LOMCE: eskola-porrota handituko duen legea

2013-01-08

Herrialde askotan (Herbehereak, Finlandia, Suedia, Estonia), udalen parte-hartze zuzena sustatzen da, emaitzak hobetzen dituelako. Hau da, deszentralizazio prozesuak indartu egin dira hezkuntza-kalitatearen onerako. 

Azken hamarkadetan, lege organiko ­ugari argitaratu dira Espainiako Estatuan. Organiko hitzak, estatu osoko hiritarrei ­ezartzeko egina dela adierazten du. Madrilgo gobernura iristen den alderdi bakoitzak  hezkuntza-lege organiko berria egiten du, hiritar guztiei bere ideologia ezartzeko asmoz. Hainbatetan, gainera, legea argitaratu bai, baina ez du denborarik izaten ezta martxan abiatzeko ere. 

 
 
LOMCE: eskola-porrota handituko duen legea
Orain, PPren gobernuak ezarri nahi duen LOMCE (Ley Orgánica para la Mejora de la Calidad Educativa) legearen aurreproiektuan ageri denaren arabera, estatuak hartuko ditu erabaki garrantzitsu guztiak: curriculuma gehiago zentralizatuko du ­(ikasgaien curriculumak jarriko ditu); estatuak ezarrritako azterketak maizago egingo dira (lehen, Batxilergoaren amaierako hauta-proba zen; orain, berriz, LHko 6. mailan, DBHko amaieran eta Batxilergoaren ­amaieran izango dira); hizkuntza nagusia gaztelania izango da; ikastetxeetako zuzendaritzek administrazioaren zerbitzura aritu beharko dute, horretarako, zuzendarien gorputz propioa osatuko du; eta abar.
Aurreproiektuaren hitz gakoak hauek dira: konpetibitatea, ekonomia, arrakasta, merkatua eta kalitatea.
Aztertzen baditugu legeak hartzen dituen neurriak eta izango dituen ondorioak, argi ikusiko dugu ez dutela inolako oinarri zientifikorik, ideologia hutsa dela, ideologia baztertzailea, eta, hiritarrentzat, oro har, ondorio kaltegarriak izango dituztela. 
Herrialde askotan (Herbehereak, Finlandia, Suedia, Estonia), udalen parte-hartze zuzena sustatzen da, emaitzak hobetzen dituelako. Hau da, deszentralizazio prozesuak indartu egin dira hezkuntza-kalitatearen onerako. Beraz, LOMCE legeak ez du kalitatea hobetuko, alderantziz baizik.
Pedagogo ezagunek egindako ikerketen arabera (Howard Gardner, eta beste), eskola komunitateak parte hartzen duen heinean, ikasleek era guztietako emaitzak hobetzen dituzte, emaitza akademikoak barne.
Estatuak ezarritako azterketak ugariak izango direnez, eragin handia izango du irakasteko metodologietan. Izan ere, ikasleak azterketetarako prestatuko dira, memorizatzen ikasiko dute, baina ikasle bakoitzak zail izango du bere garapen propioa egitea. Hala, irakaskuntza konduktistagoa bihurtuko da, eta zaila izango da oinarrizko konpetentziak behar bezala garatzea. Epe luzera, ­ikasleak ez errespetatuak eta bortxatuak sentitzean, emaitza eskasagoak izango direla ondoriozta liteke.
LOMCEk ez du ikaslearen garapena ­era integralean hartzen, merkatua hartzen du jainkotzat, pertsona bigarren planoan ­utziz. Ikasleen arteko konpetentzia indartzen du baina ez ditu pertsona konpetenteak sortzen. Ondorioz, ez ditu lantegiek eta bestelako lanek behar dituzten pertsona konpetenteak, arduratsuak, sortzaileak  prestatuko.
Euskararen Kontseiluak markatu zuen bidea: hezkuntza eragileak elkarlanean arituta eta adostuta, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen txostena plazaratu zuen duela bost urte. 
Euskal Curriculuma garatzeko ahaleginak egin dira, baina hobeto sustatu ­behar dela iruditzen zaigu, herri hau normalizatzea nahi badugu, behinik behin!