Jabetu, amestu, eraldatu
Orioko Zaragueta herri-eskolak hiru urteko ibilbidea egin du ikastetxeko jolastokia eraberritzeko. Patio bat, hamaika aukera izenburuarekin, eskola-komunitate osoa biltzen duen parte-hartze prozesu batekin ari da eraldaketa gauzatzen. Oroz gain, espazioaren inguruko jabetze-, ameste- eta eraldatze-prozesua elkarbizitza-ariketa bat izan dela azaldu dute Ainhoa Zumeta irakasleak eta Cristina Olasagasti ikasketa-buruak.
Nora bezain garrantzitsua da nola. Nora iritsi bezain inportantea da bide hori nola jorratzen den. Bide lasterra har zezaketen helburura iristeko. Xedea eskolako jolastokia eraberritzea zenez, bide hori hartu eta bi ate joz —Udalarena, dirulaguntza eskatzeko, eta alorreko enpresa batena, obra egiteko— aldatu zezaketen jolastokia. Baina bide esanguratsuago bat hartu zuen Orioko Zaragueta herri-eskolak. Ikastetxeko jolastokia eraldatzeko ez ezik jolastokiaz jabetzeko eta amesteko, parte-hartze prozesu bat abiatu zuten. Eta prozesua bera helmuga bezain interesgarria eta aberasgarria izan da eskolako hezkuntza-komunitate osoarentzat. “Non sartu gara?”, esaten zion Cristina Olasagasti ikasketa-buruak Ainhoa Zumeta irakasleari, jolastokiaren eraldaketa-prozesuaren arduradunetako bati, lehen urratsak egin zituztenean. “Aterako gara”, erantzuten zion Haur Hezkuntzako maistrak. “Eta onik atera gara, eta bidean asko ikasi dugu”, dio orain, atzera begira jarrita, Olasagastik.
Hiru urteko ibilbidea egin du Orioko Zaragueta eskolak jolastokia berritzeko. Hezkuntza-komunitate osoa inplikatu duen Patio bat, hamaika aukera izeneko parte-hartzeko prozesuari esker, eskolako ataria eraldatzea lortu dute. “Proiektu erraldoi bat izan da, zeren denok hartu dugu parte. Eta bidea bera izan da aberasgarriena, asko ikasi dugu. Jolastokiaz ari ginelarik, elkarbizitzaz ere aritu gara bete-betean”, azaldu dio Hik Hasiri ikasketa-buruak. “Orain daukagun kanpo-espazioaren atzean, denon iritzia eduki da kontuan” —ondorioztatu du Zumetak—. “Ikasleak entzunak eta aitortuak izatea oso garrantzitsua izan da prozesu honetan, aintzakotzat hartzen ditugula konturatu dira”.
Hainbat beharrek eragin zuten Zaragueta eskolako jolastokiaren eraldaketa abiatzea eta garai berrietara egokitzea. Lehenik, Haur Hezkuntzan mugimendu autonomoa lantzen hasteak ekarri zuen barne-espazioak ez ezik kanpo-espazioak ere eraldatu beharra. “Geletan egiten ari ginen eraldaketa horrek kanpoan ere isla izan behar zuela ikusten genuen”, azaldu digu ikasketa-buruak. Bigarrenik, hezkidetza-arrazoiak zeuden: “Kantxak garrantzi handia hartzen zuela ikusten genuen, eta konturatzen ginen kantxan zebiltzanak —ia denak mutilak— erdigunean zeudela eta ikasleen kopuru handi bat bazterreko espazio txikietan gelditzen zela —horien artean gehienak neskak, eta futbola gustatzen ez zitzaien mutilak ziren—. Hezkidetza aldetik, beraz, jolastokiari buelta bat emateko premia ikusten genuen”. Hirugarrenik, ikastetxearen handitzeak ekarri zituen premia berriak zeuden: Zaragueta HHko eta LHko eskola izan zen bere hastapenetan, baina, DBH han egiteko aukera ireki zenean eraikina pixka bat handitu bazen ere, jolastokiak berdina izaten jarraitu zuen. “Ume gehiago izatearekin batera, beharrak asko aldatzen dira 2 urteko umeengandik DBHko 4. mailakoengana, eta horri ere erantzun behar genion”, azaldu du ikasketa-buruak.
