Gazteen atzetik, jauzia egiteko garaia da

2021-07-01

EUSKARAREN ALORREAN ADOSTASUN ETA DEBEKU EGUNA IZAN DUGU
EKAINAREN 19A. BEHARREZKOA DA
HIZKUNTZA-POLITIKETAN JAUZIA
EGITEA. URGENTZIAZKOA,
HEZKUNTZAN.

 
 

Adostasuna eta debekua. Aurkia eta ifrentzua. 2021eko ekainaren 19an Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko erdietsi duen adostasun soziala irudikatu zuen Donostiako Kursaal aretoan. Euskal Herriko alor ugaritako ia ehun eragilerekin —hezkuntza komunitateko eragile asko eta askorekin— adostu eta onartutako dokumentua aurkeztu zuen. Baikortasunerako ekitaldia izan zen. Dotore eta gogoangarria. Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea du helburu prozesuak eta horretarako  hizkuntza-eskubideak eremu guztietan bermatu beharko direla ohartarazi zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: “Hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan”. Prozesu emankor baten ondoren hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia dela aldarrikatu zuen Kontseiluak.
Jauzia egiteko prest daude herritarrak, baita eragileak ere. Baina, zapla, ifrentzua: egun eta ordu berean Frantziatik etorri zen albistea: hizkuntza-eskubideetan aurrera egiteko azeleragailu izan behar zuen Molac legeak are atzerago utzi du euskarazko irakaskuntza Ipar Euskal Herrian, Seaskaren beraren eredua, hain sendotua, hain emankorra, hain aitortua­, kolpatzera etorri baita Frantziako Konstituzio Kontseiluak berretsi duen debekua. Garaipen historikotzat ospatu genuen eta zaplazteko itzela bihurtu da.
Tamalez, ohituak gaude. Euri asko egiten du euskararen lurretan. Frantziakoa bezalako ekaitza batzuetan, trumoi eta tximista. Zirimiri gisa beste batzuetan. Ziertzoak jotzen du tarteka. Kasu, duela hilabete Nafarrotik etorri zen albisteari: Iruñeko haur eskoletako 165 familia euskarazko lerrorik gabe utzi ditu Iruñeko Udalak datorren ikasturterako. Euskaraz ikasteko aukera ukatuko die haurrei hizkuntzaz jabetzeko hain garrantzitsua den etapan, estrategikoki, disimulu gutxirekin, doakabe. Eskutik du Udalak Maria Txibite lehendakaria: euskara ez da, ezta meritu gisa baloratuko Nafarroako eremu ugaritan, ingelesa, frantsesa eta alemana meritu badira ere lurralde osoko lan deialdietan. Ater gabe ari dira euskararen kontra.
Jauzia egiteko garaia da.
Bada adostasunik. Eta bada itxaropenik. Beste behin Iparraldetik eta gazteek eman digute lezioa. Jauzia egin dute: Bernat Etxepare lizeoko ikasle andana batek euskaraz erantzun du Filosofiako azterketa, jakitun euren lanak ez dituztela aintzat hartuko eta ondorioak asumituta. Eredu dira. Eta baita, euskaraz etsaminatzearen alde, brebeta zuzentzeari uko egin dioten kolegioetako eta lizeoetako irakasleak ere.
Urgentziazkoa da hizkuntza-politiketan jauzia egitea.

“Azken ikerketa batek dio gazteei naturala zaiela gehienetan espainola hitz egitea, ez baitakite euskara eta bere kultura etengabe jazarri, menostu, desagerrarazi nahi izan eta dutenik, ez baitute euskaran autokontzientzian ariketarik egin, gramatikatik eta morfosintaxitik haratago inork ez baitie euskararen historia irakatsi, ez etxean, ez ikastetxean, ez Interneten”
Gotzon Barandiaran