Izenak izana dakar?

2014-08-29

IZENEN BIDEZ HAINBAT BALIO TRANSMITITZEN DIRA, KRISTAUTASUNA EDO EUSKALDUNTASUNA, ADIBIDEZ. BAINA BAITA SEXU ETA GENERO-IDENTITATEARI BURUZKO BALIOAK ERE; IZENAK, GAURKO PRAKTIKAN, NESKAK ETA MUTILAK ERAIKITZEKO TRESNAK BAITIRA.

 
 
Izenak izana dakar?

Mari Carmen, Begoña, Maria Jesus, Maria Teresa, Jose Antonio, Manuel, Jesus... izatetik, Ane, Uxue, June, Izaro, Unai, Elaia, Lur, Elorri... izatera pasa gara. Azken 50 urteetan guztiz aldatu dira pertsona-izenak Euskal Herrian. Baina ez hemen bakarrik, onomastikako adituen arabera, Mendebaldeko Europa guztian berritu dira izenak. Tradizio kristau-katolikoan jatorria zuten izenak eta mendeetan iraun dutenak, berriekin ordezkatu dira Mendebalde osoan, eta Euskal Herrian aldaketa are indartsuagoa izan da, santutegi katolikoko izenak alboratzeaz gain, euskaran eta euskal kulturan oinarritutako euskal izendegia nagusitu baita.

Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakasleak euskal izendegia aztertu du, ‘Izena eta izana: euskal izendegiaren eta sexuaren araberako bereizketa’ tesinan, pertsona-izenek, “anekdotikoak diruditen arren”, garrantzia baitute. “Batetik, hartzen dugun lehen gauza direlako; gaur egun pertsonari jaio aurretik ematen zaio izena, ekografiak haurra ‘neska’ ala ‘mutil’ den bereizten duen unetik, askotan. Eta bestetik, izenak nork arautzen dituen ikusita ere ohartzen gara izenek zer nolako garrantzia duten; tokian tokiko eta garaian garaiko erakunde boteretsuenen eskumenekoa baita pertsona-izenen arautzea, eta horrek adieraziko luke, bere xumean, gizarte balio handikoak direla izenak, eta arlo horretako aldaketek balio aldaketa sakonagoak islatuko lituzkete”.

Antropologiaren ikuspegitik egin du bere tesina Eskisabelek, izenak identitatearen eraikuntzan daukaten garrantziari begiratuz eta izenak gizartean gertatu diren aldaketak aztertzeko material gisa baliatuz. Umetatik datorkio izenekiko interesa, eta orain esparru akademikora eraman du ikerketa: “Umetatik ohartua nintzen pertsona-izenek informazio zabala ematen zidatela jendeari buruz. Batetik, ikusten  nuen alde handia zegoela umeok genituen izenen eta gurasoen izenen artean, eta horrez gain, gure kaleko umeen artean ere izen ezberdinak genituela jabetzen nintzen, batzuek euskal izenak eta besteek erdal izenak genituela. Berehala ohartu nintzen izenek pertsona baten sexu, adin, klase eta nazio identitateari buruzko informazioa ematen digutela, desberdina dela, kalean galdurik dabilen 5 urteko haur batek Suhar izena duela esatea edo Alvaro dela esatea; irudikapen diferenteak egingo baikenituzke. Eta are gehiago, euskal izenen artean ere sailkapenak egin nitzakeela ikusten nuen, desberdina zela Garikoitz, Arantzazu eta Mikel, edo Ioritz eta Suhar izatea.  Izenak etiketatzeko modu bat zirela ikusi nuen, eta oso material ona iruditu zitzaidan gure jendartean azken urteetan izan diren aldaketak aztertzeko”.

Izenen garrantzia identitatearen eraikuntzan

Euskal izendegiaren sorrerak berak ere identitate-eraikuntzarekin lotura estua dauka. Euskal izendegiaren lehen harria ezartzean, 1897an, nazio eraikuntzarako helburu politiko argia baitzeukan Sabino Aranak. “Aranak abertzaletasuna termino politikoetan formulatu zuenean hainbat egiteko ezarri zituen, eta lehenengoetako bat euskal izendegia sortzea izan zen, kultura bakoitzak edo herri kolektibitate guztiek beren izendegiak sortzeko edo moldatzeko joera izan duten bezalaxe”. Santutegi katolikoa euskarara ekarri zuen Aranak, ikuspegi filologikotik nahiko eztabaidatuak izan diren irizpideen arabera.  Halaber, euskal izen horien aurka botere espainiarrek egin zuten indarrak ere erakusten du, Eskisabelen aburuz, izenak identitatearen eraikuntzan daukan garrantzia: “Espainiako erregimen desberdinek jarritako oztopoek argi eta garbi erakusten dute tresnaren balioa identitatearen eraketarako”.

