Eskolako jantokia, heziketarako gune?

2014-05-21

Euskal ikasleen erdiek bazkaltzen dute egunero eskolako jantokian. Baliabide urriko familietako
haurrei eguneko otordu nagusia eskolan doan emateko sortu baziren eren, gaur egun, nagusiki, beste funtzio bat betetzen dute: guraso  biak lanean dituzten seme-alabei zerbitzua eskaintzea. Denboran aurrera egin ahala gainera izaera hezitzailea aitortu zaio jantokiari: haurrak elikatzeaz gain, higiene, autonomia, ardura eta elkarbizitza balioetan hezteko ere funtsezkoa dela diote adituek. Baina errealitatean, jantokiak heziketa behar bati erantzuten dio edota gizarte-antolaketa modu baten ondorioz sortu da eta beraz, sistemaren beharrei erantzuten die?

 
 
Eskolako jantokia, heziketarako gune?

Gizarte beharrei erantzuteko sortua

Hainbat arrazoi tarteko, bazkaltzera etxera joan ezin diren haurrek jaten duten lekua da eskolako jantokia. Goizeko eskola orduak amaituta, eguerdian ikasleek izaten duten etenaren parte da. Gehienean, gela barruko jardunarekin zerikusirik ez duen tartea izan ohi da. Salbuespenak salbuespen, espazio handietan ikasle multzo handiek jaten dute, zarata izugarriaren pean eta zalapartaka sarri. Askotan, gainera, ikasleei platerean jakiak zerbitzatzen zaizkie eta haien egiteko bakarra jatea izaten da: ez dute parterik hartzen, ez zaie inolako ardurarik ematen, eta ezelako protagonismorik gabe, zerbitzuaren kontsumitzaile huts bilakatzen dira. Zenbait eskolatako ordezkariek diotenez, bazkariko eten orduetan gatazka ­ugari sortu ohi dira, eta hainbat arrazoi aipatzen dituzte: haurrak pilatuta daudela, giro lasairik ez dagoela, ­erreferentziazko pertsona edo autoritatea falta dela, gela barneko organizaziorik ez dagoela...

Egoera horren aurrean Euskal Herriko hainbat ikastetxetan neurriak hartu dituzte eta zenbait aldaketa egiten ari dira jantokia bera eta bazkaldu osteko denbora-tartea hezigarriago egiteko. Izan ere, adituak eta hezitzaileak bat datoz jatordua heziketarako oso une garrantzitsua dela baieztatzean. Eguneroko eginkizun bat, bazkaria, erabil daiteke hezkuntzarako bitarteko gisa. Modu autonomoan, pertsonaren zaintzara bideratutako hezkuntza-jarduerak martxan jartzeko aukera ematen du, baita bizikidetzari, gaitasun sozialei nahiz norbere buruaren ezagutzari dagozkionak ere.

Adituek azaldu bezala, elikatzeko uneak ez dio gosea asetzeko beharrari soilik erantzuten, baizik eta komunikazio ekintza bat da, jarduera sozial bat. M. García eta D. Waisbrot autoreek Pichon Riviere, una vuelta en espiral dialéctica liburuan dioten moduan, gizakiak munduarekin ezartzen duen lehen lotura elikadura-ereduan oinarritzen da, eta erlazionatzeko lehen modu horren gainean eraikitzen ditu haurrak gainontzeko lotura guztiak.

XVIII. mende amaieran eta XIX.aren hasieran sortu ziren Europan haurrentzako lehen jantokiak. Xedea argia zen: elikadura gabeziei eta desnutrizioari aurre egitea. Orduz geroztik, historian zehar funtzio bikoitza bete du eskolako jantokiak: batetik, baliabide urriko familietako haurrei otordu nagusia eskolan doan ematea; eta bestetik, eskolatik urrun bizi ziren familietako haurrei ere zerbitzu hori eskaintzea. XX. mendearen bigarren erdian, ordea, hirugarren funtzio bat ­ere hartu zuen jantokiak: guraso biak lanean zituzten seme-alabei ere zerbitzua eskaintzea. Eta ondorioz, asko hazi zen jantokien erabilera. Horren adierazle dira gaur egungo datuak: euskal ikasleen erdiek eskolako jantokian bazkaltzen dute egunero.

