Uxue Alberdi: "Amok lehen pertsonan abesteak amatasunak ertz bat baino gehiago dituela erakutsi du"
“Dena esana dago / esanikan ama” abestu zuen behiala uztapidek. izan ere, denbora luzean ama estereotipatuaz jarri izan dira bertsoak, emazte eta maitale estereotipatuez hitz egin den bezalaxe. Amatasunak polifonikoak dira, alberdiren aburuz, emakumeak bezain anitzak. eta bere ahotsa gehitu dio polifonia horri, bere larrutik abestuz haurdunaldiaz, erditzeaz, hazieraz...
Lur jaio eta hilabete eta erdira Gipuzkoako bertsolari txapelketan kantatu zuen Uxue Alberdik (Elgoibar,1984). Pixka batean mikrofonoa bera baino beharrezkoagoa zuen bularretik esnea ateratzeko gailua saioa ondo joango bazen. Alabaina, amatasunak on egin dio bere sormenari, ausartago eta lasaiago sentitzen da. Bere amatasunak ekarpen ugari egin dizkio bertsolaritzari ere, tematika zabaldu baitu, batetik, eta intimo eta pribatutzat jo izan diren gaiak politiko eta garrantzitsu direla erakutsi du. Literaturan ere izan du isla: argitaratu berri du ‘Euli-giro’ narrazio-liburua (Susa).
Amatasuna zer da, umorezko gaia, dramarako…?
Normalean amatasunaz ama garenok abesten dugunean, solemnitatez kantatzeko joera handia daukagu. Gaiak ere horretara bideratzen gaitu. Gustatuko litzaidake bestelako amatasun batzuen inguruan ere aditzea. Nik, azken batean, modu batean bizi dut nire alabarekiko harremana eta familian daukagun egitura, baina testuingurua hain da zabala entzuleen artean, gogoz gelditzen naizela egon daitezkeen bestelako amatasun ba-tzuen inguruan aditzeko.
Amatasunaz gizonezko batekin kantatzea egokitzen zaizunean, berriz, bi eredu /korronte daude: batetik, gaur egun badaude aita diren bertsolari batzuk hazieran oso parte aktiboa daukatenak. Eboluzio batean dagoen korronte bat da. Adibide bat jarriko dizut: duela urtebete Elgoibarreko saio batean ni nintzen gai-jartzaile eta Andoni Egaña, Xabier Amuriza, Unai Iturriaga eta Jon Maia ziren bertsotan, lau aita. Gai hau jarri nien: ea nola uztartzen zuten beraien bertsolari bizi-tza eta aitatasuna. Oso deskolokatuta ikusi nituen. Andonik umoretik hartu zuen; Amurizak Miren Amuriza ber-tsolariari kantatu zion… Jon eta Unai erdibidean ikusi nituen. Saioa bukatu zenean Unaik esan zidan, “egunero horretan, eta ez nekien zer esan”. Hazieran badaude aita bezala, baina eremu pribatu hori inoiz ez da izan kantagai. Beste gai batzuen inguruan kantatzen eta teorizatzen dute horretaz baino gehiago.
Beste korrontea orain arte izan dugun aitatasun-eredua da, eta pisu handia daukana: aita parrandero, ardura gabearen rolari barre egitearena.
Aita parranderoaren gurasotasun- eredu horri asko kantatu izan zaio, bai.
Nondik gatozen ikusi behar da. Gaur egun mundu guztiak entzun du ber-tsolaritzan ‘genero’ hitza edo ‘feminismo’ hitza, baina oso berria den zerbait da. Eta nik horrekin lotzen dut gurasotasunarena ere. Erabat mundu maskulinotik dator bertsolaritza, diskur-tsotik, eta diskurtsoa inoiz ez da egin mundu pribatu horri buruz. Arrazoian eta dialektikan oinarrituriko bertsolaritza batetik gatoz, eta emozioak ia-ia ez ziren existitzen. Emozioak sartu ahala diskurtso hauek agertzen ari dira, baina bide luzea dago egiteko.
Amak plazetan aritzeak, zer ekarri dio bertsolaritzari?
Lehenengo, emakumeak egotea bera izan da ekarpen bat, eta diskurtsoan edo emozioetan emakume bakoitzak bere ahotik, lehen pertsonan kanta-tzea (nahiz eta oraindik proportzioan oso gutxi garen eta oraindik ere emakume asko dauden errepresentatu gabe). Getariako festetan Zarauzko Amaia Urbietak —16 urtekoa— Rosi Lazkano oriotarrak, Beñat Gaztelumendik eta laurok kantatu genuen. 54 urteko emakume bat —Lazkano—, 3 seme-alabaren ama, festetako txoznetan kantari aritu zeneko lehenengo aldia zen, gizonezko bat ikustea eguneroko gauza da!