Hiru faktore horiek bultzatuta, jolastokia berritzeko bideari ekin zioten. Baina eraldaketa ez zuten edozein modutara egin nahi; bazekiten prozesuak berak ere eraikitzailea izan behar zuela. “Inuzente-inuzente hasi ginen”, gogoratu du ikasketa-buruak. Bikaintasunerantz proiektuan, jolastokia eraldatzeko dirulaguntza txiki bat jaso zuten, eta Berritzegunera jo zuten laguntza eske; Azpeitiko herri-ikastetxea eraldatzeko proiektuaren berri eman zieten han, eta, Azpeitikoekin harremanetan jarririk, Tipi aholkularitza-enpresara jo zuten. “Tipik aholkularitza-lana egin zuen. Lehenengo urtean, prestakuntza eman ziguten irakasleoi eta guraso-elkarteko arduradunei. Talde dinamizatzaile bat sortu behar zela esan ziguten, eta etapa guztietako arduradunek egon behar zutela hor: zuzendaritza-taldea, Gorputz Hezkuntzako irakasleak, guraso bat eta ikasleen batzordea. Horiek osatzen dugu talde eragilea, proiektu guztia aurrera eraman eta eskola martxan jartzen duena”, kontatu du Zumetak.
Artean ez zuten oso argi ez nolako jolastokia nahi zuten, ezta nolako prozesua egin beharko zuten ere; baina ideia bat oso argi zuten. Ikasketa-buruak azaldu duenez: “Oso argi geneukan ikasleek izan behar zutela eraldaketa honen ardatz, eta egingo genuena ez zela ikasleentzako zerbait izango, baizik eta ikasleek egin behar zutela egin beharreko hori. Haiengandik sortutako zerbait izan behar zuela garbi geneukan, haiek izan behar zutela protagonista”. Eta bidelagun izango zen hezkuntza-komunitate osoa: irakasleak, irakasle ez diren eskolako langileak —“bereziki jangelako hezitzaileak, haiek egoten baitira jolastokian haurrekin gehien”— eta gurasoak.
Ikasleen iritzia jakiteko, ikasleen batzordeak eratu zituzten, LH1-etik DBH4-ra bitarteko maila bakoitzetik bi ikaslek parte hartu zuten ikaslebatzordean, eta HHko haurren iritzia irakasleak eramaten zuen behar zen lekura. Ikasleen batzordeko kideek gelakideei azaltzen zizkieten proiektuaren urratsak tutoretza-orduetan, irakaslearen laguntzarekin eta power point baten sostenguarekin. Eta, ondoren, gelakideen iritzi eta proposamenak jaso, eta talde dinamizatzailera eramaten zituen ikasleen batzordeak. Aldi berean, irakasleen eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideen artean ere trukatzen zen informazioa.
Ikasleen batzordeko kide izan da eta da aurtengo ikasturtean Erlantz Martin, DBHko ikaslea. “Prozesu hau lehenengo pertsonan bizitzeak protagonista sentiarazi gaitu, eta, gizarteko beste alor batzuetan gazteon ahotsa ez dela entzuten esaten dugun bezala, oraingo honetan aintzat hartuak eta entzunak izan garela esan behar dugu”, azaldu du. Haren egitekoa talde dinamizatzailearen eta bere gelaren arteko informazio-trukea bideratzea izan da, beste gelakide baten eta irakaslearen laguntzarekin. “Jolastokia oso gurea den gauza bat da, eta, orain, prozesuaren ondoren, geureago sentitzen dugu”.
Hiru fase izan ditu orain arte proiektuak: lehenengo, espazioaz jabetzeko lana egin dute; ondoren, espazioa amesteari ekin diote; eta, hirugarrenik, eraldaketa gauzatzen hasi dira.
