Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskal hezkuntza sistemaren balorazioa egin du Mallorcan

2007-04-16

L’observatori de la llengua catalanak Mallorcan antolatutako jardunaldietan izan da Paul Bilbao, Behatokiko zuzendaria. Jardunaldietan espainiar estatuko hezkuntza sistema desberdinak izan dituzte aztergai eta Bilbaok euskal hezkuntza sistemaren balorazioa egin du. Atzo eta gaur bitartean aritu dira estatu espainiarreko adituak, Katalunia eta Valentziakoak gehienak, eskolan hizkuntzak duen papera nahiz garrantzia aztertzen.

 
 

Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren hezkuntza ereduak aztertu ditu. Kontuan izanda gainera, EAEn irakastereduen erreforma prozesua martxan jarri berri dela, Bilbaok ikasle guztiak euskalduntzeko beharrezkoak diren baldintzak gogorarazi ditu. Kontseiluak irakastereduen erreformarako landutako eta plazaratutako proposamen zehatza azaldu du Behatokiko zuzendariak, hezkuntzaren erreformak izan behar dituen bost ezaugarri nagusiak ekarri ditu gogora:

1.- Euskara irakas-hizkuntza duen sistema trinko eta bakarra behar dugu. Euskal Herri osoan belaunaldi berriak oso-osorik euskaldun eleanitzak izatea bermatuko duen sistema, alegia. Ereduetatik haratago, orain arte euskalduntzeari dagokionez sumatu diren hutsuneak eta ahuleziak konpondu behar ditugu. Urtez urte metatuz doazen gazte euskaldundu gabeen arazoa moldatu behar da. “Gure aburuz, belaunaldi berrien erabateko euskalduntzea ezinbestekoa da gizarte orekatu eta kohesionatuagoa lortzeko, hizkuntza ez dadin izan bi komunitateren bereizgarri eta oro har elkarbizitza errazteko”.

2.- Aurreko helburu hori lortzea da garrantzitsuena eta horretarako epe muga zehatz eta denboran hurbila ezarri behar da. Epe hori bete ahal izateko baldintza batzuk ezinbestekoak dira, bereziki kontratazio berri guztiak euskaldunak izatea. “Edozein planteamenduk, idealena dela ere, zorroztasunez gauzatu behar da arrakasta izatekotan. Horregatik, lortu nahi den azken helburua eta epe ertainean bete behar diren helburuak zehaztasunez markatu behar dira”, adierazi du.

3.- Definitu dugun helburua lortzeko, lege aldaketa ezinbestekoa da. “Egun behar dugun tamainako erreformak, dekretuen bidezko adabakiak baztertuta, lege berri baten babes osoa behar du izan”, azpimarratu du Bilbaok. Kontseiluaren iritziz lege berri baten bidez bakarrik jarri ahal izango dira belaunaldi berriak euskalduntzeko baldintzak.

4.- Gurasoek beren seme-alaben heziketan hainbat hautapen egiteko eskubidea eta langileen eskubideak, ez daude inolaz ere ikasleen hizkuntza-eskubideen gainetik. “Argi izan behar dugu hezkuntzaren hartzailea ikaslea dela. Ikaslearen hizkuntza-eskubideak gurasoen hautapenerako-eskubidearen edo langileen eskubideen gainetik daude”.

5.- Behar diren baliabide guztiak esleitu behar dira erreforma honi bermez ekiteko. Gobernuek badituzte behar diren baliabide horiek guztiak. “Helburu hau guztiz lorgarria da, eta Euskal Herriko jende gehienak horixe aldarrikatzen du”. Kontseiluaren aburuz, gure herriak baditu irakasteredu eraginkorrak izateko nahiko baliabide. “Hezkuntza sistemak belaunaldi berrietako gazte guztien euskalduntze eleanitza lor dezan behar diren baliabide pertsonalak eta ekonomikoak jartzeko borondate politikoa behar da”.