Agurrak, musuak, malkoren bat edo beste… ikasturte hasierak uzten dituen argazkiak horrelakoak izan ohi dira. Aurten, alabaina, eskola-sartzeari loturiko bestelako argazki bat erakutsi digu prentsak: Tafallako Garces de los Fayos ikastolako haurrak mahaiak kalera aterata, gelan pairatu behar duten pilaketa salatzen du erretratuak. Iragan irailaren 11n ateratakoa da argazkia. 2012-2013 ikasturte hasieraren irudia da, murrizketen ikasturtearen argazki bat. Argazkiaren pareko egoera erakusten dute prentsan eskola-sartzearen inguruan egin dituzten erreportajeetako titularrek ere. Halaxe zioen irailaren 4ko Berriak, adibidez: “Ikasle gehiago badaude ere, iazko baliabide ‘bertsuak’ jarri ditu Eusko Jaurlaritzak”. Hurrengo egunean hauxe irakur zitekeen berripaper horretan: “Nafarroan 350 irakasle gutxiago kontratatu dituzte aurten”. Bi egunetara, hauxe zen titularra, Frantziako Hezkuntza Ministerioak murriztu nahi dituen irakasle postuengatik: “Okupazioak, irakasleak atxikitzeko”. Titularrek erakusten duten eran, ikasturte hasierako albiste nagusiak zazpi herrialdeetan murrizketei egiten diete erreferentzia.
Zenbakiak bada, bestetan ez bezala, matrikulazio datuez baino gehiago, murrizketez mintzatu dira ikasturte hasiera honetan. Kenketari kenketa batu diote ikastetxe akok. Dena den, matrikulazio datuei begira, irail honetan, 500.000 ikaslek baino gehiagok hasi dute ikasturtea. Datu zehatzak ematea zail da, Lapurdin, Nafarroa Behe eta Garaian eta Zuberoan matrikulazio epea itxi gabe hasi baitute kurtsoa, baina lehendabiziko datuen arabera, 515.000 ikasle inguru sartu dira aurten ikastetxeetan. Azken hamarkadako joerari jarraitzen dio aurtengo ikasle kopuruaren hazkundeak.
Ikasle kopurua izango da aurten eskolako gaiei begira haziko den zenbaki bakarretakoa. Irakaskuntzako esparru gehienetan —bereziki Hego Euskal Herrian, eta gehien bat Nafarroan— hazi ez eta murriztu egingo baitira irakaskuntza-baliabideak. Aurtengoan, beraz, guraizeen lezioa, bederen, ondo ikasiko dute irakasle, langile, ikasle zein gurasoek. Lan baldintzetan, baliabideetan, lanpostuetan edo soldatetan izan diren murrizketek, eta, alderantziz, ratioetan izan den gorakadak hezkuntzaren kalitateari osoki eragiten diotenez, begira dezagun, nola hasi duten ikasturtea Euskal Herriko ikastetxeek.
Herrialderik herrialde, murrizketa nagusienak Nafarroan pairatuko dituzte ikasturte honetan, Yolanda Barcinaren Gobernuak aplikatu egin baititu Mariano Raxoiren Espainiako Gobernuak krisiari aurre egiteko ezarririko neurri guztiak. Hasteko eta behin, 350 irakasle gutxiagorekin abiatu du ikasturtea —iaz beste 250 irakaslek lana galdu zutela kontuan izanik, bi urtean 550 irakasle-lanpostu galdu dira Nafarroan—. Lanpostuari eutsi ahal izan dioten maisu-maistra askori, gainera, ordukako kontratuak egin dizkio Hezkuntza Departamentuak, eta, ondorioz, baldintza kaskarragotan gelditu
izana salatu dute.
Lanpostuen murrizketaren ondorioz, geletan ikasle gehiago sartu behar izan dute, Nafarroako Gobernuak %10 igo baititu gehienezko ratioak. Lehen Hezkuntzako geletan 27 ume sartu ahal izango dituzte orain (lehen 25ekoa zen gehienezko kopurua), eta DBHn 32 haur jarri ahal izango dituzte gela berean (lehen 30 baino gehiago ezin ziren sartu legez). Ratioen berrantolaketak behar bereziak dituzten ikasleen geletan ez zuela aplikatuko esan zuen bere garaian Hezkuntza Departamentuak, baina, eskola-sartzean agerian gelditu da gela horietan ere haurren kopurua igo egin dutela.
