JOKIN BILDARRATZ, ELKARRIZKETA: JOKIN BILDARRATZ EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA SAILBURUA
“Autonomia nahitaezkoa da ikastetxe bakoitza ahalduntzeko, eta baita irakasleriaren formazioa eta egonkortasuna ere”
“Autonomia nahitaezkoa da ikastetxe bakoitza ahalduntzeko, eta baita irakasleriaren formazioa eta egonkortasuna ere”Anoetako (Gipuzkoa) ikastolako irakasle izandakoa da Jokin Bildarratz. EAJko
ordezkari gisa Tolosako alkatetza, EUDELeko elkarteburutza eta Madrilgo senatua
pasata, ikastetxeetako geletan jarri du
berriro hanka, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu eginkizunetik.
Pandemia betean aurrekaririk gabeko
ikasturteari heltzea egokitu zaio. Aurrez aurreko eskolak hastearekin batera,
irakasleekin egon nahi izan du, haiei
entzuteko eta haien beharrak antzemateko. Irakasleen prestigio soziala eta formazioa nahitaezkoa iruditzen zaizkio hezkuntza kalitatekoa izan dadin eta ikastetxeak
ahaldundu daitezen. Ikaslea du ipar eta hari zor zaion kalitateko hezkuntza bermatzeko, alderdi politikoekin eta eragileekin
hezkuntza hitzarmena sinatzea du helburu, adostasunetan indarra jarrita.
COVID-19ak markatutako ikasturtearekin abiatu zenuen legegintzaldia irailean. Eskolak ez dira izan kutsatze-gune eta haurretan bereziki eta, oro har, hezkuntza komunitatean intzidentzia txikia izan da. Nola doa ikasturtea?
Gelen % 99,60 irekita dago [oporren aurretik], horrek esan nahi duen guztiarekin. Alegia, gure ikasleek —gure haurrek eta gure gazteek— sozializatzeko aukera dute; hau da, euren geletan egoteko aukera dute. Aldi berean, gizarteari mezu bat bidaltzen zaio horrekin, eta hori izugarrizko urratsa da gizartearen egonkortasunerako, lasaitasunerako eta kontziliaziorako. Hezkuntza gizarteari izugarrizko oparia bueltatzen ari zaio. Zergatik? Gizarteak gobernuaren, erakundeen eta hainbat talderen bitartez baliabideak jartzen dizkio hezkuntza sistemari, eta aldi berean, hezkuntza sistemak gizarteari bueltatu egin dio era horretara.
Uste dut eskertu egin behar dugula. Inoiz ez dugu nahikoa eskertuko ikastetxeak banan-banan egiten ari diren esfortzua, bai ikasturte honetan eta baita duela urtebete etxe guztietara iristeko egindako ahalegina ere. Nik, adibidez, etxean ikusi dut: alabak kristau eskolan egiten du lan, eta nire emazteak eskola publikoan, eta egin den esfortzua, bai ikasleen eta bai irakasleen aldetik, izugarria izan da. Nire esker ona erakutsi behar diot hezkuntza komunitate osoari egin duen lanagatik eta izan duen eskuzabaltasunagatik.
Ikasturte hasieran baliabideak eskatzen zituzten ikastetxeek: giza baliabideak, teknologikoak, osasun prebentziokoak... Nola hornitu dira? Zein baliabide zehatz ezarri dira?
Ikasturte hasieran izugarrizko egonezina zegoen ezjakintasuna zela-eta. Seguruenik ezkorrek eta hemen gauden gehientsuenok ere ikasleak segituan etxera bueltatu beharko zutela pentsatu genuen. Baina ez da horrelakorik gertatu eta orain helburu garbi bat dugu: aurrez aurreko hezkuntza ekainera iristea. Eta horretarako jarri dira jarraibideak, baliabideak oso garrantzitsuak baitira. Ikastetxe publikoetan 1.064 irakasle baino gehiago jarri dira eta jangelako begirale gisa 1.144 pertsona. Itunpeko ikastetxeekin akordio batera heldu gara, ikastetxe publikoetan erabili diren irizpide beretsuak mantenduz irakasleak finantzatzeko, ikastetxe bakoitzaren zailtasunak eta ikastetxe bakoitzeko ikasle kopurua aintzat hartuta. Horrez gain, ikastetxe publiko zein itunpekoei materiala bidali zaie, batzuei diru bitartez eta beste batzuei zuzenean bidaliz maskarak eta gel hidroalkoholikoak. Ordezkoak ere gehitu dira, % 23 ikastetxe publikoetan eta berdintsu itunpekoetan. Mantenimenduan ere gauza bera egin da.
