Ume eramailea, kontaktu emaile
Haurra gainean eramateak, atxikimendua garatzen lagun diezaieke gurasoei eta lasaitasuna ekarri jaioberriari, munduratzea goxatzen baitio gurasoarekiko kontaktuak, haurdunaldiko egoeraratik hurbil sentiaraziz.
Bizitzako beste esparruetan bezala, gurasotasun- eta haziera-eredua aukeratu egiten da. “Norbere bizitzeko moduarekin eta pentsatzeko erarekin lotua dago umeen haziera; horren arabera aukeratuko ditugu jarraitu nahi dugun haziera-eredua eta gure intereseko teoriak, izan kontaktuko teoriak edo diziplinazkoak”. Arantza Larrea emaginaren hitzak dira. 32 urte daramatza emagin-lanetan, eta oroz gain emakumearen erabaki-tzeko askatasuna azpimarratuz, argi esaten du zein den bere aukera: “Nik argumentu asko ditut, bai formazio aldetik eta baita esperientzia aldetik ere kontaktuko haziera baten alde egiteko; baina beste batek askatasunez erabaki dezala negarra, jatorduak, haurraren jokaera eta, oro har, haziera diziplinaren bidez gidatuko badu”.
Azken hori —diziplinako haziera-eredua— izan da tradizioz jaso dugun eredua, oro har. “Gure amei eta amonei haurrei diziplina ezarri behar zaiela irakatsi diete, bai loari, elikadurari etabarri dagokionez; haurrak hiru orduero jan behar duela ikasi dugu, eta ez beharra adierazten duenean; bular bakoitzean 10 minutu egin behar dituela esan izan digute, ez nahi adina; eta helduak gidatu behar dituela ekintzak, ez haurrek. Hori da guk txikitatik ikusi eta ikasi dugun haziera-eredua. Baina ez da kasu askotan emakumeei barrenak eskatzen diena eta ezta umeen-tzat egokiena ere”. Emakume asko barrenak eskatzen dienaren eta ikasi dutenaren artean borrokan ikusten ditu egunero Larreak bere kontsultan. “Barreneraino sartuta daukagu haurra besotan hartzen badugu gaizki ohitzen ari garela, baina ama askok eurek sentitzen dute kontaktu gogoa edo negarrez ari den haurra besotan hartzeko premia. Asko lagunduko liguke alde bateko zein besteko presioetatik eranzteak eta bakoitzak bere bidea hartzeak”.
Munduratzea goxoagoa izan dadin
Osasungintzako literatura eta 32 urteko bere esperientzia euskarri harturik, Larreak dio haur txikiek diziplina baino gehiago kontaktua behar dutela. “Haurra umetokitik ateratzen denean, munduratze hori oso agresiboa da. Helduok onartuak ditugu inguruan ditugun estimuluak, izan soinuak, argiak, hautsak, grabitatea... eta uste dugu umeak ere berehala barneratuko dituela estimulu horiek guztiak. Baina haur jaioberriak denbora behar du hori guztia barneratzeko, eta kontaktuak munduratzea gradualagoa izan dadin laguntzen dio, eta urduritasuna baretzen”. Kontaktuak, halaber, lasaitasuna ekartzen dio haur txikiari artean bere barne-mundua oso kaotikoa delako eta Ni-a eraiki gabe dagoelako: “Gurasoak hor egote hutsarekin lasaitu egiten dira umeak; ez da hain garrantzitsua amak asmatzea umeak zer behar duen baizik eta erantzute hutsak eta kontaktua emate hutsak barne mundua lasaitzen du”.
Ume-eramaileek gurasoaren eta haurraren arteko kontaktua ahalbidetzen dute, eta horrek haurren munduratzea goxatzen du eta asko laguntzen du, halaber, eurek hala nahi duten kasuetan, haurraren eta gurasoen arteko atxikimendua garatzen ere, bereziki haurdunaldi edo erditzea ona izan ez den kasuetan.