Espainiako gerraren ondoren, erregimen frankistak areagotu egin zuen euskal izendegiaren aurkako debekua, eta kristautasunean oinarrituriko izenak eta gaztelaniazkoak derrigortu zituen Hego Euskal Herrian. Kristautasun katolikoaren santu-ereduetan oinarrituriko izenen corpusa Trentoko kontzilioan eratu zen, eta gainera, mende luzeak iraun zituen izendatze-sistema bat ere ezarri zen, hau da, zer izen eta nork ezarri erabaki zuen Trentoko kontzilioak XVI. mendean.
 
60ko hamarkadako euskal pizkundearekin, ostera ere, euskal izenak loratzen hasi ziren, frankismoari izkin eginaz euskalduntasunaren garraiatzaile gisa ulertzen baitziren euskal izenak. “Aranaren izendegia ez zitzaien oso baliagarria gertatu, eta Euskaltzaindiak hartu zuen euskal izendegia osatzeko ekimena”. Euskaltzaindiaren barruan,  Jose Mari Satrustegik eginiko lana nabarmentzen du  Eskisabelek, Santutegiaz aparte, eta iturri historikoetatik eta euskararen tradizioetik hartutakoetatik aparte (Oier, Aimar, Aiora, Eneko, Oneka...), paganismora, mitologiara edota naturara (Harkaitz, Harri, Haritz, Ekaitz...) jo baitzuen izendegia osatzeko. “Baina frankismoa zen artean arau-emaile eta Satrustegik hainbat zirrikitu baliatu zituen euskal izendegia osatzeko: ez zeuden lekuan ere andremariak ikusi zituen, Ainhoaren kasuan bezala, eta toki izenak izen propio bilakatu zituen, Larraitz, Eneritz, Naiara, Nagore edo Idurre, esate baterako”.

“Iraultza ez da erabatekoa”

Aldaketa gertatu da, bada, haurren izendatzean. Izendegi erlijiosoen, espainiarren nahiz frantsesen aurretik euskal izendegiak nagusitu dira, eta izenetan eta haiek transmititzen dituzten balioetan ez ezik, aldaketa egon da izenak ezartzeko moduan ere. Orain gutxi arte familia zabalak ezartzen zuen izena, eta ohikoa zen aita-ama pontekoen izena edota aiton-amonena ezartzea seme-alabei; gaur, ordea, familia nuklearra, hots gurasoak, dira euren seme-alabei izena ezartzen dietenak; aldaketa hori, Eskisabelen aburuz, “jendartearen indibidualizatze- eta norbanakoaren singularizatze-prozesuaren isla da”.  Baina, ikerketak frogatu ahal izan duenez, izendegiari loturiko iraultza ez da osoa izan. “Sexu edo generoaren araberako bereizketan ez da iraultzarik izan”.

Zergatik da Amets gizon-izena? Eta, Amaiur? Eta Elorri eta Lur zergatik dira emakume-izenak? Ez baita beti horrela izan. Amets, Aratz, Hodei, Iraitz, Ioritz, Amaiur, Izaro... eta beste hainbat izenek neskak zein mutilak izendatzeko balio izan dute denbora batez. 2001ean, ordea, Euskaltzaindiak “nahasmas horretan” ordena pixka bat ezartzea erabaki zuen, eta nahiz eta tokian tokiko epaileena izan izen bat onartzeko edo ez jartzeko azken hitza, Hego Euskal Herrian instituzioek Euskaltzaindiari aitor-tzen diote alor horren arautzea, eta beraz, akademiaren erabakiaren arabera bereizten dira emakume-izenak eta gizon-izenak, Euskaltzaindiak  izen mistoen aukera txarretsi baitzuen bi argudiotan oinarrituz. “Batetik, euskararen sistema, ‘naturaz’, binarioa dela argudiatzen dute. Euskaltzaindiak ikerketa bat egin eta deliberatu zuen euskararen sistemak ‘berezko’ duela gizon- eta emakume-izenak bereiztea, eta horretarako Erdi Aroko dokumentaziora jo zuen, eta ‘Domingo’-tik ‘Dominga’ eta ‘Martin’-etik ‘Martina’ egiten zela frogatuz, euskaraz beti bereizi direla esaten dute”. Alabaina, Eskisabelek ez du argudio hori aski sendo ikusten antroponimiari dagokionez euskararen sistema binarioa dela esateko: “Hizkuntzak garaian garaiko pentsaerari eta egitura sozialari erantzuten dio, eta Erdi Arokoak ordukoari erantzuten zion: gizon-izenetatik ateratzen ziren emakume-izenak;  hizkuntza ekin-tza sozial bat izanik kuestionagarria da horrelako gai batean berezkorik ba ote den deliberatzea”.  Euskal-tzaindiak izen sistema genero-ideologia binarioaren arabera taxutzeko darabilkien beste argudioa Espainiatik dator, Espainiako legediak berariaz azpimarratzen baitie izenei sexu bereizketa, hau da, ez du onartzen izen bera andre zein gizonentzat.  