Aipagarria da udalek eduki duten inplikazioa, bai gurekin eta baita bakoitzak bere herriko ikastetxeekin ere. Inplikazioa izugarria izan da. Zentzu horretan, guk ere lagundu egin nahi izan diegu eta, adibidez, garbitasunerako bi milioi eta seiehun mila euro jarri ditugu eta egin zaizkigun karpa eskaera guztiak onartu ditugu.
Irakasleak txertatzen hasi dira, eta ikusirik eskola testuinguruko kutsatze-intzidentzia baxua dela, protokoloak malgutzeko aukerarik ba al dago? Edo egon da, bederen, protokoloak “gizatiartzeko” aginbiderik?
Guretzat ezinbestekoak dira Osasun Sailak markatzen dizkigun irizpideak. Hezkuntza eta Osasun Sailen artean mahai bat osatuta daukagu eta ostiralero biltzen gara ikasturtea hasi zenetik protokoloak errepasatzeko, ikastetxeetako zuzendariek egiten dizkiguten proposamenak berraztertzeko eta abar.
Nik uste dut zuhurrak izatea komeni dela eta tartean ez despistatzea. Alegia, gure helburu nagusia ikasturtea aurrez aurreko hezkuntzarekin bukatzea baldin bada, goazen hori lehenestera eta ikastetxeetako kezka handiena izan dadila ikuspegi pedagogikoa.
Nola daude irakasleak?
Irakasleak nekatuta daude. Pandemiak asko erakutsi digu, asko, gizarte osoari eta gutako bakoitzari. Eta nik, ailegatu nintzenean, tentsio nabaria ikusi nuen ikastetxeetan. Horregatik, hartu genuen lehenengo erabakietako bat hezkuntza komunitatea osatzen dugunokin bilerak egitea izan zen. Niretzat oso garrantzitsua izan zen zuzendariekin eduki nuen lehen bilera hura. Ez zen erraza izan beraien egonezinak eta kezkak helarazten zizkigutelako, artean bitartekoak jarri gabe zeudelako.
Egiten ari naizen bisita guztietan irakasleak nekatuta ikusten ditut, baina ilusio handiarekin. Beti esan izan dugu irakasleriaren lana bokazio handiko lana dela, zaren horretan izugarrizko emana eskatzen duelako egunero-egunero, eta momentu honetan eman horrek asko exijitzen du eta horrek bere higadura du. Beraz, irakasleak ilusioz baina higadura handiarekin daude. Oporrak ondo etorriko zaizkie lasaitzeko eta norbera bere onera etortzeko.
Nola daude umeak eta gazteak?
Izugarri ondo ikusi ditut. Arauak zorrotz betetzen dituzte irakasleek egin duten lanaz gain, ikasleek beraiek hartu duten autodiziplinagatik. Badakite eta ohitu egin dira eta geletan bakoitza bere musukoarekin ikusten dugu. Oso onartuta daukate beraien errespetuzko jarrera komunitarioa ezinbestekoa dela eta oso inportantea dela taldearen zaintzarako. Nik uste dut keinu horien bidez gauza asko ari garela ikusten: elkarrekin, elkarren arteko zaintza, besteenganako errespetua... Egoera honetan balio batzuk islatzen ari gara eta oso inportanteak dira.
Hezkuntza munduan gabiltzanok beti erabili izan dugu hezkuntza integralaren kontzeptua. Hezkuntza integrala ez dira edukiak soilik, eta nik uste dut momentu honetan hezkuntza integrala garatzeko eta sakontzeko modua izan dugula. Gure ikasleak oso jarrera baikorrak ari dira erakusten, taldean elkarrekin bizitzeko jarrerak dira gehienak.
Euskarari dagokionez, ikasturte honetan ikasle askorengan euskararen defizita nabaritu da konfinamenduaren ondorioz eta errefortzu premiak handitu egin dira. Ikasturte hasieran, ordea, IRALE programaren euskara ikastaroak bertan behera gelditu ziren eta baita euskal girotze barnetegiak ere. Noiz eta nola berreskuratuko dira?
IRALEko irakasle taldearekin lanean ari gara eta irailean hasiko dira, datorren ikasturtean, betiere osasun egoerak ahalbidetzen badu. Zentzu horretan badauzkagu alternatibak: PCR probak egitea sartu baino lehen, burbuila taldeak mantentzea... aurreikuspenak egin ditugu.
Formazioa ezinbestekoa da, maila guztietan, eta euskararen arloan ere bai. Euskaldun berriek ez ezik, guk geuk ere, euskaldun zaharrak izanagatik, denboraren poderioz aberastasuna galdu dezakegu eta formatzea ezinbestekoa dugu. Horregatik, IRALErekin jarraitu beharra dago, irakasleria formatu beharra dago eta lanean jarraituko dugu.