Azken hamarraldietan, eskolako jantokiak indarra hartzen joan diren heinean eta haurren heziketarako duten balioa aitortu zaielarik, jantokiaren inguruan marko legal zehatz bat sortuz joan da. Hegoaldean Hezkuntza Sistemaren Ordenazio Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoko 65. artikuluan jasotzen da eskolako jantokiaren inguruko oinarrizko markoa. Bertan jantokia hezkuntza administrazioak ematen duen zerbitzu gisa ulertzen da, eta bere egitekoa hezkuntzaren kalitatea hobetzea dela esaten da.

Marko horren garapenak ekarri dituen araudiekin, ordea, ez daude euskal hezkuntza-komunitateko eragile guztiak ados. Hori erakusten du 2011ko urte amaieran 50 erakundek baino gehiagok sinatu zuten eskola jantokietarako dekretu berri baten aldeko manifestuak. Horien artean ziren EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea), EKA (Euskal Kontsumitzaileen Antolaketa), zenbait ­Udal, beste hainbat ikastetxe, etab. Manifestuak eskola-jantokien kudeaketa propioa defendatzen du eta indarrean dagoen araudia salatzen du, eredu bakarra ezartzen duela argudiatuta —“baztertzailea eta enpresaren onuran oinarritutakoa”—, Eusko Jaurlaritzaren eskola jangelei buruzko dekretuak, 2000. urtekoak, galarazi egiten baitu eskolako nahiz herrietako hainbat sukaldek haurrei jaten ­ematea. Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak azaldutako eran, 2000. urte aurretik, gaur egungo araudia martxan jarri zen arte, baziren hainbat ­ikastetxe autogestionatu, baina geroztik eskolek laguntzak galdu dituzte euren jantokiak kudeatzeko. Eta gaur egun kasurik gehienetan jantokiak zerbitzu enpresa handiek gestionatzen dituzte. Manifestuaren sinatzaileen esanetan, eskolek eurek jantokia kudeatzeko aukera izatea ezinbestekoa da. Ez soilik kontsumo eta produkzio irizpide arduratsuen arabera jokatzeko, baita horrek guztiak haurren heziketarako sekulako garrantzia duelako ere.

Edonola ere, sorospen-izaerarekin sortu zen jantokia eboluzionatuz joan da, gaur egungo izaera hezitzailera iritsi arte: elikaduran eta higienean hezteaz gain, autonomia, ardura ­eta elkarbizitza balioetan hezteko ere funtsezkoa dela diote adituek eta legeak ere funtzio hezitzaile hori aitortzen dio jantokiari. Baina errealitatean, jantokiak heziketa behar bati ­erantzuten dio edota gizarte-antolaketa modu baten ondorioz sortu da ­eta beraz, sistemaren beharrei erantzuten die?

Jantokiaren eta haren funtzionamenduaren inguruan eztabaida ugari izaten dira. Gelan zenbait balio transmititzen saiatu ostean, ez al da jantoki orduan juxtu kontrakoa bultzatzen? Eskolak gehiago inplikatu behar ote luke? Eta jantokian egoten diren begiraleak, jaten emateko soilik daude ­edo hezitzaile ere badira? Zein izan behar du jantokiaren funtzioak? Zenbaterainoko ardura eta autonomia hartu behar dute haurrek? Sukaldeak berak zein leku izan behar du eskolako hezkuntza proiektuan?

Balio hezitzailea ezbaian

Gaur egungo euskal gizartean, txikienen kasuan behintzat, jantokia erabateko atzerapena dela iruditzen zaio Juanjo Quintela psikologoari. Aurrerapena izan zitekeen gerra ondoan, haur askok jatekorik ez zuenean, eta iruditzen zaio azken urteetako atzeraldiaren ondorioz, hainbat familia jasaten ari diren egoera ekonomiko kaskarrari erantzuteko ere balio dezakeela, baina herrialde garatu batean jantokiek desagertu egin beharko luketela uste du. Ikerketarik egin ez badu ere, asko hausnartu du Quintelak jantokiaren inguruan. Baditu sentimenduak, sentsazioak, irudipenak eta usteak, eta batez ere erantzunak baino gehiago, galdera ugari.

