Imanol Ubeda: "Hausterre egunez"

2013-10-22
Hausterre eguna zen. Asteazkena. Hausterre egun guztiak bezala. Urteko egunik tristeena Tolosaldean. ­Inauteriak amaitu berri, ajeak jota ­egon ohi da Tolosa eta eskualde osoa.
Hausterre eguna zela esan dut. Neguak berarekin ekarri ohi duen ­egun heze, euritsu eta hotz horietakoa. Urtero bezala, jai eskatua nuen lantokian. Goibel zegoen giroa. Hala nengoen ni ere. Ajearen mozorroa kendu ezinean. Arratsaldeko lehen ordua zen eta etxetik ateratzea deliberatu nuen. Ez zebilen inor kalean. Eta horiek dira paseatzeko gehien estimatzen ditudan egunak. 
 
 
Imanol Ubeda: "Hausterre egunez"
Aterkia zabaldu eta Araneko iturritik Ibarrako plazarako bidea hartu nuen. Erreka hotsa baino ez zen entzuten. Errekaren hotsa, eta haizeak Montes baserriko baratzean sortzen zuen dilinda urduria.
Plazara gerturatu orduko, ume bat sumatu nuen. Inor ez inguruan. Motxila soinean. Bakarrik egoteko txikiegia begitandu zitzaidan. Euria ari zuen eta aterkirik gabe zegoen.
Izoztua zirudien. Besoak erdi zabalik. Geldi. Berehala jabetu nintzen negarrez ari zela. Pausua azkartu eta hurbildu egin nintzaion. 
Ez zebilen inor. Ibarrako zubi zaharrera begiratu nuen, eta inor ez. ­Atari tabernako terraza hutsik. Plazaren beste aldera jiratu nuen burua, eta Zubiaurre aldean ere inor ez nuen bistaratu. 
Aterkirik gabe zegoen neskatoa, baina arropa egokia zeraman. Txanoa jantzirik. Eta negar batean. Malkoak zipriztinetan ateratzen zitzaizkion. Ehunka malko txiki. 
Lau bat urte izango zituen, bost urte gehienez. Urduri jarri nintzen, ­umeekin ez naizelako sekula ondo moldatu. Gaizki ere ez. Baina ez dut xuxen jakiten haurrekin nola jokatu. Neskalagun ohiari entzun nion behin, umeei euren parera jaitsita hitz egin behar zaiela. Makurtu eta hizketan hasi nintzaion: “Kaixo, zer gertatzen zaizu?”. Ahoa zabaldu orduko jabetu nintzen ez nuela galdera egokia egin. Ezin zuen erantzunarekin asmatu. Hain aztoratuta zegoen, ez zela hitz bat ateratzeko gai. Eskua luzatu nion eta bihotz zimikoa sentitu nuen. Sekula ez didate halako indarrez eskutik heldu. 
“Lasai, zer zaude bakarrik?”. Gero 
eta okerrago ari nintzen. Lasai eta bakarrik galdera berean lotzea okurritzea 
ere... 
- Nola duzu izena? 
- Nadia —Atera zitzaion arnasa hartu ondoren, zotin artean.
- Eta non bizi zara, Nadia?
- Etxean!
Orduan konturatu nintzen. Galduta zebilen Nadia. Ez zekien etxera nola 
itzuli. Hausterre eguna zen eta Hausterre egunean ez da eskolarik izaten. Gure garaian, goizean jai baina arratsalde partean eskola genuen Hausterre egunean. Nadiaren gurasoek ere hala pentsatuko zuten. Hala esango zien baten batek. Auskalo. Ikastola atarian utzi zuten behintzat, eguerdi partean. Baina eskolarik ez Ibarrako Uzturpe ikastolan. Hain txiki izanik ere, ikastolatik plazara jaisten asmatu zuen nola edo hala. Baina plazan lehertu egin zen. Han ere inor ez baitzebilen, eta bertako jolaslekua hutsik. Ezingo zuen ezer ulertu koitaduak.  Eta ez zekien etxerako bidea.
Eskutik helduta, oinez hasi ginen, nire aterkipean. Gurera eraman eta ­arreba Olaiari deituko niola, egin nuen neure artean. Araneko iturritik gertu ordea, gizon bat ikusi nuen ­urrutira. 
“Ei!” egin nion eta begira jarri zitzaigun. “Ezagutzen al duzu ume hau!?”.
Guregana hasi zen gizona. “Si, vive en San Ignacio, al lado de mi casa. Son de Marruecos”. 
Gertu dago San Inazio auzoa. Eta hara zuzendu ginen hirurok. Lasaitzen hasia zen Nadia. Bere portalera ­iristeko 50 metro falta zirela, ordura arte estu hartutako eskua askatu eta korrika batean hasi zen. Behe barrua irekita zegoen eta korrika joan zen eskaileretan gora. “La furgoneta de su padre no está. Habrá dejado a la cría en la ikastola y se habrá ido a trabajar. Sin darse cuenta de que hoy no hay ­ikastola”. Hitz horiekin agurtu zen gizona. 
Hamar bat minutuz izan nintzen portalaren ondoan. Amak edo anai ­edo ahizpen batek irekiko zion etxeko atea. 
Paseoari ekin nion berriro. Araneko iturrira iritsi orduko, Sebas osaba etorri zitzaidan burura. Uzturpe ikastola martxan jartzen lan handia egin zuten berak eta bere lagunek. 1977an erail zuten ­Sebas, poliziaren kontrol batean. Baina poztuko zen, ikaragarri poztu ere, ­Marraketxetik etorriak ziren Nadiaren gurasoek, euren alabari euskara eta ­ikastolaren aukera eman ahal izan  ziotelako.