Hezkuntza eragile guztiak bat datoz hizkuntza-ereduak gainditu behar direla esatean. Zer falta da urratsa egiteko eta murgiltze-mantentze eredua orokortzeko?
Nik uste dut gizarteak hautu garbi bat egin duela eta D eredua nagusitu dela. Orduan, euskara ardatz duen eleaniztasun programa bat behar dugu, helburua izanik ikasle bat gutxienez hiru hizkuntzatan adierazteko, ulertzeko eta bizimodua egiteko gai izatea derrigorrezko hezkuntza bukatzen duenean.
Horretarako, momentu honetan gure politika ikastetxeak ahalduntzea eta indartzea da. Alegia, ikastetxe bakoitzak ezagutu eta neurtu behar du zein den bere errealitatea hizkuntzari dagokionez, bere hezkuntza proiektua garatzeko. Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektua bere errealitatera egokitu behar du, garbi edukita Berastegiko eskolako D eredua eta Barakaldoko ikastetxe bateko D eredua desberdinak izango direla, eta baita bateko zein besteko ikasleek euskararekiko duten harremana, ezagupidea, lotura, kultura eta habitusa ere. Nahiz eta biak D ereduak izan, batzuek zein besteek behar duten eredua desberdina izango da. Beraz, gakoa ikastetxeak ahalduntzea da, bakoitzak bere egoera aztertzea eta ikasleek duten beharrei erantzuteko autonomia izatea. Eta administrazioa ikastetxe horien laguntzaile izango da.
Kulturari dagokionez, adituek argi gorriak piztu dituzte, unibertsitatera iristen diren ikasleen artean ezezagutza handia dagoelako euskal kulturaren inguruan. Zehar-lerro izatetik berariazko lerro izatera pasa beharko ote luke?
Nik ez dakit zehar-lerrotik enborrekora pasa behar duen. Guk segituan irekiko ditugu euskal curriculumaren inguruan lanean aritzeko mahaiak, eta gure ikuspuntua curriculum hori gaian inplikatuta dauden eragileekin jorratzea eta lantzea da, batik bat irakasleekin. Dudarik ez dago euskal kulturari pisu handia eman behar zaiola. Azken batean, herri baten nortasunaren isla da. Horregatik, gure iparra etorkizunerantz jartzeko, gure lehena ezagutu behar dugu, eta zentzu horretan, kultura oso garrantzitsua da.
Lan berezi bat egin beharra dago gazteekin, jakinda eta ikusita zenbat kanpo eragile dagoen eta horien ondoan gure kultura “ahulagoa” dela. Globalizazio zabal honetan, mugikorrarekin, Internetekin eta abar, edozein gaztek kanpotik jaso dezakeen inputa euskal kulturatik jaso dezakeena baino askoz handiagoa da. Gainera, kulturaz gain, balioak, jarrerak eta abar daude. Beraz, benetan analisi sakon bat merezi duen gaia da, ongi berraztertu behar dena zentroetan eta geletan lantzeko.
Haurreskolak Partzuergoko langileak greban egon dira eta, besteak beste, doakotasuna, integrazioa, lan hitzarmena errespetatzea eta berria negoziatzea eta egonkortasuna eskatzen dituzte. Zer asmo ditu Hezkuntza Sailak Partzuergoarekiko?
Partzuergoa Hezkuntza Sailak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, udalek, eta Foru Aldundiek osatzen dute. Gu parte garrantzitsu bat gara, guk jartzen ditugulako irakasleei dagozkien soldatak eta abar, baina denok lankidetzan ari gara.
Gure asmoa sindikatuekin ekaina bitarteko bilera-plangintza bat adostea da, hitzarmenean egon daitezkeen gai batzuk jorratzeko.
Bestalde, HUHEZIrekin proiektu bat egingo dugu Partzuergoaren etorkizuna diseinatzeko. Partzuergoa erlatiboki gaztea da eta gauden egoeran oso proiektu polita eta interesgarria izan daiteke.
Proiektu horretan lekurik izango al luke 0-2 eta 0-3 etaparen hausnarketak? Zeren adituek diote 0-3 zikloa osorik mantendu beharko litzatekeela. Hori berraztertzeko asmorik ba al dago?
Ondorio hori atera daiteke proiektu horretatik, bai. Gertatzen dena da une honetan hausnarketa horiek ez direla errazak. Zergatik? Bi urteko ikasleak ikastetxe arruntetan integratu direlako eta errealitateak eraman gaituelako 0-2 eta 2-6 etapak izatera.