Ikasle pilaketari dagokionez, Tafallako Garces de los Fayos ikastolako guraso eta irakasleek alarma piztu dute ikasturtea hastearekin batera. Nafarroako Gobernuak ikastolan gela gehiago irekitzeari uko egin dio, eta ondorioz, legeak ezarritako ikasle kopurua baino handiagoa hartu beharko dute DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bi mailatan: 38 ikasle sartu beharko dituzte lehen mailako gelan eta 33, hirugarren mailakoan.
Tafallako ikastola da ingurune horretan euskaraz irakasten duen ikastetxe bakarra
Irakasle lanpostuak kentzeaz gain, Nafarroako Gobernuak irakasleei eskola-ordu gehiago jarri dizkie, Espainiako Gobernuak proposaturiko mozketa jarraituz. Aurten, beraz, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleek 25 eskola ordu izango dituzte, iaz baino bi ordu gehiago; eta Bigarren Hezkuntzakoek 20, iaz baino bi gehiago.
Eskola orduak gehitzeak ez du esanahi, ordea, lansaria igo egingo denik. Kontrakoa. Sare publikoko irakasleek aurten ez dute Gabonetako aparteko lansaria kobratuko, eta horrek, de facto, soldata jaistea esan nahi du. Itunpeko sareko 2.000 beharginek jasoko dute aparteko lansari hori, baina soldatak % 2,5 jaitsiko dizkiete, Nafarroako Gobernuak iaz baino 4,2 milioi euro gutxiago emango baitizkio ikasturte honetan itunpeko sareari.
Espainiako Gobernuak ordezkapenen auzian ere sartu du eskua, eta Barcinaren Gobernuak Wert ministroaren murrizketak osoki aplikatuko dituenez, Nafarroako ikastetxeetan irakasle bat falta denean bi astean ez da ordezkorik hartuko.
Ikasle gehiago, baina ‘baliabide bertsuak’
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Espainiako Gobernuak agindutako murrizketak ez dituela aplikatu esan du Isabeel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, baina datuek besterik diote: Hiru lurraldeetako ikastetxeetan iaz baino 6.800 ikasle gehiago izango dira aurten —guztira, 356.421 ikasle—, eta baliabideak “bertsuak” izango dira. Ondorioz, baliabide bertsuekin lan handiagoari aurre egitea murrizketa dela salatu dute sindikatu eta eragileek.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskolak “murrizketatik libre” daudela esan du, ordea, Zelaak kurtso hasieran; irakasleek ez dituztela eskola-ordu gehiago emango adierazi du, ez dutela geletako gehienezko ikasle kopurua gaindituko eta irakasleen ordezkapenak ez dituztela atzeratuko ere esan du. Eragileek, sindikatuek nahiz EHIGE gurasoen elkarteak salatu dute Hezkuntza sailburuak ezezkoa esanagatik, egon badaudela murrizketak. Eta gauza bera esan dute heziketa bereziko langileek ere, euren esparruak mozketak pairatu dituela deitoratu baitute, eta
adierazi dute Zelaa ez dela ari betetzen iaz akordioa sinatzeko lortutako oinarriak.
Lanpostuen kopuruaz gain, ratioak eta ordezkapenak hiru lurralde hauetan ere auzitan daude. Sindikatuek jakinarazi dute 300 bat irakasle faltako direla aurten, eta geletan ikasleak pilatu behar izan dituztela, ikasle kopurua hazi egin baita. Haur Hezkuntzan, adibidez, 2 urtekoen geletan 20 ume sartuko dituzte modu orokorrean, 18ren lekuan. Eta gainontzeko geletan ere ikasle kopuru maximoa % 10 igotzeko aukera egongo da ikasturtea hasita iristen diren ikasleak etorriz gero.
Itunpeko sareko ikastetxeetan are gehiago pilatu litezke ikasleak, Zelaak kopurua handitzeko aukera jarri baitu mahai gainean, Hezkuntza Sailak EAEko aldizkari ofizialean argitratu zuenez. Ikastolek aukera horren aurka egin zuten, Zelaaren agindu hori betetzekotan 35 ikasle ere pilatu beharko baitzituzten geletan, eta azkenik, neurri horretan atzera egin du Jaurlaritzak. Ikasturtea Haur Hezkuntzako gela berri batzuk sorturik abiatu dute ikastolek, baina DBHn eta Batxilergoan gelak gutxitu egin dira, ikasle kopurua handitu egin den arren. Haatik, Ikastolen sareko lantaldeari eutsiko egingo diote, eta baita soldatei ere.