Jolastokiaren alde onez eta ez
horren onez jabetzen
2017-2018 ikasturtean, hainbat ekintza egin zituzten ikasleek eta irakasleek espazioaz jabetzeko. Orduan zeukaten jolastokitik gehien eta gutxien gustatzen zitzaienaz jabetzeko eta iritzia emateko garaia izan zen. Etapa guztietako ikasleek eman zuten iritzia jolastokiko guneen inguruan. Txikienen kasuan, hainbat material jarri zizkieten eskura astebetean, hala nola kartoizko kaxak, komuneko papera, ur-jolasak... jolastokia beste modu batera erabili ahal izateko. Ikasketa-buruak gogoan du jabetzeprozesuko ekintzak parte-hartzaile guztiei etorri zitzaizkiela ondo: “Futbolean ibiltzen zirenen kasuan, esate baterako, jabetu ziren beste ikasleek zer behar zituzten; eta eurak erdigunean eta leku gehiena okupatuz futbolean zebiltzan bitartean besteek bazterretan eta espazio txikietan egon behar bazuten, ikasle horien beharrak ez zirela betetzen ikusi zuten”. Ekintzen bitartez besteekiko enpatia lantzeak dakarren aberastasuna nabarmendu du Zumetak ere: “Gorpuzturik bizi izan zuten behar hori. Bestela, futbolean dabilenari esaten badiozu besteak baztertzen dituela, eraso bat bezala har dezake. Baina, horrelako ekintzekin, besteen lekuan jartzeko aukera izan zuten”. Eta ikusi zuten, baita ere, baloiarekin ibili gabe ere asko goza zitekeela beste ekintza batzuekin. Jolas-ordua bazterretan pasatzen zuten umeentzat ere garrantzitsua izan zen jabetze-esperientzia. “Era berean, izkinetan zeuden horiek ere ahaldundu nahi genituen: ‘zuek leku pila bat hartzen duzue, eta guk ere nahi dugu’. Ordura arte, hori zen araua, eta guztiok onartuta bezala geneukan hala izan behar zuela. Eta, orduan, ikasle asko konturatu ziren euren eskubidea ere badela erdigunean egotea”. Erlantz Martinek ere, prozesuaren ondoren, are argiago ikusi zuen jolastokiaren erabilera desorekatua zela: “Jende asko dago futbolean ibili nahi ez duena, eta futbolak hartzen badu jolastokiaren erdia, horrek esan nahi du jende asko gelditzen dela lekurik gabe. Baloiaz gain beste aukera batzuk ematea denontzat izan da aberasgarria”.
Eskola-komunitate osoa jolastoki berria amesten
Eskola-komunitate osoa amesten jarri zuten bigarren ikasturtean, 2018-2019an; ikasle, irakasle, langile eta gurasoek hartu zuten parte ameste-fasean. Hasteko, hainbat galdera egin zituzten talde eragilekoek, hausnarketa gisa: eskolako espazio guztiak izaten ditugu kontuan? Eskola honen ezaugarrietako bat, hasieratik, adin desberdinetako kideen arteko harremanak sustatzea bada, betetzen al da helburu hori espazio horietan? Kantxarik gabeko espazio bat imajinatu dezakegu? Talde handietan zein txikietan egoteko lekuak baditugu? Eskolako ikasle guztiak (2 urtetik 16 urtera bitartekoak) kontuan hartzen ditugu?
Baldintza batzuk ere kontuan izan behar zituzten, amesten hasi aurretik: genero-berdintasuna, esperimentaziorako guneak eta erantzunkidetasuna aintzat hartu behar zituzten amets egiteko. Kontuan izan behar zuten, halaber, Gorputz Hezkuntzak dauzkan behar batzuk ase behar dituela jolastokiak; eskola-kirola egiten dela ikastetxe honetan eta, beraz, eskola-kirolak ere espazio batzuk behar dituela; beharrezkoa zen klima ere kontuan hartzea, eta segurtasuna bermatu behar zuten instalazioek. Dirutan ere, mugak zituen proiektuak, Udaletik jasoko zuten dirulaguntza baitzuten muga.
Ikasle bakoitzak bere jolastokia irudikatu zuen, eta, amets indibidualetatik amets kolektiboetara, elkarrizketan eta negoziazio-lanetan jarri zituzten ikasleak Zaraguetan. LHn, esate baterako, lauko taldeetan, haur bakoitzak bere ametsa azaltzen zien besteei, eta, adostasun batera iritsi ondoren, laukote horrek maketa batean garatzen zuen bere proposamena. DBHkoek, berriz, horma-irudi handi bat egin zuten talde-lanean.
Aldi berean, ikasleen prozesu horrekin batera, irakasleek eta langileek ere amestu zuten euren jolastokia, eta gurasoek ere bai. Lehendabizi, ohiko informazio-kanaletatik, Patio bat, hamaika aukera proiektuaren berri eman zieten familiei, eta, horren ondoren, deialdi bat egin zieten egitasmoan parte hartzeko. Jaione Arrillaga, gurasoa, gustura joan zen ekimenera. “Pertsona aktiboa naiz, eta alabaren eskola-komunitatean parte hartzeko modu interesgarria iruditu zitzaidan”. Kopuruz talde handia ez bazen ere, inplikazio handikoa izan zela dio Zumetak: “Aberatsa izan zen, hiru etapetako gurasoak etorri zirelako eta gogotsu etorri zirelako; eta guraso-profila ere askotarikoa izan zen, baina bakoitzak bere lekua aurkitu zuen”. Aniztasun hori nabarmendu du Arrillagak ere. “Adin askotako haurren gurasoak elkartu ginen, eta horrek behar desberdinak jarri zituen mahai gainean: HHko haurren gurasook jolasteko lekuen premia ikusten genuen; DBHko nerabeen gurasoek, berriz, lasai egoteko lekuen premia azaldu zuten; denok elkarri entzutea oso enpatia-ariketa aberasgarria izan zen”. Halaber, eraldaketa bizitzea bera interesgarria izan da Arrillagarentzat: “Pixkanaka ari dira gauzak egiten, ez da aldaketa handirik egin egun batetik bestera, eta horrek aukera eman digu eraldaketa barrutik bizitzeko, denon artean egiteko; bi ohol eta soka bat jarrita, espazioa aldatu dela eta jolasa gehitu dela ikusi dugu, adibidez”.
