Eskola inklusiboa: Ana Casas eta Leire Darretxe

2012-09-02

“Ez da ‘autista’, Mikel da. Umea da, ikaslea da, eta, ume den neurrian, premiak ditu; hortik datoz desgaitasun eta gabezia guztiak”.

 

“Zer da normala izatea?”. ­Horixe galdetzen dute Ana ­Casasek ­eta Leire Darretxek, ­hurrenez ­hurren Deustuko eta EHUko uniber­tsitateetako ­irakasleek, eskola inklusiboari ­buruz ikastaroak ematen ­dituztenean. Eta ez dute­ ­‘normaltasunaren’ definizio ­esanguratsu, funtzional, bakar eta baliagarririk jaso, ‘normala’ baita desberdina izatea. 

 
 
Eskola inklusiboa: Ana Casas eta Leire Darretxe

Horregatik, ­lehenik eta behin, aniztasunaren argazki bat egin behar dela diote, eta, argazki horretan, ­desgaitasunak, jatorri-ugaritasunak, genero-desberdintasunak eta beste hainbat alderdi sartuko ­lirateke. Horren ondoren, argazki horri begiratzeko ‘betaurrekoak’ garbitu edo aldatu egin behar ­ditugula diote. Horrela, etiketak kendu edo alboratu ondoren, ume ­bakoitzarengana gerturatuz ­erantzun ahal izango diote ­irakasleek eta ikastetxeek beren geletako aniztasunari.

 

Gizartean eta eskoletan aniztasunari nola erantzuten diogun zehazten du inklusio kontzeptuak. Nola erantzuten dio, praktikan, inklusioak aniztasunari?

LEIRE DARRETXE: Hasteko, kontuan izan behar dugu inklusioa prozesu bat dela, eta, beraz, ez dela dena edo ­ezer ere ez. Askok inklusioa utopia dela esaten duten arren, argi dago praktikan hainbat erantzun inklusibo ezagu­tzen ditugula. Aniztasuna modu zabalean ulertuta, ideiarik garrantzitsuenetariko bat eredu medikoa alde batera uztearekin lotuta dago, irakasleak ez garelako medikuntzako profesionalak, hezkuntzako profesionalak baizik; eta, bestetik, eredu pedagogiko, kurrikular eta sozial batean oinarritzearekin. Esate baterako, umeari gertatzen zaionaren diagnostikoan enfasia jarri beharrean, enfasi hori ikaslearen hezkun­tza-premien detekzioan jarri behar da, eta, horiei erantzun egokia emateko, eskola-sistemaren aldaketa kokatzean, ume horien inguruan dagoen guztia aztertuta; eta eskola, curriculuma, beste ­ikaskideak, beste profesionalak eta eskola-komunitate osoa sartzen dira inguru horretan.

 

Zuek ez zarete integrazioaz ari, inklusioaz baizik. Agian, lehenik eta behin, inklusioa eta integrazioa bereizi egin beharko genituzke.

LEIRE DARRETXE: Bai, argitu behar da inklusioa eta integrazioa ez direla gauza bera. Inklusioa eskubideetan oinarritzen da. Azken batean, denok daukagu eskubidea hezkuntza jasotzeko eta gizartean egoteko. Kontua ez da norbaitek barnean ni toleratzea. Guztiok ditugu berezitasunak, eta, beraz, guztiok toleratzen dugu elkar, guztiok bizi baikara elkarrekin. Guztiok ikasten dugu guztiongandik.

ANA CASAS: Integrazioa da errealitate ‘normal’ horretan ‘desberdinak’ diren pertsona horiek integratzea. Inklusiotik onartzen dugu partaide direla hasiera-hasieratik, partaide garela denok, egiten dugun horretan guztian denok gaude inkluituta , denok gara parte-hartzaileak.

 

Abiapuntuko aldaketa bat izango litzateke, beraz, inklusioa.