Gaur egungo jantokien organizazioa oso konplexua da: cateringetik bertatik datozen baldintzapenak; sukaldea eskolan bertan dagoen kasuetan ere, janaria noiz eta nola prestatzen den; begirale lanetan aritzen diren pertsonen kontratuak eta lanaldiak; eurek bazkari orduarekin zerikusirik ez dutela dioten irakasleak; jantokian geratzen diren haurren kopuru altuak; etab. Eskenatoki horretan Quintelak ez du uste inork ezer zaintzen duenik. “Eta ez naiz inondik inora pertsonak kritikatzen ari, estruktura bera kritikatzen baizik. Egitura bera baita jatordua giza-balio handiko momentua izan dadin eragozten duena. Nik aurretik giza-balioa jarriko nuke, eta hori zaintzen dugun heinean agertuko da hezkuntza-balioa ere”.

Alfredo Hoyuelosek, Filosofian ­eta Hezkuntzaren Zientzietan Europako doktoreak, ostera, bere egiten ditu Loris Malaguzzik eskolako jantokiaz egindako zenbait adierazpen, ­eta jantokia eremu hezitzaile gisa ­ulertzen du. Bertako langileei irakasleek dauzkaten erantzukizunak emateko garrantzia azpimarratzen du. Era berean, gurasoei eta haurrei jantokiko errealitatea azaldu behar zaiela uste du.

Eskola gehienek ez daukate sukalderik janaria bertan prestatzeko. Beraz, kanpoko enpresen bidez iristen da jana eskoletara; enpresa horiek eurek langileak izaten dituzte eskolako bizitzako tarte jakin hori zaintzeko: “Modelo horrek organizatzeko ­eta gauzak egiteko moduan hezitzailea izan nahi du, baina berez sinplifikatutako modelo murriztaile bat besterik ez da. Ez ditu giza harremanen konplexutasuna eta aberastasuna bere gain hartzen, eta biolentzia berri bat sortuz umeen batasuna eta sendotasuna desegiten ditu”, salatzen du Hoyuelosek Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Ihitza aldizkarian, “Sukaldea: eskolako hezkuntzarako gunea” izeneko artikuluan. Horrexegatik, eskolako egituraren arkitektura-tradizioak ohituta gauzkanetik bestelakoa izan behar duela uste du: “Nolakoa da eskolaren arkitektura? Zein eratara ­ikusten dira eskolako jantokiak? Denbora nola bereizten da eskolan? Zergatik daude ikasleak momentu batzuetan irakasleekin eta beste batzuetan beste era bateko langileekin? Zergatik zatikatzen dugu ikasleen eskolako bizitza? Zer nolako konfiantza dugu ikasleengan?”

Izatekotan, gela bakoitzean txertatuta

Espazioa eta denbora egituratzen diren unean bertan, jantokiak berari dagokion tartea hartzen du. Denborari dagokionez eguerdian, 12:30etatik aurrera, izan ohi da jantokiaren ordua. Eskolaren arkitekturari dagokionez, berriz, ikastetxeko areto handiren bat izaten da normalki jantokia. Aldamenean, haurren irismenetik ­aparte, sukaldea izaten du. Baina badira, sukaldea eta jantokia eskolan bertan txertatuta duten eskolak ere. Horien artean daude hainbat haur-eskola, zenbait eskola txiki, eskola alternatibo batzuk eta baita ohiko eskolaren bat ere. Horietan eskolako eta hezkuntza-proiektuko txoko bat gehiago da sukaldea eta bertan haurrak arduratzen dira mahaia jarri, zerbitzatu, ontziak jaso eta, zenbait kasutan, baita jana prestatzeaz ere. Jateko ordua ere ez da hain zorrotza izaten; egun batetik bestera alda daiteke, haurren gogoen eta erritmoen arabera.

