Uriz Pi ahizpak, ideia berritzaileen defendatzaile sutsuak

2021-11-01

Orain arte ezezaguna izan da Pepita eta Elisa Uriz Pi ahizpa nafarrek hezkuntzaren arloan egindako lana eta ekarpena. XIX. mendearen amaieran hasi eta XX. mendearen erdialdera bitartean, pedagogia berritzaileak eta ideia aurrerakoiak zabaltzen eta praktikan jartzen aritu ziren Katalunian, eta garaiko borroka antifaxistan eta aldarrikapen feministetan ere parte-hartze aktiboa izan zuten. Iruñeko Planetarioan egon den erakusketak Uriz Pi ahizpen lana hobeto ezagutzeko aukera eman du, bai eta Txalapartak berriki argitaratu duen Pioneras. Historia y compromiso de las hermanas Uriz Pi (Aitzindariak. Uriz Pi ahizpen historia eta konpromisoa) liburuak ere.

 
 

Bizitzaren parterik handiena Euskal Herritik kanpo eman arren, Nafarroan jaioak ziren Pepita eta Elisa Uriz Pi ahizpak, eta euskal herritarrak zirela esaten zuten beti. Pepita Badoztainen jaio zen, 1883. urtean, eta Elisa Tafallan, hamar urte geroago, 1893an. XX. mendearen hasieran, Madrilera lekualdatu zen familia osoa, eta, ohikoa ez izan arren, unibertsitate-ikasketak egitera bultzatu zituzten. Horrela, biek Madrilgo Irakasle Eskolan egin zituzten ikasketak lehendabizi, eta, ondoren, Irakasle Ikasketen Goi Mailako Eskola sortu berrian. Pepita bere promozioko lehena izan zen, eta karrerako sari berezia jaso zuen. 1914. urtean, Gironako Irakasle Eskola Normalean hasi zen lanean, eta, 1921ean, Lleidakora pasa zen. Elisa Tarragonako Eskola Normalean musikako irakasle gisa hasi zen 1922an.
Etorkizuneko irakasleen prestakuntzan ideia eta praktika pedagogiko berritzaileak jarri zituzten martxan, besteak beste, pentsamendu kritikoa, eztabaida, testulibururik gabe aritzea, norberak bere oharrak jasotzea eta abar. Garai hartan Europan loratzen ari ziren proposamen pedagogiko interesgarriak ezagutzen zituzten, eskola tradizionala hausten zutenak, eta haiek praktikan jartzeari ekin zioten. Irakaskuntza Librerako Erakundearen eta Ikasketa eta Ikerketa Zientifikoa Zabaltzeko Batzordeak atzerrian ikasteko bekak eman zizkien, eta, horiei esker, egonaldiak egin zituzten kanpoan, Pepitak Belgikan eta Parisen eta Elisak Suitzan. Puntako pedagogoen proposamenak lehen lerrotik ezagutzeko aukera eman zien horrek. Gaur egun erabat onartuta dauden ideia pedagogikoak babestu zituzten Kataluniako beren jardunean, eta “eskola modernoa” deitzen zena abiatu baino mende erdi lehenago hasi ziren Uriz Pitarrak praktika berritzaileak garatzen. Haien ustez, eskolak haurren prestakuntza intelektuala, morala eta orokorra bultzatu behar zituen; desberdintasunak gainditu behar zituen ikasleen jatorriari eta helburuei zegokienez; ikasleek herritar aktibo izan behar zuten, eta begirada kritikoa garatu behar zuten. Eta, horrekin guztiarekin batera, katalanez ikastearen alde agertu ziren. Neskak eta mutilak nahasteko ahalegina egin zuen Pepitak, eta Elisak Genevan ezagututako Dalcroze metodoa erabili zuen Gironako eta Tarragonako Eskola Normaletan. Irakaskuntzako langileen eskubideak eta duintasuna ere aldarrikatu zituzten, eta Kataluniako hezkuntzako langileen sindikatu nagusiko lehendakari izatera iritsi zen Pepita.
1936an, Espainian II. Errepublika aldarrikatu zenean, Pepitak Lleidako Eskola Normaleko zuzendaritza hartu zuen berriro, eta eskola modernorako bidea urratzen hasi zen. Izan ere, aurrez, 1933ko hauteskundeetan, CEDAk (Confederación Española de Derechas Autónomas) irabazi zuenean, postu horretatik kendu zuten, eta 1936an itzuli zen zuzendaritzara, Fronte Popularraren garaipenaren ondotik.

