Familia eta pediatria taldea: gramoek eta emozioek pisu bera duten kontsulta

2013-02-08

Figura arras garrantzitsua da pediatria taldearena familiarentzat, bai haurrarentzat baina baita, noski, gurasoentzat ere. ‘Umea ondo dagoela ziurtatuko duen hanka profesionala’ bilakatu da gaur egun, eta funtzio aztertzaile edo kontrolatzaile soiletik harago, funtzio hezitzailea du. Horretarako, ordea, talde familiarrarekiko harremana goxatzea eta zaintzea beharrezko ikusten dute gurasoek zein profesionalek.

 
 
Familia eta pediatria taldea: gramoek eta emozioek pisu bera duten kontsulta

Kontrolak, txertoak, gaixotasunak, galderak, kezkak... sarri nahi baino usuago joaten dira gurasoak medikutara. Gurasoentzat oso figura garrantzitsu bihurtzen dira pediatrak eta pediatria taldeko erizainak, sendagile baino askoz gehiago, maiz. Bisita horiek ahalik eta oparoenak izan daitezen, premiak eta baliabideak mahai gainean jarri ditugu guraso eta profesionalekin. Tolosako Errotan egin dugu hitzordua herri horretako anbulategiko pediatria taldeko mediku eta erizainekin -Helena Zubillaga, Donetz Iradi eta Arantxa XXXrekin-, eta euren kontsultetara ez, beste batzuetara joaten diren hiru gurasorekin: Nekane Goikoetxea 5 eta 9 urteko bi umeren amarekin, Nerea Elias urte eta erdiko alabaren amarekin, eta Lander Presa bost urteko mutikoaren aitarekin.

Nekanek pediatria taldeak eta familiak lehen aldiz topo egiten duten unearen berezitasuna nabarmendu du, abiatzeko:  “Hasierako fasean oso pertsona garrantzitsua da pediatra. Egin kontu, haurdunaldiko prozesuan emaginekin lortzen den harreman  garrantzitsu horren ostean datorrena dela, eta inplementazio fasean datorrela: haurra eskuetan daukazu eta bakarrik zaude hura zaintzeko, artatzeko eta hezitzeko. Horra iristeko esperientzia on eta txar asko bizi izan dituzu, minaren esperientzia oso garrantzitsua da, momentu horretan oso sentibera zaude, ardurak sentitzen dira, gauzak aldatu dira. Une horretan, pediatria taldearekin duzun harremana oso garrantzitsua da”.

Hastapenetako garaia hain da une zaurgarria familiarentzat, “haurraren bizitza aseguratua dagoen ziurtasuna” behar izaten dutela gurasoek lehenengo bisita horretan, Helenak urte hauetan guztietan ikusi duenez: “Haur bat jaiotzen denean, gurasoek heriotzaren fantasia daukate buruan: ‘Ondo egingo dut? ‘Ez zait hilko?’ ‘Esnea izango dut?’ ‘Ondo jango du?’. ‘Oso ondo ari zarete’ esango dien profesionala behar dute gurasoek momentu horretan, umea aurrera doala ziurtatuko diena”.

“Une horretan bizitza hankaz gora daukazu”, ondorioztatu du Landerrek,  “eta oreka behar duzu: guraso bezala edozer gauzarekin larritzen eta obsesionatzen zara, eta lasaitasuna eta segurtasuna jasotzea asko eskertzen da”. Nereak bat egiten du aurrekoen ikuspuntuarekin: “Guretzako hanka profesionala osatzen du pediatria taldeak; bikotea dago, aitona-amonak, lagunak... baina umea ondo dagoela esango diguna pediatria taldea izango da”.

Harremanen garrantzia neurtzeko gailu bat izango balute, oso goian jarriko lukete pediatria taldeko profesionalekiko harremana gurasoek. Pediatra eta erizainak ere erlazio horren garrantziaz jakitun dira . “Esparru fisikoa eta psikikoa integraturik ulertzen dugu guk osasungintza. Haurrak nola egiten duen eztula ikustea oso garrantzitsua da, bai, gramoak ondo irabazten dituen... baina emozioak ere bai; gurasoen angustia, kezka, lanera iritsi beharra... horiek guztiak kontuan izanda egin behar dugu gure lana. Zenbait profesionalek hala ikusiko ez duten arren, guretzat oso garrantzitsua da ez soilik haurra zaintzea, baita haur horren familiarekiko erlazioa zaintzea ere; harreman horren ondorioz, gauzak era batera edo bestera joan litezke”.

