Bigarren etxea. Familia eta eskola
Familiaren eta eskolaren arteko harremanak beharrezko izateaz gain, onuragarriak dira haurraren garapen fisiko, emozional eta sozialerako, baina baita garapen kognitiborako ere. Ez soilik Haur Hezkuntzan, baita LHn eta DBHn ere. Zubiak eraiki egin behar dira.
Urtebetetik 2 urtera bitarteko 21 haur daude gela batean. 11 kilo pisatzen dituzte batez beste, eta 76 cm neurtzen. Oinez ibiltzen hasteko adinean daude... Baina gela horretan Eneka, Nikole, Lander, Beñat, Izar, Maddi... daude. Enekak ahizpa bat izan berri du eta azken egunetan urduri dabil, loa ere ukitua du. Nikolek ostera ere eskuak eskatzen ditu oinez ibiltzeko, herenegun Beñatekin estropezu egin, eta itzelezko sustoa hartu baitzuen lurrera erortzean. Nola begiratzen zaien, ezberdinak dira haurrak. Etxean seme-alabak dira, eskolan, ikasleak.
Baina haurrak ez du erabakitzen noiz izan seme-alaba, noiz ikasle. Aski lan dute Enekak, Nikolek, Landerrek, Izarrek eta Maddik eta Beñatek euren burua eraikitzen. Euren beharrak adierazten, guraso eta senitartekoen desira, espektatiba eta ahalmenen artean euren lekua egiten; euren gorputza, gaitasunak eta mugak deskubritzen; inguruko heldu eta haurrak ezagutzen... Familian euren lekutxoa egiten hasi direnean, bat-batean, ezagun egiten hasia zaien testuinguru horretatik beste batera eramango dituzte, normalki gurasoek hala erabaki edo behar dutelako. Hasieran ordubeterako, bi ordurako, berehala lau ordurako, bosterako...
Familiatik ikastetxera joatean, sistema batetik bestera pasatzen dira haurrak, eta esan bezala, seme-alabak ikasle bihurtzen dira. Eskola eta familia helburu berbera daukaten bi sistema dira: “Guraso eta irakasleok denok nahi dugu pertsona zoriontsu, arduratsu, orekatu, konpetenteak eraikitzen lagundu, modu integralean: plano afektiboan, kognitiboan, fisikoan eta sozialean”. Joxe Amiamaren hitzak dira; Amiama EHUko Pedagogia fakultateko irakaslea da eta familia eta eskolaren arteko harremanean aditua. “Ezin du sistema batek bestea bakarrik utzi”, argi dio. Haurraren hobe beharrez lehendabizi, baina baita familiaren eta eskolaren onurarako eta komunitatearen osasunerako ere, garrantzitsua da familia eta eskolaren arteko harremana zaintzea. Ados dago Elena Lopez de Arana Huheziko irakaslea: “Haurraren garapen osasuntsu bat ziurtatzeko beharturik gaude elkar ulertzera eta elkar laguntzera, bestela ez dago modurik. Eskolak babestu eta apoioa eman behar dio familiari eta familiak eskolari”. Haur Hezkuntzari zuzendurik hik ha-
si-k antolaturiko ‘Eskola eta Familia’ jardunaldietan Lopez de Aranak Alexander Barandiaran irakaslearekin batera eman zuen berbaldiko hitzak dira.
Aldaketa historikoa
Familia eta eskola dira izan, gaur egun, haurrak eta gazteak hezteko agente nagusienak, eta ia bakarrak Amiamaren aburuz. “Historikoki, herriak berak haurrak eta gazteak hezteko funtzioa zeukan; edozein portaeren aurrean, bai babesteko eta baita diziplina ezartzeko ere, edozein herritar helduk aukera zuen herriko haur edo gazte bat hezteko; Hori, gaur egun, herri gehienetan ez da gertatzen. Gaur egun gure umeak aurrera ateratzeko familia eta eskola bakarrik daude. Horregatik oso garrantzitsua da elkarren arteko harremana”. Beste agente batzuek, Internetak, komunikabideek… hezteko bokaziorik izan gabe ere zuzenki eragiten dute gaur egungo haurren heziketan, baina kanpoko agente horietan esku-hartzea zailagoa da.
