Bada erdibide bat
Bada etxean, emaginen laguntza eta zaintzarekin, erditzen hasi eta haurra ospitalean munduratzeko aukerarik. Hala nahi duten bikoteek dilatazio-
prozesua ingurune lasai eta erosoan egin dezaten laguntzen du Elisa Fernandez emaginak.
B
ada erdibide bat etxean erdi-tzearen eta umea ospitalean egitearen artean. Bai baita jendea ospitalaren hoztasunean eta handitasunean baino erosoago sentitzen dena etxean, eta dilatazio-prozesua euren ingurunean egin nahi dutenak, baina, era berean, haurra munduratzeko unean ospitaleak segurtasuna ematen diena.
Gero eta gehiago diren arren, Euskal Herrian ez dira emagin asko ez etxean erditzen laguntzen dutenak eta ezta erdibideko langintza honetan dihardutenak ere, baina izan badira batzuk. Elisa Fernandez da horietako bat. Emagin talde batekin, emakumearen eta haurraren erritmoak errespetatzen dituen erditzeak laguntzen ditu. “Dilatazioa etxean, baina profesionalez lagundurik egiteko aukera eskaintzen du erdibide honek. Emakumeari bere inguruneak eskaintzen dizkion baldintza lagungarriak baliatzen ditugu —lasaitasuna, erosotasuna, segurtasuna, isiltasuna...— lasai egon dadin, baina era berean modu kontrolatuan egingo du dilatazio-fasea, bikotekidearen eta emaginaren zaintzarekin, gorputzari bere erritmoa eramaten utzitz, emakumearen prozesu fisiologikoa errespetatuz”. Dilatazioa etxean modu kontrolatuan egitearen helburua bikoteak ospitalean ordu luzeak igarotzea saihestea da.
Etxean erditzen laguntzen duenean bezala, erdibideko zaintza honetan ere emakumeak, haurrak eta bikotekideak unean unean dituzten beharrak asetzen lagunduko du emaginak, protagonisten gorputzen erritmoei erreparatuz eta denbora lasai emanaz, azkartzeko edo minak baretzeko medikalizaziorik erabili gabe.
Erditze hauetan parte hartzeko, etxean erditzen diren emakumeen kasuan bezala, emaginek hainbat baldintza betetzen dituzten familiak soilik onartzen dituzte. Haurdunaldi normal bat izan behar da, kontroletan emaitza normalak izan dituena eta denboraz aurreratu edo atzeratu ez dena (37-42 asteen artean). Etxearen eta ospitalearen arteko distantzia ere kontuan izaten dute —erreferentziazko erietxea gehienez 30 minutura egon behar da—. Etxean erditzeak ospitalean erditzeak baino segurtasun handiagoa ematen dieten emakumeak dira. “Erditze bat ondo joan dadin, funtsezkoa da emakumea seguru egotea, lasai eta intimitatean; era horretan prozesu fisiologikoak kur-tso naturala jarraituko du eta baita leherketa hormonalak ere. Lasaitasun hori bermatuz gero, emakumea konfiantza handiagoz iristen da erditzeko momentura”.
Lasaitasun hori ziurtatzeko, etxeko testuinguruak eskaintzen dituen baliabideak probesteaz gain, emaginaren eta familiaren arteko harremana ikaragarri zaintzen du Fernandezek. “Emaginok familia ezagutzen dugu, eta familiak ere gu ezagutzen gaitu, eta oso gauza garrantzitsua dena, haurdunalditik hasita eta erditzean bertan ere, bikotearekin egin dezakegu lana, biei laguntzen baitiegu gurasotasun-heziketa horretan”.
Familiak emaginarekin harremanetan jarri ostean, lehen hitzordua egiten dute profesionalarekin elkar ezagutzeko eta osagarri ote diren jakiteko. Haurdunaldian zehar hainbat aldiz elkartuko dira emagina eta bikotea erditzea prestatzeko, alderdi emozionala lantzeko, haurduna zein bikotekidea blokea ditzaketen beldurrak gainditzeko; baten eta besten espektatibak ezagutzeko... eta erditzeko unera arte bikotearen egoeraren jarraipena egiten du emaginak.