Izatekotan, horrelako ereduren batek izan behar luke jatordua eskolan bertan egiteko modua, Quintelaren irudiko. Kontzeptu gisa nahiz arkitekturari begira, eskoletatik “jantokia” ezabatu beharko litzatekeela irizten du: “Badaude euren iniziatibaz jantokiari uko egin eta jatorduak euren gelara eraman dituzten hezitzaileak. Adina eztabaida liteke, baina nik ez dut uste LHko 2. mailara arte behintzat jantokiak inolako zentzurik duenik”. Aitzitik, ikusten dio zentzua janaren espazioa edo sukaldea gelan bertan, edo gelari atxikitako espazioetan izateari. Bertan jatorduak egin ­ahalko lirateke, baina ez hori bakarrik. Azpiegitura bat imajina daiteke labe batekin, hozkailu txiki batekin, kanilarekin, haurrak lauzpabosnaka esertzeko moduko mahaiekin… ­Egunean, hiruhilekoan nahiz ikasturtean zehar eremu horretan janariarekin zerikusia duten hainbat gauza ­egin ahalko lirateke: goizerdian adibidez, fruta ale bat jan, azala denen artean kenduta; haurrek egarri direnean ura euren kabuz hartu; txikitatik hasita mahaia jarri eta kendu; gelatik ateratzen direnean txoriei botatzeko ogi-apurrak prestatu; gelakideen urtebetetzeak ospatu; etab.

Eskoletan ere, familietan egiten direnen antzeko jatorduak egitea iruditzen zaio aproposena Quintelari. ­Izan ere, familietan, elikatze-uneak balio hezitzaile handiko momentuak izan ohi dira. Sosegu handikoak eta familiarentzako plazererako uneak. “Uste dut eredu hori bera eraman daitekeela ikasgeletara. Janarekin loturiko espazio bat izango genuke. Nik mahai bakoitzean lorontzi bat jarriko nuke eta baita mantela ere. Eta heldu arduradun gisara, momentua zainduko nuke lasaitasuna eta patxara mantentzen saiatuz eta guztiok batera disfrutatzeko unea sortuz”.

Francesco Tonucci pedagogo italiarrak ere urtarrilean Gipuzkoako Eskola Txikiek antolatutako jardunaldietan izan zenean, antzeko ideia partekatu zuen irakasleekin: ikasgela bakoitza elkarbizitza unitate gisara ulertu behar dela, eta elkarbizitza unitate horren barruan antolatu behar dela jatordua bera ere, eskola jarduneko beste ekintza bat bailitzan.

Hoyuelosek, berriz, Malaguzziren esanak oinarri hartuz, sukaldearen garrantzia azpimarratzen du. Uste du beharrezkoa dela sukaldeak merezi duen lekua betetzea, sukaldea baita organizazioak bizikidetzarako duen guneetako bat. Malaguzziren hitzak gogoratzen ditu: “Normalean, sukaldea bazterren batean egoten da, baina eskolaren erdira eramaten bada, begi bistan uzten da bertan lan ­egiten duenaren profesionaltasun maila. Oso garrantzitsua da umeek sukaldean gertatzen dena ulertzea ­eta bertan lan egiten duten profesionalak baloratzea”.

Quintelak nahiz Hoyuelosek, eta hein batean, Tonuccik berak ere defendatzen duten antolaketa modu horrek irakasleak, hau da, haurrentzat erreferente eta autoritate funtzioa betetzen duten heldu horiek jatorduetan gehiago inplikatzea eskatuko luke, batez ere adinik txikienetan. Horrek ez luke esan nahiko baina, sostengu gisara, jateko une horietan beste profesional batzuen laguntzarik beharko ez luketenik. Adin batetik aurrera, gainera, irakasle erreferente horren figura alboan izatea ez litzateke beharrezkoa, ikasleak gai baitira ­erreferentea ez den beste helduekin ere modu baketsuan eta positiboan erlazionatzeko. “Izan heldu erreferenteak, izan bestelako profesionalak, guztiek argi izan behar dute euren egitekoa jatorduetan haurrari lagun egitea dela. Helduak laguntzaile izan behar du, baina inola ere ez zerbitzari. Eta beraz, xantaia emozional oro, sariak eta zigorrak, golardoak eta goraipamenak saihestu behar ditu”, argitzen du Quintelak.

