Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen, urrats bat aurrera

2008-05-09

Atzo, Bilboko Deustuko Unibertsitatean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ikasle guztiak euskalduntzeko berriki egin duen Hezkuntza proposamena aurkeztu zuen. Proposamena, “hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn” legearen garapeneri begira egin da, Hizkuntza ereduen aldaketa beharrari erantzunez, eta hezkuntza eragile anitzen babesa jaso du.

 
 
Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen, urrats bat aurrera

Jardunaldiak Xabier Mendiguren kontseiluko ordezkariaren hitzekin hasi zen, eta ostean, Arantxa Urbe proposamenaren koordinatzaileak txostenaren nondik norakoak azaldu zituen. Proposamena hainbat hezkuntza eragileek ostatutako talde teknikoak garatu du, eta etengabe beste hainbat aditurekin eta euskalgintzako eta hezkuntzako hainbat elkarterekin kontrastatu da. Prozesuan parte hartu duten jakitunak, Maria-Jose Azurmendi Psikolinguistika gaietan aditua, Paulo Iztueta Soziolinguistika gaietan aditua, Matilde Sainz Hizkuntzen didaktikan eta irakaspenean aditua eta Felix Etxeberria kulturartekotasunean aditua izan dira. Azken hori, Urbek proposamenaren ildo nagusiak jorratu ostean, “ikasi eta irakasteko marko elenitzari” buruz mintzatu zen.

Txostena egin duen talde teknikoko hainbat partaide, atsedenaldi osteko mahainguruan izan ziren hizlari. Hik Hasiko Joxe Mari Auzmendik moderatzaile lanak egin zituen, eta bertan izan ziren Sortzen-Ikasbatuazeko Julen Etxeberria, EHIGEko Ana Eizagirre, Ikastolen Konfederazioko Koldo Tellitu eta Kristau eskolen sareko Mikel Ormazabal. Proposamenaren inguruko alde positibo eta kezkak plazaratu zituzten eta aurrera begirako erronkak aztertu, hizlarien eta entzuleen aipamenen artean hainbat ondorio jasoaz.

Proposamena ezagutzeko, jo Hik Hasi web atariko dokumentu interesgarrietara, (Euskal Herriko dokumentuak), edota klikatu hemen.