Alabaina, bai sistema bata zein bestea bakarrik sentitzen dira. Eskolaren bakardadeaz hitz egin du Amiamak: “Eskola bakarrik gelditu da hainbat ikasketa erakusteko. Karga handia jarri dugu eskolarengan, familiaz gain instituzio bakarra baita hezten duena. Eta beraiei egokitzen zaie dena egitea. Ez soilik ikasgaiak, historia, fisika, matematika irakastea... Baita ondo jaten, bide-hezkuntza, sexu-heziketa, gatazken bideratzea, adimen emozionala... eskola gauza asko hartzen ari da eta bere kabuz ezin du denera iritsi”. Eskolaren funtzioa, beraz, aldatu egin da. Historikoki instruktorea izan da, edukien irakaslea, eta gaur egun hezitzailea ere bada.
Familiaren egitura ere aldatu egin da, murriztu egin da batetik, funtzioak aldatu dira bestetik, eta inoiz baino agudoago uzten ditu seme-alabak eskola instituzioaren esku. Huheziko Alexander Barandiaranen iritziz, familiak ere bakardadean ari dira euren seme-alabak hezten. Bakarrik eta desorientaturik ikusi izan dituzte haurren heziketa-lanean familiak. Guraso izatearen konplexutasuna nabarmentzen du Barandiaranek: “Haurrak hezteari buruzko transmisioa eten egin da. Gurasoek informazio zabala dute, baina maiz kontrajarri egiten da. Zer egin? Nola jokatu? Titia emango diot ala ez diot emango? Noiz arte emango diot? Besotan hartuko dut ala hartzen badut biziatu egingo dut? Nori egingo diot kasu? Zein liburu hartuko dut erreferentzia-tzat?”. Familia nuklearrak murriztu egin dira eta gurasoei lana zamatu, Barandiaranek gurasoekiko gero eta exijenteago ikusten baitu jendartea: “Gaurko gizarteak asko eskatzen du, ez da nahikoa pertsona hutsa izatea, izugarrizko izan behar dugu; horri laneko presioa erantsi behar diogu... eta horrek eragin zuzena dauka gurasotasunean”. Ondorioz, bikotetik familiarako urratsa zailtasunez ematen dutenen kasuak ugaldu direla ikusten dute irakasleek. “Bikote bat izatetik familia bat izatera pasatzea, batzutan, ez da hain erraza. Gatazka iturri izan liteke. Ni-aren gizartean bizi gara, badirudi etapa egozentrikotik ez garela orain-dik urrundu, eta Ni horretatik Gu-ra pasatzeko zer egin behar da? Umeari begiratu, ez norbere zilborrari”.
Adituak, beraz, ados daude familiak eta eskolak aliatuak izan behar dutela haurren heziketan. Batetik, hezkuntzaren ikuspegi ekologiko-sistemikoak erakusten duen eran, testuinguru batzuek besteetan zuzenki eragiten dutelako; eta bestetik, zaila delako gurasoen babesik gabe eskolak haur horiek heztea; familiek eskolarentzat oso baliagarria den ezagutza dutelako haur horiei buruz; helburuak partekatze-ak haurrari oreka emango diolako; elkar osagarriak izan daitezkeelako; errendimendu akademikoa hobe-tzen delako… Orain, maila teorikoko aliantza praktikako egitate bihurtzea ez da hain erraza gertatzen. Sarri harreman konplexuak dira, inplikazio emozionalez beteak eta bata bestearekiko espektatibaz eta exijentziaz zamatuak.