Ipar Euskal Herrian, bestelako ahairen zain
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastetxeetan ere matrikulazio datu zehatzik eman gabe hasi dute ikasturtea, 50.000 ikasle inguruk. Horietatik, 5.000 eskola publiko elebidunean hasi dira; sare pribatuko eskola giristino elebidunetan 16.359 —batzuek frantseseko ereduan, eta besteak elebidunean— eta 3.000 Seaskaren ikaste-
txeetan. Aurten, gainera, Seaskask 30.
ikastetxea irekiko du Ziburun, traba asko gainditu ostean, baimena lorturik. Ziburu zen Lapurdiko kostaldean ikastolarik ez zeukan herri bakarra.
Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan ez dira murrizketa hotsak Hegoaldekoetan bezainbeste entzuten, krisi hotsak ez baitira Hegoaldean bezain ozen en-tzuten. Baina, hala eta guztiz ere, protestekin hasi dute ikasturtea Nafarroa Behereko eta Lapurdiko hainbat ikastetxetan, Frantziako Hezkuntza Ministerioak murriztu nahi dituen irakasle postuengatik.
Euskarazko matrikulazioa geraldian dago
Ikasle kopurua hazi egin da ikasturte honetan, eta baita euskaraz ikasten duten haur eta gaztetxoena ere. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan euskarazko eredua da nagusiena, ikasleen %61,4 ari da D ereduan. Lanbide Heziketan oraindik ere A eredua da nagusi, aldiz, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzak % 4,9 dira A eredukoak, eta %6,7 Lehen Hezkuntzan.
Nafarroan, aurtengo datu zehatzik oraindik ez badago ere, iazko joerari eutsiko zaiola sumatzen da, hau da igoera gelditu egin dela. 1992-93 ikasturtetik 2002-2003 ikasturtera ia hamar puntu igo zen D ereduko ikasleen kopurua, %12,7tik 21,4ra. Aldiz, hamar urtean geratu egin da igoera, hazi den arren, 3 puntu ere ez baita hazi, %24,7ra. Datuek argi uzten duten eran, TIL eredua sartu izanak eragin zuzena izan du euskarazko ereduaren geldialdiarekin. Aurten, gainera, 40 eskolatan ezarriko dute ingelesa eta gaztelania oinarri dituen eredua.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarak ofizialtasunik ez duenez, hango ikasleek ez daukate aitortua euskaraz ikasteko eskubidea. Seaskakoak dira euskaraz murgiltze eredua eskaintzen duten ikastetxe bakarrak, beraz, Iparraldeko ikasleen %6k estudiatzen du euskarazko ereduan. Sare publikoko eskola elebidunen kopurua ere igo egin da ikasturte honetan, baina, oraindik ere, zenbait lekutan irakaskuntza elebiduna oso gutxi zabaldua dago sare publikoan; Baionan, esate baterako, lehen mailetan 38 haur besterik ez daude L’Argente eskola elebidunean, Zuraideren gisako herri txiki batean bezala; eta Maulen, kasu, ez dago eskaintza elebidunik, Zuberoan Altzainen bakarrik ikas baitezakete elebiz (22 ikasle ditu eskolak). Gainera, eskola publiko elebiduneko Ikas Bi guraso elkarteak salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dituela euren eskura jartzen behar beste euskara
irakasle.
Raxoi atzera, Hollande aurrera
Murrizketez gain, erreformen ikasturtea izango da hau. Hegoaldean, Espainiako Gobernuak hezkuntza erreforma aplikatu nahi baitu. Halaxe adierazi zuen Jose Ignacio Wertek ministro kargua hartu zuenean: “Lehentasunezkoa murrizketak egitea da, eta garran-
tzizkoa erreformak egitea da”.
Hezkuntzako Lege Organikoa erreformatzeko aurreproiektua egin du Wertek, ikasturte honetan Espainiako Kongresuak legea onartu dezan. Frankismo osteko zazpigarren lege organikoa litzateke hau, azken aurrekoa 2006an jarri baitzuen indarrean Jose Luis Rodriguez Zapaterok. Eragileek aurreratu dutenez, 60ko hamarkadako oinarriak gogorarazten ditu Werten proposamenak, erreforma pedagogikoa ez eta guztiz ideologikoa omen delako: autonomien eskumenak murriztu eta zentralizazioa du helburu, hala curriculumeko edukietan, nola antolaketa-ereduan ere.