Ikasle, irakasle, langile eta gurasoen ametsak Tipiren esku jarri zituzten, eta diseinurako aholkularitza-zerbitzuak amets horiek metabolizatu, eta hainbat ondorio atera zituen. Gisa honetako premisak bete behar zituzten jolastoki eraberrituan: espazio guztiak baliatzea; elementu natural gehiago erabiltzea; estali gabeko futbol-jokalekua berrantolatzea; HHkoei gorputz-mugimendua lantzeko elementuak eskaintzea; ura erabiltzeko jolasak jartzea; LHkoei, kirolez gain, beste jolas batzuetarako espazio egokiak sortzea; agertoki txiki bat jartzea; DBHkoei lasai egoteko espazio intimoak sortzea...
Amestutakoa benetan aurrera eraman nahi zuten ala ez ziurtatzeko, proba bat egin zuten. “Paperean, gauza asko jarri genituen, baina ikusi egin nahi genuen ea amestu genuen horrek benetan funtzionatzen zuen ala ez”. Familiei eskatu zieten etxean zeukaten material soberakina —lorontziak, tutuak, uretako botak, gurpilak...— ekartzeko, eta, horrekin guztiarekin, hainbat gune prestatu zituzten jolastokian. Egun batean, zirkuari eskaini zioten eskolako txoko bat; gune lasai bat ere atondu zuten liburuekin eta margotzeko materialarekin; mugimenduari lekua egin zioten, hala nola futbolinari, badmintonari edo ping-pongari; antzerki-txokoa ere sortu zuten, eta baita eraikuntzakoa ere, kartoi, paper edota gurpilekin.... Materiala atera eta jasotzea irakasleen ardura izango zen, baina materiala zaintzea, ikasleena. “Aurrez Birsortu proiektuan parte hartu genuen Hik Hasirekin, eta antzeko probaldi bat egin genuen. Bi astez egin genituen ekintza hauek, eta, tartean, euriak harrapatu gintuen; horixe da gure errealitatea, eta horrek ere lagundu zigun ikusten gure errealitatean zer egin dezakegun eta zer ez”. Materialak eta aukerak ugaritzearekin batera, haurren arteko giroa hobetu egin zela ohartu ziren: “Haur guztiek zeukaten zertan ibili, zertan jolastu, denentzat zegoen tokia, eta horrek liskarrak ikaragarri jaitsi zituen”. Espazioak eta aukerek harremanak nola baldintzatzen dituzten ikusi ahal izan dute proiektuan zehar. “Ezer baino gehiago, elkarbizitza-proiektu bat da espazioaren eraldaketaren atzean dagoena”, ondorioztatu du Zumetak.
Ametsak egikaritzen hasteko garaia
Ametsa paperean zeukaten, eta hurrengo urratsa, Tipikoek hala aholkatuta, udaletxeko atea jotzea izan zen. “2019-2020 ikasturte hasieran joan ginen Orioko Udalera, horrelako lan eskergak lehenengo hiruhilekoan egin behar zirela ikasi baikenuen bidean, eta abendua baino lehen, hurrengo urteko aurrekontuak itxi aurretik”. Udaleko hezkuntza-mahaiak eta udal-taldeak begi onez ikusi zuten proiektua; 15.000 euroko partida jarri zuten, eta arkitektoaren eta aparejadorearen laguntza izan zuten.
2020ko martxoan, COVID-19a etorri zen. Pandemiak eskola itxiarazi zuen, eta urratsak egitea eragotzi. Une horretan, aurrera jarraituko bazuten, talde dinamizatzaileak hartu behar izan zuen gidaritza, eta, 15.000 euro haiekin, ikastetxe inguruko lurrak mugitzeari eman zion lehentasuna: porlana kendu, belarra jarri, magalak osatu eta irisgarritasuna bermatu, sarrerako koska kendu eta arrapala luzatu.
