta heldutasunez eta errespetuz, gauzak beste modu batera ikusteko, aztertzeko eta egiteko aukera sortzen da.
Ea bada, euskararen gaian bezalaxe, gainerakoetan ere heldutasunez, errespetuz, borondatez eta elkarlanean bidea egiteko gai garen 2021. urtean.