ANA CASAS: Hezkuntza-errealitatea aztertzeko eta ulertzeko, betaurrekoak garbitu, argitu edo aldatu egin behar ditugu, horixe da gakoa. Normalean, betaurreko garbi eta izugarri politekin jaiotzen gara, baina, bizitzan aurrera goazela, ‘zikindu’ egiten dira, eta motz gelditzen, askotariko errealitate sozialetan sortzen diren aurreiritziekin. Ez ditugu soilik genero-betaurrekoak aldatu behar. Kultura, ezgaitasuna..., ­oro har, aniztasuna modu zabal batean ­ulertzea da gakoa, eta elkar onartzea. Azken batean, etiketak kendu eta etiketa horien atzean umeak daudela konturatu behar dugu; umea pertsona dela, neska bat, mutil bat, bere ezaugarri, gaitasun, errealitate, premia edota alaitasunarekin... Ez da ‘autista’, Mikel da, ­eta, agian, Mikelek hezkuntza-premia bereziak edukiko ditu. Umea da, ikaslea da, eta, ume den neurrian, premiak ditu, eta horren ondoren datoz ezgaitasun eta gabezia guztiak nahiz horregatik izan ditzakeen premia bereziak. Pertsonak gara guztiok, berdin da autismoa izan, Errusiatik etorri, Bermeokoa izan… Abiapuntuan eta izatez, ­umeak dira, eta ume direla kontuan hartuta ulertu behar ditugu; guk, profesionalok, ikuspegi horretatik hurbildu behar dugu haiengana, dituzten hezkuntza-premiak aurkitu nahian eta haiei erantzun esanguratsu eta fun­tzionalak emateko gogoz.

 

Hitz egin dezagun aniztasunaz. Eskola inklusiboak aniztasunari erantzun hobea ematen diola diozue; baina, lehenik eta behin, zertaz ari gara aniztasunaz ari garenean? Modu zabalean ulertu beharko genuke aniztasuna, ezta? Generoa, jatorria, ezgaitasunak…

LEIRE DARRETXE: Bai, bai, modu zabalean ulertu behar dugu. Galdera da zer den normala izatea.  Guk beti galdetzen dugu hori, baina, ezinezkoa gertatu zaigu erantzun esanguratsu, funtzional eta baliagarri bat aurkitzea; ‘normala’ delako desberdina izatea. Nahiz eta guk esperientzia handiagoa ­izan ezgaitasunak dituzten ikasleekin (hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekin), aniztasunaren zerrenda bukaezina da. Esate baterako, honako ezaugarri hauek izan ditzakegu kontuan: kultura (hizkuntza…); generoa; interesak; itxaropenak; ikasteko erri­tmoak; ikasteko estiloak; ikasteko ereduak eta motibazioa; aldez aurretiko ­ezaguerak; ­adimen-aniztasuna; trebetasun sozialak; alderdi afektiboak; izaera… Hori guztia eta gehiago da aniztasuna. Eskola inklusiboak aniztasun horri guztiari egin behar dio lekua; eran­tzuna eta indarra eman behar dizkio hezkuntzaren ikuspegitik.

ANA CASAS: Askotan, soilik positiboak diren ezaugarrietan oinarritzen gara normaltasuna adierazteko, eta ­aniztasuna zerbait negatiboa balitz bezala hartzen dugu. Aniztasuna, ordea, naturala da, eta bizitzako testuinguru, errealitate, egoera nahiz une guztietan aurki dezakegu. Baina aniztasuna ez dugu kontuan izan behar ikasleei begira soilik; kontuan izan behar dugu irakasleei (pertsona diren heinean, profesionalak diren heinean…) eta ikaste­txeei begira ere (ez daude bi eskola berdin, eta ez dute zertan egon). Bakoitza bakarra eta errepika ezina da.

 

Inklusioa prozesu bat dela esan duzue, baina, prozesu horretan nondik hasi? Lehentasunak non jarri?

LEIRE DARRETXE: Garrantzi handiko hiru esparru daude: antolaketa, curriculuma eta zerbitzuak (lagun­tzak). Antolaketan, gauza piloa egin daiteke arlo hauetan guztietan: erabil­tzen duzun metodologian, espazioan, ordutegian, baliabideetan, ekintzetan… Ikastetxearen proiektuan, hausnarketa egin behar da: ea lehentasuna duen aniztasunak ala ez, eta nola planteatzen duten; nolako ikasleak dituzten ikusi behar dute, non dagoen ikastetxea, zer-nolako familiak etortzen diren…