Eskisabelek dio zientzian oinarrituriko “naturalizazio-prozesu bat” egin duela Euskaltzaindiak, batetik, egon bai baitaude Akademiaren lehen argumentazioa betetzen ez duten izen historikoak —Satrustegik dokumentaturikoak, nahiz eta hura ez izan izen mistoen aldekoa—, nahiz sexu bereizketa egiten ez duten izendatze-araudiak, hala Frantziako Estatukoa bertakoa gaur egun, nola herrialde anglosaxoietakoa. Gainera, Eskisabelen arabera, Euskaltzaindiak gogortu egin du sexu-bereizketaren aldeko diskurtsoa hizkuntzaren erabilera sexistari buruzko hausnarketa sendotu ahala.

Izen arruntak —Ekaitz, Lili, Itsaso, Intza, Enara...— eta toponimikoak izen propio bilakatzean neska-izen edo mutil-izen diren bereizteko esplikazio fonetikoa baliatzen du gaur egun Euskaltzaindiak. Beraz, emakume izenak -a edo -e bukaeradunak izango dira, eta mutil izenak-i, –o, -u bukaeradunak edo kontsonantez bukaturikoak.  Salbuespenak, ordea, ugari dira, Lur, Lili edo Itaso-k, esate baterako, mutil izen beharko lukete irizpide fonetikoen arabera, baina emakume izenak dira. “Euskal izendegiaren kasuan, izen arruntak izen propio bilakatu direnean metafora-joko bat sortu da, eta beste irizpideen gainetik nagusitu da hori; emakume bat zer den eta gizonezko bat zer den definitzen joan da izenen bidez: Lili dira neskak eta Harri, mutilak; Lur, neskak eta Ekaitz, mutilak”. Metafora-joko horretan islatzen da, ikerlariaren arabera, genero-sistema osoa. “Izenen bidez gure ideologia eta pentsamendua bersortzen dugu, horregatik, emakume-izenak, askotan, emankortasunarekin lotzen dira, Lur, Izadi, Lili... eta gizon-izenak, berriz, sendotasunarekin: Harri, Harkaitz...”.

Horrez gain, izendegia aztertuz ikusi du gizon-izen berriak eratzerakoan esanahi onuraduneko hitz arruntak, mitologiako izenak, euskal kultura eta historiako pertsona handienak eta lanbide-izenak erabili izan direla nagusiki; aldiz, emakumeen kasuan, andremari izenak gailentzen dira.  Bestetik, Euskaltzaindiak izen berriak sortzeko garaian ere maskulinoa hartzen du generiko unibertsaltzat, eta horretatik abiatuta genero mozioa  proposatzen du, -a amaieraren bidez izen bilakatutako hitz arrunten femininoa egiteko: Haritz/Haritza, Hodei /Hodeia, Amets/Ametsa. “Izendegian ere, beste behin, Adanen saihetsetik bezala aterako litzateke emakume-izena”.

Ikerketan zehar ikusi ahal izan duenez,  gurean oraindik ere gogoeta gutxi egin da izenen bidez transmititzen ari garen genero-identitateari buruz, eta Eskisabelek izendatze-aren gaineko ariketa kontziente bat egitea proposatzen du. “Judith Butlerren ideiak gurera ekarriz, hizkuntzaren bidez errealitatea deskribatu soilik ez, sortu ere egiten dugula kontuan izanik, oso desberdina da inork Ekaitz edo Harri izenarekin bere autoerrealitatea eraikitzea edo Estitxu eta Maitane izenarekin egitea”. Izendegia praktikan gorpuzten denez, egunero-egunero seme-alabentzako izenak aukeratzen dituzten gurasoak dira praktika hori alda dezaketenak. “Interesgarria da izenda-tzean haur bat ala neska edo mutil bat izendatzen dugun kontziente izatea, pertsonetatik abiatuta gizon eta emakumeak sortzeko tresnak baitira egungo praktikan izenak. Hau da, garrantzitsua da izenekin konstrukzio oso bat egiten dugula ohartaraztea, eta beste modu batera, pertsonak dikotomia binarioa erabili gabe, izenda geni-tzakeela ohartzea”.   

Pertsonak izendatzeko, lehenik eta behin, “haurrentzako izenak hautatzerakoan pertsona bat izendatu behar dugula presente izan behar dugu”, Eskisabelen arabera. Euskarak, gainera, genero gramatikalik ez izanik “baldintza guztiak” lituzke kontzeptu arruntetan oinarritutako izen berriak mistoak izan daitezen. Egon badaude neska- zein mutil-izentzat definituak daudenak izen misto gisa erabiltzeko aukerak, lege eta araudien zirrikituak baliatuz, edo tokian tokiko epailearen bidez.