Talde-lana beharrezko

Halabeharrez, ikastetxe gehienetan jantoki bakarra daukate, espazio handi eta guztientzako bakarra. Quintelak ezin du hauteman espazio ireki bat 80 haurrekin mahai berean
eserita, adin batetik aurrerakoentzat, bai akaso, eremu bereiziak dituen jantoki komun bat, hainbat espazio edo txoko dituen jatetxe baten antzeko izango litzatekeena. “Kasu horietan soilik bermatu ahalko litzateke haur guztiek eremu horretan gertatzen ari denaren jabe diren sentsazioa izatea. Hori horrela izanik, adibidez, zergatik ez dute jantokietan begiraleek haurrekin batera eserita jaten?”.

Sarritan, jantokian begirale lanetan aritzen diren pertsonei irizpide hezitzaileak kontuan ez izatea egozten zaie. Beste kasu batzuetan berriz, begirale horiek irakasleengana gerturatu nahi, baina haiek jantokiarekin ­ezer ere ez dutela jakin nahi entzuten da. Jantokiaren inguruan sektore profesional askok hartzen dute esku eta sarritan elkarren artean gaizkiulertuak sortzen dira. Horrexegatik, Quintelaren hitzetan, ezinbestekoa da haurra erdigunean jartzea eta haren onerako izango diren gutxieneko irizpide komun batzuk ezartzea sektore guztien arteko elkarlanaren bidez: “Guztien arteko konplizitate profesionala behar da, denen artean irizpideak ezarriz eta partekatuz joan, gero irizpide horiek egiteko moduak bilakatzeko”.

Ildo berean, Loriz Malaguzziren ­esanak aipatzen ditu Hoyuelosek: “Gure eskoletan, langile guztiek (hezitzaileek, sukaldekoek eta garbitzaileen taldekoek) bilera pedagogiko ­eta formazioko kurtso berberetan hartzen dute parte. Barneko harreman hau existitzen bada eta funtzionatzen baldin badu, helburu altuak lor daitezke: umeak askoz ere seguruago sentitzen dira, batetik; eta, bestetik, ikusten dute han dauden gizon-emakumeek batera egiten dutela lan, batera egiten dutela esfortzua eta, batez ere, batera pentsatu eta eztabaidatzen dutela”.

Beste alorretan bezala, jantokian ere haurrek ahalik eta autonomia eta ardura handienaz joka dezaten bideak ireki behar direla uste dute adituek. Izan ere, 2-3 uretik aurrera, helduen kasuan ohikoak diren funtzioak hartzeko egiten zaizkien proposamen guztiak gustura hartu ohi dituzte. Hortaz, litekeena da umeak mahaia pozik jartzea, eta gustura zerbitzatzea, baina horretarako aukerak ­eman behar zaizkio.

Higiene ohiturak dira eskolako jantokiari loturik, hezkuntza komunitateak garrantzia ematen dion beste heziketa-alderdi bat. Quintelak, ordea, ez du uste higienearekin obsesionatu behar dugunik: “Haurrak jantokira doazenean zer egin behar dute? Guztiok jan aurretik egiten duguna: eskuak garbitu, mahaia prestatu ­eta, lasai-lasai, eseri eta jan. Baina ez dira meategietan lanean aritu
eta jantokira doazen meatzariak. Gainera, giroa lasaia eta sosegatua bada, haurrak oso garbiak dira jaten. Eta ohikoa baino gehixeago zikintzen bada haurra, zer egingo diogu, bada? Zorionez, ez daukagu arropak garbitzera errekara joan beharrik”. Aire zabalean jateko aukera lantzea da jantokiarekin loturik egin daitekeen beste ekintzetako bat. Batez  ere, eskolek inguruan eremu berdeak badituzte, familian egin ohi den moduan mantak eta bazkaria hartu eta kanpoan bazkaltzea aukera aproposa litzateke. Zenbat eta toki egokiagoa ­eta erosoagoa eskaini haurrei jateko, orduan eta hobeto egongo dira, eta haiek ondo badaude, hezitzaileak ­ere bai.