Hori izan zen Gloria Urkolaren kasua. “Gu beharrezko ez zen zesarea batetik gatoz, eta erditze-prozesua ez bizitzeak atxikimendu arazoak sortu zizkidan”. Emagin baten gomendioz umea gainean eramaten hasi zen Urkola eta kontaktu horri esker garatu ahal izan zuen semearekiko atxikimendu estua. Meitai ume-eramaileak hainbeste aldatu zuen Urkolaren eta bere bikotekide Ander Gorostitzuren bizimodua, ezen berau zabaltzeari ekin diotela orduz geroztik. Lehendabizi eurek josi eta ingurukoei oparitu zizkieten; ondoren Internet bidez saltzen hasi ziren fularrak www.meitaimaitie.com webgunean, eta orain gaian formaturik, denda bat zabaldu dute eta ume-eramaileei buruzko tailerrak ematen dituzte, praktika nahiz atzean dagoen filosofia azalduz.
Peru eta Dina euren bi seme-alabekin ikusi dituzte ume-eramaileen onurak Urkolak eta Gorostitzuk: atxikimendua garatzen laguntzeaz gain, lo hobeto egiten dute —lehenago lokartzen dira eta loaldi luzeagok egiten dituzte—; lasai daude gurasoa umearengadik gertu egoteak bere beharrei azkar erantzutea baitakar, urduritasunak saihestuz; eta ondorioz, negar gutxiago egiten dute. Era berean, kolikoak saihesten laguntzen du umea gainean eramateak, postura erlaxatuak, gurasoaren beroak eta bertikalean joateak diafragma gogor jartzea saihesten baitu.
Larreak eta MeitaiMaitiekoek bereziki haurra jaio osteko lehen bederatzi hilabeteetan gomenda-tzen dute berau gainean eramatea. “Beste ugaztun batzuk jaio eta amak ukipenez estimulatu ostean, korrika doaz, guk baino autonomia handiagoa baitute; baina gizakia erabat garatu gabea da jaiotzean, eta autore askok diote haurra baldintza egokietan garatuko bada, komeni dela beste bederatzi hilabetez haurdunaldiko antzeko egoeran egotea”. Exterogestazioa edo kanpo-ernaldia deitzen zaio horri, Urkolak azaldu duenez, “haur jaioberriak beste ugaztunek jaiotzeko unean duten pareko autonomia-maila garatzeko denbora behar du, gutxi gora-behera 9-10 hilabete inguru irauten duen kanpo-ernaldi bateko denboraldia, lau hankatan edo oinez ibiltzen hasten den artekoa”.
Kontaktuko teorien arabera, bi hanketan ibiltzen hasi zenean gizakia, emakumearen aldaken tamaina erdira mugatu zen. Ondorioz, gaur eguneko andreak ezingo luke erditu 9 hilabete handiagoa den ume bat, haren burua handiegia bailitzateke bai amaren sabelean irauteko eta baita ateratzeko ere. Horregatik, 9 hilabeteko exterogestazioan ume-toki barreneko egoera eta baldintza antzekoak izateak lagundu egingo dio garatzen. Etengabeko mugimenduan, amaren gorputzaren tenperaturan —haurtxoak ez dauka berotasuna sortu beharrik eta horrek energia aurrezte handia dakarkio—, eta haurndunaldian zehar bezala, behar duenean elikatzeko aukera izatea eskatzen du exterogestazioak. “Ume-eramaileak hori guztia ahalbidetzen dio umeari, eta hain justu, horrexegatik aurkitzen da hain ondo”, azaldu du Urkolak.
--
Ume-eramaileak haurraren
garapen-fasea errespetatu behar du
Gurasoaren eta haurraren arteko kontaktua ahalbidetzen duen bitartekari bat da ume-eramailea, baina betiere baldintza egokietan erabiltzen bada. Horregatik, Mei-taMaitiekoek hainbat gomendio ematen dituzte ume-eramaileak modu egokian erabiltzeko:
Arnas bideak utzi:
Ume-eramaileak ez dio oztopatu behar haurtxoari arnasa ondo hartzean. Ziurtatu postura egokian dagoela arnasa ondo hartzeko, eta arnas bideak irekiak dituela.
