"Nafarroa Oinez 2010" jendetsua

2010-10-05

Atzo, eguraldia lagun, jendetza elkartu zen Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak antolatutako festan. Euskara, Atarrabiatik mundu osora zabaldu ze. Bertan izan ziren hainbat herrialdetako ordezkariak; hala nola, Eskozia eta Gales.

Datorren urteko "Nafarroa Oinez 2011" Tafallako Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du.

 
 
"Nafarroa Oinez 2010" jendetsua

NAFARROA OINEZ

Egun bat baino gehiago

Ikastola bat baino gehiago

 

 

2010eko Nafarroa Oinez martxan jartzeko lanak duela urte eta erdi hasi ziren, isil-isilik, aurrekoaren antolatzaileak jo eta ke ari ziren bitartean. Izan ere, hainbat hilabetez, aldi berean, bi Oinez izaten ditugu lanean: urtekoa eta lekukoa hartzeko motorrak berotzen hasia dena. Nafarroa Oinezen antolaketa eta presentzia, beraz, ez dira egun bakarrera mugatzen, askoz gehiago dira.

Nafarroa Oinez ikastola guztien festa da, txandaka eginiko ekimen handia, betiere guztion artean harturiko erabakiaren arabera. Bakoitzaren beharrak kontuan hartuz, baina gurea tamaina ezberdinetako ikastolek osaturiko sarea dela ahantzi gabe. Elkartasuna ardatza duen taldea osatzen dugu, Lodosako Ibaialderen bidegarritasunari eusteko Nafarroako ikastola guztiak egiten ari diren ahaleginak ongi erakusten duen bezala. Alde horretatik, aipatzekoa da Paz Zigandaren eskuzabaltasuna, Oinezen guneetako bat Ibaialderi utzi baitio, hortik aterako duen etekinak aurrerra egiten lagunduko diolakoan.

 “Munduz mundu” da aurtengo Nafarroa Oinezen lema. Helburua, berriz, Paz de Ziganda Ikastolak batxilergoa martxan jartzeko behar duen inbertsiorako dirua lortzea. 40 urteko ibilbidea egina daukan Atarrabiako ikastolak 1.000tik gora ikasle ditu, eta unibertsitate edo goi mailako lanbide heziketara arteko azken zikloaren beharra begi bistakoa da.

Hogeita hamar urte pasatu dira San Fermin Ikastolak batxilergoa emateko baimena lortu zuenetik. Geroztik, Iruñerriko ikastoletako ikasle kopurua bikoiztu baino gehiago egin bada ere, San Fermin da, oraindik ere, batxilergoa eskaintzen duen Nafarroako ikastola bakarra. Hiru hamarkadetan hezkuntza sistema aldaketa sakonak egin dira, eta ikastolek egoera berrietara egokitzen jakin dute. Paz de Zigandak ikastola sendoa dela erakutsi du, hezkuntza arloan ibilbide bikaina eginez etengabeko hazkundea ezagutu duelako. Orain arteko lan txukuna da batxilergoan ere kalitate handiko ikasketak ziurtatzen dituen bermea. Unibertsitatez kanpoko eskaintza osatzea, beraz, garrantzi handikoa litzateke, ez bakarrik Atarrabiako ikastolarentzat, guztiontzat baizik. Izan ere, Nafarroa Oinez ez da ikastola bakarrera mugatzen.

Baina Nafarroa Oinez beharrezkoa den inbertsiorako dirua lortzea baino gehiago da. Atzean proiektu bat dago, eta baita euskara bera ere, gure festaren bi oinarriak. Aurtengo deia (“Munduz mundu”) gure Euskal Herriko mugetatik harago joana da, iazko “Txikiak handi” hura bezala.

“Munduz mundu” gure kultur nortasunaren isla da. Euskaldunak gara, baina mundura zabalik gaude, elkartasuna dugu ezaugarri nagusienetakoa, eta kanpokoa ezagutu egin nahi dugu.

Aurtengo Oinezen globoari esker munduan barrena ibili gara, gugandik urrun ari diren euskaltzaleen bila. Argentina, Helsinki, Japon eta Madrilgo unibertsitateetako irakasleak gure artean izan ditugu hizlari. Haien guztien testigantza entzutea hunkigarria bezain aberasgarria izan da guretzat.

 Paz de Ziganda ikastolaren “Munduz mundu” globoa duela urte bete abiatu zen, munduan barrena ibiltzeko asmoz. Heldu den igandean, urriak 17, Atarrabiara bueltatuko da, urte betez ikasitakoari esker aberasturik. Guztiok izanen gara han, ikasitakoa partekatzeko. Guztioi gonbitea luzatzen dizuegu, zuek ere festarekin bat egin dezazuen.

Izaskun Arratibel Pastor

                                                  NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEKO Lehendakaria