Amiamaren aburuz, hasteko eta behin, sistema batak bestearekiko dituen aurreiritziak alboratzetik hasi beharko luke. EHUko irakasleak sistema batek besteari buruz duen pertzepzioa aztertu du bere doktorego tesian. Irakasleei familiek eurei buruz duten iritziaz galdetuta 6ko nota espero dute; aldiz, nota erreala —familiek euren seme-alaben irakasleei buruz duten iritzia— 8-9koa izan ohi da. “Horrek erakusten du aurreiritziak eta benetako iritziak ez datozela bat. Sozialki eskolaren eta irakasleen kontrako planteamendu bat dago, euren formazioa eta lan-baldintzak susmopean daude eta irakasleen kontrako jarrera bat orokortu da”. Baina ez da susmopean dagoen erakunde bakarra. “Familiei familiei buruz orokorrean galdetzen diegunean ere puntuazio eskasak agertzen dira; baina beraiei buruz, familia bakoitzari eurek seme-alabei nola laguntzen dieten eta arduratsu eta gai ikusten ote diren galdeturik, nota altuak ematen dizkiete euren buruei”. Horrek, Amiamaren aburuz, erakusten du familiek eurek barneratua dutela familiak oro har, arduragabeak eta ezgauza direla heziketari dagokionez.
Ondoren, harremanaz zer ulertzen den argitu beharko lukete bi sistemek. Eskolaren eta familiaren arteko harreman-ereduak desberdinak izan baitaitezke. Planteamendu kolaboratibo bat proposatzen du Amiamak, ardurak partekatzen dituzten eredua; bakoitzak bere funtzio-roletik zer egin dezakeen, batak besteaz zer espero duen, zerk lagun dezakeen eta zerk oztopatu, mahai gainean jarri beharreko gaiak dira irakaslearen arabera.
Bi sistemak ere, plano teorikoan bederen, bat etorri ohi dira elkarren arteko harremanaren garrantzia nabarmentzean. Haurrak gero eta txikiagoak izan, orduan eta agerikoagoa da harreman horren beharra; ondoren, haurrak hazten doazen neurrian, eskolaren eta familiaren arteko harremanak hozten joan ohi dira. Baina horrek ez du esan nahi familiak eskolan duen eragina apaltzen denik, eta ezta eskolak familian duena apaltzen denik ere. Eskolak familiaren egunerokotasunaren parte izaten jarraituko du eta familiek eskolarena.
Haur Hezkuntza: segurtasunaren gainean Ni-a eraikitzen
Haur Hezkuntzan beste etapetan baino estuagoak eta agerikoagoak izan ohi dira gurasoen eta irakasleen arteko harremanak. Nagusiki haurraren mendekotasuna handiagoa delako, eta ondorioz, familiaren eta eskolaren arteko elkar osagarritasuna begi-bistakoagoa delako.
Lehen haurtzaroan ezartzen dira haurraren nortasunaren oinarriak, eta eraikuntza horretan zeresan handia izango dute ondoan dituen helduekin garatzen dituen harremanek. Lehenik familiakoekin —instituzioen esku egon ezean— eta ondoren hezitzaileekin —mintzagai dugun kasu hauetan—. Harreman horien arabera, garapen osasun-tsuagoa edo ez osasuntsuagoa izango du haurrak, Barandiaranen hitzetan. Harreman horiek umearengan eragina duten lehen harremanak dira eta bere bizitzan izango dituen harremanik esanguratsuenak izango dira. Familiaren egitekoa, Barandiaranen arabera, umeak dituen behar fisiko eta emozionalak asetzea da. Huhezikoarentzat funtsezkoa da atxikimendu segurua eraikitzea familiako testuinguruan. “Atxikimendu segurua garatu duen haurra zabaldu egiten da besteen erlazioetara, esplorazio-jokabidea zabaltzen du”. Baina arrazoi batengatik edo besteagatik, haur guztiek ez dute euren familiako testuinguruan atxikimendu segururik garatzen, eta horrek ez dio baimentzen garapenaren arlo guztietan —bai kognitiboki, harremanetan...—behar duen oinarria edukitzea. Umea seguru sentitzea ikasteko baldintza ezinbestekoa da, Barandiaranen arabera: “Haurrak ez du ikaskuntza-prozesurik aurrera eramango seguru sentitzen ez baldin bada”. Hortxe ikusten da, beraz, oinarri-oinarrian familiak eskolan duen eragina.