Baina horrez gain, gehiago dago: haur eskola eredu askotarikoak daude. Oraindik udal batzuk haur eskolak izaten jarraitzen dute eta guk diruz laguntzen diegu; beste hainbat ikastetxek ere —batik bat itunpekoek— ziklo hori eskaintzen dute eta guk diruz laguntzen diegu. Beraz, hausnarketa sakon bat eskatzen duen egoera da.
Horrez gain, badago beste hausnarketa bat ere: diruz laguntzen ari gara 0-1 etapa eta Partzuergoko haur eskola gehienak 1-2koak dira. Orduan, zer egin behar da 0-1ekin? Zer egin behar da 1-2rekin? Merezi du gehiago indartzeak ala hobe da etxean zaintzeko laguntzak handitzea?
Partzuergoa osatzen dugun guztion artean horren guztiaren gainean hausnartzea eta erabaki batzuk hartzea apustu ona dela uste dut.
Lan eskaintza publikoari dagokionez, zer asmo duzu legegintzaldi honetan?
Alde batetik, iaz COVID-19aren eraginez atzeratu zen deialdia egin dugu eta ekainaren 19an eta 20an egingo dira lehen probak. 1.148 plaza eskaini dira Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoentzat.
Horrez gain, guri ahalik eta plaza gehien ateratzea interesatzen zaigu egonkortasuna lortze aldera. Zentroaren ahalduntzerako oso elementu garrantzitsua da hezkuntzaren kalitatea, eta hainbat faktoreren artean —formazioa ere oso inportantea da— irakasleen egonkortasuna ere garrantzitsua da hezkuntza proiektu bat aurrera eramateko. Inondik inora ezingo genuke enpresa bat eduki urtetik urtera langileen ehuneko handi bat aldatuz. Guri plantilla egonkorra izatea interesatzen zaigu, eta horretarako, alde batetik plazak atera beharra daukagu, eta, bestetik, plan bereziak egin.
Oposaketak egonkortasunarekin lotzen dira, baina errealitatean mugikortasun handia dago. Egonkortasuna lortzeko, ikastetxeak ahalduntzeko eta hezkuntza proiektuarekiko atxikimendua areagotzeko, eskola publikoko langileen kontratazioa ezingo litzateke beste modu batera antolatu beste herrialde batzuetan bezala?
Niri izugarri gustatuko litzaidake ikastetxe bakoitza mundu bat izatea langileen kontratazioak egiterakoan. Izugarri. Ahalik eta autonomia handiena bai, garbi dagoelako zentroak berak hartzen dituen erabakiak beti joango direla kalitate hobeago baten alde. Garrantzitsua da ikastetxe bakoitza ahalduntzea, indartzea eta autonomia areagotzea eta jorratzea, irakasleak oinarrizko rola jokatzen duelako ikaslearen hezkuntzan eta ikastetxearen bizitzan.
Nik autonomia oso-osorik utziko nieke, konfiantza guztiarekin, baldin eta gero ebaluazio prozesu egokiak baleude. Eta uste dut horretan ados gaudela guztiok: edozein gauza egiten dugula, ebaluatu egin behar da, eta kasu honetan ere bai. Baina lege batzuk dauzkagu, egoera jakin batean gaude eta, zentzu horretan, aurreratu beharra dago. Autonomia nahitaezkoa da ikastetxe bakoitza ahalduntzeko, eta baita irakasleriaren formazioa eta egonkortasuna ere.
Irakasleriaren prestakuntzari dagokionez, aipatu dituzun erronka horiei erantzuteko, nola indartuko dira irakasle eskolak?
Lehenengo, gizarteari begira, hezkuntzaren aintzatespena lortu beharko litzateke, eta hor sartuko nuke irakaslea, hau da, irakaslearen irudia, irakaslearen rola, irakaslearen prestigioa. Herri batean kalitateko hezkuntza edukitzeko, nahitaezkoa da irakasleriaren kalitatea eta haren onarpen edo prestigio soziala. Horra jo behar dugu eta horretan prestakuntzak eginkizun oso garrantzitsua jokatzen du. Formazio egokia funtsezko elementua da kalitatezko hezkuntza areagotzeko.
Beraz, fakultateekin elkarrekin lana egin beharra dago eta uste dut hori garbi ikusten dugula. Irakasleek fakultateko ikasketak bukatzen dituzte, berehala zerrenda batean izena eman dezakete, inolako filtrorik gabe, eta ikastetxeetara joaten dira. Horrek horrela izan beharko luke ala beste zerbait behar dugu? Hori aztertu beharko genuke. Horrez gain, hezkuntza sistemaren barruan lanean diharduten irakasleen formazioak oso sistematikoa eta metodologikoa izan behar du; ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektuan ezinbesteko elementu bat izan beharra dauka formazioak.
Beraz, prestakuntza oso-oso elementu garrantzitsua da, eta baita irakasleen prestigioa lortzea ere.