Janaria, kopurua eta autoerregulazioa

Livornoko (Italia) eskola bateko jantokiko esperientzia kontatzen du Francesco Tonuccik La escuela como investigación liburuan. Begiraleek hala erabakita, eskola horretan haurrek eurek zerbitzatzen dute nahi dutena. Horrek ez du esan nahi batek zerbitzari lanak egiten dituenik, baizik eta haur bakoitzak lapiko eta azpilak dauden tokira gerturatu eta berak nahi duenetik berak nahi duen adina hartzen duela. Tonuccik dioen moduan, Livornoko eskolako ereduak haurrari aurrean prestatuta jartzen zaion janari platerkadaren aurka egiten du. Izan ere, sarri, dietistek agindutako kopuruak ematen zaizkie haurrei, guztiei berdin eta aurrean duten dena jatera behartzen dira.

Livornoko esperientzian berriz, haurrari eragiketa logiko konplexu bat egiteko eskatzen zaio: berak erabaki dezala, duen gosearen arabera, zertatik eta zenbat jan nahi duen. Hau da, haurrei eurei ematen zaie jan nahi dutenaren erabateko kontrola.

Hasieran esperimentua zaila izan zen ­arren, hainbat haurrek gehiegi hartzen zutelako eta janaria bota egin behar izaten zelako, urtebeteren buruan emaitza ezin hobeak eman zituen. ­Izan ere, pixkanaka haurrak elikagai guztietatik probatuz joan ziren eta bakoitzak komeni zitzaion kopurua hartzen zuen. Dieta on batera gerturatzeaz gain, haur bakoitza zituen behar dietetikoetara egokitu zela ohartu ziren hezitzaileak. Haurrengan konfiantza izan zuten begiraleek, eta hainbat hilabeteren buruan ohartu ziren haurrak euren burua autoerregulatzeko gai zirela.

Lekeition, jatorduari balioa eman nahian

Adituek diotenaren arabera, idealena haurrek etxean bazkaltzea da, ­edota eskolan geratzekotan, bakoitzaren gelara atxikitako espazio txikietan. Batean ala bestean, ahal dela, familia giroan. Gaur egungo errealitatea ordea, haur eta familia gehienen kasuan, beste era batekoa da. Guraso askok egun osoz etxetik kanpo lan ­egiten dute eta ez dute haurrekin bazkaltzeko modurik. Eskola gehienetan berriz, haur askorentzako jantokia prestatu eta kudeatu behar izaten dute, eta teoria aurreratuenek gauza bat esan arren, sarri eskura dituzten baliabideekin moldatu behar izaten dute jantokia ahalik eta modurik egokienean antolatzeko.

Eskolako jantokia ahalik eta hezitzaileena izan dadin lanean ari dira Lekeition. Hezkuntza komunitatea nahiko kontzientziatuta dago jatorduak haurren heziketarako izan dezakeen garrantziaz. Bertako eskola publikoan nahiz Azkue ikastolan zenbait urrats eredugarri ari dira ematen jantordua eta bazkaldu ondoko denbora tartea eskola-jardunaren barnean txertatu eta ahalik eta hezigarriena egiteko. Egitasmoak eskolatik eta ikastolatik sortuak diren arren, Lekeitioko Udala ere inplikatuta dago. Horren adierazle da 2013ko ekainean eskola bakoitzak bere jantokia kudeatzearen aldeko manifestua ­osoko bilkuran onartu izana.