Zer ekarri duen amatasunak? Ekarri du, lehenik eta behin, amatasunaz hitz egitea, ze lehen ez zen kantatzen. Eta kantatzen zenean Uztapideren bertso hartan bezala kantatzen zen, “dena esana dago / esanikan ama”. Lehen ertzik gabeko amaz kantatzen zen, emakumearen hiru estereotipoetako bat zen ama izatea edo emazte edo maitale izatea. Berdin kantatzen zen ertzik gabeko amaz, ertzik gabeko emazteaz edo maitaleaz; “ama” bat eta bakarra zen. Bakarra baitzen amatasun-eredua. Amak plazetan aritzeak eta amatasunaz lehenengo pertsonan abesteak, amatasunak ertz bat baino gehiago dituela erakutsi du. Bai oholtzan, baina baita inguruan ere.
Kristina Mardarasek esaten zuen emakumea bertsolaritzan “normal” egongo dela norbaitek ama izanda bertsotan jarraitzen duenean.
Orain hor zaudete, Oihane Perea,
Ainhoa Agirreazaldegi, Erika Lagoma...
Gauzak aldatzen doaz. Baina emakumea bertsotan normal egoteko hori baino gauza gehiago aldatu beharko dira. Ze norma, normala, maskulinotasunetik egina dago. Niri, hasieran, oso zaila egiten zitzaidan nire lekua bilatzea tabladuan. Orain dela urtebete, Lurrek urtebete zuenean, ia lorik egiten ez nuenean, egunkariak irakurtzeko astirik ez nuenean, boltsoan sakaletsesa eraman behar nuenean, orduak Lurren beharren arabera kalkulatu behar nituenean… bertsolari baino askoz gehiago ama nintzenean, zaila egiten zitzaidan tabladuan ere eroso sentitzea.
Amatasunarena gaindituko genuen ala ez ez genekien langa bat izan da, eta orain tantaka ari da gainditzen, baina nik neuk ere zalantzak dauzkat.
Nola eragiten dio bertsolaritzaren komunitateari amatasunak?
Oihane Pereak kantatu du haurdun txapelketan, ama izan berritan kantatu nuen nik txapelketan, hilabete eta erdi zeukala Lurrek… eta urteak pasatu ahala errepikatu egingo da. Bertsolaritza kulturan zer den pentsatu egin behar da baina baita zer den bertsolaritza autore horien bizitzetan ere. Amatasunak erakutsi du oraindik gauza asko daudela soluzionatu gabeak. Adibidez, amatasunak agerian jarri du bertsolaritza ez dela lanbide edo ofizio gisa kontenplatzen, ez da afizio bat, baina ez da ofizio bat, tarteko zerbait da. Adibidez, ez da amatasun-bajarik kontenplatzen, baina ez hori bakarrik, ez da inolako bajarik kontenplatzen.
Zuk Ainhoa Agirreazaldegiri galde-tzen zeniona galdetuko dizugu: ber-tsolariaren bizimodua ez da egokiena familia, zaintza, pribatutasuna eta bertso jarduna uztartzeko. Eredu berriak behar dira?
Bai. Idurre Eskisabelek Emarocken harira idatzi zuen, uztartzeko zailena ez dela ordutegia, baizik eta ordutegi horren atzean dagoenak egiten duela “krak” jendearen begi-belarrietara. Gaueko txandan dagoen erizain baten egoera ez da hainbeste kuestiona-tzen, baina plazan dagoen bertsolariaren egoera bai, kuestionatu egiten da, bertsolaria parranda testuinguru batean baitago, non edan egiten den, ligoteoaz kantatzen den… Emakume “lotu” batentzat “arriskutsua” den eremu batean dago.
Maria Magdalena eta Ama Birjinaren arteko dikotomia horretan, ni neu Maria Magdalenagandik hurbilago sentitzen nintzen, baita haurdun nengoenean ere, baina jendearentzat 8 hilabeteko haurdun dagoen emakume batek birjin izan behar du eta ez puta. Hor sortzen dira “krak” horiek.Gizonezkoen kasuan ez dira sortzen frikzio horiek, ze gizonezkoa izan daiteke bi-hiru seme-alabaren aita, eta entzule askok ez jakin. Bertsolari gizonezkoen kasuan aita izan aurretik edo ondoren, badirudi ez dela ezer aldatzen pertsona horren esentzian, jendearen begietara ez dela ezer aldatzen, baina emakume baten kasuan aldatu egiten da pertsona bera ere: jendearen begietara ez da gauza bera Uxue neska gaztea edo Uxue ama, eta are gutxiago gai horri buruz kantari ari zarenean.
