Nerabezaroa: "Zoriontasuna eta nerabea eskutik doaz"

2012-06-25

Jaume Funes Artiaga. Psikologo, hezitzaile eta kazetari katalanak 30 urte baino gehiago daramatza nerabekin lanean.

Pedagogiaren eraberritzean lana egin du Jaume Funesek: haurtzaroari zor zaion errespetua aldarrikatu du, eta nerabezaroa ulertzen eta azaltzen dihardu. Sarri etorri da Euskal Herrira, gurasoen eta irakasleen aurrean hitzaldiak egitera. Beldurren eta zalantzen gainetik, nerabe izateak zoriontsu izatea esangura beharko lukeela nabarmentzen du. 

 
 
Nerabezaroa: "Zoriontasuna eta nerabea eskutik doaz"

Seme-alabak nerabezarora iristeari beldurra diote guraso askok.

Seme-alabak hezten ez da nerabezaroan hasten, jaio diren unetik baizik. Beraz, aurretik egindakoa ezagutzen da. Urte horietan guztietan, zerbaitetan ez bada asmatu, nerabezaroan azaldu egingo da. Berriro hartu, eta ongi bideratzen ahalegindu beharko du gurasoak. Ikerketen arabera, txiki-txikitatik haurrak dituen harremanek eta haurrari egiten zaion jarraipenak eragina dute nerabezaroan.

 

Nolakoa da nerabea?

Haur izatetik heldu izatera igarotzen ari den pertsona da nerabea. Gorputza eta pentsamendua azkar garatzen ari zaizkio. Horregatik, desberdina sentitzen da, eta desberdina da izan. Oro har, bere buruari hiru galdera egiten dizkio nerabeak: “nor demontre naiz ni?”; “zer egingo dut nire bizitzarekin?”; eta, “zein da nire egitekoa mundu honetan?”. Ibilbide horretan, hainbat proba egingo ditu, bere burua kokatzen joateko.

 

Nerabeari berari galdetuta, zer dio?

Zoriontsua izatea da garrantzitsuena nerabearentzat, ongi pasatzea, lagunekin ibiltzea, ikastea, amestea, esperimentatzea, mundu berriak ikertzea, arriskatzea, norbera dela adieraztea.

 

Helduen aurrean tinko agertu ohi da.

Noski. Guztia kontrolatzeko gai dela, bere buruaren jabe dela, eta abar erakutsi behar du. Behin baino gehiagotan, gurasoei hauxe esango die: ez dutela bere mundua ezagutzen, ez dutela bera ulertzen, ez duela beren beharrrik... Laburtuz, zera adierazi nahi du nerabeak: “Nik badakit, nik kontrolatzen dut, eta niri ez zait ezer gertatuko”.

 

Eta hori guztia, nola bizi dute gurasoek?

Zalantza handiz bizi dute gurasoek seme-alaben nerabezaroa. Suertatu ohi diren eztabaiden eta tirabiren ondorioz, etengabeko gatazkan bizi direnaren sentimendua dute. Beren seme-alabek egingo duten horren inguruko ziurtasun eza ageri dute. Ordutegiak, lehentasunak eta erritmoak bestelakoak direla-eta, zailago egiten zaie elkarbizitzea. Bitartean, jarrera horiekin, nerabea probatzen eta bere burua autoafirmatzen ari da, besterik ez.

Nola egiten du bere nortasuna baieztatzeko bide hori nerabeak?

Gaur egun, sare sozialen bidez egiten du maiz. Lehen, ispiluan begiratzen zen nerabea, bere buruari nor zen galdetzeko. Orain, berriz, bere argazkiak Interneten zintzilikatzen ditu, eta besteek nor den galderari erantzuten laguntzea bilatzen du. Sare sozialen bitartez, hainbat identitate entseatzen ditu: gaur, ikasle on gisa aurkeztuko da; bihar, ordea, ligatzaile sutsu; etzi, parrandazale… 

 

Gaur egungo nerabeak, duela urte batzuetakoak baino helduago dira?

Galderak edo arazoak antzekoak izan dira beti. Dena den, gaur egungo nerabeek, informazio ugariago dute, erlazio anitzagoak dituzte, mundu gehiago ikusi dute. Beraz, gaitasun handiago dute arduradun izateko, baina, uzten al diegu helduak izaten? Edo, beraiei interesatzen al zaie heldu gisa jokatzea? Gaitasuna izanda ere, haurren eta helduen arteko bi kategorietan sakabanatzen duen jendarte honetan, ez du tokirik nerabeak.

Nola jokatu beharko lukete nerabeak dituzten gurasoek?

Gurasoen lana inoiz ez da alferrikakoa izaten. Epe laburrean ez bada nabaritzen ere, ez dute inoiz ere etsi behar, lanak emaitza onak izaten ditu-eta. Gurasoek seme-alaben munduaz interesatuta egon behar dute. Beren iritziak eta balorazioak eskaini behar dizkiete seme-alabei, bai onarpenak eta baita gaitzespenak ere. Nerabeak aske sentitzeko behar handia du, baina ulertu behar du helduontzat ere dena ez dela posible. Iritzi kontrajarriak egongo direnez, eztabaidatu egin behar da, eta negoziatzeko edo adosteko gaitasuna eduki behar da.

 

Erreferentziak adostea eta argitzea komeniko litzateke, beraz.

Bai. Hori argi gelditu behar da, denontzat. Ia dena negozia liteke, baina, pasa ezin diren marrak zein diren ere, argi izan behar ditugu etxeko guztiok.

 

Egungo jendartean, zerbaitek huts egiten duela dirudi...

Helduek, askotan, zailtasun handia dute seme-alabak ulertzeko, eta tentsio handiarekin bizi dute hori, maila ekonomikoa edozein izanda ere. Haurra zergatik ekartzen den mundura, horri buruzko hausnarketa sakona egin beharko litzateke. Barru-barruan, bakarrik geratzeko beldurra al dago? Presio edo moda soziala izaten da? Nire ustez, norberaren bizitza aldatuko duen erabaki etiko garrantzisua da haurra mundura ekartzea.