Euskal Curriculumaren herriratze ekitaldia, aurrera begirako pausuak

2008-06-23

Larunbatean burutu zen Donostiako Kursaal Jauregian Euskal Curriculumaren herriratze ekitaldia. Euskal Curriculumaren ibilbide pedagogikoa, egungo egoera eta aurrera begirako erronkak aztertu ziren ehundaka pertsona hurbildu ziren ospakizunean.

 
 

Euskal Curriculumaren aldeko lanean, duela bost urte eman zitzaion hasiera curriculumaren diseinuari eta pasa den larunbatean prozesuaren atal bat itxi nahi izan zen beste bat irekitzeko, teoriatik praktikarako jauzia emanez. Larunbatean, euskal hezkuntzaren historia birpasatzeko bideo baten emanaldiaren ondoren, Leitzako herri eskolako zuzendaria den Heleni Zabaleta eta Huheziko Marian Bilbatua irakaslea Euskal Curriculumaren beharraz eta horren funtzioaz aritu ziren.

Ostean, Hik Hasiko kide den Arantxa Urbe, curriculumaren prozesuaren etapa berriaren erronkez mintzatu zen. Prozesu berri honetan, orainarte bezala, herriaren hitza eta partehartzea curriculumaren garapenaren oinarri izango direla aipatu zuen eta erronka berriak azaldu zituen. Besteak beste, curriculuma etapaz etapa definitzea, egungo eta etorkizuneko irakasleen trebakuntza diseinatzea, tresna pedagogiko berriak sortzea, ikastetxeko proiektuak egiterakoan curriculumean oinarritzea eta abar. Urbek aipaturiko beste erronka bat, Euskal Curriculumaren Zaintzarako eta Garapenerako institutua sortzea da, curriculumaren ebaluazioaz eta hobekuntzaz arduratuko litzatekeen erakundea.

Euskal Curriculuma, herritarrek, hezkuntza komunitateak eta eragile anitzek sustatu eta jorratu dute urte hauetan zehar, modu aktiboagoan edo xumeagoan. Euskal Herrirako marko pedagogiko komuna plazaratuz, Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko beharrezko pausuak eman nahi dira. Orain, eskoletan inplementatu eta praktikan jartzeko ordua iritsi da.