Horrez gain, norbere kontraesanak agertzen dira. Neure burua kokatu nuen ama izan ondoren ama bezala, horretan ari naiz nire burua eraiki-tzen; bertsolari eta idazle bezala ere banabil. Eta Uxue? Ni? Besterik gabe? Eta askotan galduta sentitzen naiz. Uxue ama, Uxue bertsolari... etiketa horiekin bai, baina hori gabe? Bat-batean parrandara irteteko ikaragarrizko intseguritatea sumatzen duzu, adibidez, ze ez dakizu nola kokatu. Trantsizio bat da. Ereduak behar ditugu, ama parrandera eta arduratsuaren eredua behar dugu, bat ala beste izan behar duzula ematen baitu.
Sormen aldetik sumatu duzu aldaketarik ama zarenetik?
Handia eta hoberako. ‘Aulki jokoa’ (Elkar, 2009) argitaratu eta hiru urtetan ezer idatzi ezinik egon nintzen, erabat blokeatuta. Oso kanpora begira nengoen. Uxue Alberdi hori definituago neukan Uxue baino. Neure buruarekin eta sormenaren egoen borroka horretan nengoen. Porrotari izugarrizko beldurra nion.
Haurdunaldiak asko mugitu ninduen. Niretzako oso denbora gutxi neukala konturatzean oso garbi sentitu nuen zer zen ni betetzen ninduena. Nire osasuna eta plazera bi lekutatik etortzen dela konturatu nintzen: familia edo etxeko giro lasai horretan ondo egotetetik, batetik, nire espazioa, bikotearen espazioa, hiruron espazioa eta alaba eta nire espazioa ondo egituraturik edukitzetik. Eta, bestetik, nire denbora librea sormenari eskaini nahi niola ikusi nuen. Haurdunaldian oso garbi ikusi nuen zein ziren egin nahi ez nituen gauzak, eta konpromisoz edo inertziaz egiten nituen gauza guztiak utzi nituen. Amatasunak argi erakutsi dit zer egin nahi dudan nire denborarekin: idatzi egin nahi dut, kantatu egin nahi dut eta bizi egin nahi dut, herri inguruan, lagunekin, etxean, dantzan. Ama izan eta lehenengo gauzatako bat aldarrikatu nuena izan zen dantzan hasi nahi nuela.
Erditzearen kronika egin zenuen bertsotan, irakurle/entzuleontzat oso berria zen zerbait. Zergatik idatzi zenituen eta zer nolako erantzuna jaso zenuen?
Etxean erditzea erabakitzean, jende askok grabatu egiten du, baina nik ez nuen hori grabatu nahi; neuretzat gorde nahi nuen. Denborarekin ahazten ari zitzaizkidan sentsazioak, usainak... eta idaztea erabaki nuen. Prosan idazten hasi nintzen, baina ezin nuen harrapatu. Neuk gogoratzeko bertso batzuk idaztea pentsatu nuen, eta Lur haztean berari oparitzeko.
Garai hartan ‘Argia’-rako idazten nituen bertsoak, baina konturatzen nintzen ez nituela bertso haiek bidaltzen. Betikoan jausi nintzen: erditzea kontu intimotzat hartzen ari nin-tzen. Gainera horren inguruan asko pentsatutakoak ginen: argi neukan nola erditu nahi duzun erabakitzea eskubide politiko bat dela eta horri buruz hitz egin behar dela. Ez dut aldarrikatzen erditze modu bat, baina erditzearen jabetza aldarrikatzen dut.
Erditu aurreko klaseetako beste emakume guztiek azkar eta ezertaz enteratu gabe, minik gabe, erditu nahi zutela zioten, eta horrek asko eragin zidan. Ikusten nuen jende gehienarentzat erditzea tramite desatsegin bat zela, ez nuen ikusten inork jabekuntza-ariketa bat bezala bizi zuenik. Nire bizitzako gauza inportante bat izan zen eta bertsotan gutxi kantatu edo idatzi denez, argitaratzea erabaki nuen eta gero poz handiak eman diz-kidate. Emakume dezentek gelditu izan naute, erditzen ari zirela irakurri zituztela bertsoak esanaz.