2020ko udan egin du obra Azpeitiko KimuBat enpresak, eta urrian estreinatu dute eremu maldatsu berria ikasleek. “Lasaitua hartu dugu —aitortu du ikasketa-buruak—. Ikusi dugu erabilgarria dela adin guztietako ikasleentzat: denak ibiltzen dira maldan gora eta behera jolasean. Batzuk kezkatuta zeuden, txikiek bakarrik erabiliko zutelakoan, eta ikusi dugu ezetz. Gehiago ibiltzen dira handiak, nik uste”. COVID-19ari aurre egiteko protokoloek behartuta, kanpo-espazioak txandakatu egiten dituzte ikasleek orain: Haur Hezkuntzakoak asteka mugitzen dira ikastetxe inguruko espazio batetik bestera; LHkoentzat, aldiz, sei gune dauzkate bereizita, sei maila baitira, eta gela bakoitza aldatu egiten da egunez egun. Eguraldi txarra egiten badu, barruko espazio, aterpe eta frontoietan sei gune banatzen dituzte. LHn eta DBHn gune bakoitzean zer material atera ikasleek erabaki dute eta material horren ardura (garbiketa, jasotzea, zaintzea…) beraiena da.
COVID-19ak baldintzatu du Patio bat, hamaika aukera prozesua, eta baita dagoeneko eraldaturik dagoen espazioaren erabilera ere; baina Zaraguetako hezkuntza-komunitatea etxeko lanak eginda harrapatu du pandemiak. “Eskolako espazioen eta espazio horien erabileraren inguruan hausnarketa eginda harrapatu gaitu, eta, hausnarketa horren ondorioz, naturala eta lehentasunezkoa izan da guretzat kanpora gehiago ateratzea, hondartzara ateratzea, esate baterako. Eskola-orduak kanpoan egitea ere aurrez pentsatua geneukan, Naturaren Zientziak, Matematika edo Gizarte Zientziak kanpoko espazioetan lantzea”. Egoera berriaren aurrean nola eutsi Zaraguetaren filosofiari, hori izan dute erronka ikasturte berrian. “Aukeren bila joan gara; ezintasunen aurrean, izan gaitezen malguak eta egin dezagun ahal dugun hori. Lehen, hau egiten genuen; orain, gauden egoeran, badakigu muga asko dauzkagula, baina zer egin dezakegu?” . Esate baterako, psikomotrizitatearen garrantzia ikusirik, horretara bideratua ez zegoen gela bat psikomotrizitate-gela gisa atontzea erabaki dute, 2 urteko haurrek egunero psikomotrizitate-gelara joateko aukera izateaz gain, handiagoek, asteko txandak eginez eta garbiketak bermatuz gela hori erabiltzeko aukera izan dezaten.
Testuinguru zail honetan, ikasleek eta irakasleek jolastokiaren inguruan lanean jarraituko dute aurten ere. Gela bakoitzak ikasturteko programazioan sartu du jolastokiaren eraldaketari ekarpen bat egitea. “Gela bakoitzak opari bat egingo dio jolastokiari, eraldaketa honetan aurrera jarraitzeko”, azaldu du Zumetak. HH2-koek, esate baterako, haizearen konoak egingo dituzte; HH5-ekoek txoritxoek jan eta edateko etxolatxoak egingo dituzte, LH5 eta LH6-koak rokodromoa egokitzeaz arduratuko dira; DBHkoek bankuak pintatuko dituzte... Gurasoekin ere hainbat egitasmo burutu nahi dituzte auzolanean; baina egoerak baldintzatu du gurasoen parte-hartzea oraingoz. “Auzolana egitearen helburua bizikidetza da, harreman-sareak sortzea eta indartzea da, azkenean hori baita proiektu honen guztiaren funtsa: elkarbizitza eta bizikidetza izan dira gure ardatza”. Egoerak utzi izan balie, aurrerago egingo zuten kanpo espazioen erabileran: euritara katiuska eta zirekin ateratzeko asmoa zeukaten; barruko gela bat atondu nahi zieten DBHkoei gazteleku gisako leku batean lasai egoteko... “Lanketa guztia egina daukagu, eta paperean ditugu ametsak; aukera daukagunean, gauzatuko ditugu”, dio Zumetak. “Bidean, asko ikasi dugu —erantsi du ikasketa-buruak—. Hasieran, ez genekien zer-nolako lokatzetan sartzera gindoazen, eta eskerrak! Zer-nolako lana izango zen jakin izan bagenu, beldurtu egingo baikinen!”. “Baina merezi izan du”, erantsi dio Zumetak. “Bai, bai, horixe baietz, asko ikasi dugu bidean”.