Minimoki elkar ezagutzea eta konfidantza eraikitzea, eta harremana zaintzea beharrezko ikusten dute, beraz, kontsultak emankorragoak izan daitezen. Mahaiaren bueltan daudenen arabera, harremana ahalik eta horizontalena izateak lagundu egiten du konfidantza sortzen, halaxe azaldu du Donetzek: “Osasungintza hegemonikoak gu, profesionalok, alde batean jartzen gaitu, eta gurasoak bestean; eta badirudi guk norabide bakarrean transmititu behar diegula beraiei jakinduria. Ekipo honek harremana modu horizontalago batean bizi nahi du familiarekin; esaten diguten hori entzun egin nahi dugu, eta guk dakiguna eman”. Oso kontziente dira kontu handiz hartu behar dutela familia, giroa eta momentua “goxatu” behar dutela: “Umea jaio denean, eta familia etortzen denean pediatriara, ez dauka garbi familia bat osatu duela, eta oso momentu berezia da. Goxotasunasu horri esker, familiari zentratzen lagunduko diogu”. Arantxak garbi ikusten du deskribatu duen lehen momentu horretan segurtasuna transmititzea dela euren egiteko nagusia. “Tarteka aholku zuzenak behar izaten ditu familiak, eta beste batzuetan, hausnarketarako momentuak behar izaten ditu; baina beti segurtasuna jaso behar dute, eta goxotasuna. Hortik aurrera bisitak eraginkorragoak izango dira, eta kontsultak ere gutxitu egingo dira, gurasoak eurak ari baitira seguruago sentitzen eta ikasten”.

Familia autonomo bihurtzen da ezagutza bereganatzen duenean, Nekaneren arabera. Medikuekin komunikazio ona izanez gero,  gurasoek eurek haurra behatzen ikasten dute, zeri eman garrantzia eta zeri kendu ikasten dute.
Egokitu izan zaizkie, alabaina, familiarekiko harremana Tolosako taldeak bezainbeste zaintzen ez dituzten pediatra eta erizainak, eta ikusi dute harreman bertikalago batek nola oztopa dezakeen komunikazioa. Sentitu izan dute, baita ere, pediatrarengana joatean unean uneko azterketa gainditu beharra, pisua hartzeari dagokionez, adibidez. Edo ez entzunak sentitu izan dira, euren iritziak edo kezkak azaldutakoan. Konfidantza sortu ezinak, kezkak lasai azaldu ezinak edo harreman deserosoak, bisitak endekatzen dituela diote. Urte eta erdian nahi baino esperientzia handiagoa izan du Nereak pediatrekin, Lea alabak sei pediatra izan baititu anbulategi berean: “Medikuak umea eta familia ezagutzea oso garrantzitsua iruditzen zait; bestela, bisita bakoitzean zerotik hasi behar duzu, eta ia ezinezkoa da gutxieneko konfidantza bat eraikitzea umearen heziketan hain inportantea den figura horrekin”.

Nerearen arabera, sistemak, kasu askotan, ez du bermatzen “harremanak eta emozioak zainduko dituen tratu bat”. Nekanek ere arriskutsua ikusten du profesional bakoitzaren, “norbanakoaren borondatearen esku” uztea emozioei eta harremanei garrantzia ematea ala ez. “Sistemaz hitz egin beharko genuke, ikusi denborak, espazioek, arduradunek, formazioak... laguntzen duten ala oztopo diren.”

Formaziotik hasita, pediatra eta erizainen egiturazko ikasketak erabat baiologistak direla nabarmendu dute, “hasieratik bukaera arte”, eta norberak bere kabuz, “hezi gaituzten osasungintza hegemoniko batetik apartatuz”, Donetzen hitzetan, norbere denbora eta dirua dedikatuz formatu dute beren burua umeen behaketan, talde familiarraren zaintzan eta komunikazioan.  “Sistema erreka bat bezala da, norabide eta erritmo batean doana. Zuk besterik behar baduzu,  beste formazio bat, beste erritmo bat, beste denbora bat —hamar minutuko bisita batzuetan ez da ezer, zein duzun aurrean...—, horrek esan nahi du errekak eskatzen dizun abiada horretan galga bota behar duzula eta pixka bat atzera egin behar duzula. Inertziaren kontra egitea ez da erraza, ahalegina eta nekea suposatzen du; baina hori da bidea”. Makrosistema eta mikrosistema bereizten ditu Helenak: “Osasun zerbitzua, orokorrean, ona da: gaur egun gure osasuna hobetu da, antzemate, diagnostiko eta tratamenduari esker. Baina esfera altu horietatik jaisten hasten garenean, hor datoz kontraesanak, kontsultan: enpresak dena kuantifikatzeko eskatzen du, baina osasuna kuantifikatzen dugunean arazoekin hasten gara; osasuna ezin baita kuantifikatu, kualifikatu egin behar da”.

Sistemaren erritmoa oztopo izan liteke, beraz, bisitak ahalik eta emankorrenak izan daitezen, baina gurasoen jarrerak ere mesede edo oztopo egin diezaioke harreman horri. “Guraso eskatzaile-bezero” jarrerarekin kritikoa da Nekane. “Eskatzaile gara, ordaindu dugulako bezero sentitzen gara: gure beharrak orain eta modu zuzenean asetzea nahi dugu. Hori da, tamalez, iristen ari dena”. Autokritika egin du Nereak ere: “Askotan, ezintasun uneetan, umea gaixo dagoenean, errudun bat bilatzen dugu, eta erosoago sentitzen gara ardura eta errua beste batzuen esku utzita. Gurasooi tokatzen zaigu gure seme-alaben ardura hartzea”.