Haur-eskolan, berriz, hezitzaileek ematen dieten erantzunaren arabera garatuko ditu haurrak bere gaitasunak, eta umeek harreman mota bat edo beste eraikiko dute euren erreferentziazko bigarren irudi horrekin, hau da, hezitzailearekin. “Atxikimendu segurua lortzea ezinbesteko gauza da eskolaren kasuan ere. Ume batzuek hori etxetik ekartzen dute, baina beste ume batzuek ez. Hortaz, funtzio konpentsatzaile bat burutu behar dute hezitzaileek”. Haurrak haur-eskolan erantzun egokiak jasotzen dituen ala ez behatzeko, oinarrizko bi irizpide erabiltzen ditu Barandiara-
nek: lehena, haurra besteekin harremanetan dagoen ala ez behatzea, binkulazio-harreman positiboak eraikitzen dituen ala ez; eta bigarrenik esploratzen duen ala ez ikustea. “Bi irizpide horiek betetzen ez baditu, agian zerbait gertatzen da; ez larria, baina garapenean blokeo bat egon liteke, eta agian, familiarekin zerikusia izango du”. Beraz, Barandiaranen arabera, familiarekin esku-hartzea komeni da eskolan detektatzen den blokeo egoera hori gainditzeko.
Haurraren beharrei erantzuteko, eta etxetik eskolarako urratsa trantsizioanala izan dadin, haur-eskolek ez dute eskola formalaren antzik izaten. Izan ere, Haur Hezkuntza ez da derrigorrezko hezkuntza. Haur-eskolak etxe bat dirudi sarri, ohe, bertan jateko toki, aldaleku, horma-irudi goxoekin, lurrean jolasteko lekuekin... Haur-eskola askotan, gainera, familiek gelara sartzeko aukera izaten dute. 0-6ko hezitzaileak ere badu irakasletik baina baita zaintzailetik —hitzaren zentzu oso eta errespetagarrienean— ere asko. Haur Hezkuntzako andereñoek rol bikoitza dute, Amiamaren arabera: “Andereño bezala daude hezkuntza formalean unitate didaktikoak eta programazio batekin gauzak erakusteko, baina nagusiki haurraren beharrak asetzeko daude —horrek esan nahi duen guztiarekin!—, haurra ez baitago hain garaiz eskolara joateko diseinaturik”.
Gaur eguneko erronka nagusia:
Sendien aniztasuna aintzat hartzea
Familiaren eta eskolak Haur Hezkuntzan bizi ohi duten gertutasunaren seinale da Donostiako Ategorritxo haur-eskolako hezi-tzaileen printzipio honek azaltzen duena: “Haur bat haur-eskolara datorrenean bere familiarekin dator”. Haurra gara dadin bere familiak duen garrantziaz jabeturik, Ategorritxoko hezitzaileek berebiziko garrantzia ematen diote haur bakoitza onartua sentiarazteari bere familiaren ereduan. Horrek, Leire Garro hezitzailearentzat, lehenik eta behin, haur-eskolara datozen familien aniztasuna errespetatzea esan nahi du, eta hori da gaur egun duten erronka nagusietako bat. Aniztasuna familia-ereduei dagokionez; aniztasuna hezkuntza-eredu, egiteko molde eta ohiturei dagokienez; eta aniztasuna kultura, hizkuntza nahiz sinesmenei dagokienez ere. Vincenç Arnaiz gai hauetan aditua den Menorcako irakasleak dio familien aniztasuna eta duintasuna onartzea, eta hitzez eta ekintzez baloratzea haurrari hezteko testuinguru seguru bat eraikitzen laguntzea dela, ikasteko aukerak irekitzea: “Haurrak euren familiaren testuinguruan hazi dira, eta batzuentzat mundu magiko bat da familiako testuingurua; eta mundu hori eskolarekin gatazkan baldin badago sostengu gabe gelditzeko arriskua dute haurtxo horiek”.