ANA CASAS: Curriculuma berriro pentsatu behar da: curriculumak irekia eta malgua izan behar du, dibertsifikatua, multikulturala, diziplinartekoa, ­esanguratsua eta funtzionala. Ez da ­aniztasuna ‘integratu’ behar, baizik eta eskola-errealitatearen barnean txertatu behar da, eskolaren errealitatea dela ulertuta. Aniztasun guztiak eskola inklusiboaren partaide izateko, ikaste­txeko eta ikasgelako kultura eta antolaketa berregitea du helburu eskola inklusiboak: eskolak denon inplikazioa behar du (irakasleak, ikasleak, eskolako beste profesionalak, aniztasunari ­erantzuteko eskolatik kanpo dauden baliabideak, familiak, komunitatea).

 

Irakaslea nondik abia daiteke gela inklusiboa egiteko?

ANA CASAS: Irakaslearen lana oso polita da. Gure eskuetatik pasatzen dira garatzen ari diren pertsonatxoak. Izugarri lan polita da, eta hori ulertu eta sinetsi egin behar dugu, beste ezeren gainetik; modu horretan ikusirik, egunerokotasunean gauza asko egin ditzakegula konturatuko gara. Garatzen ari diren pertsonak dira, eta gu eredu gara haientzat, eta, gainera, baliabideak ditugu, haien hezkuntza-premiei eran­tzuteko.

Lehenik eta behin, irakasleok betaurrekoak aldatu behar ditugu. Umeei aukerak eman behar dizkiegu. Lehenengo, ikusi eta ulertu, eta, gero, ondo hurbildu. Hurbilketa hori ondo egiten bada, beste guztia horren ondotik dator gero. Horren barnean sartzen bazara ­eta ulertzen baduzu, ikaslearentzat ­egokiagoak diren baliabideak bilatu ­ahal izango dituzu. Irakasle zabiltzanean ikusten ez duen ume batekin ari bazara, egunerokoan harengana hurbil­tzen bazara, materialak harentzat egokitu ahal izango dituzu. Gainera, ezgaitasunak dituzten ikasleentzat onuragarriak eta baliagarriak diren baliabideak, estrategiak, ekintzak, eta abar erabilgarriak izan daitezke besteentzat ere, hezkuntza-premia ez esanguratsuak dituztenentzat ere.

LEIRE DARRETXE: Irakasleak aldatu dezake testuingurua eta begiratzeko eta esku hartzeko modua, hori norberaren esku dago. Oso garrantzi handia duen jarrera da hori, eta ezinbestekoa da partekatzea. Ez da soilik irakaslearen gakoa; ikasle hori gela horretan dago orain, baina ikastetxe baten barruan dago. Ikastetxeko umea da, eta ikaste­txea jangela, jolas-lekua, autobusa, gela, eta abar ere bada. Orain, zure ikaslea da, eta beste irakasle batena izan daiteke datorren urtean, mailaz pasatzen bada. Dena partekatu behar da: baliabideak, informazioa…

 

Irakaslearen esku gauza asko daudela diozue. Baina eskolako errealitateak eta antolaketak lagundu edo oztopa dezake praktika inklusiboak egitea, ezta?

LEIRE DARRETXE: Baina nork egin du, bada, antolaketa? Irakasleok, ezta? Antolaketa aldatzea gure esku dago. Premiazkoa da parte-hartzea oztopa­tzen duten egoerak identifikatzea. Zailtasunak pertsonaren eta testuinguruaren artean daudela ulertzean, guk, irakasle moduan, testuinguru hori alda dezakegu, hau da: irakaskuntzako eta ikaskuntzako metodoak, jarduerak, ­ekintzak, baliabideak, ikasleak antola­tzeko ereduak… Asko egin dezake irakasleak berak. Noski, zailagoa da; izan ere, hainbat antolaera topatzen dituzu, eta den-dena ez dago zure esku. Baina posible da, egoerak aldatzeak duen garrantzian sinisten dugu eta. Egoera mikro horretatik eragin dezakegu, eta benetan gura duzun hori egunerokotasunean bizi dezakezu. Egia da, noski, aipatu dudanez, gauzak ez daudela soilik irakaslearen esku. Argi dago: politika, kultura eta praktika kontua da hau.

