Aita talde baten hausnarketak
Bakardadea, erruduntasuna, jelosia, ezintasuna... espero ez zituzten emozioei izena jarri diete aitatasuna euren bizitzetako ardatz duten hiru aitek. Euren seme-alabak jaiotzean aitatasun ideala bertan behera erori zen, eta egunero-egunero, elkarrengan sostengatuz bestelako aitatasun-eredu bat eraikitzen ari dira.
Aita izatean asmo, nahi eta espektatiba asko bertan behera gelditu zitzaizkidan, hazierari buruzko iguripen orokor asko, baina bereziki aitatasunari buruzko nahi eta asmoak ezin nituela bete ikusi nuen”, Javiren hitzak dira. “Haziera partekatu bat, parekide bat gauzatu nahi nuen, baina ikusten nuen beti bigarren mailan gelditzen nintzela, ezin nuela sekula bikotekideak zuen lekua bete”. Danelek eta Montxok ere Javiren antzeko esperientzia bizi izan zuten. “Gurasotasuna idealizatua neukan”, dio Montxok. “Neuri ere asmo eta nahi ugari bertan behera erori zitzaizkidan —kontatu du Danelek—. Magisteritza ikasi ondoren pedagogia berritzaileak estudiatu nituen eta haur-eskola alternatiboetan lan egin nuen, eta hazierari buruz nituen ideiak oso ondo zetozen haur-eskolako haurrekin, baina neure semearekin ez zuen eredu horrek balio; bat-batean neure miseriekin, alde ilunenekin egin nuen topo; iguripenak eta errealitatea ez zetozen bat”.
Aitatasuna Montxo Gota Vegaren, Javi Caro Aparaicioren eta Danel Iñurritegi Telleriaren bizitzen ardatz nagusia da. “Neure semearekin daukadan harremana da gehien ukitzen eta hunkitzen nauena bizitza honetan, eta gainera, ispilu bat da bera”, azaldu du Danelek. Bikotearentzat eta alabarentzat “justuena” delako erabaki zuen Javik aitatasuna bere bizitzaren erdigunean jartzea: “Agian ez da ohikoena, baina nik ez dut bide egokiagorik ikusten”. “Eta emankorrena da”, erantsi du Montxok, “nahiz eta ahalegin handia eskatzen digun, nik uste dut era honetan bizi dugula aitatasuna horrek sentiarazten gaituelako ondo; gero eta denbora gehiago egon semearekin hobeto nago harekin, harremana estuagoa eta osasuntsuagoa da, eta horrek merezi du”.
Lasai, natural, solte hitz egiten dute aitatasunaren inguruko emozioez, bai argienez baina baita ilunenei buruz ere. Bakardadea, jelosia, ezintasuna... hitzetik hortzera ateratzen dira mahaiaren bueltan. “Ez da asko hitz egiten aitok bizi ditugun emozioei buruz, baina geuk ere emozio sakonak bizi izaten ditugu. Neure burua jeloskor sumatu nuen lehen egunean, adibidez, ikaragarri harritu nintzen. Eta, gainera, errudun sentitzen nintzen jeloskor sentitze hutsagatik”. Bat egiten dute Montxok eta Javik Danelen sentimenduekin. “Zure neskalagunak asteak daramatzanean irribarrerik egiten ez dizula, ehuneko ehunean haurrari emana dagoelako, eta, gainera, zu sostengu izan behar zarela espero denean, naturala iruditzen zait nekatzea, nazkatzea eta baita jeloskor sentitzea ere. Kontua da emozio horiek guztiak kudeatzen jakin behar duzula, atea kolpe batez itxi eta alde egingo ez baduzu”.
Orduak, ordu asko eta asko egin dituzte euren seme-alaben hazieraren inguruko bizipenak eta euren sentimenduak elkarrekin partekatzen. “Partekatzeko beharrak elkartu gintuen”, kontatu du Montxok. Kumaldi haziera elkarteko kide dira Montxo eta Javi, eta, Danelekin eta beste sei bat gizonekin batera, aita talde batean dihardute, Iruñean. “Gertatzen zaizun hori ez zaizula zuri soilik gertatzen ikusten; zer den eta zergatik gertatzen zaizun ulertzen laguntzen du partekatzeak”, azaldu du Javik. Aiten arteko sare bat eraiki dute, elkarren sostengu. “Hazierari buruz hizketan hastean amatasunak leku handia hartzen du normalean, baina aitok ere behar dugu geure bizipenak partekatzeko denbora eta espazioa; indarturik ateratzen gara”, kontatu du Montxok.