Familia horiek errespetatzeko eta bi sistemen artean harreman-zubiak eraikitzeko, lehen gakoa ez epaitzea dela dio Garrok: ”Familiak epaitzea gaitz bat da; epaitzen baldin baditugu errespetatzen ez ditugunaren seinale da”. Familia bakoitzak transmititzen duen onena jasoz ikasi du berak konfiantza eraiki-tzen familiekin.”Haiek konfiantzan uzten dizkugute beraien umeak haur eskolan, eta guk ere konfiantza izan behar dugu eurengan”.
Konfiantza eraikitzeko abagunea eskaintzen du Haur Hezkuntzan egokitzapen-garaiak. ”Familiak, haurrak eta hezitzaileak egokitu behar gara, une horretan hasiko gara segurtasuna era konfiantza eraikitzen”, azaldu du Ategorritxoko Josune Belamendiak.
Egokitzapen-aldietatik harago eta behin LHn hasita, Amiamaren aburuz, modu kontzienteagoan landu eta eraiki behar dira familiaren eta eskolaren arteko harremanak.
LH: Harremanak garrantzitsuak dira errendimendu akademikorako ere
Lehen Hezkuntzara igarotzea esperientzia garrantzitsua izaten da haur askorentzat, baina baita familientzat ere. Nikolek, Landerrek, Beñatek, Izarrek, Enekak, Maddik... ezingo dute gelan lurrean eseri ez jolas egin, jolastorduan bakarrik egingo baita jolas aurrerantzean; hormetako goxotasuna araztasunagatik galduko da; gelan ez da jango, eta gero eta gehiago eduki kontzeptualak sartuz joango dira orduak betetzera... Aldaketa nagusiena hezkuntza ikuspegi integral batean lantzetik kontzpetual batean lantzera pasatzea da, eta edukiek, progresiboki gero eta garrantzia handiago hartuko dute eskolan. Etapa hauetan, berariazko ahaleginik egin ezean, familiaren eta eskolaren arteko harremana ere hozten hasten da, eta LHn aurrera joan ahala, are gehiago hoztuko da, DBHn, salbuespenak salbuespen, gurasoen eta eskolaren arteko harremana urtean behin-bitako bilera informatibora mugatu arte.
Baina LHn eta DBHn ere beharrezkoak dira familiaren eta eskolaren arteko harremanak. “Harremanak ez dira beharrezkoak haurraren garapen fisiko, emozional edo sozialerako bakarrik; baita garapen kognitiborako ere, edukiak ondo jaso eta ulertzeko ere. Eskolak argi eduki behar du familiak zeinen garrantzitsuak diren haurrek errendimendu akademiko ona izan dezaten”. Amiamak azaldu duenez, marko terorikoak argi erakusten du familia aldagai garrantzitsua dela haurren errendimendu akademikoan. “Familiak eragin handia dauka eskolan, nahiz eta eskolak eta familiak ez eduki elkarren artean harremanik. Orain ikusi behar duguna da eskola bezala probestu nahi ote dugun familiaren ekarpenaz ala ez”.