ANA CASAS: Guk izugarrizko errealitateak ikusi ditugu, oso errealitate gogorrak askotan, oso inklusiboak direnak nahiz kontrakoak ere bai. Irakasle batek denbora ateratzen du, eta eskola bat antolatzen da… Hortaz, beste irakasle batek edo beste ikastetxe batek zergatik ez dauka horretarako espaziorik eta denborarik? Lehentasunengatik da hori,eta antolaketa kontua da hori.

 

Politikaz, kulturaz eta praktikaz jardun duzue. Eskola inklusiborako bidean, funtsezkoak dira hiru adar horiek?

LEIRE DARRETXE: Hiruki horrek ­erantzun behar du. Politikaren ikuspegitik, badakigu egoera zein den: murrizketen ondorioz, egoera gogorra bizi dugu orain, eta hori da daukagun errealitatea. Politikoki gaizki gaude, eta gero eta okerrago egongo gara hezkuntza elitistago bihurtuz; baina, nazioartean, argi dago ildoa: hainbat erakundek inklusioaren alde lan egiten dute (Unesco, Unicef, NBE...). Kulturaren aldetik, zer-nolako kultura sartzen dugu ikastetxe bakoitzean, elkarrekin lan egiteko kultura? Eta zer-nolako praktikak ­egiten ditugu? Hiruki osoak dauka eragina inklusioan.

Egia da eskolako politikak, kulturak eta praktikak eragina izango dutela norbanakoaren zereginean. Hala ere, Gerardo Echeitak aipatzen duen moduan, “bihurtu zure gela eta zure ikastetxea batzuek nahi dugun beste mundu posible horren mikrokosmos”, edo, Gandhiren hitzetan, “izan zu zeu mundurako nahi duzun aldaketa”.

ANA CASAS: Errealitateak, pertsonak sortzen ditugu… Zenbat eta per­tsona inklusibo gehiago, gero eta errealitate inklusibo gehiago. Ezin da pen­tsatu bakarka ari garelako ezinezkoa dela. Errealitate inklusibo txikiak elkartuz, eredu izan gaitezke beste batzuen­tzat, eta benetako errealitate inklusibo handi bat sor dezakegu. 

 

Hezkuntza-politikaz ari zarete. Nola eragingo diote murrizketek aniztasunaren kudeaketari?

LEIRE DARRETXE: Murrizketekin, gaitzagoa izango da egoera. Laguntza-baliabideak, arreta pertsonalizatua…., horrelakoak asko okertuko dira. Atzerakada ikaragarria izango da, irakasleek gero eta baliabide gutxiago edukiko baitituzte. Gogoa izango dute, baina baliabide gutxiago izango dituzte. Egia da baliabide gehiago izan beharko genituzkeela erantzun egokia emateko.

ANA CASAS: Lehenengo neurriak ­izan dira murrizketa hauek. Eta ez da modu egokia izango, umeen beharrei behar bezala erantzuteko. Zenbait ­umek, arreta bereziagoa eta indibidualizatuagoa behar dutenek, ez dute izango baliabiderik, edo izango dituzten baliabideak murriztuagoak izango dira, eta egoera gordinagoa izango da haientzat. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ume horiek berezitasunak dituzte; eta gu ez gara medikuak, eta gainera ume horiek ez dira sendatuko, ez gurekin, irakasleokin, eta ezta medikuekin ere. Premiak dituzte eta izango dituzte, eta premia horiek, askotan, bereziak izango dira. Murrizketa horiekin, noski, zenbait egoera eraman ezinak izango dira, eta horixe da daukagun errealitatea.

 

Eskola inklusibora bidean, lehentasun gisa curriculumaren aldaketa aipatu duzue. Aniztasunari erantzuteko curriculuma berriro pentsatu beharko litzatekeela uste duzue?

LEIRE DARRETXE: Curriculum aldetik ere, gelan kultura askotako umeak badauzkagu, horren isla izan behar du curriculumak. Kulturartekotasuna beharrezkoa da curriculumean, erreala izango bada. Ireki egin behar da curriculuma, funtzionala izan behar du, eta trebetasunetan oinarritu behar da; gainera, diziplinartekoa eta baliagarria ­izan behar du ikasleentzat. Ikasten duten horrek zertarako balio duen ulertu behar dute, etorkizunean zertan erabiliko duten… Curriculuma horrela egiten badugu, premia guztiak sartuko ditugu.