Erruduntasuna, beldurra... Emozioei izena jartzea, berauek kudeatzen
hasteko lehen urratsa izan da. “Errudun sentitzen zara zeure alaba lasaitu ezin duzula ikustean; hor, berarekin egonagatik ere hark ama eskatzen duela ikustean”, azaldu du Javik; “edo errudun, zure haurra jaiotzean bat-batean maitemindu egin behar zarela pentsatzen duzulako, eta hala gertatzen ez denean... aitatasunak dena mugiarazten dizu zure barrenean”, kontatu du Danelek. Emozioak lantzeko, Xabier Odriozola antropologoarekin ari dira lanean. “Ez gaude ohituta emozioetan arreta jartzen. Orain, barrura begira jarri gara: haurrak jaiotzean sentitu ditugun emozioen sustraietara jo nahi izan dugu, eta ondorioz, derrigorrezkoa izan da maskulinotasunaz hausnartzea”, Javiren arabera. “Guztiok antzeko zenbait jokaera ditugula ikusi izan dugu, arazoen aurrean beste aldera begiratzeko joera adibidez, eta gizon bezala jaso dugun heziketa dagoenez jokaera horien atzean, gizontasunaz hausnartu beharra sentitu dugu”, kontatu du Montxok. Izan ere, aitatasunak ekarri dizkien zenbait egoerak tupust egin izan dute ordura arteko gizontasun-ereduarekin: “Aita izatean hirugarren plano batera pasatzen zara, bai behintzat hasierako hilabeteetan —azaldu du Montxok—, guztiaz arduratu behar duzu, baina lehen planoan egon gabe, lehen planoan haurra eta ondoan ama baitaude. Ni, gizon bezala, ez nintzen sekula bigarren maila batean sentitu, tradizionalki maila berdinean edo goikoan egoteko heziak izan bailara gizonak, eta aita izatean, bat-batean, zure rola ez da protagonistarena. Hori kudeatzen ikasi egin behar da”.
Danelek bazekien jakin bere egitekoa euskarri izatearena izango zela. “Teorian banekien sostengu-lanak egin behar nituela, baina Inuk jaio zenean teoriak eta praktikak tupust egin zuten, nik ondokoari eutsi behar nion, baina nola eutsi neu ere ez banengoen uneoro sendo eta emozionalki ondo? Nola sostengatuko dut inor, neu ez banago ondo?”. “Horretarako gaude gu”, erantsi du, barrez, Montxok, “sostengu-sare bat
osatu dugu”.
Batak besteari eutsiz, bizipenak partekatuz, irakurketak komentatuz, emozioak landuz, bikotekidearekin hitz eginez, norberarentzat denbora eta espazioa bilatuz... ari dira euren aitatasuna eraikitzen. “Ez da erraza— azaldu du Montxok—, inguruan gauzak, ereduak... bestela dira. Nahiz eta teorian bederen gizon askok inplikatu nahi izan euren semealabekin, haurra jaiotzean egoera gogorrak bizi izaten dira, eta inork ez dugu ikasi egoera horiek kudeatzen, eta azkenean errazagoa da korronteak eraman zaitzan uztea”. Korrontea, hau da, gizontasun hegemonikoa, “erosoagoa” dela diote, eta errazagoa ere bai, “azken batean geuk ere iturri horretatik edan dugu, geu ere bestelako familia-eredu batetik gatoz”, azaldu du Javik. Eurek euren aitekin izandako harreman eta lotura hobetzeko nahian ari dira, “gure aitek ahal zuten ondeen egin zuten, baina haiek ez zuten guk planteatzen ditugun harreman sakon hauek planteatzeko aukerarik ere izan, geure jaiotzetan present egoteko aukerarik ere ez zuten izan —dio Javik—; guk bai, ordea badugu, aukera daukagu horren kontzientzia daukagulako, eta hobetu nahi dugu”.