Lanketa guztian zehar bikotekidea ere oso present du Elisak. “Bikotekidea erditzearen parte sentitu behar da. Baina horretarako aurrez lanketa bat egin behar da. Erdituko den ama izango da protagonista, baina bikotekideak ere behar batzuk ditu, indarra izan behar du une horretan bere bikotekideari eta haurrari laguntzeko. Eta behar horiek landu eta erantzun egin behar dira”. Aldiz, ospitaletan, kasu askotan, bikotekideek ez dutela maila ematen ikusten du, “ez baitaude une hori bizitzeko prest: ez dakite ez zer egin, ezta euren beldurrei nola aurre egin ere. Urduri jartzen dira eta emakumeari kutsatzen diote urduritasun hori”. Aldiz, dilatazioa etxean egiten denean bikotekideak protagonismo handia hartzen du, okupaturik dago eta emakumea laguntzen du uneoro.
Dilatazio-prozesua etxean egin ostean, ospitalerako iritsiera prestatzen da, han egingo baitu umea andreak. Dilatazioaren zein momentutan aterako diren etxetik adosten du bikoteak emaginarekin, beti ere baldintza batzuen arabera, eta profesionalak uneoro egoera baloratuz. Adosturik eta sinaturik gelditzen da, emaginak dilatazioan zehar arazoren bat ikusiz gero (bihotz-taupaden moteltzea edo hemorragiaren bat gertatuz gero, kasu), erietxera joateko premia ikusiko balu, baldintzarik gabe joan behar duela bikoteak.
Ostera, erditze arruntean, dilatazioa ondo joan denean, emakume batzuek erditzea aktibo dela iritsi nahi izaten dute ospitalera, beste batzuek, aldiz, anestesia epidurala jartzeko garairako. “Behin bikotea erietxera iristen denean, gu erretiratu egiten gara”.
Erditu ostean itzultzen da emagina bikotearen etxera, normalki 24 ordutan, beti ere erietxetik alta hartu badu. Eta ondoren aste horretan bertan berriro egingo dio bisita, normalki esnea igotzen zaionean. Emaginak garrantzi handia ematen dio erditze-osteko momentuari. “Oso une delikatuak dira, eta oso ondo zaindu behar dira, baina tamalez profesional asko ez gara ohartzen eta gehiegi esku hartzen dugu amaren eta haurtxoaren lehen harreman horretan”. Fernandezek berebiziko garrantzia ematen dio jaiotze osteko lehen orduak erabat errespetatzeari, intimitatea eta lasaitasuna berma-tzeari, ama eta haurra ez banatzeari, eta lehenbailehen edoskitzeko aukera emateari. Emaginaren aburuz, ama berria lehen hiru bat orduetan erditze-gelatik bertatik ez mugitzea litzateke egokiena, “eta ondoren gelara igotakoan ere intimaitatea, isiltasuna eta lasaitasuna berma
tzea”.
Beste herrialde batzuetan oso zabaldurik dago etxean erditzea zein dilatazio-prozesua etxean emaginaren laguntzarekin egitea ondoren ospitalean erditzeko. Katalunian bertan modu antolatuan eta autonomoan lan egiten duen emagin-sare zabala dago. Euskal Herrian emaginak apurka-apurka elkartzen ari dira, batetik gero eta eskari gehiago daudelako, eta bestetik, euren burua ahalik eta ondoen prestatzeko eta informazioa zabaltzeko.
Erietxeetan ere, gaur egun, emaginak ari dira dagokien lekua berreskuratzen, Fernandezen arabera, emakumea erditzean eskuratzen ari den protagonismoari esker: “Emakumeak gaur egun zer nolako erditzea izan nahi duen erabaki-tzeko eskubidea dauka ospitalean (beti ere baldintza batzuen barruan), eta lege aldaketa horrek, erditzeaz jabetzen lagundu dio emakumeari, eta emaginei ere babes handiagoz lan egiteko aukera eman die eurak formatu diren horretan jarduteko, emakumearen prozesu fisiologiko eta natural horretan laguntzeko”.