ANA CASAS: Curriculum ireki eta malgua egin behar dugu. Trebe bihurtu behar ditugu haurrak, eta gaitasunez bete behar ditugu, baina ez soilik curriculum-gaitasunez. Bizitzako gaitasunetan ere trebe behar ditugu, etorkizunean pertsona autonomo izan daitezen; baina ume guztiei buruz ari gara. Ume guztiek ez dituzte behar eta gaitasun berdinak, eta, horregatik, askotariko aukerak eman behar zaizkie behar berezi horiei erantzuteko. Askotan, legeen aldetik, badaude hainbat neurri ­aniztasunari erantzuteko; aukera ba­tzuk egon badaude. Baina, gero, neurri hori nola antolatzen duzun ikusi behar da, nola egiten duen hori irakasle bakoi­tzak edo eskola bakoitzak.

 

Legeak aipatu dituzue... Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako, Jaurlaritzak badu aniztasunari erantzuteko plan estrategiko bat, eskola inklusiboaren esparruan. Hori garatzen ari den bitartean, zein da, zehazki, egoera?

ANA CASAS: Hezkuntza-premia bereziei dagozkien dekretuak, aginduak eta legea 1998koak dira gure autonomia-erkidegoan. Garai horretan, ­ideia nagusia integrazioa zen, eta LOGSE zen oinarrizko legea. Integrazioaren ideia horretarako, ondo zetozen dekretu eta agindu horiek, baina gauzak ikaragarri aldatu dira; orain, LOE dugu, eta inklusioa da oinarria.

LEIRE DARRETXE: Oraingoz, Eskola Inklusiboaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak 2012-2016rako Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoa argitaratu berri du apirilean. Gaur egun, ­irakasle-ikasketetako eta hezkuntzako gradu eta titulazioetan ikasleek eskola inklusiboaren oinarriei buruzko irakasgaiak ikasten dituztela nabarmendu behar da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterrean, hiru urte daramatzagu Eskola inklusiboari eta aniztasunari buruzko irakasgaia ematen. ­Etorkizuneko irakaskuntza-profesionalentzako oinarrizko prestakuntza ­iruditzen zaigu. Nazioarteko bidea inklusioa da, eta gauza asko daude egiteko bide horretan.

 

Ba al dakizu zer egoera bizi duten Nafarroan eta Iparraldean?

LEIRE DARRETXE: Nahiz eta paradoxikoa izan, ez ditugu asko ezagutzen errealitate horiek. Andaluziako eta Kataluniako errealitatek hobeto ezagu­tzen ditugu. Ikerkuntzan sartzen zarenean, ingelesera jo behar duzu, eta lehenago topatzen duzu Kanadako berri Nafarroako berri baino.

ANA CASAS: Gai hauei buruz euskaraz oso gutxi idazten da. Guk euskaraz egiten dugunean guk, horretan sinesten dugulako egiten dugu. Horretan sinesten dugu, eta horregatik egiten dugu.

 

Kasu askotan, behar bereziak dituzten haurrak Pedagogia Terapeutikoko irakasleen esku gelditzen dira. 

LEIRE DARRETXE: Gelan, aniztasunari erantzuna ematea tutorearen ardura da; hori ezin da zalantzan jarri. Laguntza daukate zerbitzuen bidez edota Pedagogia Terapeutikoko (PT) irakasleen bidez, besteak beste. Baina ardura ez da haiena, ardura tutorearena da, eta guztien artean kolaboratuz egingo dute aurrera. Beharrezkoa da inplikazioa, eta baita irakaslearen eta PTko irakaslearen arteko elkarlana ere. Baina zu zara tutorea.