Familien hezkuntza eta kultura mailak eragiten du euren seme-alaben errendimenduan, baina bereziki —eta bigarren puntu honetan lagundu dezake eskolak— familiaren funtzionamenduak, espektatibek eta haurrei eskaintzen dieten laguntzak eragin zuzena dute ikasleen eguneroko martxan eta errendimendu akademikoan. Amiamak tesian dio bereziki familiaren funtzionamenduari loturiko bost aldagai direla ikaslearen errendimenduan eragiten dutenak: emaitza akademikoei buruz gurasoek dituzten espektatibak eta eskuduntzek; etxean ikasteko dagoen giroak; seme-alaben eta gurasoen artean dauden harremanek; diziplina-metodoek eta gurasoek eskolan duten inplikazioak.
Zubiak eraikitzeko egitekoa eskolarena da
Adituak bat datoz: Eskolak egin behar du familiarengana gerturatzeko lehen urratsa. “Familia joaten da eskolara, irakaslea bere sisteman dago. Ez da aski ‘nahi dutenean etor daitezela’ esatea”, Amaiamaren arabera. Ikastetxea familiei —eta komunitate osoari— irekitzeko egitekoa beraz, irakasleena da, baita komunikazio-kanalak irekitzeko egitekoa ere, eta espazioak eta denborak bideratzea parte hartze pedagogiak proposatzea, eta familien eta eskolen arteko harremanak zaintzea, baina baita familien euren artekoak zaintzea ere.
Ildo berean, hezkuntza-sitemak bere gain hartu behar luke familiekin esku-hartzea, Barandiaranen arabera: “Egungo eskolak izan behar du komunitateko familien gurasotasun osasuntsua bultzatzen duen testuingurua”. Gurasotasuna haurraren garapenean zeinen garrantzitsua den ikusirik, gurasotasun osasun-tsua bultzatzeko premiaz hitz egiten du Barandiaranek, Arnaizen hitzak bere egiten: “Familiak osasun arloan bakarrik ez badaude, zergatik utziko ditugu bakarrik hezkuntzarekin erlazionaturiko gaietan?”.
Barandiaranen aburuz, eskola batek gurasoen topaguneak bultzatuko balitu, lehenik eta behin haien konpententzia sentimendua eta autoestimua areagotzea ekarriko luke. “Zalantza beti dago hor: guraso ona naiz? Ondo ari gara? Nola dakigu ondo egiten dugula? Hori familien artean eta profesional batekin, giro lasaiean konpartitzea esperientzia oso aberasgarria izan daiteke familientzat”. Sostengu sareak eraiki-tzeaz gain, komunitateko partaide izatearen sentimendua eraikitzen lagunduko luke espazio horiek sor-tzeak.
Harreman hori esperientzia positiboetan oinarritzeari garrantzia handia ematen dio Amiamak: “Harremana arazoetan oinarrituta bakarrik egitea oso zaila da, ez soilik familia-eskolaren artean, baizik eta bizitzako esparru guztietan”. Haatik, kasu askotan, eskolak familiari dei egiten dio haurrak eskolan arazoak dituenean, zerbait apurtu duenean, etorri ez denean, etxeko lanak egin ez dituenean, suspentso asko dituenean, molestatzen ari bada... Gauza positiboak kontatzeko momentuak bilatu behar direla dio Amiamak: “Eskolak arazoa bideratu ezin duenean, askotan familiei eskatzen zaie laguntza, baina harremana defizitetik abiatzea zaila da ez baldin badaukagu harremana konpentsatua gauza goxoekin. Gauza politak kontatuz eraiki behar dugu harremana, eta horren gainean, landu ahal izango ditugu gatazkak, ezgaitasunak, arazoak... “.
Familiek eskolan parte hartzeko organu formalak dituzte, guraso kontseiluen gisakoak, adibidez. Euskal Herrian, ikastolek, ikastetxe publikoek, kristau eskolek nahiz pribatuek gurasoen elkarte diferenteak dituzte eta batzuetan eta besteetan familiek duten egitekoa diferentea da. Guraso elkarteek legez eskolako egituran, antolaketan eta erabakietan parte hartzeko eskumena eta egitekoa daukate.