Lekeitioko eskola publikoak ere hasieratik egin zuen bat manifestuarekin. Oraindik ere bertan prestatzen dute bazkaria, baina lehen janari guztia euren kabuz erosten zuten, tokian tokiko eta sasoian sasoiko jakiak, baina Eusko Jaurlaritzako 2000. urteko ­araudiaren ostean, zenbait jaki kanpotik ekartzen hasi behar izan zuten. Hala ere, antolaketa moduan hainbat aurrerapauso ari dira ematen azken lauzpabost urtean. Elkarbizitza proiektuaren baitan egitasmo bat ­abiatu zuten bazkari garaiko tartea hobeto antolatzeko: otordu garaia eta bazkal osteko denbora librea bereizi zituzten proiekturako.

Jantokiko tartean arazo eta gatazka asko sortzen zirelako erabaki zuten Lekeitioko eskola publikoan hainbat aldaketa egiten hastea. Bertan 500 ume inguruk bazkaltzen dute eta proiektu berria martxan jarri aurretik egunero bazkalorduko etenean umeen artean gatazkak izaten ziren eta zuzendaritzako kideek esku hartu behar izaten zuten: “Gureen moduko jantokietan, hainbeste ­umek bazkaltzen duten tokietan, dena oso ondo antolatu behar da, bestela zoramena bihurtzen da”, hala argudiatzen du Xabier Iturbe Lekeitioko eskola publikoko jangelako arduradunak.

Jantokian ordena ezartzeko egin zuten aldaketetako bat haurrei ardurak ematea izan zen. Hiru txandatan bazkaltzen dute haurrek. Lehenik txikienek eta haiekin LH6ko haurrak ­egoten dira laguntzen: bazkaltzeko orduan, bainura irtetean, haginak garbitzean… Eta bazkal osteko denboran ere hainbat jolas eta ekintzetan haur nagusienak txikiagoekin egoten dira haiei erakusten, gidatzen…

Bigarrenik, bazkal osteko tarterako hainbat jarduera zehatz antolatu zituzten (munduko eta bertako jolasak; joko kooperatiboak; zeramika, pintura edota antzerki tailerrak; etab.) eta haurrei horietan parte hartzeko aukera eman zieten. Horrez gain, eskolako baliabideak probesten ere saiatzen dira horiek erabili nahi dituzten haurren kasuetarako: liburutegia, informatika gela, gimnasioa, etab.

Begiraleen kasuan azkenik, bi aldaketa nagusi egin zituzten: batetik, begirale bakoitzari ume talde finko baten ardura eman zioten, eta irakasle tutorearen figuraren antzeko bilakatu zen. Hala, haur bakoitzak bere heldu erreferentea du jantoki garaian ere; bestetik berriz, begiraleak formatu eta ahaldundu egin zituzten. “Gu eskola-komunitatea garenez begirale horiek eskolako haurren senideak ziren, gurasoak kasurik gehienean. Beraz, hezitzaile izateko formazioa jasoko zutela adostu genuen eta Urtxintxarekin bi urtez prestatu ziren. Hainbat eduki eta irizpide pedagogiko landu zituzten: umearen garapen ­ebolutiboa, jolasak, zelan erantzun gatazkak sortzen direnean, nola ­errespetatu umearen autonomia…”. Hala, begiraleek euren buruaren gaineko konfiantza irabazi zuten, eta umeen aurrean, aurrez ez bezalako arduraz jokatzen hasi ziren. Irakasleak bezala, autoritate figura bilakatu ziren.

Lekeitioko eskola publikoan badakite hainbat zentrotan haurrek inplikazio handiagoa izaten dutela jatorduetan: mahaia eurek jarri eta jasotzen dutela, zenbat eta zertatik jan nahi duten erabakitzen dutela… Baina Iturbek dioenez, horretarako denbora gehiago eta lasaitasun handiagoa beharko lukete eskolan: “Oraingoz jantokiaren bueltan egin ditugun aldaketek emaitza oso onak eman dituzte, eta momentu honetan haurren antolaketari dagokionez hainbat proba ari gara egiten. Pixkanaka, baina hobetzen goaz”.