ANA CASAS: Ez ezagutze horrek beldurra sortzen du, eta, askotan, tutoreak, hobe beharrez, adituarengana, PTko irakaslearengana, bidaltzen du umea, berak ez dakielako zer egin edo uste duelako ez dela gai horretarako. ­Irakasle askok ez daki gelan zer egin ­ume horiekin. Baina, Leirek esan bezala, zu zara ume horien irakaslea, eta haiekin batera garatu behar duzu, bai pertsona gisa eta profesional zaren neurrian. Askotan, pentsatzen da umea gelatik kanpo eramanda agian zerbait hobea egin dezaketela… Eta konponduko du bere egoera. Irakaslearentzat, gelatik kanpoko baliabide profesionalek lagungarriak izan behar dute (PTko irakasleak, ALEak, Berritzeguneko ­aholkulari profesional taldeak, elkarte askotatik ikastetxeetara hurbil daitezkeen profesionalak …), besteak beste, irakasleei aniztasunari erantzuten laguntzea eta aholku ematea dutelako helburu. Guk ez ditugu pertsona horiek sendatzen, eta ez dira sendatuko. Bi gako hauek hartu behar dira kontuan: ikaslea ez da arazoa, arazoa sistemaren antolaketa eta erantzuna da. Eta denok elkarrekin egin behar dugu lana, ez espezialistak bere kabuz eta irakasleak bere aldetik; denok daukagu ­erantzukizuna. 

 

Arazotzat beharrean a aukeratzat hartu beharko genuke aniztasuna.

LEIRE DARRETXE: Aniztasuna ez da arazoa, aberastasuna da.

ANA CASAS: Pertsonak, umeak, ­aniztasunean jaiotzen direnez, aniztasun horretan garatu behar dute txikitatik, aniztasuna modu positiboan ulertuta, aberastasun-iturri dela ikusita… Horrela, aniztasuna errespetatzen eta balioesten duten helduak izango ditugu etorkizunean, pertsonengan alderdi positiboak aurkitzeko  gai diren per­tsonak. Izan ere, denok ditugu premiak bizitzan uneren batean, egoera batean, errealitate desberdinetan, premia horiek esanguratsuak izan edo ez.

 

Tutorea, Pedagogia Terapeutikoko irakaslea, eskola... aipatu ditugu. Zer diozue familiez? Nola hartzen dute gurasoek euren seme-alaben geletako aniztasuna?

LEIRE DARRETXE: Askotan, gurasoek pentsatzen dute euren seme-alaben gelan autismoa duen ikaskide bat badago, adibidez, euren seme alabek ez dutela behar luketen erritmoan ikasten. Baina hori mito bat da, eta hori esateko oinarri sendoak ditugu ikerketetan. Lehenik eta behin, guraso horiei guztiei azaldu behar zaie zer den ezagutzen ez duten hori, zer den autismoa duen pertsona izatea. Frogatuta dago autismoa duten pertsonekin edo bestelako behar bereziak dituzten ikasleekin gela partekatzen duten umeek ez dutela gutxiago ikasten, kontrakoa baizik. Gaur egun, informazioaren eta komunikazioaren gizartean, ikaskuntza dialogikoan oinarritu behar dugula esan behar da. Hau da, komunitate osoaren berdintasunezko elkarrizketa nabarmentzen da (irakasleak, ikasleak, familiak, elkarteak, boluntarioak...), eta eskola batzuek ildo horretan lan egiten dutela azpimarratu behar da.

ANA CASAS: Aniztasuna aberastasuna da; zure ikaslea eta zure umea gelan desberdintasun horretan sartuta dagoen beste ume batekin badabil, aberastasuna da zure haurrarentzat ere, dudarik gabe. Hura hor egoteak ez du ­adierazten zure semeak edo alabak zerbait galduko duela. Inklusioa onuragarria da denontzat, bai hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat, bai halakorik ez dutenentzat ere. 

 

Inklusioa eskolatik harago dagoen bizitzeko era bat dela diozue.

ANA CASAS: Alderdi horien inguruko ikastaroak ematen ditugunean, guk, pertsona eta profesional gisa, bizitza ­ikusteko eta bizitzeko beste modu bat bilatzen dugu. Zure bizitzan, zu desberdin egiten zaitu inklusioari buruzko ­ikuspegia aldatzeak. Inklusioa ez da soilik aniztasun horretatik datorrenarentzat, guztiontzat da. Gure bizitza profesionala, batez ere, ezgaitasunak dituzten pertsonei eskaini diegu, eta ­ezin duzu imajinatu zenbat eman diguten haiek guri, batez ere haiek ematen baitigute guri.

LEIRE DARRETXE: Eskolatik harago, bizitzeko modu bat da inklusioan sinestea; guretzat ere, bizitza-filosofia bat da, eta mundua aldatzeko hartu dugun bidea.