Irakaslearen eta gurasoen arteko harreman zuzena eraikitzeko tresna formal erabiliena, bestalde, bilerak dira (haur eskoletako egokitzapen-garaia salbuetsita). Bilera horiek, beraz, oso momentu garrantzitsuak izan behar dira zubiak eraikitzeko, eta geroko harreman batzuk eraikitzeko. Haatik, Amiamaren arabera, hainbat eskolatan informazioa norabide bakarrean emateko soilik erabiltzen dira bilera horiek, haurrak zer egin behar duen kontatzeko. “Informazio asko idatziz eman liteke, ondoren familiek etxean irakur dezaten; bilera horiei zentzu berri bat eman behar zaie etekina atera eta zubiak eraikitzeko”. Informatze-ko baino gehiago, komunikatzeko izan behar dute batzarrek, Amiamaren arabera, “helburuak zehazteko eta funtzioez eta norabideez hitz egiteko, baina baita guraso horientzat zer den interesgarria ikusteko ere”. Adibide bat jarri du irakasleak: “Eskola-bilera batean janari buruzko eztabaida bat atera zen gurasoen artean, eta irakasleak, azkarra izaki eta gurasoen kezka ikusirik, saio bat antolatu zuen gai horri buruz hausnartzeko eta hitz egiteko. Era horretan gurasoak entzunak sentitu ziren eta parte hartzeko konpromisoa hartu zuten”.
Bilera horiek, alabaina, ez dira une gozoak izaten irakasle askorentzat, haurrekin lan egiteko prestaturik baitaude, eta ez helduekin. Amiamak garrantzi handia ematen dio irakasleak bilera hauek antolatzeko formatzeari eta baliabideak edukitzeari, zer landu, zer estrategia komunikatibo erabili, nola lortu eta egin proposamen kolaboratiboak familiak inplika daitezen.
Baina, hala eta guztiz ere, urte hasierako bilera, amaierakoa, eta urtean zehar besteren bat egiten bada ere, familiak ez ditu irakaslearekin bospasei ordu baino gehiago pasatzen ikasturte osoan. Euren seme-alabek egun bakar batean pasa ditzaketen orduak bezainbeste. Adituen arabera, bestelako espazio-denborak baliatu behar dira harremanak garatzeko. “Elkarrekin denbora eta espazioak parteka-tzako uneak bilatu behar dira”, dio Arnaizek, eta haur-eskola batzuetan familientzako dauden espazioak nabarmentzen ditu. Badira familien parte hartzea proiektu kurrikularrean sartzen duten esperientziak ere, lanbideei buruz hitz egiteko senitartekoak eskolara joaten direnak, edo umeak ikasle baten baratzera joaten diren ikas-komunitateak... Badira ordea, bide informalagoak ere: eskolako jaien antolaketa, boluntario-lanak eta eskola-orduetatik kanpoko ekintzak izan daitezke horietako batzuk, non gurasoek monitore gisa hartzen duten parte seme-alaben eta ikaskideen jardueretan, kiroletan, mendi-irteeretan... Unerik ez formalenak ere emankorrak izan litezke, gurasoak edo aitona-amonak haurren bila joaten direnean, adibidez.
Ikastetxeak familien laguntza-euskarri dira, baina baita familiak ere ikastetxeena. Lehen kasu horretan, eskola batek gurasoen topagune edo foroak sortzeak lagunduko luke. Elena Lopez de Aranaren iritziz, eskolak gurasotasunaz hitz egiteko espazoiak eratzen baditu, prebentzioan eragiten ariko da: “familiek segurtasuna jasoko dute, eta segurtasun horrek konpetente izatearen sentimenduan lagunduko die, kulpabilitate eta ezintasun sentimenduari aurre egiten lagundu baitezake eskolak, eta hori laguntza handia da”.