Itunpeko eskolentzat aurrerapausoa da Jaurlaritzarekin lortutako akordioa

2009-02-05

Kristau Eskola, Ikastolen Elkartea-Partaide, EIB Eusko Ikastola Batza eta IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa pozik agertu dira Eusko Jaurlaritzarekin lortu duten akordioa dela eta. Hala ere, zerbait gehiago nahi zutela adierazi dute, eta beharrezko jo dute Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistema arautuko duen legea.

 
 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 14 milioi euro emango die itunpeko ikastetxeei, tutore, aholkulari eta gidatzaileen lanpostuak finantzatzeko, eta ordezkapenei bideratutako diru laguntzak % 2 handituko ditu. Itunpeko ikastetxeek, ordea, finantzaketaren % 100 diru publikoz egitea eskatzen dute. Hezkuntza Sailak inbertitzen duen diruaren % 25 jasotzen dute itunpeko ikastetxeek eta bertan ikasleen erdia baino gehiago daude (% 51 zehazki). Hori guztia kontuan hartuta, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza sistemaren legea beharrezkoa dela azpimarratu dute, itunpeko ikastetxeen finantziabidea zehazteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

EILAS eta LAB sindikatuek, bien bitartean, akordioa haien partaidetzarik gabe sinatu dutela eta horrek akordioan eragina izan duela salatu dute. Itunpeko ikastetxeetako langileak greba egitera deitu dituzte ELA eta EILAS sindikatuek otsailaren 11n eta 12an. LABek, oraingoz, ez du deialdiarekin bat egin. Aurrez, patronaleko ordezkariekin bilduko dira LABeko ordezkariak lan hitzarmena negoziatzeko, eta eskaintzen dietena jakin ondoren erabakiko dute grebarekin bat egin edo ez.