Ez eroan haur txikia aurrera begira:
Haurrak, jaiotzen denean, C formako bizkarrezurra dauka —ez dauka helduaren antzeko S bikoitza—. Ume-eramailean doanean ere, bizkarrezurraren C forma errespetatu behar da. Horregatik, haur txikiak ez du aurrera begira joan behar, bizkarrezurra kontrako C batera behartzen ariko baikinateke. Gurasoei begira doanean, gainera, begietara begiratzeko aukera ere badu, eta horrek segurtasuna ematen dio.
Ipurtezurra ez da sustengu egokia:
Ume-eramaileak haurrari ipurdi osoaren gainean esertzeko aukera eman behar dio, eta ez soilik ipurtezurraren edo genitalen gainean.Hau da, haurra eserita dagoela, bere belaunak aldaken altueraren gainetik gelditu behar dira. Urkolak dionez, ipurdiaz gain izterraren atzealde osoa apoiaturik eraman ezean, baranda baten gainean eserita eramatea bezala litzateke, genitalak soilik apoiaturik, haurrak ez baitauka bere gorputz osoaren pisuari eusteko aski indar, nahiz eta haurrak 4-5 kilo soilik izan. Hankek zintzilik gelditu behar dute, tolesturik, ez ume-eramailearen barruan.
Ez egin haurdun zeundenean egingo ez zenukeen mugimendurik:
Korrikak edo antzeko mugimenduek haurraren lepoa, bizkarra edo burmuina mindu dezake, beraz, haur txikia gainean eramatean saihestu egin behar dira mugimendu horiek.
Ume-eramaileak haurraren garapen-etapari egokitua izan behar du:
Burua heltzen duen arte, ume-eramaileak buruari heldu behar dio, eta bizkarrezurrari ere bai. 3-4 hilabeteak bitartean, ez zaio lordosia sortuko eta haurtxoa ez da bere buruari eusteko gai izango. 6-7. hilabeteen bueltan, umea bere kabuz esertzen hasten denean, gerriko lordosia sortzen hasten da, eta behin oinez hasten denean, lordosia erabat sortua izango du. Ume-eramaileek hiru fase horiek errespetatu behar dituzte, eta horregatik, etapa bakoi-tzera egokituriko ume-eramailea erabili behar da. Fularrak, meitaiak eta motxila ergonomikoak bereizi behar dira etapa nakoitzean zer-nolako ume-eramailea erabiltzea komeni den jakiteko:
Fular elastikoak: Jaio berri den haurra gainean, eroso, eta arriskurik gabe eraman daiteke fular elastikoetan. Halaber, fularra lotzen eta korapiloak egiten eskarmenturik ez duten gurasoentzat erabil erraza da.
Alabaina, fular elastikoa lehen urtebetean erabiltzea gomendatzen da, umeak pisu handia hartzen duenean, ez luke balioko”.
Fularra: Ume-eramaile sinpleena eta, aldi berean, konplexuena da. Korapiloak egitea eskatzen du, baina horretxek berak umearen garai bakoitzari egokitzeko aukera ematen du. Fular elastikoa ez bezala, haurraren fase ezberdinetan erabil daiteke, jaiotzetik nahi den arte.
Meitaiak: Umea bere kabuz esertzen hasten den arte — 6. hilabetea arte, gutxi gora-behera— ez da komeni meitaia erabiltzerik. Alta, umea handi egin arte erabil daiteke.
Bandolerak: Oihal zati luze bat eta bi eraztunez osatutako ume-eramailea da bandolera. Umeak bere burua eusten duenetik aurrera — 2-3. hilabetearen inguru— erabil daiteke nahi den bitartean. Ez da denbora luzez jarraian eramatekoa, nekagarria izan baitaiteke. Alta, erosoa eta azkarra da jarri eta kentzeko.
Motxila ergonomikoa: Sei hilabetetik aurrera, bizkarrezurra formatzen
hasten denean eta bere kabuz esertzeko gai denean, motxila ergonomikoa erabil daiteke. Erosoa egiten da, bai umearentzat eta baita eramailearentzako, eta baita jarri eta kentzeko ere. Mendiko motxila baten moduan lotzen da eta pasira luzeetarako eta mendirako aproposena da, beti ere haurrari ipurgain osoa esertzeko aukera ematen badio.