Filosofia aldaketa

Lekeitioko Azkue ikastolan argi dute jantokia heziketarako gune ­aproposa izan daitekeela, nahiz eta ­orain arte gutxi erabili duten. Filosofia aldaketa bat egin gura dute jantokiaren inguruan: batetik, haurrak jatera joaten direnean irizpide hezitzaileen arabera jokatzeko; eta bestetik, sukaldearekin nahiz janariarekin loturik dauden eskola-jardueretarako erabiltzeko. Ez dute nahi jantoki ordua eskolaz aparteko kontu bat izaterik, eskola-jardunean txertatuta egotea baizik: “Guk ortua daukagu, eskolaz kanpoko ekintzak, jantokia eta patio ordua. Heziketarako espazioak dira, ­ezinbestekoak gainera. Geletan landutakoa errealitatera eraman behar dela esaten dugu eta hortxe daukagu aukera paregabea. Egoera oso errealak dira, kalean topatzen direnak. Jantokiaren kasuan ere, gure helburua horixe da: ez dadila izan zerbitzu bat eta haurrak inplikatu eta parte hartu dezatela. Jarduera osagarriak hezkuntza proiektuaren barnean txertatu nahi ditugu”, dio Jose de la Torre ­ikastolako zuzendariak.

Lekeitioko ikastolan argi dute, ­ahal dela, haurrarentzat onena bazkaltzera etxera joatea dela, eta gurasoei ere horixe gomendatzen diete. Kasu askotan, ordea, ezinezkoa da,­ ­eta beraz, eskolan geratzen dira haur horiek: 400 ikasle ingurutik 150 bueltan, hau da, haurren % 37 inguru. Horientzat jantokia eta jan osteko denbora tartea ahalik eta hezitzaileena ­izan dadin saiatzen dira.

Haurrik txikienek euren hezitzaileekin gelan bertan bazkaltzen dute. Haur Hezkuntzako gainerako haurrentzat, gelaren alboan sukalde berri bat jarri dute eta jantokia atondu. Datorren ikasturtetik aurrera hasiko dira erabiltzen: “Euren erritmoak errespetatzeko bidea eman dezakeela uste dugu; gainera irakasleon artean adostu dugu haur horien hezitzaileek ere jantoki ordu horietan inplikatuko direla, nahiz eta oraindik nola ez dugun erabaki. Haurrei eurei sukaldea erabiltzeko aukera eman nahi diegu, eta mahaia ere eurek jarri eta jasoko dute”, azaltzen du Aitor Txopitea ikastolako jantokiko arduradunak.

Nagusiagoekin ere hainbat aldaketa sartu dituzte azken urteetan jantokiko tartea hobetzeko helburuarekin. Esate baterako, LH1etik aurrera mahaiko arduradunak izendatu dituzte eta euren egitekoa da begiraleei mahaia jasotzen, jana banatzen, eta beste hainbat egitekotan laguntzea. Horrez gain, haurrek jantokian bete beharreko hainbat arau dituzte, hala nola, zarata mugak errespetatzea, musika aparaturik eta mugikorrik ez erabiltzea jateko denboran, janari berriak probatzeko konpromisoa hartzea, mahaikoek amaitu arte itxarotea…

Haurrekin ez ezik, begiraleak prestatzen ere dezenteko lana egin dute Lekeitioko ikastolan. Haurrei janaria ateratzeaz gain haiekin eserita egoteari, eta lasaitasunean, hitz egiteari ere garrantzia ematen diete. Horrez gain, begiraleek ere badituzte kontuan izan beharreko hainbat arau. Esate baterako, janaria ezin dute atera haurrak mahaian egon arte edota janaria osorik, txikitu gabe, atera behar diete haurrei eta fruta azalarekin.

LHko ikasleekin gosari osasuntsuaren egitasmoa ere egin dute aurten lehenengo aldiz. Adin horietako haurrek, txandaka, lau astelehenetan eskolan gosaltzen dute, elikatzeko ohitura osasuntsuak ezagutzen joan daitezen. Gainera, nutrizionista batekin egiten dute lan ikastolan. Bazkari orekatuak diseinatzen ditu hark, eta aurten lehenengoz, gurasoentzako ­afari proposamenak .