“Nola iritsi gara puntu honetaraino?”, galdetu du Landerrek. “Intseguritate hau, konfidantza falta hau, gurasoon ezintasun hau... nola iritsi gara honaino?”. Jendartea ez da puntu honetaraino bat-batean iritsi, Donetzen ustez. “Ardura besteren esku uzte hori, hezkuntza eskolari edo osasungintza medikuen esku delegatze hori, ez da espontaneoki gertatu. Delegatzeko hezi gaituzte; eta guraso izatean, bat-batean, ez dugu delegatu behar, protagonista izan behar dugu; baina orain ez dakigu nola. Bisualizatu eta mahai gainean jarri behar dugu gure aurrekoek eta inguruekoek dakiten hori guztia, bat-batean anulatu egin baita jakinduria hori guztia”. Arantxaren iritziz, oso protokolarioa bihurtu da jendartea: “Zorionez, orain denok dugu ikasteko aukera, eta txikitatik ikasten eta formatzen goaz. Une batean, guraso gara, eta... non dago guraso izateko formakuntza? Liburu guztiak irakurtzen ditugu, ‘Nola izan ama?’, ‘Nola izan aita?’... eta hor sena ahaztu egiten dugu, bidean galdu dugu”.

Formazioa beharko luketela dio Landerrek, gustatuko litzaiokeela aita izateko heziketa jasotzea; norbere eta haurraren gorputza eta osasuna ezagutzeko ikastea edo transmisioa jasotzea, besterengan ez delegatzeko; hitz egitea eta entzutea, inon ez baita hazieraz berba egiten. “Kalean beti dena zoragarria da, ez duzu kezka eta beldur hauen berri entzuten. Eta gero, ikaragarrizko zaplaztekoa hartzen duzu”.

Landerrek aipatu bezala, gurasoak hezitzea, osasuna kudeatu eta gorputza ezagutzeko bidean bidelagun izatea ote den pediatria taldearen funtzioa galdetuta, Helenak baietz dio: “Hezitzaileak gara. Eten gabe informazioa transmititzen ari gara, hori heztea da”. Pediatria taldeek beren burua hezitzaile ikusten badute, Nekaneren iritziz, beraiek ere egituraz jasotzen duten formazioaren parte izan beharko luke biologiatik kanpoko hainbat aspektu ere, hala emozioei eta komunikazioari lotuak nola gai sozialagoak. “Justizia soziala egiten duzue egunero kontsultan: emozioak, harremanak, komunikazioa, integrazioa, generoa, euskara... oso gai sozialak dira, eta horiek, nire iritziz, egiturazko beharko lukete”.

Adituen hitzak ekarriz, Helenak dio “gizakien lan zailen eta zorrotzena” haurrak hazi eta heztea dela. “Gaur egun gurasoak oso kuestionatuak daude, duela 30 urte baino askoz gehiago. Seme-alaba bat edo bi eduki-tzen dute, beraz, ezin dituzte gauzak gaizki egin!”. Perfekzioa bilatzen dute gurasoek, amek bereziki, hazieran, Arantxaren hitzetan: “Ehuneko ehunean erditu; ehuneko ehunean maitale izan, ehuneko ehunean profesional... Dena ehuneko ehunean egitea ehuneko mila egitea da”. Erditzean bere onetik atera omen zelako, egun gutxitara kontsultara barkamena eskatzera etorri zen andre baten kasua gogoratu du.

----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

ESKER ONEKO PRAKTIKAK

Bisitatik seguruago eta lasaiago, eta ondorioz, haurra beha-tzeko, zaintzeko eta artatzeko jakintza eta baliabide gehiagorekin atera izan direla sumatu dute Nekane Goikoetxeak, Lander Presak eta Nerea Eliasek pediatraren kontsultan zenbait aspektu zaindu izan direnean. Hona hemen bakoitzak emaniko gako bat:

Landerrek harremanaren goxotasunari, segurtasuna eta lasaitasuna jasotzeari berebiziko garrantzia ematen dio. Erlazio horretan aita ere kontuan izatea, aintzat hartzea, eta hari ere zuzentzea balioesten du. Bisita aitari ere bideratua egotea hura haurraren hazieran eta heziketan integratzeko bide bat dela dio.

Nereak komunikazioa nabarmendu du: medikua umea artatzen ari denean egiten ari den hori guztia komunikatzen joatea lasaitasun eta ikasbide ei da berarentzat. Haurra behatzen, garrantzia daukan faktoreari erreparatzen eta ez daukana baztertzen ikas dezake gurasoak kontsultan, pediatriako profesionalek jakintza hori transmititzen badute.

Komunikazio eta harreman horretan haurrak beraiek ere integratzea praktika aberasgarri gisa aipatu du Nekanek. Umeekin komunikazio zuzena, lantzea, haiei  galdetzea eta begiratzea umeentzako eurentzako ere aberasgarria dela deritzo.