Curriculumari dagokionez, eskola orduen bi herenetan lantzen diren edukien %65 Espainiako Gobernuak erabakiko luke aurrerantzean, gaur egun, edukien %55ean esku hartzen du, eta gainontzeko %45aren gaineko erabakia Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren esku dago. Matematika, Gaztelania eta Ingelesa indartu nahi ditu, eta Historiako eskolek izan dezaketen “kutsu identiararioa” deuseztu nahi du. Antolaketari dagokionez, administrazioak izango du ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko azken hitza, eta eskola-kontseiluek erabakimen gutxiago izango lukete.
Ebaluazioan ere aldaketak izango dira, azterketak ekarriko baitira sistemaren oinarrira. Irakats-aldi bakoitzaren amaieran “azterketa nazionalak”
egingo dira, eta, horrez gain, selektibitatea kendu bai, baina unibertsitate bakoitzak sarrera-azterketa egin ahalko du. Azterketan emaitzekin eskolen rankingak egingo dira, eta ikasketetan ezinean dabiltzanak lanera azkarrago bideratuko dira, 15 urterekin hautatu beharko baitute Batxilerrerako edo Lanbide Heziketarako bidea.
Frantziako Estatuan ere aldaketa hotsa entzuten da hezkuntzan. François Hollande presidente sozialistak, hauteskundeetan hezkuntza lehen lerroan jartzeko promesa egin zuen, eta behin presidentziara iritsirik, hezkun-
tzaren gaineko hausnarketa abiatu du, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastetxeetan ondorioak izango dituen prozesua, beraz.
Hollandek argi esan du errotik aldatuko duela Nicolas Sarkozyk garatu duen hezkuntza politika. Hollanden —eta Vincent Peillon Hezkuntza ministroaren— aldaketa hori antolaketari eta edukiei lotuko zaie. Antolaketari dagokionez, Sarkozyk 13.00 postu kendu zituen azken urteetan, eta Hollandek, berriz, 4.800 postu sortu ditu (zehazteke dago horietako zenbat izango diren
Ipar Euskal Herrirako). Edukiei dagokionez, hezkuntzak transmititu behar dituen balioen inguruko eztabaida mahai gainean jarri du Hollandek, eta aurreratu du moral laikoa irakatsiko dietela estudianteei. Hala ere, argitu du, asmoa ez dela erlijioen kontrako mezurik zabaltzea. Gaur egun ere Iparraldeko
ikastetxeetan badute Heziketa Zibikoa ikasgaia, eta besteak bestea, Marsellaise ikasten dute haur eta gaztetxoek.
Hezkuntzaz promesa ugari egin zituen Hollandek hauteskundeetan, bereziki irakaskuntza publikoaren baloreak nabarmendu zituen. Promesak
Ipar Euskal Herriko hezkuntzan nola
egikaritzen diren ikusteke dago. Haatik, Euskal Herriko auzi politikoaz oso promesa gutxi egin zuen presidentegai zenean, eta horrek ere izango du, edo ez du izango, euskal hezkuntzaren sisteman eraginik.
Aldaketa politikoak
Frantziako eta Espainiako estatuek aplikatuko dituzten erreformez gain, Hego nahiz Iparraldeko tokian tokiko administrazioetan ere aldaketak izan litezke ikasturte honetan, eta hezkuntzan eragin dezakete. Lehenik eta behin, hilabete honetan bertan EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira, eta horrek Hezkuntza Sailera egiturazko nahiz edukizko aldaketak ekar ditzake. Ikusteke legoke Isabel Zelaak abian jarririko proposamenak zertan gelditzen diren. Nafarroan ere hauteskundeak udaberrira aurreratuko diren hotsak dira, eta horrek ere Hezkuntza Departamentuan aldaketak ekar litzake. Iparraldeari dagokionez, oraindik hautetsiek abiatu besterik egin ez duten arren, ikusteke dago Lurralde Elkargoak zer nolako emaitza politikoak izan ditzakeen,
eta hezkuntzan hiru lurraldeentzat eskumenik lortzen ote den.