Uztapideren bertsoaren aldean, zure bertsoekin ertz bat jarri diozu erdi-tzeari.
Bai erditzeaz pentsatu eta erabaki egin daitekeela, eta baita, haurdunaldiaz eta hazieraz ere.
‘Aulki Jokoa’-rekin eskoletara joaten naizenean heriotzaz asko hitz egiten dugu, eta aprobetxatzen dugu bizi-tzaren zikloaz hitz egiteko. Neskei galdetzen diet ea ba ote dakiten erdi-tzen, eta mundu guztiak ezetz eran-tzuten du. Erditu ez diren emakumeen % 95ek esango lukete ezetz, erditzen medikuek, emaginek, ginekologoek eta obstetrek dakitela. Iruditzen zait gure gorputzarekiko ezagutzaren jakinduria dena erauzi egin digutela. Ez dakigu gure gorputzari entzuten, ez daukagu konfiantzarik medikun-
tza laguntza bezala erabiltzeko eta ez alderantziz. Niretzako etxean erdi-tzearen garrantzitsuena tratu humanoa izan zen, jakitea zeinekin erdituko nintzen, beraiek ni ezagutzea eta zer nahi nuen jakitea.
Jabekuntza aipatu duzu, eta bertso horietan ere erditzean sumatu zenuen segurtasuna aipatzen zenuen.
Ez segurtasuna bakarrik, boterea. Momentu horretan bertan inongo beldurrik ez sentitzea. Frikia ematen du, baina erditu eta berehala zera esan nuen: “Nik horrela hil nahi dut”. Bukaeran ikusten nuen hautsi egin behar nintzela, baina noraino? Momentu batean buruak “kllik” egin zuen, “pasa dadila pasa behar dena”. Eta heriotzarena uste dut hortik datorrela, etorri behar dela etorri behar dena, baina hemen nago, zainduta, maite nauen jendeaz inguratuta.
Hala ere, 2011ko martxoan, haurdun zeundela, beldurrak aipatzen zenituen bertsotan.
Nik beldurrak pasa nituen. Haurdunaldiaren hasieran erditzeak beldur handia ematen zidan, mina ez baitut oso ondo eramaten, eta kantatu egin nituen beldur horiek. Baina haurdunaldiaren bukaeran beldur horiek desagertu egin ziren. Beldurrik handienak existentzialak ziren. Orain arte ni egitetik kokatu naiz, ez egotetik. Egoten ikasi egin behar izan dut. Haziera, batez ere lehenengo urtean egotea da. Jakitea egoten beste per-tsona baten ondoan eta bigarren planoan; bestearen beharrek markatzen dute zure erritmoa.
Talkak ere izan ditut, eta kontraesanak. Bularra ematea erabakitzen duzunean, adibidez, eta nahiz eta aita edo beste batzuk hor egon, umeak zugana jotzen duela ikusteak zalan-tzak sortzen dizkizu: emakume menpeko bat bihurtzen ari ote naiz? Baina, azken batean, neure hautua izan da hori; menpekoa zara diskurtso bati edo besteari norbere barrutik pasa gabe kasu egiten diozunean. Guk diseinatu behar izan dugu gure gurasotasuna, ez daude bi ama berdin, bi familia berdin. Norberak igertzen du zer behar dituen.
Idazteari dagokionez, zer ekarri dizu amatasunak?
Nire buruari kanpotik begiratzetik barrutik begiratzera pasa nintzen. Jendearen aurrean kantatzen jartzen zarenean, edo zerbait argitaratzen duzunean, iritzi publikoaren pentzura gelditzen zara, eta kritikak eramaten jakitea ez da batere erraza. Horri buruz ere oso gutxi hitz egiten da.
Oraintxe bukatu dut liburua [‘Euli-giro’, Susa]. Lurrek sei bat hilabete zituenean idatzi nuen lehen ipuina, eta ondoren etengabe, tantaka, joan naiz idazten beste zortzi ipuinak.
Gozatu egin dut, sormenak berez dituen gatazka horiekin. Atzera begiratuta esan dezaket bi urte hauetan idatzi dudala plazeretik. Nire martxan. Presiorik gabe. Bestetik, umearen munduan sartzeak haurrentzat idazteko ideia gehiago ematen dizkit.
Amatasunak ausartago egin nau eta egotik desengantxatu ninduen. Kontrakoa emango du, baina besteen epaitik askatu egin naiz. Askoz ere zentratuago eta lasaiago sentitzen naiz.