Oztopoen gainetik, segi
Urte horietako ibilbidean, oztopo eta traba asko topatu zituzten, bidea ez baitzen erraza garai haietan. Ez zegoen batere ondo ikusia eskolan soinketa edo dantza egitea, neskak eta mutilak elkarrekin aritzea, liburu alternatiboak irakurtzea eta abar. Proposamen iraultzaileak ziren Uriz Pi ahizpenak, eta kontrako asko zituzten inguruan. Lleidako eskolan zebilela, diziplinazko espedientea jarri zioten Pepitari, ikasleei proposatutako zenbait irakurgai desegokiak zirela argudiatuta, eta haren kaleratzea eskatu zuten. Garai hartako hainbat intelektualen artean —Santiago Ramon y Cajal, Miguel Unamuno, Antonio Machado, Manuel Bartolome Cossio…— oihartzun handia izan zuen eskaerak, eta idatzi bat argitaratu zuten Pepita Uriz Piren defentsan eta katedra-askatasunaren alde.
Hezkuntzan ez ezik, gizarteko hainbat borroka eta aldarrikapen askatzaile eta berritzailerekin bat egiten zuten. 1936ko gerra zibilean, irakasle eta herritarrekin batera –emakumeak nagusiki–, Ajut Infantil a Reraguarda izeneko ekimena sortu zuten, eta ehunka udaleku prestatu zituzten gerratik ihesi zebiltzan haurrei babesa eta jatekoa emateko.
Haurren ongizatearekin batera, emakumeena ere xedetzat zuten. Irmo aritu ziren emakumeen eskubideen defentsan. Emakume antifaxisten elkartean aritu ziren biak. Elisak Nazioarteko Emakumeen Federazio Demokratikoko zuzendaritzan jardun zuen 1940ko eta 1950eko urteetan. Besteak beste, haurren eskubideen defentsan aritu zen —aurretik Emakume Espainolen Elkargoan aritu zen bezala—, eta, haren lanaren ondorioz, Nazio Batuen Erakundeak Haurren Eskubideen Adierazpena eta Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zituen 1950eko hamarkadan.
Konpromiso politikoari jarraiki, alderdi komunistetan militatu zuten biek, eta ardura-postuak izan zituzten zenbait elkarte antifaxista eta komunistatan. 1939an, frankistek Bartzelona hartu zutenean, Frantziara egin zuten ihes, eta errefuxiatuei laguntzen aritu ziren han. Frantziako Erresistentziako lehen taldeetan pisu handia izan zuten, Uriz Pi ahizpentzat faxismoaren kontrako borrokaren segida baitzen. Frantziarrentzat, garrantzitsua izan zen 36ko gerratik erbesteratutakoen laguntza alemaniarrei aurre egiteko, baina Bolero-Paprika operazioan, militante komunistak deportatu egin zituzten. Hala, Pepita eta Elisa Berlin sobietarrera joan ziren bizitzera, eta han zendu ziren, Pepita 1958an eta Elisa 1979an.

Ezagutzarekin batera, aitortza
Manuel Martorell historialariak, Salomo Marques Gironako Unibertsitateko Hezkuntzaren Historiako irakasle erretiratuak, eta Mari Carmen Agullo Valentziako Unibertsitateko Hezkuntzaren Historiako irakasleak idatzi duten liburuak —Pioneras. Historia y compromiso de las hermans Uriz Pi (Aitzindariak. Uriz Pi ahizpen historia eta konpromisoa)— bi ahizpen ekarpena hobeto ezagutzen lagunduko du. Urteetan ezagutu gabeko lana izan da, eta gero eta datu gehiago bistaratzen ari dira. 2013an, Badoztainen egin zitzaien lehendabiziko omenaldia eta aitortza, eta, handik urtebetera, Sarrigurengo eskolari Josefa Uriz izena jarri zioten.