LOMCEri EZ, Gure Hezkuntzari BAI

2013-02-19

EHIGE, BIHE, Sarean, Ikastolen Elkartea, ERKIDE Irakaskuntza, Sortzen-Ikasbatuaz, Kristau Eskola, Bidelagun, Ikasle Abertzaleak, EIB, Eliz Barrutiko Ikastetxeak, Ikasgiltza, Hetel, Ikaslan, Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUA, Hik Hasi, CCOO, UGT... hezkuntza-eragileek LOMCEren kontrako eta Gure Hezkuntzaren aldeko adierazpena egin dute Bilbon.

 
 
LOMCEri EZ, Gure Hezkuntzari BAI

LOMCE: hezkuntza eragileon adierazpena

Adierazpen honen sinatariok ezaugarri nagusi batek batzen gaitu: gure aniztasunak. Anitzak gara eta, gure hezkuntza sistemaren eraikitzeari dagokionez, ikuspegi anitzak ditugu gure baitan. Hala ere, bat gatoz LOMCE delako legearen edukia aztertzerakoan, bere ezarpenak gure ikasleriaren heziketarako eta gure hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean ekarriko lituzkeen ondorioengatik. Honek agerraldi honetara ekarri gaitu, eta honekin batera antolatuko ditugun ekintzetan parte hartzeko deia elkarrekin egiten dugu. 

Nazioarteko azken ebaluaketek eta ebaluazio diagnostikoek adierazi duten bezala, gure ikastetxeen egoera eta errealitatea desberdinak dira Estatuko beste sistemekin alderatuz gero. Izan ere, gure adierazleak nabarmenki hobeak dira arlo hauetan: eskola-uzte goiztiarraren tasa, DBHko tituludunen portzentaia, goi-mailako ikasketen titulazio-tasa, eta abar. Era berean, badakigu zertan hobetu behar dugun eta ikasleen konpetentzia guztiak garatzea dela aurrerantzean gure erronka nagusia. Testuinguru honetan LOMCEren helburuak euskal eskola komunitateentzat ez dira esanguratsuak, ez dira egokitzen gure errealitatera.

Gure helburua ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea da. Ondorioz, euskara ardatz duen eredu bakarra behar dugu, eta ikaslearen ingurune soziolinguistikoa eta gaitasun psikologikoak kontutan hartuko dituen ikaskuntza metodologia ezarri. LOMCEk zalantzan jartzen du planteamendu hau, ez baita bermatzen eta indartzen hizkuntza koofizialen esparruetan hizkuntzarik ahulena (planteamendu honek euskararen aurka jotzen du). Halaber, enborreko jakintzagaia ez izanik, bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du.

Bestalde, eskolan euskaraz ikasteak bakarrik ez du ekarriko euskararen normalizazioa, eta hizkuntzaren rola testuinguru bakoitzean zein den argitu behar da. Hori da, hain zuzen, lege honek baimentzen ez duena.

Aldi berean, adierazi nahi dugu gure desadostasuna Legeak sustatzen duen hezkuntza eredu eta irizpide baztertzailearekin. Aitzitik, eskola inklusiboa, konpentsatzailea eta integratzailea bultzatzen dugu, hots, ikasle guztientzako aukera berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritzen den hezkuntza. Hori dela eta, ezin gara bat etorri 14 urtetik aurrera ikasleak sailkatu eta bereizi egiten dituen lege batekin: DBH bukatzean bi graduatu-titulu mota, ”lehen eta bigarren mailako” arloak eskaini, prestakuntza-ibilbide zurrunak, pasabiderik gabeko eskaintza … Hitz gutxitan, ikasleen bazterkeria eta bereizkeria dira nagusi. LOMCEk ez du ikasle guztien eskola emaitzen aurrerapena bultzatzeko hobekuntza proposamenik eta planik ahalbideratzen. Honela XXI mendeko konpetentziak (autonomia, inguru nahasietan moldatzea, iniziatibaduna izatea, etab ) nekez eskuratuko dira.

Halaber, curriculumaren antolaketak hezkuntza sistemaren uniformetasuna eta kontrola bultzatzen ditu, hezkuntza eta ikasle eredu bat sustatuz: curriculum-ataleko helburu zurrunak ezartzea, Gobernuak erabakitako irizpideen bidez ebaluatu eta neurtzea, DBH eta Batxilergoa bukatzerakoan errebalidak eta bitarteko mugarriak LHn tartekatzea, eskuraturiko datuekin eskolen sailkapena egin eta hauexek publiko bihurtzea, sektoreko profesionalak eta eskolak ahalegin horretan jarduten ipintzea eta “estandar” jakin batzuetara iristen ez diren eskolen gaineko zehaztu gabeko neurriak hartzea dira proposatzen diren bideak. Non kokatzen da eskolen eginkizuna? Bide honetan ikastetxeak ez dira nolabaiteko “akademia” bilakatzen?.

Aurreko aukeretatik abiaturik, Legeak ikastetxeen autonomia murrizten du, gehiena kanpotik erabakiz. Hezkuntza-esperientzia aurreratuenek hau adierazten digute: ikastetxeon autonomian sakontzea, eskola komunitatearen partaidetza eta erabakimena antolatzea, curriculuma eta hizkuntza planteamenduak ikasleen beharretara egokitzea eta konpetentzia guztien ebaluaketa eredu malguak ezartzea, ezinbestekoak direla hobekuntza sustatzeko. Legeak, partekatzen ez dugun kalitatearen kontzeptua planteatzen du, zeren guretzako kalitatea ikasle guztien arrakasta bermatzea delako,aukera berdintasuna irizpide izanik, horretarako behar diren prozesuak, antolaketa, baliabideak eta esperientziak eskainiz eta trukatuz, bikaintasuna eta ekitatean oinarrituriko guztiontzako hezkuntza sistema bat eraiki ahal izateko.

Gure iritziz, hezkuntza sistema iraunkortasunez hobetu nahi bada, ezinbestekoa da alderdi politikoen eta eragileen parte-hartzea eta adostasuna. Gure Hezkuntzaren gaurko errealitatea eta gure ikastetxeetan urteetan egindako ahalegina ahaztu egin du Wert Ministroak. Gure aldetik, bestelako bidea proposatzen dugu: praktikaren gaineko hausnarketa eta gogoeta eginez, hezkuntza sistema aurreratuenen esperientzia kontuan hartuz eta Euskal Herriaren testuinguruan aplikatuz, gure Hezkuntza Sistema eta Curriculum Propioa pixkanaka eraikiz joatea. Horregatik guztiarengatik ozen aldarrikatu nahi dugu:

 

LOMCEri EZ, Gure Hezkuntzari BAI.